Esposizioa (eta II): esposizioa irakurtzea

Nogeras, Itziar

Elhuyar Fundazioa

Fotometroak argazkia atera beharreko subjektuaren argitasuna zenbatekoa den adierazten digu. Argitasun hori subjektuaren tonu eta koloreen egiturak eta argi-iturriaren intentsitateak kontrolatzen dute. Horrela, eszena bakoitzak bere argitasun-eskala dauka, paperean zein negatiboan tonu-eskala bihurtzen dena. Argia gogorra denean, launa eta barreiatua denean baino tonu-eskala zabalagoa izango dugu; itzal ilunetatik argi indartsuetarainokoa.

Eszenako argien eta itzalen banaketa orekatua denean, berorren irakurketa orokorra egin daiteke.

Eszenako argien eta itzalen banaketa orekatua denean (biek antzeko azalera betetzen dutelako) argazkia atera behar duguneko tokitik higitu gabe, eszena horren irakurketa orokorra egin daiteke (betiere, tresna argazkia atera beharreko gunerantz zuzenduz) eta fotometroak batezbesteko balioa emango du.

Baina irakurketa orokorrak maiz (itzalen eta argien arteko banaketa orekatuta ez denean, hain zuen) bide okerretik eraman gaitzake. Hori gerta ez dadin, irakurketa aukeratuetara jo beharko dugu, hau da, eszenako zati garrantzitsuaren (eta zati horren dentsitate ertaineko puntuaren) argitasuna bakarrik neurtzera. Hori ondoko era hauetan egin daiteke: hurbilduz, irakurketa puntuala eginez edota esposimetro eramangarriaz irakurketa lokalak eginez.

Irakurketa orokorra egiten duen esposimetro edo fotometroa izanez gero, subjektura hurbildu behar da horrek bisore guztia bete arte, irakurketa egin eta lortutako balioa erabiliz nahi den enkoadre-tokitik argazkia atera.

Fotometroa irakurketa puntualekoa baldin bada, irakurketa-eremua interesgunerantz zuzendu beharra dago. Fotometroak eszenako gainerakoari kasurik egiten ez dionez, ez dago bertaraino hurbildu beharrik.

Baina, irakurketa orokorrak maiz bide okerretik eraman gaitzake. Hori gerta ez dadin, irakurketa aukeratuetara jo beharko dugu. Goiko argazkian hondoa (zerua) argia denez, aurreko irudia ilun (gainesposatuta) atera da eta neskaren argitasuna neurtu behar izan da zeruak emaitzan eraginik izan ez zezan.

Azkenik, esposimetro eramangarriaz irakurketa lokalak egitea erraza da (bertan itzalik ez sortzeko kontua edukiz). Irakurketa, subjektuak isladatzen duen argia neurtuz egiteaz gain, bertara iristen dena neurtuz ere egin daiteke, gainera. Azken hori, tresna subjekturantz zuzenduz egin beharrean, subjektuaren parean eta argi-iturriari begira jarriz egiten da, horretarako fotometroaren gainazal sentikorrari esferaerdi barreiatzailea egokitzen zaiolarik.

Bestalde, argitasun-tarte handiko eszena batzuetan ahalik eta xehetasun-kantitate zabalena erregistratu nahi izaten da. Horrelakoetan, denbora izanez gero, argien eta itzalen irakurketen arteko batezbestekoa egitera jotzen da, alde batetik argien irakurketa eta bestetik itzalena egin ondoren, horien batezbesteko balioa kalkulatuz.

Ekintza-argazkietan edota aurreko alternatibek balio ez diguten kasuetan (arrazoiak arrazoi, kamera edo fotometroa hurbildu ezin ditugunean), irakurketa alternatiboaren bidea geratzen zaigu. Berau tonu ertaineko gainazalen bat neurtuz gauzatzen da. Gainazal hori kartulina grisa edota eskua (aurpegiaren baliokide dena) izan ohi da.

Dena dela, kontraste handiko eszenak direnean, argietako edota itzaletako argitasuna galdu behar izaten da askotan. Eskuarki, pelikulak ez du oso tonu-anplitude zabalari erantzuteko ahalmena izaten eta esposizioa itzaletarako egokia bada, argiak erreta geratuko dira, eta alderantziz. Kasu horietan, eszenako elementuei lehentasuna ematen ikasi eta zein emaitza lortu nahi dugun jakin behar dugu.

Dena dela, kontraste handiko argazkietan, argietako edota itzaletako xehetasuna galdu behar izaten da. Ezkerreko argazkian ikus daitekeenez, itzaletako xehetasuna gordeta, argietakoa galdu egin da; eskuinekoan, berriz, argietakoa gordeta, itzaletakoa galdu da.

Segurtasun-esposizioa delakoa ere ezin da aipatu gabe utzi. Argazkilari gehienek badaezpada beste hiruzpalau argazki ateratzea (diafragma puntu bat, bi edota erdia txikiagotuz zein handiagotuz) gomendatzen dute, garrantzi handiko argazkietan batez ere. Era berean, esposizioaren egokitasunari berealdiko garrantzia eman eta gainerakoa bazter batera ez uztea ere gomendatzen dute.

Ikusi dugunez, esposizio egokia zein den erabakitzea badaezpadakoa da. Eskuarki, irudi osoan ahalik eta xehetasun-kantitate handiena egotea nahi izaten da. Beste zenbaitetan, aitzitik, esposizio aukeratuaren bidez zati bat nabariarazi nahi izaten da. Beraz, argazkilariaren asmoen arabera aukeratu behar da esposizioa. Fotometroak iradokitako esposizioa teknikoki ongi egon arren, batzuetan ez da ederrena izaten eta gure esku dago esposizioa luzatzea (diafragma puntu 1, 2 edo 1/2 handiagotuz) ala laburtzea (diafragma puntu 1, 2 edo 1/2 txikiagotuz), kalitate plastiko edo artistiko handiagoa lortzeko.

Nolanahi dela ere, ongi ezagutu behar da pelikularen esposizio-latitudea edo, beste era batera esanda, argitasun-eskala jasotzeko duen ahalmena. Ahalmen hori pelikularen kontraste-tartea da, azken batean. Zuri-beltzeko pelikula motel batek, adibidez, emultsio azkar batek baino tarte txikiagoa du. Eta diapositiba baten kontraste-tartea, pelikula batena baino txikiagoa da.

Eta fotometrorik gabe bagaude zer? (hondatu egin zaigulako, adibidez).

Horretarako ondo dago zenbait datu orientagarri ezagutzea (pelikulen argibideetako taulako informazioa da, azken batean): udako egun eguzkitsua denean, f16-ko diafragma eta erabiltzen ari garen pelikularen abiaduraren zifra obturatze-abiaduran jarri behar dira (pelikula 125 ISOkoa bada, adibidez, 125eko abiadura). Lainotu ahala diafgrama puntu bat irekitzen joan behar da. Bestalde, obturatze-abiadura aldatu nahi izanez gero, dagokion diafragma egokitu beharko zaio. Kanpoaldeetarako irtenbidea da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila