Fruta tropikalak hemen

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Anana, mangoa, papaia... tropikoko lurrinak eta zaporeak ekartzen dituzte fruta horiek. Gero eta ohikoagoak dira gure artean, eta horietako bat edo beste, gainera, ondo egokitu da Euskal Herrira, kiwia kasurako. Euskadi tropikala gero eta hurbilago ote?

38
Fruta tropikalak hemen
2005/12/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: P. greb / ars)

fruta tropikal edo exotikoen kontsumoa etengabe handitu da Euskal Herrian. Orain dela urte batzuk arte, ia guztiz ezezagunak ziren tropikoetatik datozen fruta asko. Luxuzko produktuak ziren, eta egun berezietan besterik ez ziren jaten, Eguberrietako jaien inguruan kasurako.

Oraindik ere, Eguberrietan izaten da fruta tropikalen eskaintza handiena merkatuan. Azokan, askotan, garai horretan bakarrik dago karanbolak, litchiak, marakuyak edo physalisak erosteko aukera. Beste fruta tropikal batzuk, ordea, urte osoan daude merkatuan. Horien artean daude kokoa, kiwia, txirimoia, mangoa, papaia, anana...

Nolanahi ere, fruta tropikal guztiak ez dira berriak hemen. Banana, adibidez, aspalditik da ezaguna; areago, gehien jaten den frutetako bat da, laranjen eta sagarren ondoren. Beste batzuk, berriz, duela gutxitik ezagutzen dira, baina gero eta gehiago kontsumitzen dira, kiwia adibidez. Gainera, kiwia hemen ere ekoizten da orain, landarea ondo egokitu baita hemengo klimara eta lurrera.

Kiwi euskalduna

Kiwia 1970eko hamarkadan iritsi zen Euskal Herrira, eta oso ondo egokitu da.
A. galarraga

Kiwia da Euskal Herrian gehien hazten den fruta exotikoa. Jatorriz Txinakoa da, Yang-Tse-Kiang ibaiaren haranekoa. Hango klima subtropikal hezea da, eta landarea ibaien ondoan hazten da, zuhaitzen inguruan kiribilduta.

Landare basatia Zeelanda Berrian etxekotu zuten, eta hango multinazional indartsuek bultzatu zuten frutaren kontsumoa eta landarearen salmenta. Garai hartan iritsi zen Euskal Herrira, 1970eko hamarkadan, baina 1980ko hamarkadara arte ez ziren hasi Bizkaian eta Gipuzkoan landatzen.

Landareak tenperatura epela behar du; neguan 5-15ºC, eta udan 14-25ºC. Ur asko eta atmosfera hezea behar ditu, eta nahikoa argitasun-ordu. Horretaz gain, izozteek eta haizeak kalte handia egiten diote. Izozteak arriskutsuak dira, batez ere, landarea kimu-garaian dagoenean (martxoaren erdialdetik apirilaren bukaeraraino) eta fruta biltzeko sasoian (azaroaren lehen hamabostaldian). Hori guztia kontuan hartuta, itsasaldeko inguru batzuk dira egokienak kiwia hazteko.

Inguru horietan landatu zuten, beraz, kiwia eta landarea garestia bazen ere, ekoizleek irabaziak izan zituzten, fruta ere garesti saltzen baitzen. Kontsumitzaileak, baina, ordaintzeko prest zeuden.

Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Saileko Ramon Amenabarrek hasieratik jarraitu du kiwiaren bilakaera Euskal Herrian, eta, haren iritziz, "Zeelanda Berriko enpresek egin zuten propagandak eragin handia izan zuen kontsumitzaileen jarreran. Haiek ezagutarazi zuten fruta. C bitamina-iturri paregabea zela, katarroak prebenitzeko balio zuela, idorreriaren aurka oso ona zela... zabaldu zuten, eta horregatik hasi zen jendea kiwia erosten".

Jatorriz, Txinako Yang-Tse-Kiang haranekoa da kiwia.
artxibokoa

Zainduz gero, emankorra

Hala, garai hartan landaketak egin ziren han eta hemen, baina ez edozein tokitan. Izan ere, klimaz gain, bada kontuan hartu beharreko beste faktore bat; lurra, alegia. Euskal Herri hezean, lur gehienak buztintsuak dira, eta kiwiak ur asko behar badu ere, haren sustraiek ez dute uretan egon behar.

Lur buztintsuan edo buztin-limozkoan, ura ez da iragazten, putzuak gelditzen dira. Eta lur horretan kiwi-landarearen sustraiak ez dira garatzen, oxigenoa falta baitzaie. Ondorioz, landarea ez da ondo hazten eta fruitu gutxi ematen du, eta arriskua dago sustraiak eta lepoa usteltzeko eta, azkenean, baita landarea galtzeko ere.

Hori saihesteko, lurraren azterketa egin ondoren, zenbait lekutan lurra drainatu egin behar da. Kiwia landatzerakoan, lur-motaz gain, beste alderdi batzuk ere hartu behar dira kontuan. Aitor Etxeandia frutagintzako aholkulariak azaldu duenez, "lurrak materia organiko ugari eduki ezean, beharrezkoak dira ongarri organikoak, eta mineralak ere izan behar ditu, batez ere, nitrogenoa, fosforoa eta potasioa. Bestetik, lurra egokitu ondoren, landarearentzako euskarriak jarri behar dira, landarea haien inguruan hazi dadin. Eta, hainbatetan, haizetik, izoztetik edo txingorretik babesteko sistemak ere jartzea komeni da".

Beste fruta tropikal batzuk, feijoa adibidez, kiwia bezain ondo egokitu dira, baina ez dute arrakastarik izan merkatuan.
A. galarraga

Bestelakoan, landareak ez du zaintza berezirik behar. Lur egokia, nahikoa ur eta eguzki-orduak baditu, ondo hazten da eta fruta asko ematen du. Fruta gehiegi badu, tarteko batzuk kendu egiten dira, bestela txikiak geratzen dira, eta gauza bera gertatzen da nahikoa ur ez badu.

Gaitzei dagokienez, ez du arazo handirik, baina, Etxeandiak ohartarazi duenez, "orain hasi da azaltzen gaixotasun bat: zurtoina edo adarra lehortzea. Mahatsondoari gertatzen zaionaren antzekoa da, eta ematen du onddo-talde batek sortzen duela. Kontua da zura lehortu egiten dela eta hil egiten dela. Hori eragozteko, landarea tratatzeaz gain, tresnak desinfektatu egin behar dira, gaitza hedatu ez dadin".

Euskadi tropikala, oraindik ez

Landare osasuntsuak eta emankorrak izanda ere, kiwia ekoiztea ez da lehen bezain errentagarria gaur egun. Prezioa asko jaitsi da merkatuan, eta kostua gutxitzea, berriz, zaila da. Izan ere, beste herrialde batzuetan hemen baino merkeago ekoizten da, mekanizazioari edo esku-lan merkeari esker. Horregatik, kiwiak ez du izan batzuek hasiera batean espero zuten arrakasta.

Amenabarren hitzetan, hemen gehien landatzen den fruta tropikala kiwia bada ere, "arrakasta ez da hainbesterainokoa. Bizkaian 45-50 hektarea daude; Gipuzkoan, beste hainbeste; Nafarroan ere bai; eta Iparraldean, 20-30 hektarea. Guztira, 200 bat hektarea egongo dira, eta hori ez da ezer. Begira intsinis pinuari: 150.000 hektarea daude Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik".

Kiwia oso gutxi landatzen da Euskal Herrian, batez ere intsinis piruarekin alderatuta.
e. imaz

Are urriagoak dira gainerako fruta tropikalak. Kiwia ondo egokitu denez, beste fruta tropikal batzuekin egin dira saiakerak. Ez dute arrakasta handirik izan, ordea. Adibidez, Bizkaiko Foruan babakoarekin saiatu ziren. Ekuador eta Kolonbiakoa da jatorriz. Pepino baten tankerakoa da itxuraz, zapore gozoa du eta emankortasun handikoa da. Negutegian probatu zuten, eta oso ondo eman zuen. Alabaina, ekoizteari utzi zioten, ez baitzen saltzen.

Hain zuzen ere, Amenabarrek argi du oso zaila dela produktu berri batek arrakasta izatea merkatuan, atzetik ez bada bultzatzen. Multinazional indartsuek bultzatu zuten kiwia, eta kontsumitzaileek ondo hartu zuten. Baina babakoak ez zuen halako laguntzarik izan, eta bertan behera gelditu ziren landaketak.

Babakoa bezala, feijoa ere oso ondo hazten da Euskal Herriko hainbat lekutan. Zeelanda Berritik ekarria zuhaitz polita da, eta lore ikusgarriak izaten ditu. Fruta oso lurrintsua eta gozoa da, baina hark ere ez du arrakastarik izan merkatuan. Hala, dauden landare bakanak atariak apaintzeko eta etxerako frutak izateko erabiltzen dira. Izatez, bai feijoa bai beste fruta-arbola batzuk lehenagotik bazeuden Euskal Herrian, indianoek ekarrita. Iparraldean, adibidez, badaude bananondo gutxi batzuk, indianoen etxeen aurrean.

Adituek ez dute uste beste fruta tropikalik sartuko denik hemen. Etxeandiaren iritziz, "jatorrizko tokian asko egiten bada, ez du merezi hemen ekoiztea, kostatzen dena baino merkeago saldu beharko bailitzateke. Kontuan izan behar da hemen ez dagoela nekazaritza-lurrik. Lurra izugarri garestia da eta nekazaritza hondoratzen ari da. Gainera, ikerketa ere egin beharko litzateke jakiteko espezie jakin bat egokitzen ote den ala ez, baina ez dut uste merezi duenik. Gaur egiten denari eustearekin nahikoa lan". Urruti dago Euskadi tropikala, konpai.

Galarraga Aiestaran, Ana
3
215
2005
12
033
Nekazaritza; Botanika

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.