Gero eta automobil txikiagoak

Hemendik urte batzuetara hirirako automobil elektrikoa prestatu eta ugaldu arte, eztanda-motorezko automobil txikiak jadanik ari dira saltzen. Renault etxeak Twingo eredua dauka eta besteak beste Mercedes zein BMW ere bide hori lantzen ari dira. Twingo eta Vision A (gasolina eta gasolioa) ereduen datuak

Iaz udazkenean Frankfurt hirian izandako automobil-erakusketan Mercedes eta BMW etxeek aurkeztutako automobil txikien prototipoek ikusmin handia sortarazi zuten. Automobil txikien bolada hau ez da krisi ekonomikoak bakarrik sortua. Administrazioek kontsumoari eta ihes-tututik jaurtitako gasei gero eta muga zorrotzagoak jartzen dizkiete, eta fabrikatzaileek beren produktuak moldatu beharra dute.

Renault etxeak bere Twingo ereduaren bidez, ahalegin berezia egin du kontsumo txikiko automobila lortzen. Hirirako automobil elektrikoa ateratzeko aurrerapausoa dela esan daiteke.

Estatu Batuetan, adibidez, Clean Air Act delakoan Kalifornian 1998.ean saldutako automobiletan % 2 zero emission erakoa (hau da, automobil elektrikoa) izango dela aurrikusten da. Beraz, automobil horiek hirietan erabiltzekoak eta autonomia mugatukoak izango dira. Zero emission hauekin batera, ultra low emission kategoria ere ezarriko da eta Europako arauak ere 2000. urte inguruan ildo horretakoak izango dira. Ihes-tututik jaurtitako gasen karbono oxidoari, erre gabeko hidrokarburoei eta nitrogeno oxidoei mugak jarriko dizkiete, eta horiek motore txikietan errespetatzea errazagoa izango da. Distantzia berdina eginda izan ere, motore hauetan jaurtitako gas-bolumena txikiagoa baita.

Europako Komunitateak 2005. urterako automobil bakoitzaren kontsumoari muga ipini nahi dio. 100 kilometro egiteko 5 litro erre ahal izango ditu gehienez. Kontsumo hori baino beheragotik ibiltzeko, automobil txikiak egin behar dira eta diesel motoreak ipini behar zaizkie. Dieselak izan ere, lan berdinean gasolinazko motoreek baino % 25 gutxiago kontsumitzen baitute.

Lehentxeago eman dugun kontsumoaren 5 litroko muga hori, automobilak hiru erregimenetan dituen kontsumoen batezbesteko aritmetikoa da, hots, 90 km/h-ko abiaduran duena, 120 km/h-koan duena eta hiri-barruan duena hartu eta hiruren batezbesteko aritmetikoa. Gaur egun Europan egiten diren automobil guztiak hartuta kontsumo hori 100 kilometroko batezbeste 7,05 litrokoa da.

2005. urtean batezbesteko kontsumoa gehienez 5 litrokoa izango denez gero, gaur egun kontsumo txikiko automobilak dituztenak lan txikiagoa egin beharko dute prestazioak hobetzen. Markak aipatzen hasita, Renault 6,54 litrotan eta Peugeot 6,37 litrotan dabilela esan daiteke. Alemanian berriz, BMWk 9,18 litro eta Mercedesek 8,65 litro kontsumitzen ditu automobileko eta 100 kilometroko. Bi marka aleman hauetan dagoen diferentzia hori Mercedes etxeak bere automobiletan diesel motoreak gehiago erabiltzen dituelako da.

Mercedes etxearen Vision A ereduak gasolinazko ala gasoliozko motorea izan dezake. Oso batezbesteko kontsumo txikia du; hurrenez hurren 4,9 eta 3,8 litrokoa besterik ez.

Frankfurteko erakustazokan Mercedes etxeak aurkeztutako Vision A izeneko automobil txikia guztiz interesgarria da. Renault-en Twingo ereduarekin konparatuz, biak ere espazio bakarrekoak direla eta lau gurpilak automobilaren lau erpinetan dituztela esan daiteke. Biek dituzte atzeko eserlekuak erregulagarriak. Esertzen den pertsonari leku handiagoa uzteko 17 zentimetro edo 10 zentimetro ( Twingon eta Vision A -n hurrenez hurren) atzeratzen dira. Aurreratzen direnean berriz, atzean maleta eta pakete gehiago sartzeko lekua izaten da. Atzeko eserlekuak tolestu ere egiten dira maletero handiagoa lortzearren.

Mercedesaren automobila, Renaultarena baino txikiagoa da; luzeran 8,3 zentimetro txikiagoa eta ardatz arteko distantzian 3,7 zentimetro laburragoa. Horretarako Mercedesek motorea eta transmisioa aurrean jarri ordez bidaiarien eserlekuaren azpian kokatu ditu.

Automobil honek izan ere, zolua erabat launa du. Luzetarako bi habe sendo ditu paralelo zoluak eta azpian daude organo mekaniko guztiak: 60º inklinatutako motorea, abiadura-kaxa eta erregai-depositoa. Ondorioz, automobila laburra baina altua da; Twingo baino 15 zentimetro altuagoa. Hiri-barnean ibiltzeko ordea, gorago eserita joateak badu bere xarma. Aerodinamika ere ez du hain ona, baina kontutan hartu behar da Vision A hau gehienetan abiadura txikian ibiltzekoa dela. Hala eta guztiz ere, 120 km/h-ko abiaduran 5,2 litro besterik ez duela kontsumitzen dio Mercedes etxeak ( Twingok 7,1 litro erretzen ditu).

Vision A ereduak duen beste abantaila handi bat segurtasun alderdiari dagokiona da. Aurrez aurre talka eginez gero, propultsioaren (motorearen eta abiadura-kaxaren) finkapen-puntuak hautsi eta atzera joaten dira, bidaiariak ukitu gabe. Talkako energia zurgatu egiten da, beraz, programatutako deformazioen bidez.

Irudi honetan Mercedesen Vision A eta Renaultaren Twingo ereduak konparatzen dira. Vision A 8 cm laburragoa eta 15 cm altuagoa da.

Talka aldemenetikoa bada, txasisaren bi habe sendoak ditu eserlekuen azpian. Beraz, talkan jendea eserita dagoen espaziora sartzeko aukera beste automobiletan baino txikiagoa da. Horrez gain propultsioa behean ipintzeak badu beste abantaila bat ere. Konponketa mekanikoak egiteko nahikoa lekua dago eta mekanikaria bere erremintekin lasai ibiltzen da. Automobil elektrikoa egiteko behar den lekua ere badu.

Nikel sodio-klorurozko bateria, 54 zaldiko motore asinkronoa (120 km/h-ko abiadura maximoa eta hirian 150 kilometroko autonomia), aginterako modulu elektronikoa eta aire egokiturako modulua erraz sartzen dira. Automobilak gasolinazko edo gasoliozko motorea badu berriz, maletak sartzeko lekua ere badu azpian.

Frankfurten aurkeztutako Vision A automobilak aluminiozko karrozeria eta altzairuzko egitura ditu. Twingo ereduak baino 75 kilo gutxiago pisatzen du, nahiz eta ekipamendu landuagoa eduki: “airbag” babesa, direkzioa elektrikoki lagundua, ABS balaztaketa, aire egokitua, etab. Mercedes etxeak dioenez ordea, automobilak industrialki serie handitan ez dago aluminiozko karrozeriarekin ateratzerik. Horregatik, egiazko kontsumoa orain zuzeneko injekzioa duen diesel motorez hornitutako prototipoaren 3,8 litrotik gora joango da. 1996. urtean merkaturatuko duen Vision A automobilak ordea, ezingo du askoz ere kontsumo handiagoa izan; bestela lortutako ospe guztia galduko baitu.

Twingo Vision A Vision A
(dies.)

Zilindro-kopurua
Zilindrada (cm 3 )
Balbulak zilindroko
Potentzia (Z.P.-b/min)
Transmisioa
Ardatz arteko dist.
Luzera
Zabalera
Altuera
Pisua
Karga erabilgarria
Abiadura max.
Kontsumoa 90 km/h
Batezbesteko konts.

4
1.239
2
55-5.300
Aurr. 5 ab.
234 cm
343 cm
163 cm
142 cm
790 kg
385 kg
150 km/h
5,1 litro
6,5 litro

3
1.199
3
55-5.500
Aurr. autom.
231 cm
335 cm
166 cm
157 cm
715 kg
400 kg
150 km/h
3,7 litro
4,9 litro

3 turbo, zuz. inj.
1.199
4
44-4.000
Aurr. autom.
231 cm
335 cm
166 cm
157 cm
735 kg
400 kg
150 km/h
3,1 litro
3,8 litro

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.