Fenomeno eta efemeride astronomikoak

Ale honetan asmoa Eguzki-sistemaren inguruetara itzultzea da, Voyager 2ak abuztuan Neptuno eta bere sateliteez bidalitako informazioaren lehenengo emaitzen berri emateko.

Azken hiru aleetan, Eguzki-sistemari lotutako gaiak utziz urrundu egin gara pixka bat SN 1987-A supernobaz hitz eginez. Ale honetan asmoa berriz ere Eguzki-sistemaren inguruetara itzultzea zen, Voyager 2ak abuztuan Neptuno eta bere sateliteez bidalitako informazioaren lehenengo emaitzen berri emateko. Dena den, artikulu-sorta hau aurreragorako utziko dugu, ale honetan eta hurrengoan eskaera batzuei erantzun ahal izateko.

Batetik, ale honetan hasita eta aurrerantzean hil honetako fenomeno eta efemeride astronomiko garrantzitsuenei leku egingo diegu. Fenomeno, jakina, ortzean astroek aurkez diezazkiguketen egoera bereziei deitzen diegu. Efemerideak, astroak aurkitu edo fenomenoak aztertu ahal izateko datu eta koordenatuei deitu ohi zaie, hala nola, Eguzkiaren posizioaren berri emango dugu zein konstelaziotan zehar higituko den esanez, Ilargiaren faseak eta beste efemeride batzuk ere aipatuko ditugu, planeten behaketa-baldintzak, etab.

Aurtengo apirila planetak ikusteko ez da hilabete txarra.

Kontuan izan behar dugu datuak erabiltzean orduak beti denbora unibertsalean (UT, universal time ) ematen direla. Beraz, ordu ofiziala lortzeko, udazkenean eta neguan ordu bat gehitu behar zaie datukoei, eta udaberrian (aurten martxoaren 25etik aurrera) eta udan bi.

Hona hemen, bada, apirilean zehar gertatuko diren fenomenorik aipagarrienak eta ortzeari begiratzeko lagungarri izan daitezkeen ohar batzuk:

EGUZKIA


Apirilaren 20an, 8ak eta 26etan (UT) Taurus Konstelazioan sartzen da. Beraz, egunez konstelazio hori Eguzkiaren atzekaldean ikusiko genuke haren argia ilunduko balitz; adibidez, eguzki-eklipse oso bat gertatuko balitz. Aurrerantzean aipatuko ez badugu ere, jakin egin behar da Konstelazio denak toki bat desplazaturik daudela orain 2000 urte inguru izena eman zitzaien garaian zuten lekuarekiko. Hau da, ekinokzioen prezesioaren eraginez, udaberriaren hasiera adierazten duen puntua, puntua, ez dago Aries Konstelazioaren hasieran, orduan zegoen eta oraindik gaur egun ohiturari jarraituz esaten den bezala. Berez, puntua Piscis-en dago eta ondorioz, Taurus-en sartzera doala esatean Aries-en sartzera doala jakin behar dugu.

ILARGIA

Ilgora apirilaren 2an da; hil-betea 10ean, 3rak eta 18 minutuetan (UT); ilbehera 18an eta ilberri 25ean. Ilargia perigeoan ilberri den egun berean egongo da, nahiz eta fenomeno biak ordu ezberdinetan gertatu. Apogeotik, berriz 12an pasatuko da.

PLANETAK


Planetei dagokienean, begi hutsez ikus daitezkeenak bakarrik aipatuko ditugu. Hauei dagokienean apirila ez da hilabete txarra, denak ikusgai izango ditugulako.

  • MERKURIO
    Hilabetearen lehenengo hamabostaldian izango dugu ikusteko baldintza onenetan. Iluntzean ikusiko da, Eguzkia ezkutatu eta ordubete edo ordu t’erdi geroago arte. Kontuan izan behar da beti, hala ere, Merkurio ikusgaitza dela zeruan altuera gutxi hartzen duelako (bere orbitaren ardatz nagusia txikia da eta ondorioz Eguzkitik gutxi urruntzen da), egunaren azken argiekin batera ikusten delarik. Ekialdeko elongazio maximoa (20º) apirilaren 13an pasatuko du. Apirilaren 23an geldikor egongo da.
  • ARTIZARRA
    Mendebaldeko elongazio maximoa (46), martxoaren 30ean hartuko duenez, apiril osoan ikusi ahal izango dugu. Goiz aldera agertzen da eguna zabaldu arte.
  • MARTITZ
    Artizarra baino lehentxeago ateratzen da hegoekialdeko horizontetik eta bere kolore gorrixkagatik bereiz daiteke.
  • JUPITER
    Ilundu orduko ikusi ahal izango dugu, baina egunetik egunera baxuago ikusiko dugu. Beraz, gero eta lehenago ezkutatuko da, beste planetak azaldu aurretik.
  • SATURNO
    Hau ere goizaldera ikusiko dugu, baina Martitz eta Artizarra baino dezentez lehenago. Martitz baino argitsuago ikusiko da eta bere eraztunen orientazioa oso egokia da teleskopio txiki batez behatzeko.

Apirilean Ilargiak ez du izar argitsurik ezkutatuko.

Izar uxoei dagokienean Liridak aipatu behar dira. Herkules eta Lira Konstelazioen mugaldetik agertzen ikusten dira. Intentsitate handiena apirilaren 22an lortuko du, orduko 20 meteorokoa izango delarik. Gauerdi ingurutik aurrera ikusiko dira, 20tik 23ra bitartean. Abiadura handikoak dira.

Oraingoan egindako oharrak ezaguntzat emanez, hurrengo aleetarako informazio hauek koadro batean laburtzen saiatuko gara.

Aipatu beharreko bigarren gaia, planeten posizio eta ezagutzeko moduari dagokio. Zaletuak ebatzi nahi izaten duen lehenengo arazoetako bat, planeten kokapenari dagokiona da; edo zehazkiago esanda, planetak ikusteko teleskopioa norantz zuzendu behar duen jakitea. Hilero emango ditugun oharrez gain, datorren alean norberak posizioak nahikoa zehatz kalkulatzeko “aurkitzaileak” emango ditugu. Ondoren, planeta aurkitzeko erreferentziatzat zein izar erabili behar ditugun planisferioan ikusiko dugu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila