'Euskara zabaltzeko asmoa benetakoa da'

Miren Onaindiak 15 urte daramatza irakasle-lanetan Zientzi Fakultatean. Ikasketak eta doktoradutza-tesia ere bertan egin zituen, nahiz eta Madrildik zuzendu zioten; “orduan zaila zen zuzenduko zuen norbait aurkitzea hemen”. Biologoa da Miren eta fakultatean ekologiako irakaslea, hasieran gazteleraz ematen zituen baina orain euskaraz. Pasa den urtetik Euskararako Dekanordea da.

Zer suposatzen du Euskararako Dekanordea izateak?

Euskararen inguruko ekintza guztiak zuzendu edo koordinatu behar ditudala esan nahi du, bai irakasle berriak eskatzerakoan euskara bultzatzeko zein plaza beharko liratekeen, batez ere lehentasunak urtetik urtera, eta gero orokorrean egoera nola dagoen ikustea.

Eta hori zer da, debozioz edo halabeharrez hartutako kargua?

Bietatik apur bat. Dekanoa Fakultatearen Batzarrean hautatzen da. Dekanoak bere proposamena aurkeztearekin batera, bere programa eta taldea ere aurkezten ditu, izen eta pertsona jakin batzuekin osatuta. Berak proposatu ninduen Dekanorderako eta nik onartu egin nuen, pentsatuz gauzak egin ahal izateko egoera onean geundela.

Nolakoa da zientzia/euskara harremana?

Gaur egun errealitatea da. Aurten hain zuzen ere, Fakultateak, 25. urteurrenaz gain, beste ospakizun garrantzitsu bat ere badu, aurten ateratzen baita biologoen lehen euskal promozioa. Biologian Ekosistemak espezialitatea dago eta orain ateratzen den ikasle-talde horrek ikasturte guztiak euskaraz egin ditu, ikasgai guztiak euskaraz lantzeko aukera izan du, derrigorrezko zein aukerako ikasgaiak.

Hori ere azpimarratzekoa dela iruditzen zait. Urteurrena garrantzitsua da, baina zentzu berean, euskarazko ikasleen lehen promozioaren irteera ospatu egin beharko litzateke. Maiatzean ikasleek beraiek burutu zituzten ekintza batzuk: mahaingurua, bazkaria bertsolariekin, etab. Fakultatearen aldetik ere egin nahi da zerbait eta datorren urtean, Alberto Magnoren jaian, aipamen berezia egingo zaie hauei, ikasketak euskaraz egin dituztenei.

Gainerako espezialitateetan ez da hainbeste aurreratu ikasle-kopurua ez delako hain handia izan. Dena den, aurrera begira jarriz gero, gure Fakultatean karrera guztietako lehen zikloa, derrigorrezkoa, euskaraz egin ahal izango da. Derrigorrezkoak denak beteko dira; eta aukerakoak ezingo ditugu bete, arazo berri bat dugulako. Lizentziatura batzuetan plan berriak hasi dira eta beste batzuetan oraindik hasteko daude, eta ez dakigu noiz hasiko diren.

Esate batera, fisikan, kimikan eta geologian ez daude jarrita plan berriak, baina epe laburrean jarriko dira. Zer gertatzen da plan berri horiekin? Ikasgai asko aukerakoak direla. Aukerakoak direnez, asko daude… ikasgai askorekin lan egiteak zaildu egiten du planifikazioa eta irakasleak aurkitzea. Horregatik esaten dut derrigorrezkoak guztiak egongo direla euskaraz lehenengo zikloan. Bigarren zikloan, berriz, biologian ondo gaude; biokimikan, berria denez, oso gauza gutxi dago euskaraz.

Bigarren ziklo honetan, datorren ikasturteari begira, kimikan laugarren urtean euskarazko talde bat jartzea espero dugu, horretarako eskatuta dauzkagu plazak. Fisikan etorkizunean, elektronika espezialitatea, ikasle-kopuru handiena duena, jartzea ere espero dugu, eta berdin matematikan. Geologian, esate baterako, ikasle-kopurua askoz ere txikiagoa da eta lehentasunen artean ez dugu izango, baina aurreratuko dugu eta gure helburua ikasleei karrera osoa euskaraz egiteko aukera eskaintzea litzateke. Bi urte barru egoera horretan egongo garela espero dut.

Irakaskuntza hori kalitatezkoa da?

Nire ustez bai. Eskaintzen den kalitatea parekoa da hizkuntza batean zein bestean. Eskolak ematen hasteko, alde batetik euskarako azterketa gainditu behar da; bestetik, curriculum aldetik eskakizun bera dago.

B. Kortabarria

Esaten duzunagatik, ikusten da euskarak Fakultatean poliki-poliki egin duela aurrera. Aurrera egite hori beti gertatu izan da? Uneren batean bultzada bereziren bat jaso du?

Ez daukat daturik baina nire ustez azken bost/zazpi urteotan bultzada oso handia izan da. Fakultatean sartu nintzenean ematen ziren lehenengo ikasturteak euskaraz, baina ez gehiago. Orain, biologoek dena euskaraz egiteko aukera izatea gauza aipagarria da.
Beharbada askorentzat denbora gehiegi pasatu behar izan du horrelako zerbait gertatu bitartean. Ez dakit denbora asko edo gutxi izan den, baina gauza batzuk lortu egin dira.

Aurrera egin behar hori, nondik dator? ikasleen eskakizuna? gizartearen isla?

Denetik apur bat. Batetik ikasleen eskaera hor dago; bestetik Fakultatean bertan egon izan dira pertsona jakin batzuk euskararen alde lan egiten. Fakultate honetan, nik ezagutzen dudanez, UEUren inguruan mugitu izan den jendeak asko lagundu du euskararen egoera normaldu zedin, horiek bultzatuta asko lortu da. Bestalde, argi dago Unibertsitateko agintariek ere ezin zutela kontrako indarrik egin, gizartearen eskakizuna egon badagoelako.

Agintarien kontua dela eta, orain gutxi pankarta atera zuen ikasle-talde batek: “Euskal adarra, adar jotzea?” jartzen zuen.

Ez dut uste Salabururen azalpenak behar bezala ulertu zirenik. Nire ustez Errektoretzan Unibertsitatean euskara zabaltzeko benetako asmoa dago, eta horren alde lan egiten ari dira. Beharbada iritzi desberdinak egon daitezke lehentasunak jartzerakoan, baina nik neuk ez dut zalantzan jartzen Unibertsitateko agintariek euskara bultzatu nahi dutenik eta horri begira gogor ari direnik lanean.

Beste aldetik begiratuta, normala da ikasleek gehiago eskatzea eta, gainera, ondo ikusten dut; hala ere, gauzak ezin direla bere onetik atera iruditzen zait.

Gaztelaniaz egin zenituen ikasketak, eskolak ematen ere gazteleraz hasi zinen eta oraineuskaraz ematen dituzu. Erraz aldatzen da?

Ez, kosta egiten da, batez ere terminologia oso zehatz erabili behar delako. Hasieran zalantza ugari genituen, terminologia zuzena finkatu arte zail egiten zen. Bibliografia edo testuliburugintzatik laguntza gutxi, guk erabiltzen ditugun gehienak ingelesez baitaude. Ingelesez ikasitakoa euskaraz nola erabili erabakitzea ez da erraza izaten.

Bide asko egin da, baina gehiago landu beharra dago. Beharbada Euskarazko Institutuaren eginbeharretako bat hori izan daiteke: terminologia zientifikoa finkatzea eta irizpide zehatzak ematea.

Gaur egun baduzue laguntzarik bide horretan?

UZEIk egindako lana oso baliagarria izan da, Elhuyarrekoa ere bai, gutxienez badugulako irakur dezakegun zerbait. Unibertsitateak berak ere ateratzen du orain aldizkari bat, Ekaia, eta hor erreferentzia bat dago bai ikasleentzat eta baita irakasleentzat ere. Gainerakoan, esandakoa, nik uste Euskarazko Institutuak izan dezakeela hor lan egiteko gaia.

Euskararen ikuspuntutik, zer eskaini dio Fakultateak gizarteari?

Euskara zientifikoa errealitate bihurtzea. Hori oso garrantzitsua da, zeren eta une honetan tesiak euskaraz idazten baitira, tesinak idazten dira euskaraz eta ondorio zientifikoak ere bai. Gero zer gertatzen da? ba ikerketen emaitzak munduan zehar zabaltzeko, ingelesez idazten direla artikuluak. Horrek ez du esan nahi, dena den, ez dagoela aukera bat euskaraz idazteko ere.

Euskararako dekanorde zaren aldetik, nola ikusten duzu etorkizuna?

Ez dut uste atzera joango garenik, eta uste dut hartu dugun bidetik gero eta zuzenago joango garela. Gero eta jende gehiago dago komentzituta hortaz, beraz aurrerapausuak egingo ditugu. Gero, hor aurkituko dugu betiko arazoa, administraziotik iritsiko zaizkigun baliabideak. Barruko egitura egokia da euskarak aurrera egin dezan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila