Giro ona ala txarra? Hori da galdera

Mendiburu, Joana

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Martxoaren 23an ospatzen da urtero meteorologiaren eguna, 1873. urteko egun horretan sortu baitzen Meteorologiaren Nazioarteko Erakundea (MNE). Ospakizun hori ez da aitzakia txarra meteorologiaren garrantziaz jabetu eta eguraldiaren iragarpenak egiteko erabiltzen diren metodoak eta materialak ezagutzeko. Meteorologia ikuspuntu desberdinetatik aztertu behar den gaia da, historia luzea duen zientzia izateaz gain, jarduera anitz baldintzatzen baititu. Gainera, eguraldiak mugarik ezagutzen ez duenez, meteorologoek mundu mailako ikuspegiarekin lan egin behar dute, baina beren lan-esparruko ezaugarriak ahaztu gabe. Hori guztia bateratzea beharrezkoa da. Horren erakusle da Miarritzen dagoen Météo France-n estazio meteorologikoa. Aldi berean eredu matematikoekin eta material automatikoekin egiten dute lan, baina adituek urteetako lanari esker ikasitakoa sekula baztertu gabe.
Ozeanoko uraren lurrunketa lurrunketa osoaren % 86 da.

Meteorologia atmosferako fenomenoak aztertzen dituen zientzia da, eta meteorologoaren lana termodinamika eta hidrodinamika oinarri harturik leku jakin batean egingo duen eguraldia iragartzea da. Egunean zehar eguraldia zenbat aldiz aipatzen den ikustea besterik ez dago meteorologoak ematen duen informazioa zenbat jenderi interesatzen zaion ikusteko. Miarritzeko estazio meteorologikoko arduraduna den Laffite jaunaren hitzetan, "Miarritzeko estaziora deitzen duen jende gehienak asteburuko planak egiteko deitzen du. Turismo bulego eta hotel batzuk ere ordaintzen dute egunero informazio hori jasotzeko". Datu meteorologikoen erabiltzaile nagusia, beraz, inguru hauetan, jende xehea da, baina aeronautika, nekazaritza eta arrantzarentzat ere baliagarri gertatzen dira eta horren erakusle dira Miarritzeko aireportuarekin eta Irulegiko ardo-ekoizleekin duten harremana

. Izan ere, aireportuetako eguneroko jarduerentzat, bistakoa da haizeari eta ikuspenari buruzko informazio zehatza jakitea ezinbestekoa dela. Baina informazio hori ez ezik, besteak beste, hezetasunaren berri ere ematen zaie airea hezea bada Arkimedesen printzipioko goranzko indarrak hegazkina aireratzen lagunduko baitu. Ondorioz, hegazkina gehiago kargatu ahal izango da. Ordu oroko informazio hori aireportuek ordaindu egiten dute eta, horregatik, lurreratzen diren hegazkinei zerga berezi bat aplikatzen zaie.

Nekazaritzan ere garrantzi handia du informazio meteorologikoa ezagutzeak. Miarritzeko estazioak, besteak beste, Irulegiko ardo-ekoizleei eskaintzen die informazioa. Izan ere, mahatsondoetan agertzen den onddo bat hezetasun eta tenperatura jakin batzuetan bakarrik sortzen da eta bere aurkako tratamendu egokia egiteko informazio hori nahitaezkoa izaten da.

Sateliteko seinalea jasotzeko antena.

Bestalde, gure inguruan ekaitzaren ondorioz zorigaitz handirik gertatzen ez bada ere, leku askotan, haize bortitzak eta ekaitz arriskutsuak aldez aurretik iragartzeak berebiziko garrantzia izaten du. Izan ere, kalkuluen arabera, jatorri meteorologikoa edo hidrologikoa duten hondamen naturalen ondorioz urtero 250.000 pertsona hiltzen dira. Meteorologoen elkarlana Leku eta denbora jakin bateko eguraldia, leku horren inguruan dagoen atmosferako fluidoaren egoera dinamiko, termiko eta higrometrikoaren araberakoa da. Azken finean, eguraldia iragartzea, presioa, tenperatura, hezetasuna eta haizearen arabera aldatzen diren elementu homogeneo batzuen egoera aldez aurretik determinatzea da. Horretarako, herrialde bakoitzak bere sare meteorologikoa dauka.

Dena dela, herrialde bakoitzak bere sare meteorologikoa koordinatu eta gestionatzen badu ere, eguraldiak ez du muga politiko eta ekonomikorik ezagutzen eta, beraz, muga guztien gainetik lan egin behar du meteorologoak. Horregatik, ezinbestekoa da neurketa denak baldintza beretan egitea eta informazioa trukatzeko mundu mailako sarea edukitzea. Miarritzeko estazio meteorologikoko arduraduna den Laffite jaunaren arabera, "meteorologia-sarea mundu mailako komunikazio-sareetan lehenetarikoa izan da. Sare horretan erabiltzen den informazio meteorologiko guztia kodifikatuta dago eta kodigo horiek hizkuntza guztietara itzuliak daude".

Elkarlan hori 1873. urtean hasi zen, Vienan, Meteorologiaren Nazioarteko Erakundea sortu zenean. Ez zen gobernu-erakunde gisa jaio, baina ibilbide luzearen ondoren, 1950ean, gobernuen arteko erakunde bilakatu zen. Orduan, Munduko Meteorologia Erakundea (MME) izena eman zitzaion eta hurrengo urtea Nazio Batuetako agentzia espezializatu izendatu zuten. Lankidetza MNE erakundearekin abiatu zen, baina XX. mendeko aurrerakuntza teknologikoei esker, areagotu egin da.

Nekazaritza eta arrantza bezalako jarduerentzat beharrezkoak dira eguraldi-.iragarpenak. Baina, batez ere, hondamen meteorologiko eta hidrologikoen kalteak gutxitzea da meteorologoen helburua.

Horrela, 1996 ezkeroztik, bost satelite geoestazionariok (Estatu Batuetako bi, Europako Meteosat, japoniar bat eta errusiar bat) osatzen duten nazioarteko sare meteorologikoa dago. Satelite horiek ekuatoretik 36.000 km-ra daude eta bakoitzak lurraren heren bateko irudiak hartzen ditu.

Satelite horiek eskaintzen dituzten irudiak eta informazioa leku bakoitzean nolako eguraldia dagoen jakiteko beharrezkoak dira, baina simulazio digitala egiteko, datu horiez gain, eredu matematikoak ere erabiltzen dira. Herrialde bakoitzak bere eredu matematikoa dauka, baina erabilienak Erdialdeko Europakoa, Alemaniakoa, Kanadakoa, Estatu Batuetakoa, Frantziakoa, Japoniakoa eta Erresuma Batukoa dira.

Eredu digital frantsesa

Gaur egun meteorologia hein handi batean atmosferaren simulazio digitalek egiten dituzten softwareekin egiten da. Frantses estatuan erabiltzen den eredua, Arpège izenekoa, 1993an jarri zen martxan eta egunero bi iragarpen ematen ditu.

Eredu horrek egiten duen lehen gauza atmosfera lauki txikietan banatzea da. Sistema horren aurrerapen nagusia bereizmena, hau da, lauki txikien tamaina, aldatzeko aukera da. Horrela, zehaztasun handia izateko, frantses estatuan 20 km-ko bereizmenarekin egiten da lan eta antipodetan, berriz, 250 km-koarekin. Gainera, adibidez, gerra bat dagoelako, eskualde jakin batean ohikoa baino zehaztasun handiagoa lortu nahi bada, bereizmena egokitu daiteke. Ondoren, satelite bidez jasotako une horretako informazioaz baliatuz, puntu bakoitzak izan ditzazkeen eboluzio desberdinak kalkulatzen dira. Eboluzio horiek hasierako baldintzak pixka bat aldatuz lortzen dira. Meteorologoari biderik gertakorrena identifikatzea gelditzen zaio eta, noski, horretarako bere esperientzian oinarritzen da.

Meteosatek ateratako argazkia.

Informazio horiek denak Frantziako Tolosan biltzen dira eta sare meteorologikoko zentro bakoitzari interesatzen zaion informazioa bakarrik heltzen zaio. Informazio hori eskuratutakoan, Miarritzeko zentroan, Euskal Herriko erliebea eta itsasoaren eragina kontuan harturik, bertako eguraldia zehaztasun handiagoarekin iragartzen dute. Izan ere, eskala handian lan egiteko eredu ona bada ere, Euskal Herriaren eskalan lan egiteko zehaztasuna falta zaio. Adibidez, ereduarentzat Larrunek 100-200 metroko erliebea du eta errealitatean 900 metro inguru ditu. Laffite jaunak azpimarratu duenez, "Euskal Herrian kontraste handiak daude, alde batetik, itsasoaren eragina handia delako, eta bestetik, erliebea ere garrantzitsua delako".

Oraingoz behintzat, nahiz eta aurrerapen teknologikoak ikaragarriak izan diren, eguraldiaren iragarpenak egiteko ezinbestekoa da meteorologoen jakintza aintzat hartzea

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila