Europari begira

Tokiko Agenda 21 udalerri mailakoa izaten da eta, beraz, herri bakoitzean propio garatu beharrekoa. Baina badira Europan neurri handi batean besteentzat erreferentzia edo adibide izan direnak.

Hiritarrengan kontzientzia sortzeko kanpaina txikiak egiten hasi dira Europako hiri askotan.

Urtero, 1996az geroztik, saria ematen zaio Europako hiri edo herririk jasangarrienari. 1994an Aalborg-en onartutako kanpaina baten ondorioa da sari hori, eta Agenda 21 suspertu eta jasangarritasuna bultzatzeko asmoz jarri zen abian. Agenda martxan jarri duten udalerrien artean banatzen da, eta aurten hiru hiri izan dira sarituak: Heidelberg (Alemania), Ferrara (Italia) eta Oslo (Norvegia).

Egia esan, Europa osoan asko dira Agenda 21 sinatu duten herri eta hiriak. Jasangarritasunaren alde egin dute; hori sinatu dute bederen. Baina denak ez dira hasi jasangarritasun-plana diseinatzen. Are gehiago, oso gutxi dira diseinatutako plana martxan jarri dutenak. Europako hiri edo herririk jasangarrienaren saria jaso dutenak dira horietako gutxi batzuk, eta bakoitzak bere hiriari egokitutako plana diseinatu du:

Heidelberg-en, esaterako, berebiziko ahalegina egin dute herritarrekin elkarrizketa-bide iraukorrak lortzeko. Ikastaroak, bilerak eta tailerrak egin dituzte ehun erakunderekin baino gehiagorekin, eta denek hartu dute parte hiriaren Garraioaren Garapen Planaren sorreran. 2002an hasi ziren Agenda 21 gauzatzen, eta dagoeneko lortu dituzte hainbat aldaketa: hondakin industrialak % 72 murriztu dira eta etxeetako hondakinak % 42. Gainera, energia-kontsumoa % 30 murrizteko plana diseinatu dute, eta elektrizitate-produkzio garbiagoen erabilera sustatzen hasiak dira.

Europako Hiririk Jasangarrienaren Saria jaso duten hiri gehienak egungo garraioarentzako alternatibak bilatzen ari dira. Autobus elektrikoak dira alternatiba horietako bat.

Ferraran ere, garraiobide-plan egokia diseinatzeko ahalegin handia egin dute. Dieselarekin eta elektrizitatearekin dabiltzan autobus hibridoak erabiltzeko beharra azpimarratu dute, eta bereziki bizikletaren erabilera sustatzekoa. Gainera, garapen jasangarria hiritar guztien ardura izanik, industriako sektore pribatuarekin bildu dira behin eta berriz, eta horiekin agendaren ezarpenean lanean arituko diren elkarteak sortu dituzte. Planaren garapenaren ebaluzio-prozesuan erabiltzeko, ingurunearekiko erantzukizun handia eskatu eta zergak ezarri dituzte Ferraran.

Oslo hiri erabat desberdina da. Basoez, mendixkez eta fiordoez inguratua dago erabat. Hiria inguratzen duen lurraren bi heren babestutako baso, parke eta aintzirak dira. Lur horietan daude Norvegiako landare- eta animalia-espezieen % 30, eta, hiriko biodibertsitatea babesteko, plan berezia garatu behar izan dute. Esaterako, zortzi ibaik zeharkatzen dute hiria, eta ahalegin berezia egiten ari dira horiek ez poluitzeko. Izatez, estazio hidroelektrikoak ugari erabiltzen dituzte, eta hiriko gasen igorpen-maila txikian nabari da energia sortzeko metodo ez-poluitzaile horien erabilera. Beste datu esanguratsu bat: garraio publikoaren % 35 trenbide bidezkoa eta elektrikoa da gaur egun.

Bizikletaren erabilera sustatzea oinarrizkoa bihurtu da hiri europar gehienetan, poluzio-maila murrizteko eta kirola egitera bultzatzeko.

Badira, horiez gain, beste adibide interesgarri batzuk ere. Hannover-en, adibidez, berdintasun soziala bultzatzeko ekintza ugari bideratzen ari dira. Pobrezia-maila murrizteko ahalegin berezia egiteko asmoa dute, lanpostu berriak sortuz, batetik, eta biztanle guztiek lotarako ohea izango dutela ziurtatuz, bestetik. Bide beretik, dinamika demografikoari ere so egin diote, superpopulatutako auzoei irtenbidea eman nahian.

Giza osasuna hobetzeko programak ere aurrera eramaten hasi dira Hannover-en. Helburu garbia dute: hiritarrek ez dezatela ulertu osasuna ebakuntzen bidez lortzen den zerbaiten modura. Gaixotasunei aurre hartu behar zaiela azpimarratu nahi izan dute, hiriko poluzioa murriztuz, adibidez. Giza osasuna errespetatzen duen ingurunea behar dutela ulertarazi nahi izan diete; airean, uretan, janarian, lurrean eta ekosistemetako beste hainbat osagaietan izan daitezkeen substantzia poluitzailerik ez duena, alegia.

Tokiko Ekintza 21

1992an Agenda 21 hitzartu zenetik eta tokiko agendak garatu direnetik urrats batzuk eman badira ere, erronka garbia du Agendak bere bigarren hamarkadan: urte hauetan garatu diren estrategiak eta planak gauzatzea.

Oslok bereziki zaindu beharreko biodibertsitatea du, eta, horretarako, plan berezi bat garatu du. Horri esker eskuratu du Europako saria.

Hori dela eta, pasa den urtean Johannesburgon, Hego Afrikan, Nazio Batuen Garapen Jasangarriaren Goi-bilera egin zen, eta han erabaki zuten Agenda 21en bigarren hamarkadako goiburua zein izango den: Tokiko Ekintza 21. Hiri bakoitzak garatu duen plana ahalik eta azkarren martxan jartzea sustatuko du, izan ere, hitz hutsetan geratzeko arriskua du Agendak.

Hain zuzen ere, hil honetan bertan izango da, Atenasen, honi buruzko batzar nagusia. “Tokiko Ekintza 21: Tokiko Gobernuek Garapen Jasangarria Inplementatzea” izendatu du ICLEIk.

Batzarrean hainbat jasangarritasun-proiekturen adibide praktikoak aztertuko dituzte, esperientziak elkar trukatzeko eta ekintza-planak etengabe gauzatzeko eratu beharreko mekanismoak aztertzeko. Baina bestelako ideiak ere landuko dituzte. Esaterako, gutxitan aipatzen den arazoa: nola eragiten duten agenda orokorrek tokiko agendetan, eta zein funtzio izan beharko luketen tokiko ekintzek herrialdearen politika orokorretan.

Europatik kanpo

Rio de Janeiroko lehenengo bilera hartan herrialde txiroak laguntzeko konpromezua hartu bazen ere, hainbat herrialdetako ezegonkortasun politikoak, baliabide teknologikoen eskasiak eta nekazal girotik hirietara eman den migrazio handiak Agendaren garapena zaildu dute. Horietako askotan, ekonomia baliabide naturalen esportazioan oinarrituta dago, eta horrek ere zaila egiten du garapen jasangarria. Hala eta guztiz ere, bada adibide interesgarririk.

Herrialde askotan, gehiegizko turismoak eragotzi egiten du garapen jasangarria. Ez da Europatik atera behar horrelako adibideak aurkitzeko.

Mexikoko Queretaro estatuan, esaterako, Sierra Gorda proiektua jarri zen martxan. Milaka ekintza txiki sustatu eta antolatu ditu honek. Saneamendu-sareen hobekuntza eta hezkuntza izan dira helburuetako batzuk, eta hogeita hiru mila pertsonak baino gehiagok hartu dute parte ekintzetan. Eskulanez zein diruz lagundu dute, eta proiektuak bideratzeko ahalmen ekonomiko nahikoa lortu dute horrela.

Baina Agenda 21en lehentasunak desberdinak dira herrialde batetik bestera. Herrialderik pobreenetan ongizate soziala eta ekonomia izaten badira egoera gaitzena bizi duten alorrak, aberatsenetan ingurumena bera izaten da. Australian, adibidez, gehiegizko turismoa, nekazaritza intentsiboa, deforestazioa eta desertifikazioa dira arazorik larrienetakoak. Eta arazo horiei galera ekonomikorik gabe aurre egiteko estrategia berezia garatu du Australiako Estatistika Bulegoak: basoen, lurraren eta zorupearen natur abantailak eta balio ekonomiko zehatza kalkulatu ditu. Zenbatespena egiteko, epe laburrean eta luzean izango duten erabilgarritasunean oinarritu da, baina alde batera utzi ditu dirurik ematen ez duten ingurumen-balioak.


Josep Bou: “Estrategiatik ekintzara pasatzeak du lehentasuna orain”

Josep Bou Kataluniako Agenda 21eko Idazkaritza Teknikoaren koordinatzailea da. Alor honetan esperientzia handia du, une honetan Europan mailan Agenda 21 gehien martxan jarri dituen herrialdea baita Katalunia. Zehazki, 234 dira Agenda ezarri duten udalerriak, % 25 alegia. Eta Bartzelonako Diputazioak Europako Hiri edo Herririk Jasangarrienarien saria jaso zuen 1999an.

Zein egoeratan dago Agenda 21 Katalunian?

1992 eta 1997 bitartean, oinarri kontzeptualak ezarri ziren eta sektore-politika garrantzitsuenen planak garatu ziren. 1998tik aurrera, Garapen Jasangarrirako Estrategia Katalana diseinatu eta definitu da, eta orain hasiko gara inplementazio estrategikoarekin. Agenda 21 bera Kataluniako Gobernuko estrategia orokor bat bihurtu da horrela, eta garapen jasangarriaren bide horretan 10 helburu nagusi finkatu ditugu: gobernatze egokia, gizartearen kohesioa eta identitatea, ekonomia eta bizi-kalitatea, ekoizpena eta kontsumoa, baliabideen kudeaketa, lurraldearen plangintza, merkantzien eta pertsonen mugikortasuna, klima-aldaketaren aurkako borroka, biodibertsitatearen zaintza, eta, azkenik, lankidetza eta elkartasuna. Izan ere, gure herrian jasangarritasunaren kultura errotu nahi dugu, eta funtsezkoak iruditu zaizkigu garapen ekonomikoa, pertsonen ongizatea eta ingurunea zaintzea.

Agendaren garapenean esperientzia handia duzue. Zeintzuk dira aurkitu dituzuen mugarik handienak?

Gurea eredu berezia da, izan ere, elkarren osagarri diren bi ekintza-maila landu ditugu: Tokiko Agendaren bidezko udalerri-mailako jarduera, batetik, eta Kataluniako Agenda 21en bidezko jarduera orokorragoa eta zabalagoa, bestetik. Bide horretan, aurkitu dugun mugarik handienetakoa da garapen jasangarriaren gaian, herri gisa nazioarteko erakundeetan dugun ordezkaritza eskasa. Horri aurre egin behar izan diogu, uste baitugu eskualde-mailako gobernuek zeregin funtsezkoa dutela gai honetan, eta estatu eta udalen maila berean jokatu ahal izan beharko luketela nazioarteko foroetan. Horrexegatik sustatu dugu, Euskal Herriarekin eta beste herrialde batzuekin batera, jasangarritasunaren aldeko eskualdeen nazioarteko sarearen sorrera.

Dena den, zailtasunik handiena garapen jasangarriaren hiru ardatz hauek uztartzea izan da: ekonomikoa, ingurumen-mailakoa eta gizarte-mailakoa.

Herritarren parte-hartzea funtsezkoa da prozesu honetan. Praktikan arazo bihurtu al da parte-hartze horrekin dagoen menpekotasuna?

Ez, ez du zertan arazoa izan. Are gehiago, gure ustez behar-beharrezkoa da parte-hartze hori, marko estrategikoaren definizioan zein garapenean gainera. Hortaz, parte-hartzea indartu beharra dago. Eragile guztiei eman behar zaie parte hartzeko aukera.

Zuen esperientzian oinarrituta, beraz, oraindik baliozkoa da Agenda 21en eredua?

Gure kasuan, Katalunian behintzat, baliagarri izan zaigu, eta oraindik ere baliagarri izaten jarraitzen du. Izan ere, estrategia guztiz irekia da. Uneoro egokitu behar da unean uneko egoerara, beti belaunaldi berrien ongizatea ziurtatzeko.

Dena den, estrategiatik ekintzara pasatzeak lehentasun osoa izan beharko luke hemendik aurrera. Horretarako sortu dira Ekintza 21 eta antzeko programak.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.