Goizegi jaiotako haurrak

Burua handiagoa dute proportzioan. Azala fin-fina, distiratsua; zainak eta arteriak agerian uzten dituela. Eta, tamainaz ere, haur arruntak baino txikiagoak dira. Erditze goiztiarra izan dute, eta orain kanpoan egin beharko diote aurre beren bizitzako unerik zailenari: barruko organoak heltzeari. Zenbaitek, ordea, ez du lortzen erabat garatzerik, eta horrek arazo etikoak mahaigaineratzen ditu: merezi ote du haien bizitza luzaraztea?

Animalia guztien artean gizakia da erditze goiztiarra jasateko gai den espezie bakarra. Arkume bat dagokion baino astebete lehenago jaioko balitz, hil egingo litzateke; barne-organoek oraindik ez dute beren kabuz lanean hasteko modurik. Ez daude guztiz helduta. Aldiz, badirudi gizakiak neurriak hartu dituela balizko erditze goiztiar baterako, 40 asteak bete aurretik ere haurra gai baita umetokitik kanpo bizitzeko.

Birikak azkar heltzea da berezitasun horren gakoa. Gizaki baten birikak prest daude 34-35. astetik aurrera bere kabuz arnasten hasteko. Ordura arte haurrak arnasketa plazenta bidez egin badu ere, gai da birikak oxigenoz bete eta husteko. Izatez, jaio aurretik hainbat aste ematen ditu haurrak umetokian organoak trebatzen. Amaren bidez jasotzen duen odolak oxigenoa dakar, baina haurrak toraxa mugitzen du ahal duen neurrian, eta biriketan likidoa sartu eta atera aritzen da jolasean. Jaiotze-unerako prest egon behar du.

Gure espeziearen pribilegio horri esker, 34. asteaz geroztik jaiotzen diren haur goiztiarrek ez dute tratamendu handirik behar izaten. Nahikoa dute inkubagailua bero mantentzearekin eta amaren jana eta laztanak jasotzearekin. Benetako arazoak 34 aste baino lehenago jaiotakoekin sortzen dira. Izan ere, organoak erabat heldu gabe dituztela jarri behar izaten dute martxan.

Neonatologiaren baliabideak

Haurdunaldiaren 34. astea baino lehenago jaiotzen direnek organoak erabat heldu gabe izaten dituzte. Heldu artean inkubagailua izango dute babesleku.

Halakoetan, medikuntzak lagundu behar izaten du. Kontuan hartu behar da, ordea, neonatologia alor berezia dela medikuntzaren barnean: zaila da haur txikiekin ikertzea, eta oso motel egiten da aurrera.

Neonatologiaren erronka handiena umetokian fetuaren organoak nola garatzen diren ulertzea izan da, nolabait kanpoan ere imitatu ahal izateko. Hala, haurdunaldiaren azken fasean haurraren birikak guztiz heltzeko amak kortikosteroideak erabiltzen dituela ikusi dute; eta hormona hori bera erabiltzen dute orain medikuek erditze goiztiarra datorrela ikusten duten bakoitzean. Konturatu orduko amari ematen diote, erditu aurretik fetuaren birikak ahalik eta gehien hel daitezen.

Baina birikek arnasa hartu ahal izatea hori baino konplexuagoa da. Airez puztutako globo batek bezala, birikek ere airea kanporatzeko joera naturala dute, eta airea hartzea oso zaila egiten zaie; kolapsatu egiten dira. Hortaz, fetuak substantzia berezi bat sortu behar izaten du arnastu ahal izateko: surfaktanteak.

Substantzia horiek albeoloak zabaltzen laguntzen dutela ohartzea ere giltzarri izan da haur goiztiarrak zaintzeko orduan. Gaur egun, 34. astearen aurretik jaiotzen diren haur gehienei ematen dizkiete.

Jaio aurreko kirurgia

Biriken buruhaustea gaindituta dagoen arren, badago gainditu ezinezko muga bat: arazoa da askotan jaio arte ezin izaten dela jakin haurrak malformaziorik duen edo ez. Jaio artean amaren bihotza, giltzurrunak, birikak, eta azken finean organo guztiak erabili dituenez, jaio eta haurraren organo berriak martxan jartzen dituen arte ez dago jakiterik ondo garatu diren eta funtzionalak ote diren. Malformazioak oso agerikoak ez badira behintzat.

Haur goiztiarren gaixotasunak diagnostikatzeko ezinbesteko erreminta bihurtu dira erradiografiak, barne-organoen eta hezurren irudi zehatzak ematen baitituzte.

Neurri batean, ekografiek eta erradiografiek aukera eman dute haurra jaio aurretik ere malformaziorik duen ikusteko. Baina malformazioak sendatzea beste kontu bat da. Haurrak umetokian dauden bitartean operatzearen aldeko korrontea sortu zen Estatu Batuetan duela zenbait urte, malformazioak minimizatu zitezkeelakoan. Baina eztabaida biziak sortu ziren, askoren ustez haurdunaldia eteteko arriskua handiegia zelako. Herniak operatzen hasi eta handik gutxira argi geratu zen ebaketa haien ondorioz haur gehiago hiltzen zirela sendatu baino.

Egun, giltzurrunetan bakarrik egiten dira ebaketa sinpleak. Izan ere, umetoki-barneko prebentzio-kirurgiak etorkizuna du adituen ustez, baina, oraingoz, zientzia-fikzioa baino ez da.

Adolf Valls i Soler: “Dagoeneko bada 400 gramorekin ere aurrera egiten duenik”

Adolf Valls i Soler ikertzaile katalana Pedriatrian katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Ameriketako Estatu Batuetan egin zuen doktore-tesia, jaioberri goiztiarretan biriketako gaixotasunak diagnostikatzen, eta, orain, urte mordoxka darama Gurutzetako Ospitalean lanean. Haur jaioberrien birikak ahalik eta azkarren heltzeko surfaktante sintetikoak ikertzen dihardu bere taldeak. Jaioberrien Unitatean aurkitu dugu lanean.

Zein da, gaur egun, haur goiztiar batek aurrera egiteko gutxieneko muga?

A. Agirre

Ni lanean hasi nintzenean muga 1.500 gramotan zegoen. Hortik beherako haurrak hil egiten ziren. Baina gaur egun muga asko jaitsi da: 500 gramoko haurrek bizirik irauten dute. Eta dagoeneko bada 400 gramorekin ere aurrera egiten duenik. Pentsa, 24-25 asteko haurrak dira; haurdunaldiaren erdia baino zertxobait gehiago besterik egin ez dutenak.

Heldutasun-maila horrekin arazorik izaten dute gerora?

Gurutzetako Ospitalean, esaterako, 1.500 gramotik beherako jaioberri guztien % 77k gutxienez kortikoide-dosi bat hartu dute birikak ahalik eta gehien heltzeko. Beraz, arazo gutxi izaten dute jaiotakoan. Arazoa da hartzen dituzten botikek ere badutela albo-ondoriorik: esaterako, birikak heltzeko surfaktanteak hartu dituztenetatik % 20k biriketako gaixotasun kronikoak garatzen dituzte, nahiz eta gehienak sendatzen diren denborarekin.

Eta non dago muga? Etikoa ote da edozein haurren bizitza aurrera ateratzen saiatzea, heldutasun-maila edozein dela ere?

Bueno, zaila da bizitzaren muga non dagoen jakitea. Ikusten badugu haur bat oso-oso goiz jaioko dela, 300 gramo baino gutxiagorekin, orduan argi dago; ez dago ezer egiterik. Amari azaltzen diogu, jaio aurretik, haurra ez dela bideragarria. Fetuaren heldutasun falta larriegia denean edo malformazio handiak dituenean, ez da eztabaidarik izaten. Erabakia zailagoa izaten da larritasun hori murrizten doan heinean, organoak garatze-bidean dituenean. Halakoetan, kasuz kasu erabaki egin behar izaten dugu zer den onena haurrarentzat eta haren familiarentzat. Izan ere, heldugabeegia dagoenean haurrari bizitza luzatzea, laguntzea baino gehiago bihotzik gabe jokatzea da.

Arazo larriena da ez garela ziur egoten. Pertsona helduetan errazago detektatzen dira arazoak, baina neonatologian ez da horren sinplea. Eta hor hasten da arazoa. Zalantzak sortzen dira, medikuntza ez baita matematika. Halakoetan denen artean iritsi behar dugu adostasun batera. Beste medikuen iritzia jasotzen dugu, erizainena, eta, noski, familiarena. Negoziazioa egoten da beti, eta denen artean adosten da zer egin.

Ikerketan ere egongo da muga etikorik. Oro har eragozpenak izaten dira pertsonekin botikak probatzeko, eta are gehiago haur jaioberriak baldin badira. Zuen taldean surfaktante sintetikoak ikertzen dituzue. Nola egiten dituzue ikerketa horiek?

Esperimentatu laborategiko animaliekin egiten dugu, ez haurrekin, noski. Haurrekin ezer probatu aurretik, animaliekin saiakera-piloa egiten dugu. Arruntena txerrikumeekin egitea da, baina Euskal Herrian askoz ere errazago lortzen dira ardiak. Beraz, ardiak ere ikerketarako egokiak direnez, arkumeekin egiten dugu lan. Haurdun diren ardiak hartu eta zesarea egiten diegu garaia baino lehen; arkumearen birikek surfaktanteen aurrean nola erantzuten duten aztertzen dugu horrela. Surfaktante sintetikoekin ere birikak azkar heltzeko gai diren ikusten dugu.

Eta nola erabakitzen da horrelako botika batekin aurrera egin eta haurretan probatzea?

A. Agirre

Haur jaioberriekin entsegu klinikoak egitea etikoa den galdetuz gero, printzipioz jendeak ezetz esango luke. Are gehiago haur goiztiar txiki-txiki horiekin. Eta merkatuan jadanik tratamendu egokia badago, hala da, ezin duzu esperimentaziorik egin. Baina halakorik ez duzunean, eta ez dakizunean zein den tratamendurik egokiena, gauzak aldatu egiten dira. Gainera, hor bada paradigma bat: entsegu klinikoetan parte hartzen duenean, pazientea inoiz baino hobeto zainduta egoten da. Berdin dio botika berria egokitu zaion edo plazeboa eman dioten kontrol modura; era guztietara, hobeto egoten da entsegutik kanpo baino. Izan ere, entsegu klinikoa ondo ateratzeko izugarrizko ahalegina egiten da ospitalean.

Eta gurasoei horrelako aukera bat proposatzen diezuenean, zein izaten da haien jarrera?

Gehienetan baiezkoa esaten digute, entsegu klinikoetan parte hartu nahi dutela. Medikuok izaten dugu errezelo gehien; izan ere, aukerarik seguruena nahi dugu beti. Gainera, onartu behar izaten dugu ez dakigula zein den tratamendurik egokiena haurrarentzat. Eta hori kostatu egiten zaigu medikuoi.

Garuneko eremu batzuk, txikiagoak

AEBetan haurren garunak aztertu dituzte, eta ikusi dute haur goiztiarrek jaio eta handik zortzi urtera oraindik ere garuneko kortexaren hainbat eremu haur arruntek baino txikiagoak dituztela. Hain zuzen ere mintzamenarekin, irakurmenarekin, emozioarekin eta portaerarekin lotutako eremuak.

Aldea mutiletan da nabarmenen. Lehen ere bazekiten mutil goiztiarrek zailtasunak izaten zituztela mintzamenarekin eta ikasketekin, baina ez zuten espero garunean aldea hainbesterainokoa izango zenik, ezta hainbeste denbora pasatu eta gero oraindik nabarmena izango zenik ere. Nesken garunetan ez dute horrelako alderik sumatu; nonbait, bi kromosoma X izateak nolabaiteko babesa ematen die. Halaber, baliteke jaio aurretik odolean duten hormona-mailak ere eragina izatea desberdintasun horretan.

Sexua gorabehera, ikertzaileek garuna dute orain helburu: haur goiztiarrei birikak garatzen laguntzea lortu den bezala, garunarekin ere gauza bera lortu nahi dute.



Gizakion garapena

Gizakion garapena ez da 9 hileko prozesua. Espermatozoideak eta obuluak bat egiten dutenean hasten da, baina nerabezaroan amaitzen da. Eta prozesu jarrai horretan, erditzea gertakari txiki bat besterik ez da. Amaren ‘parasito’ izateari uzten diogun unea da.

Garapen intrauterinoan organoak sortzen diren unea da kritikoena, eta haurdunaldiaren hasieran gertatzen da, fase enbrionarioan. Hortik aurrera, hazi eta heldu besterik ez dute egin behar.

0 eguna
200-300 milioi espermatozoidek obulurainoko bidaia hasi dute. Hainbat orduko bide luzearen ondoren bakan batzuk iritsiko dira, eta horietatik bakarrak lortuko du barrura sartzea.

1. astea
Guraso bien informazio genetikoa berrantolatu eta zelulak zatitzen hasten dira. Enbrioia emakumearen umetokiari itsasten zaio.


1. hilabetea
Dagoeneko hasi dira garatzen fetuaren giltzurrunak, gibela eta digestio-hodia. Bihotz ñimiñoa
taupada txikiak ematen hasten da. Besoak garatzen hasten dira, eta, bi egun geroago, hankak. Begiak ere laster ikusiko zaizkio.
2. hilabetea
Minuturo 100.000 neurona
berri sortzen ari zaizkio.
Garuna eta bizkarrezur-muina garatzen ari dira, eta eskeletoa eta muskuluak ere sortzen hasi dira. Bigarren hilabetea
amaitzerako, organo guztien
hasikinak ditu fetuak.
Eta, hala ere, 5 cm-ko luzera
eta 2 g-ko pisua baino ez du.
3. hilabetea
Fetuaren nerbioak eta muskuluak lanean hasten dira, haien arteko konexioak garatzen ari baitira. Organo garatu berriak probatzen ere hasten da fetua: inguruko likido pixka bat edan eta giltzurrunek prozesatzen dute. Fetua 8 cm luze da, eta buruak gorputzaren luzeraren erdia hartzen du oraino.
4. hilabetea
Eskeletoaren osifikazioa gero eta abiada biziagoan gertatzen da. Fetua burua, besoak, hankak eta ezpainak mugitzen hasten da.


5. hilabetea
Gorputz-atalak nahi bezala mugitzen ditu jadanik: gerria eta aldakak jira ditzake, gorputza okertu eta bueltak eman.
Gantz arrea sortzen da. Ehun adipotsu espezializatua da, eta beroa sortzen du gantz-azidoak oxidatzen dituenean. Jaiotakoan gorputzeko tenperatura erregulatzen lagunduko dio.
Une batean, fetuak hatz lodia ahoan sartzea lortuko du, eta pixkanaka gerora oinarrizkoa izango zaion ekintza bat ikasten joango da: zurrupatzen.
6. hilabetea
Fetuaren oinarrizko hainbat organo gai dira funtzionatzen hasteko, baina ez nerbio-sistema zentrala eta arnas-aparatua. Izan ere, oraintsu hasi dira birikak surfaktantea sortzen: albeoloak zabaldu eta birikak arnasten hasteko prestatuko ditu.
7. hilabetea
Birikak arnasteko gai dira eta nerbio-sistema zentrala nahikoa heldu da: dagoeneko arnas-mugimendu erritmikoak zuzentzeko gai da eta gorputz barneko tenperatura erregula dezake.
8. hilabetea
Fetuak pisu gehien hartzen duen garaia da. Amaren antigorputzak ere orain jasotzen ditu, jaio eta hurrengo 6 hilabeteetarako infekzioen aurkako babesa emango diotenak.
9. hilabetea
Dagoeneko 300 hezur baino gehiago du, hazten doan heinean fusionatu eta helduaroan 200 hezurretan geratuko zaizkionak. Gantz-kantitate handia du jadanik, organismoaren % 16 hain zuzen. Iritsi da, beraz, kanporatzeko unea.

Jaioberria
Zilborrestea mozteak hankaz gora jartzen du haurraren bizitza. Bat-batean dena bere kabuz egiteari ekin beharko dio, bizirik jarraitu nahi badu. Odola oxigenatu, janaria metabolizatu, hondakinak kanporatu, gorputzaren tenperatura erregulatu... Ordura arte tarteka landu dituen muskulu eta organo horiek guztiak martxan jarriko ditu.

Irudia osoa ikusteko egin klik hemen.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.