Feromonak: usainen hizkuntza harrigarria

Animaliok, jaio orduko, komunikazio-seinale ezberdinen bidez harremanetan jartzen gara ingurunearekin eta beste animaliekin. Izaki bizidun guztiok mezuak igortzen ditugu eta aldi berean, etengabeko mezu-zaparrada jasotzen dugu ingurunetik, animaliengandik eta baita landare eta lurretik ere.

Informazio-trukaketa horretan erabiltzen ditugun seinaleak ordea, mota askotakoak izan daitezke. Unearen, tokiaren, animaliaren eta bidali nahi den mezuaren arabera, seinale mota eta komunikazio-bide ezberdinak erabiltzen dira informazioa igorri eta jasotzeko. Sentimen-organo ezberdinak ipintzen ditugu lanean. Batzuetan entzumenaerabiltzen da komunikazio-bide bezala, beste batzuetan ukimena, askotan ikusmena; talde gehienetan, guretzat hori ulertzea zaila bada ere, usaimena da nagusi edo zehatzago esanda, seinale kimikoen bidezko komunikazioa.

Hartu-emanetarako bide horien artean erabilgarriena zein den edota bata bestea baino hobea edo garatuagoa denik ezin daiteke esan. Seinale-mota bakoitzak bere alde onak eta desabantailak ditu eta une bakoitzean, bata edo bestea erabiliko da komeni den moduan. Adibidez, ikusmenaren bidez segundo gutxitan informazio asko jaso daiteke, baina komunikazio-sistema horrek igorle eta hartzailearen arteko distantzia ez oso handian izatea eskatzen du eta, igorle eta hartzaileak mezua bidali eta jasotzeko ezkutalekuetatik irten behar dutenez, arriskutsua izan daiteke.

Horretaz oharturik edo, espezie askok, hegazti gehienak esaterako, mezu akustikoak erabiltzen dituzte elkarren berri izateko, seinale horiek leku babestu batetik inongo beldurrik gabe bidal daitezke eta. Beste askotan berriz, mezuak ukimenaren bidez igortzen dira. Oso modu eraginkorra da distantzia txikitan eta batik bat sentimentuak edo nahiak adierazteko erabiltzen da. Hegaztiek beraien arteko maitasuna elkarri mokoka erakusten diote askotan; etxera heldu eta zakurrak aurpegia adurrez blai uzten digunean ere, bere mezua argia da. Baina ukimenaren bidezko komunikazioaren arazo edo mugak ere nabariak dira: igorle eta hartzailearen arteako tarteak oso txikia izan behar du eta mezu konplexu eta azkarrak bidaltzea ezinezkoa da.

Gizakiok gure artean komunikatzeko ikusmena eta entzumena erabiltzen ditugu nagusiki. Inguruan zer gertatzen ari den jakin nahi dugunean, plast!, begiak zabal-zabal jarri, belarriak tente ipini eta guztiaz jabetzen garela uste izaten dugu. Egia ordea, oso bestelakoa da eta ingurunean dabilen informazioaren zatirik handiena ez dugu hartzerik izaten.

Are gehiago, guregan ikusmena eta entzumena oso garrantzitsuak direnez, sarritan ahaztu egiten dugu, edo pentsatze hutsa zaila egiten zaigu, bizidun gehienentzat mundua oso toki ezberdina dela, usai goxoz eta kiratsez betetako lekua, hain zuzen. Talde gehienetan animaliek ez dute keinurik edo soinurik erabiltzen elkarren berri izateko: usainez baliatzen dira. Mikroorganismo unizelularretatik hasi eta ugaztunetaraino, intsektu, zizare edota narrastietatik pasatuz, komunikazio kimikoa oso garrantzitsua da ia ia talde guztietan. Animaliek nahiak, beldurrak, egoera, adina, hierarkia soziala eta beste milaka eta milaka kontu gai kimikoen bitartez “esaten” dizkiote elkarri. Eguneroko bizitzaren zatirik txikiena ere, kimikagai usaindunek antolatzen eta arautzen dute.

Feromonen mundu konplexua

Animaliek beren artean komunikatzeko erabiltzen dituzten kimikagai hauei Feromona deritzaie. Hitz horren jatorria grekoa da eta Pherein (lekuz aldatu) eta horman (kitzikatu) berbetatik dator, horixe baita feromonek egiten dutena. Animalia batek beste bati (edo batzuei) zerbait jakinarazteko jariatzen dituen kimikagaiak dira feromonak; hartzailera iristean, aldaketaren bat (fisiologian edo portaeran) sorrarazten duten substantziak.

Antenak dira intsektuen usaimen-organoak. Horien bidez jasotzen dituzte espeziekideek feromonen bitartez bidalitako mezuak.
J. Larrañaga

Beren aniztasun, konplexutasun eta ugaritasuna harrigarria da. Maila molekularra aztertuz gero adibidez, esterrak, alkoholak, azidoak, hidrokarburoak edo beste hamaika mota aurkituko dugu feromonen artean. Neurriari dagokionez ere, era guztietakoak daude, txikiak (5 edo 6 karbonotakoak) edo luzeak (dozenaka karbonotakoak). Arinak edo astunak izan daitezke eta molekula bakarrez osatuak edota molekula ezberdinen nahasketaz. Batzuk oso egonkorrak dira, animaliek bere lurraldeak markatzeko erabiltzen dituztenak adibidez, beste batzuk ordea, oso ezegonkorrak eta bizi laburrekoak.

Zenbaitzuk hegazkorrak edota uretan solugarri diren bitartean, beste batzuk egonkorrak, pisutsuak eta disolbaezinak. Ikusten duzuen bezala, mezuaren, espeziearen eta unearen arabera, animaliak kimikagai zeharo ezberdinez balia daitezke elkarren artean harremanetan ipintzeko eta gai horien bitartez, ia-ia edozer adieraz dezakete. Gizakion arteko komunikazioa konplexua eta zoragarria dela onartu beharra dago, baina milioika inurritako kolonia zehaztasun osoz martxan mantentzen duten ehundaka feromonen mundua ere, harrigarri eta miresgarria dela ezin daiteke uka.

Azken 20 urteotan, mila artikulutik gora kaleratu dira feromonen inguruan eta tarte berean, ehundaka feromona aurkitu, aztertu eta isolatu da. Ugaritasuna hain handia izanik, ezinezkoa da orrialde hauetan guztietan sakontzea; ez da hori gure helburua. Mundu konplexu bezain ezezagun horri gainbegiratu txikia egingo diogu, feromona-mota nagusiak ikusteko.

Usainen bidez mintzatuz

Animalia batek beste bati zerbait jakinarazteko jariatzen dituen kimikagaiak dira feromonak; hartzailera iristean, aldaketaren bat sorrarazten duten substantziak.
J. Larrañaga
.

Hasteko, feromonen arteko multzorik anitzenetarikora joko dugu, "biltze-feromonak" deritzon taldera, hain zuzen. Izenak berak dioskunez, espezie bereko kideak toki batean biltzera bultzatzen duten kimikagaiak dira. “Bilera” horretara arrazoi ezberdinak medio dei daiteke, hala nola, elikatzeko, bikotekidea aurkitzeko edota negua leku epel eta egoki baten denak elkarrekin igarotzeko asmoz. Inurri edo erleen moduan kolonietan bizi diren intsektuetan asko erabiltzen dira biltze-feromonak, baita beste animali talde askotan ere. Sugeak edo karraskari asko besteak beste, biltze-feromonek deituta dozenaka biltzen dira, gordeleku berean negua epelean igarotzeko.

"Gonbidapen-feromonak" ere antzekoak dira. Animalia batek jateko edo erruteko toki egokia aurkitu duela esanez bidaltzen dituen deiak dira: “etorri, hemen denontzat dago eta”. Aurreko kasuan ez bezala ordea, animaliak mezua igorri den lekura bazkatzera edo errutera joaten dira soil-soilik. Ez dira inoiz bilera handiak izaten: eginbeharrekoak egin eta gero, alde egiten dute.

Zenbaitetan espeziekideak lehiakide latzak izan daitezke eta bildu ordez, uxatzea komeni da. Janaria urri denean edo arrei eme ugalkorrik aurkitzea zaila gertatzen zaienean esate baterako, animaliek ez dituzte lagunak erakartzeko usain goxoak ekoizten: kasu horietan, atzeraka botako dituzten feromona jasanezinak aireratzen dituzte. Feromona horiek langa-lana betetzen dute eta animaliek ez dute sekula muga usaintsu hori gainditzen. Horixe da "sakabanatze-feromonen" egitekoa: espeziekideak urrun mantentzea.

Talde handitan bizi diren animalien kasuan, erle, inurri eta termitetan esate baterako, feromonak kolonia martxan jarri eta mantentzeaz arduratzen dira. Feromonarik gabeko erlategi edo inurritegi batean, trafiko-ikurrik gabeko herri batean baino nahasketa handiagoa sortuko litzateke.
J. Larrañaga

Beste multzo garrantzitsu bat "alarma-feromonena" da. Horien bidez ematen den mezua garbia eta azkarra izaten da: “Kontuz! Arriskua inguruan”. Animaliek beldurra edo arriskua somatzean jariatzen dituzte feromona horiek, espeziekideak ohartarazteko. Funtzio hori dela medio, oso arin eta hegazkorrak izaten dira. Horren adibide ederra erleen munduan aurkituko dugu. Erlategiaren atean erle zaindariak egon ohi dira, gehienetan lasai-lasai, langileen joan-etorriak begiratuz.

Kanpotarren bat erlategira sartzen saiatzen denean ostera, erabat aldatzen da bere portaera; jagole patxaratsua, arriskua somatu orduko, erlategira sartzen da ziztu bizian eta alarma-feromonak askatzen hasten da. Hegoak astinduz, erlategi osoan zehar zabaltzen du arrisku-mezua, segundo gutxiren buruan kide guztiak ohartaraziz. Animalia gutxi ausartuko da milaka erle eztena sartzeko prest dagoen erlategira inguratzera.

Beste feromona garrantzitsu batzuk "onarpen-feromonak" dira. Gehienetan astunak dira eta kontaktu zuzenaz igortzen dira animalia batetik bestera. Taldeka bizi diren animalietan beti agertzen dira eta identifikazio-txartelen gisa jokatzen dute. Horien bidez animalia bakoitzak bere izena, adina, lanbidea, maila soziala eta beste hainbat ezaugarri adierazten ditu. Ehundaka adibide aipa litezke: lehoiak, otsoak, ardiak; kalean elkar usaituz ikusten ditugun txakurrak ere elkarri N.A.N.a erakusten ari zaio.

Espezie gehienetan garrantzi handia duten arren, apartekoa da kolonia handitan bizi diren animalien artean. Erle, termita edota inurrien kasuan esaterako, kolonia martxan mantentzeko giltza dira eta antenen bidez beti elkarri usaina hartzen aritzen zaio, aldamenean dagoena nor den eta zer esaten duen jakiteko.

Inurri batek janaria aurkitzen duenean, feromona gidarien bidez markatzen du bidea eta horrela, kolonia osoari jakinarazten zaio nondik nora joan behar duen bazkaria aurkitzeko.
J. Larrañaga

Feromonen beste agerpen hurbila etxeko sukaldean ikusten dugu udaberriro, inurriak ilaran eta antenak mugituz guretzat ikustezina den bide bati jarraituz aurkitzen ditugunean. Inurriek "feromona gidarien" aztarnari jarraitzen diote. Kimikagai horiek himenopteroen (liztor, inurri eta erleak) eta isopteroen (termitak) taldeetan erabiltzen dira, munduan bizi diren milaka inurri-espezieek bereziki. Inurri batek janaria aurkitzen duenean, feromona gidarien bidez markatzen du bidea eta horrela, kolonia osoari jakinarazten dio nondik nora joan behar duen bazkaria aurkitzeko. Feromona horiek noski, sekretuak izan behar dute gainontzeko espezieek uler ez ditzaten, bestalde oso usaintsuak dira eta esate baterako, Atta texana espezieko inurri baten feromona miligramo bat nahikoa da espeziekideei 100.000 km-ko bidea adierazteko!

Inurri edo erleak bezala kolonietan bizi diren animalientzat arazo larria da hildakoekin zer egin erabakitzea. Hori ere, feromonen bidez konpondu dute inurriek. Harrigarria dirudien arren, inurriek hil eta gero feromona berezi bat jariatzen dute, "heriotz-feromona" deritzaiona, eta gainontzeko inurriek ezin hobe ulertzen dute mezua: “gorpua kanporatu egin behar da, inurritegian traban dago eta”. Oso mezu indartsua da eta feromona horren tanta txiki bat inurri bizi bati gainean botaz gero (erreginari berari ere), kanporatu egingo dute eta ez da berriro taldean onartua izango.

Lurralde baten jabetza adierazteko ere, feromonez baliatzen dira animaliak. Hartzek zuhaitzen enborretan lagatzen dute usaina eta antzera jokatzen dute otsoek, gepardoek edo beste hainbat animaliak. "Lurralde-feromonen" bidez, animalia bakoitzak bere lurraldea xedatzen du eta gainerakoei lurraldea norena den eta bertara sartu daitezkeen ala ez jakinarazten zaie.

Eta bukatzeko, ia animali talde guztietan nagusiki erabiltzen diren feromonak aztertuko ditugu: "sexu-feromonak", alegia. Jakina denez, animalien bizitzan bi iharduera nagusi daude: jatea (norbera bizirik irauteko) eta ondorengoak edukitzea (norberaren geneak transmititzeko eta espeziea bera iraunarazteko). Eta azken hori ez da batere erraza izaten, lehia handia baita. Horrexegatik, sexuarekin erlazionatuta dauden mezu ezberdin ugari sortu da naturan, nagusiki bikotekidea erakartzeko: ipurtargiaren berde distiratsua, kilkirren kantua, indioilarraren buztan koloretsua, etab.

Sexu-feromonen funtzioa ez da bikotekidea hurreraraztea bakarrik. Helburu ugari eta ezberdinak eduki ditzakete.
A. Elosegi

Eta animalia gehienetan perfumeak asmatu dira: feromona goxo eta erakargarriak. Animalia batek bikotekidea erakarri nahi duenean, kantu eta dantza deigarriak ez dira sarritan nahikoa izaten eta perfumeak erabiltzen dira. Feromona goxoenaren tantarik txikiena soinean edukiz gero, berehala etorriko dira ehundaka espeziekide sexua jotzeko irrikitan. Sexu-feromonen funtzioa, dena den, ez da bikotekidea hurreraraztea bakarrik. Helburu ugari eta ezberdinak eduki ditzakete. Batzuk bikotekidea erakartzeko soilik erabiltzen dira, baina beste asko berori kilikatu eta ernalketarako prest ipintzeko dira (afrodisiakoak); beste batzuetan emeak arrari horrelakorik egongo ez dela esateko (dagoeneko haurdun dagoelako adibidez, edo gogorik ez duelako) eta oro har animaliek sexuarekin zerikusia duen edozein informazio emateko erabiltzen dituzte feromonak: sexu-zikloaren zein unean dauden, ugalketarako gazteegiak diren, etab.

Horiek guztiak komunikazio kimikoaren mundu korapilotsu eta harrigarrian aurki daitezkeen milaka feromonetatik batzuk besterik ez dira. Ehundaka gehiago ezagutzen dira eta ziurraski datozen urteotan beste hainbeste aurkituko dira. Nolanahi ere, adibide hauek nahikoak dira feromonen munduaren konplexutasuna eta aberastasuna ikusteko batetik eta bestetik, guri horrelakorik sinestea zaila gertatu arren, animalien artean komunikazio kimikoa hedatuen dagoen sistema dela egiaztatzeko. Bestela esanda, bizudun-espezie gehienek munduari buruz duten irudia eta guk eduki dezakeguna erabat desberdinak direla ikusteko.

Eta gizakiok, zer?

Animali espezie guztien artean feromonak hain hedatuta daudela ikusirik, zer esan dezakegu gizakioi buruz? Ba ote dute feromonek eraginik gugan? Eta oharkabean, gure sudurrera iristen zaizkigun usainek ba ote dute eraginik gure fisiologian edo jokabidean? Telebistako iragarkiei jaramonik egin behar badiegu behintzat, baietz esan beharko genuke. Edozein perfume erabilita, sexu-feromonarik eraginkorrena lortuko dugu eta nahi adina emakume edo gizon gureganatzeko gauza izango garela dirudi. Eta ez hori bakarrik! usain goxo horiez baliaturik, hierarkia-feromonak edo onarpen-feromonak ere martxan jartzen ditugu eta arrakasta, dirua eta boterea ere gure esku izango ditugu.

Animali espezie guztien artean feromonak hain hedatuta daudela ikusirik, zer esan dezakegu gizakioi buruz? Ba ote dute feromonek eraginik gugan? Eta oharkabean, gure sudurrera iristen zaizkigun usainek ba ote dute eraginik gure fisiologian edo jokabidean?

Genionez, iragarkiek eman ohi duten mezua da hori, baina egia guztiz bestelakoa da; izan ere, gizakiongan feromonek duten eraginaz oso gutxi dakigu oraindik. Eboluzioan zehar, ikusmena eta entzumena garatu ditu nagusiki gizakiak eta horrek usaimenaren galera ekarri du; gaur-gaurkoz, animalia gehienen %1-a nekez ezagutuko dugu usaimenaren bidez. Hala ere, iharduerarik primitiboenetarako, sexu-arloan batez ere, eboluzioan zehar galdutako gaitasun horren aztarnarik aurki dezakegu oraindik. Horren adibidetzat emakumeen hileroko zikloa da. Zenbait ikerketek baieztatu dutenez, elkarrekin bizi diren emakumeen artean, hilerokoa maiz batera, sinkronizatuta etortzen zaie; horren arrazoia galtzarbeetan ditugun guruin txikietan datza, guruin apokrinoetan. Guruin horiek, hilerokoa sinkronizatzen duten feromonak jariatzen omen dituzte izerdiarekin batera.

Bestalde, perfumeen eta desioen arteko lotura gizakia sortu orduko hasi zen lantzen. Feromonen berri izan baino askoz lehenago, Asiako eta Europako kultura gehienetan oreinen sexu-feromona erabiltzen zuten perfumeak egiteko, musketa izenekoa, hain zuzen. Musketaren usaina oso gogorra eta ezatsegina bada ere, makina bat kulturatan erabili dela jakitea harrigarria da benetan. Kasualitate hutsa da ala uste baino eragin handiagoa dute usainek gugan? Horrela dela onartzen badugu eta usain batzuek gugan eragin zuzena dutela ikusirik, gizaldietan perfumegileek bilatu duten perfume ezin hobe eta zoragarri hori lortzea posible izango al da? Aurkituko al da inoiz gizakion sexu feromona? Hain usaimen laburrekoak izanda nahikoa zaila iruditzen zaidan arren, badaezpada erne ibiltzeak merezi du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila