Euskal Herriko hezeguneak (VI): barrualdeko hezeguneak:glaziar-jatorriko aintzirak

Goi-mendietako paisaiaren elementurik bereizgarrienetakoa izotz-aroko glaziarrek eragindako higaduraren ondorioz sortu diren goi-mendietako lakuak (Pirinioetan iboiak edo estanyak) dira.

Kuaternarioan zehar, goi-mendi guztiek izan zituzten glaziazio-periodo luzeak. Ondorioz, metatutako elur-kantitate ikaragarriek glaziar ugari, higatzeko ahalmen handikoak, sortu zituzten. Haranen goialdeetan, glaziarrek elur gehiena metatzen duten aldeetan, elurrak, harrien arrailduretan etengabe urtu eta izoztuta, lehenengo higadura eragin zuen: harriak txikitu eta beherantz herrestatu egiten ziren. Lehenengo higadura horren ondorioz, zirku izeneko sakonuneak sortu ziren haranen goialde horietan. Gainera, glaziarrak bailaretan behera mugitzean, beraiekin batera harri eta arroka-puskak garraiatzen zituzten eta efektu modelatzaile izugarria zuten. Bide horretan glaziarren higadurak hainbat oztopo aurkitzen zituenez, eragindako indusketa ere ez zen beti berdina izaten eta, horregatik, "U" itxura tipikoa duten glaziar-jatorriko haran hauetan hainbat tamaina eta itxuratako sakonuneak sortzen ziren. Zirku, bailara eta glaziarrak sortutako beste edozein sakonunetan substratua iragazgaitza zenean, glaziarrak desagertutakoan ura metatu eta goi-mendietako lakuak eratu ziren.

Glaziarrek eragindako higaduraren ondorioz sortutako laku gehienak oso sakonak eta ertz malkartsukoak izaten dira. Hori dela eta, ur-masaren barruko fenomenoek "ur-lehor" elkarrekintzakoek baino garrantzi handiagoa dute eta, horregatik, goi-mendietako laku horiek ezin dira hezegunetzat hartu.

Dena den, arroko sedimentuak lakuetan biltzen direnez, horiek betetzeko joera dute eta laku izatetik sakontasun gutxiko urmael izatera pasako dira. Bilakaera horren azkeneko fasean landaredia lakuen eremu osoan zabalduko da eta zohikaztegi bilakatuko dira.

Betetze-prozesuaren bidez, uraren sakontasuna eta bolumena txikitzen diren heinean, azalera eta bolumenaren arteko proportzioa handitu egiten da eta ur-masa eta bere ingurune fisikoaren arteko erlazioak eta trukeak gero eta garrantzitsuagoak dira. Prozesu horretan ertzekin finkatutako erlazio garrantzitsuagoagatik eta eguzkia ur-zutabe osora iristeko arazorik ez dagoenez, uren ezaugarriak aldatu egiten dira: lehen urak hotzak, gardenak, gutxi mineralizatuak, alkalinitate baxukoak, oxigenoz aseak eta urteko ziklo nabarmenekoak baziren, baldintza berrien ondorioz, ez dute urteko ziklorik eta elikagai gehiago dituzte; beraz, goi-mendietako urmael bilakatuko dira. Horiek dira, hain zuzen ere, guri interesatzen zaizkigunak, hauek hezegunetzat har baitaitezke.

Urmael horiek lakuak baino eutrofikoagoak izan arren, hainbat arrazoigatik ezin dira oso aberatsak izan. Alde batetik, ez dugu ahaztu behar leku horietan klima-kondizioak oso gogorrak direla; izan ere, tenperatura hotzez gain, izoztuta eta elurraren azpian egoten dira urtean lau eta zortzi hilabete bitartean eta, beraz, bizitzarako urte-sasoi egokia oso laburra da. Bestetik, goi-mendietan lurzoruak meheak eta gutxi garatuak direla ere kontuan hartu behar da, ezin baitaiteke ahaz lurzorua nitrogenoa finkatzeko lekurik garrantzitsuena dela eta fosforoa, magnesioa eta beste hainbat elementu metatzen dituela. Beraz, lurzorua mehea bada, bertako hezeguneek komunitate pobreak ostatatuko dituzte.

Hori bai, klimaren gogortasunak ezartzen dituen muturreko baldintzen ondorioz, urmael hauek bere ingurune geografikoarekiko ezaugarri bereziak azaltzen dituzten benetako naturako irlak direla esan daiteke. Bertan, glaziarrekin batera hegoalderantz hedatu ziren iparraldeko hainbat espezie, izotzak atzera egindakoan, isolatuta gelditu da. Espezie horiek banaketa boreoalpetarrekoak direla esaten da, iparraldeko lurraldeetan agertzeaz gain, goi-hemisferioko hegoaldeko goi-mendietan ere aurkitzen baititugu. Laku eta urmael horiek glaziazioetan eratu zirenez, nahiko gazteak dira. Horregatik, bertako bizidun-komunitateak dibertsitate txikikoak dira eta, nagusiki, espezie kosmopolitez osatuta daude.

Landaredia

Lehenago aipatu dugun moduan, glaziar-jatorriko urmaeletan elikagaia urri izateak eta tenperatura hotz eta urte-sasoi egokia labur izateak bizidun gutxi agertzea eragiten badute ere, kondizio gogor horietan garatzen diren komunitateak nahiko bereziak dira eta ingurune hauetan soilik ikus daitezke.

Ur libreetan bizi diren espezieetatik hasita, fitoplanktona ur oligotrofikoetan bizitzera moldatutako banaketa zabaleko alga-espezieez osatuta dago. Ugarienak Ochromonas eta Dinobyron generoetako krisofizeoak eta Peridium eta Ceratium generoetako dinoflagelatuak dira, baina arruntak dira diatomeoak eta zianofizeoak ere. Azken hauek ezinbesteko garrantzia dute; nitrogeno atmosferikoa finkatzeko ahalmena dutenez, elikagaietan nahiko pobreak diren ingurune horiek aberastu egiten dituzte.

Makrofitoei dagokienez, betetze-maila handia duten urmael hauetan landare-gerrikoetan antolatzen dira. Barrutik kanpora aztertuta, hiru eta bost metroko sakoneran, soilik Nitella alga klorofizeoa aurkitzen dugu harrien gainean (askotan Nostoc generoko zianobakterioekin batera). Hortik gora ur-landareen gerrikoa garatzen da. Gerriko horretan sakontasun handienean bizi direnetatik, besteak beste, Ranunculus trichophyllus eta Miriophillum alternifolium espezieak dira aipagarrienak. Gorago, Isoetes lacustris eta Isoetes velatum iratze-espezieak eta Subularia aquatica , Ranunculus aquatilis eta Sparganium angustifolium espezieak bizi dira. Azkenik, zentimetro gutxi batzuetako sakoneran bizi diren espezieak aurkitzen ditugu, hala nola Carex rostrata edo Menyanthes trifoliata . Uretatik kanpo, baina lurzoruek hezetasun handia duten aintziren ertzetan, Carex , Juncus eta Eriophorum generoetako espezieez osatutako ihitokiak sortzen dira. Horien barruan sedimentu buztintsuak dauden lekuetan zohikaztegiak sortzen dira.

Fauna

Landare-komunitate pobreak ostatatzen dituzten hezegune hauek ezin dira faunaren aldetik oso aberatsak izan. Horren adibide da aintzira hauen uretan zooplanktonak duen dentsitate txikia. Fitoplanktonarekin gertatzen den moduan, nagusiki, espezie kosmopolitez eta boreoalpetarrez osatuta dago, hala nola Cyclops abyssorum kopepodo espeziea, Daphnia longispina kladozero espeziea edo Asplachna priodonta , Polyarthra vulgaris eta Kellicotia longispina errotifero espezieak.

Komunitate bentikoei dagokienez, sedimentuan eta harrien artean intsektu kironomidoen larbez gain, Biapertura affinis eta Euryceros lamellatus kladozeroak edo ostrakodoen hainbat espezie ez planktoniko, Hydra generoko knidarioak edo Tubifex generoko oligoketo gorriak aurkitzen ditugu. Harrien gainean, ordea, ur hotz eta oxigenatuetan bizi diren hainbat intsekturen larbak (efemeropteroak, trikopteroak eta plekopteroak) ageri dira; gainera, kaltzio karbonatoaren eskasia dela eta, maskor oso meheak eta bigunak dituzten Lymnaea generoko gasteropodoak eta Pisidium generoko bibalbioak bizi dira.

Aintzira hauetan aurkitzen ditugun beste makroornogabeak Dytiscus generoko koleoptero harrapakari beldurgarriak -arnasa hartzeko, ipurtaldean burbuila bat eratzen dute-, Notonecta eta Gerris generoetako heteropteroak edo txitxiburruntzien larbak dira.

Ornodunei dagokienez, ez dituzte populazio handiak osatzen goi-mendietako aintzira hauetan. Arrainei erreparatuz, ornogabe bentikoen populazioak urri ekoizten dira eta hezegune hauetan aurkitzen ditugun amuarrain arruntaren eta ezkailuaren populazioak ere oso urriak dira. Anfibioen kasuan, bi urodelo-espezie eta bi anuru-espezie bizi dira hemen. Urodeloak uhandre palmatua (nonahiko espeziea) eta uhandre piriniarra (espezie endemikoa eta goi-mendietakoa) dira. Anuruak, ordea, baso-igel gorria eta txantxikua dira.

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.