Ezagupen soziologikoaren egituraketa (I)

Gaur egungo soziologia metodologia modernoaren bidez egiten den gizarteari buruzko gogoeta baino ez da. Beraz, soziologiak dakarren berrikuntza metodologian datza, batik bat. Berrikuntza teoriko-metodologiko horren jatorria Ilustrazioaren izpirituaren inguruan kokatu behar da.

XVIII. mendeko Ilustrazioak izan ere, indarrean zegoen gizarte-egiturari buruzko kritika natur zientzietatik eratorritako giro eta eredu zientifikoaren bidez irakasten zuen. Beraz, pentsaera horrek helburu iraultzailea eta zientifikoa biltzen zituen. XVIII. mendeko pentsalariek gizakia perfektua zela sinesten zuten eta beren garaiko gizarteak jartzen zituen zentzugabeko oztopo guztien aurka zeuden; horiek baztertu beharra zegoen eta beraien artean, zer esanik ez, Eliza katolikoak defendatutako filosofia eta pentsaera eskolastikoa zegoen.

Horregatik, Ilustrazioa ohizko filosofiaren etsaitzat hartu zen eta horrekin batera, Ertaroan nagusi zen munduari buruzko irizpide itxi eta dogmatikoa gainditu nahi izan zen. Beraz, sortutako pentsaera-mota hori egunez egun berritu eta eztabaidatu behar den zerbait da eta aurkikuntza berriek aldez aurretik hartutako jarrerak edo onartutako ondorioak baieztatu ala ukatuko lituzkete.

Hori guztia dela eta, soziologian hasiera-hasieratik bi adar nagusi agertzen dira. Alde batetik, gizartearen ikerketan Newtonek eta beste zenbait zientzilarik natur zientzietan erabilitako metodologia erabili nahi izatea eta bestetik, indarrean zegoen gizarte ereduarekiko zerbait iraultzaile eta berritzailea izan. Bi adar horietan oinarrituz, bi soziologia-mota agertuko dira hasiera-hasieratik eta XIX. mendean sortutakoek gaur arte iraungo dute: lehena ordena-soziologikoa deritzonean oinarrituta eta horretan natur zientzietako eredu zientifikoak lehentasuna du eta bigarrena iraultza-soziologikoa deitutakoa, azterbide zientifikoa erabiliz, gizartearen aldakuntza nagusi delarik.

Soziologiaren hastapen horretan Saint-Simongo kondea aipatu behar dugu aitzindari gisa. Pentsalari guztiak ordea, ez dira iritzi berekoak eta Auguste Comte jotzen dute aitzindaritzat, berak garatu zuelakoan soziologiari dagokion ahalmen sistematzailea. Horien iritziz, Saint-Simon jenio handiko gizona eta Comte-ren bultzatzaile baino ez da. Kontrakoa diotenen artean besteak beste, Proudhon dago; bere ustez, soziologiaren benetako aitzindaria Saint-Simon da eta esaterako, gizarte-klaseen inguruko hastapen batzuk Saint-Simon-i zor zaizkiola defendatzen du.

Saint-Simongo kondearen benetako izena Claude Henri de Rouvroy. Parisen jaio zen 1760an. 1803tik hasi zen nabarmentzen bere etorri intelektuala eta urte horretan Ginebrako biztanle baten eskutitzak izeneko lana argitaratu zuen. Lan horren atzetik beste batzuk kaleratu zituen eta, bere diru guztia xahutu ondoren, 1823an tiro batez bere burua hiltzen saiatu zen; zorionez ez zuen lortu eta 1825ean hil zen arte, lanean segitu zuen, oinarrizko ekarpen asko eginez.

Saint-Simon-engan beste inorengan baino nabarmenagoak dira soziologiaren hastapenaren kontraesanak, joera iraultzailearen eta kontserbatzailearen artekoak. Hori dela eta, era guztietako kontzeptuak aurki daitezke bere ikerlanetan, hala nola, klase borroka, panteismoa, eskulanaren eta lan intelektualaren goraipamena, langileen demokratizismoa, bakezaletasuna, zientzizaletasuna eta abar. Beraz, iturri oparo horretan era desberdinetako pentsalariek edatea erabat normala da. Saint-Simon-en ekarpena hortaz, dohain normaltzat jo behar dugu.

Oinarrizko ekarpen horien artean etorkizunean berezko pisua izango zuen planteamendua dago: bere ondorengo mendebaldeko soziologiaren eztabaidarako gaiak postulatzea eta gizarte industrializatuaren arazoak mahai gainean ipintzea, hain zuzen. Horrez gain, gizartea ikertzeko metodo zientifikoaren posibilitatea onartzea eta arlo horretan metodo positibistaren oinarria ezartzea berari zor zaio.

Ordena soziologikoa

Napoleonen garaia iragan ondoren, Europa osoan Frantziako Iraultzak hedatu zituen ideien kontrako erreakzioa altxatu zen, hots, aurreko egoerara itzultzeko gogoa, antzinako erregimena berreskuratzeko gura. Itzultze politiko horren islada ideologi arlora ere iritsi zen eta iraultzaren aurkako korronte sendoa plazaratu zen. Pentsaera kontrairaultzailearen aztergaiak ordena, egonkortasuna, agintaritza, ohitura, legea, ikurra, etab. izan ziren.

Erreakzio horren gibelean besteak beste, antzinako erregimenaren egonkortasun politikoaren galera eta horrek eragin zuen Eliza eta monarkiaren arteko erlazioaren haustura aurkitzen ditugu. Pentsaera kontrairaultzaileak Ilustrazioaren filosofiaren eta iraultza-etenaren aurkako printzipio eta iritzi batzuk ezarri zituen. Printzipio eta iritzi horiek geroago soziologiak bereganatu zituen edo zehatzago esanda, ordena-soziologia izeneko bere adarrak.

Pentsalari kontrairaultzaileak gizartean unitate organiko bat aurkitzen saiatu ziren eta ez gizabanakoen multzoa. Horren arabera, gizartea bere osotasunean bizirik dagoen zerbait zela eta bere bizitza osagaiekiko, hau da, gizabanakoekiko independentea zela kontsideratzen zuten. Aldiz, Ilustrazioaren pentsaera nominalista zen eta gizabanakoak, beren eskubide eta elkarrekintzatan, baino ez ziren kontutan hartzen. Pentsalari kontrairaultzaileen iritziz ordea, gizartea gizabanakoen aurretik eta beraien gainetik dago. Gizakia taldetik edo gizartetik kanpo ez da ezer eta gizabanakoa Ilustrazioaren filosofoek asmatutako zerbait litzateke. Horren arabera, Robinson Crusoe ez zen existitzen.

Pentsalari kontrairaultzaileen iritziz, gizartea gizabanakoen aurretik eta beraien gainetik dago. Gizakia taldetik edo gizartetik kanpo ez da ezer eta gizabanakoa Ilustrazioaren filosofoek asmatutako zerbait litzateke.

Kontrairaultzako pentsalarien ustez, erakundeetan barneko elementuen arteko erlazioak dira garrantzitsuenak. Gizartearen unitate organikoaren ideiaren bidez, erakundeen eta beren arteko elkardependentziaren papera azpimarratzen zuten. Horren ondorioz, ezin zaio gizartearen atal bati eraso egin, sinesmenak edo ohiturak esate baterako, gizarte osoari eraso egin gabe.

Hala ere, pentsaera kontrairaultzailearen printzipioak XIX. mendeko soziologian edota ordena-soziologian errotu zirela kontsideratzea uste ustela da. Printzipio horiek ageri badira ere, aurresoziologoek, Auguste Comtek esate baterako, bere testuinguru teologiko erreakzionariotik eratorri zituzten soziologia zientifikoan txertatzeko.

Ordena-soziologian ideologia kontrairaultzailea baino pentsaera kontserbatzailea dago. Ordena-soziologia hortaz, kontserbatzailea da baina ez berez, erreakzionarioa.

Teoria kontrairaultzaile edo erreakzionarioan izpiritualismoa ere aurkitzen dugu, hau da, gizartearen lehen eragiletzat ideiak edo izpiritua onartzea. Bestalde, elitismoa ere aurki daiteke: aukeratuak/masa, agintariak/menpekoak edo antzeko bikoteak gizartearen dinamikarekin bat datozela eta beharrezkoak direla aldarrikatzea. Azkenik, utopismo atzerakoia ere pentsaera horren zutabetako bat dela esan daiteke; horren arabera, aurrerapen demokratikoaren ordez, antzinako gizarte-egitura klasista hobetsi beharko litzateke.

Teoria kontserbatzailean izpiritualismoa tradizionalismo bihurtzen da. Horren arabera, esparru jakin bateko aldaketak onartu egiten dira (esparru tekniko-ekonomikoan, batez ere), baina egiturari dagozkion oinarrizko baloreak mantentzen ditu. Pentsaera horretan elitismoa ere aurki daiteke, baina kontzeptu horren esanahia aldatu egiten da: jadanik ez da odolean edo erregeen borondatean oinarritutako elitea nagusituko, gizartean betekizun berezia duen elite teknologikoak ordezkatuko du.

Jakintsuen elitismotzat har daitekeen hori, gaur eguneraino iritsi da eta “ideologien amaierako teorian” aurki daiteke. Horren arabera, garapenaren hazkundeak ohizko ideologo-taldeen eraberritzea ekarri du eta apaizek, filosofoek edo legegizonek osatutako taldea orain teknokratenak ordezkatzen du. Azkenik, pentsaera kontserbatzaileak utopismo atzerakoia albo batera utziz, iragana laga eta aldaketak eta aurrerapenak onartzearen alde agertzen da.

Auguste Comte, Herber Spencer eta ordena-soziologia

Ordena-soziologiarekin hertsiki lotuta daudenez, bi izen aipatu behar ditugu: Auguste Comte eta Herber Spencer.

Auguste Comte
1798-1857

Auguste Comte (1798-1857) frantziarra bere probintziako giro zapaltzailetik irten eta Parisera joan zen. Bertan eskola zientifikoan hezi zen eta bere garaiko jakintza-korronte guztiak ezagutzeko aukera izan zuen. Kritikaren eta zalantzaren aro horretan, ustez Gizarteak nahi eta behar zuen sistema orokor organiko bat eraikitzeari ekin zion. Ordenaren aldeko nahia eta grina hori bere lan guztietan atzeman daiteke. Alabaina, asmo horiek eta zientzia ongi uztartzen asmatu zuenik ezin daiteke esan eta askotan bere aurriritziak nola edo hala azalpen zientifiko batez estali egin zituela ematen du. Hala ere, bere ekarpena ukaezina da, Comteren soziologiaren jitea eta gizartearen ereduak bakarrak ez badira ere, berak eta beste batzuk nahi izan duten bezala, gaur egun ere soziologiaren aukera teoriko garrantzitsuenetako bat dela onartzen da. Bestetik, soziologia egiteko modua Comtek sistematizatu zuen lehen aldiz.

Herbert Spencer (1820-1903) ingelesa bere garaiko eta herriko burgesiaren ordezkaria da. Spencer-en soziologia dinamika sozialean oinarrituta dago. Dinamika horren funtsa (gizabanakoari, gizarte osoari edo biologiari aplikaturik) bi ardatzen inguruan egituratuta dago: konplexutasunaren mailak batetik, homogeneotik heterogeneora eta integrazio maila . Printzipio horietan oinarriturik, Spencer-ek gizarte-eredu guztiak sailkatu zituen, antzinako tribuetatik Europako gizarte-ereduetaraino. Konplexutasunean oinarritutako sailkapen-mota hori soziologo funtzionalista guztiek gizarte-talde guztietara zabalduko dute gerora.

Herber Spencer
1820-1903

Spencer-ek ordena-naturalaren eta aukeraketaren legeak bereak egiten zituenez gero, antidemokratizismoa eta gehiengoari mugak jartzearen beharra guztiz normaltzat hartu behar dira beregan: “Gehiengoaren eskubidea erabat baldintzatuta dagoen eskubidea da, muga batzuen barne soilik balio duena”; “adostasunik ez badago, gehiengoaren nagusitasuna gutxiengoarekiko ez da existitzen”. Bere lanik bikainena Gizona Estatuaren aurka da eta bertan “teorian Askatasuna areagotzeak praktikan askatasunak urritzea ekarriko lukeela” esaten digu. Testu berean amildutako Ingalaterra kolonialistan ere atzerapen soziologikoa ematen ari zela eta bere ustez irtenbiderik egokiena estatu militarrera jotzea litzatekeela esan zuen. Ez zuen paradoxa hori adierazten asmatu.

Azkenik, liburu hori “superstizio politiko nagusiari” buruzko entseiua dela esan daiteke eta hori hurrengo belaunaldi kontserbatzaileentzat kontutan hartzeko ohar bat da: “erregeen jainkozko eskubideak parlamentuen jainkozko eskubideek ordezkatu dituela” esango digu.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.