Espazioan bolinara

Irazabalbeitia, Inaki

kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea

Elhuyar Fundazioa

Tximinoen planeta filma ezaguna izango duzue, eta, apika, bi bertsiotako bat edo biak ikusiko zenituzten. Neronek, aukeratzen jarrita, Charlton Heston protagonista duena laketago dut Tim Burtonek zuzendutakoa baino. Edonola ere, bi filmak ez zaizkio erabat fidel jatorrian duten eleberriari –Pierre Boulle-ren La Planete des Singes * (1964)–. Bi filmotan armadako astronautek egiten dute tupust tximinoen zibilizazioarekin, eleberrian, ordea, espazioan luxuzko opor-bidaia egiten ari den bikote bat da protagonista. Alde ederra! Jatorrizko bertsioarekiko fideltasunik eza ez datxekio protagonisten izaerari bakarrik, baita guri gehiago interesatzen zaigun bidaztien espazio-ontziaren propultsioari ere. Ontzia honela deskribatzen da: “esfera moduko bat, oskol fin eta mehe batez inguratua; eguzki-argiaren presioaren eraginez higitzen da espazioan zehar”. Koheteen propultsioa ez eta argiak bela moduko batean egiten duen indarra darabil naufrago planetarioen ontziak! “Zientzia-fikzioa!” jaulkiko duzue. Neurri batean ez zabiltzate egiatik urrun, baina fikzio gisa jaio zen ideia hori errealitate bihurtu da aurtengo martxoaren 1ean, Kosmos 1 eguzki-belaontziak espaziorako bidea hartu duenean.

Eguzki-belaontzia?

M. Carroll / The Planetary Society

Ohiko espazio-ontziei barne-errekuntzako motor batean erretzen den erregaiak ematen die abiatzeko bultzada; eguzki-belaontzietan Eguzkiaren argiak egiten du lan hori.

Argia ez da uhin hutsa; gogoratu de Broglie! Fotoiek partikula gisa ere jokatzen dute. Beraz, argiak ispilu-izaerako gainazal batean jotzen duenean, fotoiak islatu egiten dira, pilotak pilotalekuko paretan egiten duen maneran. Prozesu horretan fotoiek mugimendu-kantitate bat transferitzen diote gainazalari. Oso-oso txikia da, baina, fotoi-talka amaigabearen ondorioz, gainazala aurrerantz higitzen hasten da. Gainazal horrek bela baten moduan jokatzen du, finean.

Kosmos 1-en beletako bat. Guztira horrelako zortzi izango ditu. Belak triangelu-itxura du, eta 15 metroko luzera. Aluminioz indartutako mylar polimeroz egina dago. Belaren lodiera 5 mikrakoa da, hots, zakar-poltsa baten laurdenaren parekoa. Mylarra poliester bat da, poli(etilen tereftalato)a zehazki. (Argazkia: L. Friedman / The Planetary Society).

Hortaz, karga eramateko kapsula bat bela-sistema egoki batez hornitzen badugu, espazioan merke eta gasolindegi beharrik gabe bidaiatzeko modua izango dugu. Izan ere, ozeanoetan nabigatzen duten bela-ontzien kasuan bezala, bela argi-iturriarekiko egoki orientatuz ontziaren abiadura eta norabidea kontrola daitezke. Baita estropadak egin ere!

Dena ez da pagotxa. Eguzki-argiak oso azelerazio txikia ematen dio ontziari. Esaterako, 600.000 metro karratuko belak batek, 60 bat futbol-zelairen parekoak alegia, planetarteko espazioan segundoko milimetro bakar bateko abiadura hartuko luke soilik. Konparazio baterako, Marteko misio baten azelerazioa 59 metro segundokoa izan daiteke Delta II koheteek jaurtitzen dutenean: 59.000 bider handigoa! Baina eguzki-argiaren azelerazioa etengabea da, eta kohetearenak minutu gutxi batzuk irauten du, erregaiak dirauen bitartean, bidariaren gurutzatze-abiadura lortu arte. Deskribatutako belaren abiadura 310 kilometro ordukoa izango litzateke egun baten buruan, eta 3.700 kilometro ordukoa 12 egun igarotakoan.

Kosmos 1 argazkikoa bezalakoa Volna kohete baten bidez jaurti dute.
The Planetary Society

Bestalde, ohiko zundek eta espazio-ontziek erregaia eraman behar izaten dute espazioan egin beharreko maniobrak egiteko, orbita-altitudea irabazteko edo norabidea aldatzeko adibidez. Horrek kargarako edo zientzia-tresnak eramateko tokia kentzen dio ontziari. Bela-ontzi baten kasuan ez litzateke horrelakorik jazoko, argiaren indarra izango litzatekeelako maniobra horietarako ‘erregaia’; pisu berarekin karga-ahalmen handiagoa izango luke modu horretan.

Kosmos 1

Kosmos 1 -en espazioratzea.
D. Fano / Iturria: The Planetary Society

Misio hau The Planetary Society elkarteak (www.planetary.org) sustatu eta bultzatutako egitasmoa da, eta eguzki-belaontzien bideragarritasuna frogatu nahi du. Elkarte horrek bilatu du beharrezko finantzazioa, eta Errusiako hainbat zientzia-erakunderekin elkarlanean jardun du.

Kosmos 1 martxoaren 1ean jaurti dute Barents itsasoan zegoen urpeko errusiar batetik Volna kohete baten bidez. Hasieran Ozeano Barearen parean ibiliko da 825 kilometroko altitudean. Baterien indarra erabiliko ditu energia lortzeko, eta, bien bitartean, eguzki-panelak zabalduko ditu energia biltzeko. Lehen egunetan belak bilduta eramango ditu gure aitzindariak, sistemak egoki ari direla lanean segurtatu bitartean.

Kosmos 1 proiektuaren probako hegaldiak 2001ean egin zituzten.
Babakin space center / The Planetary Society

Orduan, Kosmos 1 Mosku paretik orbitatzen dabilenean iritsiko da H ordua. Lau bela triangeluarren multzo bat zabaltzen hasiko da. Dena ondo badoa, bigarren multzoa ere zabalduko da. Litekeena da misioa kontrolatzen ari direnek bigarren multzoa hurrengo orbitan zabaltzea erabakitzea. Orduan eta orduan bakarrik bihurtuko da Kosmos 1 belaontzi. Lehen egunetan belak posizio finko batean utziko dira, ez dira jiratuko abiadura edo norabidea aldatzeko. Egun batzuk pasatuta, mugitzen hasiko dira belak, eta, angelu egoki bat hartuta, ontziaren abiadura handituko dute orbita altuago batera transferitzeko.

Gero gertatuko dena ez dago argi; teknikariek ez dakite zehatz-mehatz. Izan ere, belak osatzen duen plastiko metalizatua degradatzen hasiko da hilabete baten buruan. Ordurako, akaso, nahikoa altitudeko orbita erdietsita izango du Lurra orbitatzen betiko irauteko, baina, seguruenik, orbitaren altitudea galduz joango da, eta, suzko bola bihurtuta, izar uxo baten moduan, atmosferan barrena erreko da. Zeinek ikusiko?

Aldizkari inprentara bidali ondoren aurreikusitako datetan aldaketak gerta zitezkeen.

Eguzki-nabigazioa

Eguzkiaren argiak ispilu moduko gainazala jotzean, mugimendu-kantitate bat transferitzen dio ontziari. Emandako indarraren norabidea belak eta Eguzkiaren argiak osatzen duten angeluarekiko menpekoa da.
L. Friedman B.S. Smith / The Planetary Society

Nola goberna dezakegu eguzki-belaontzia? Itsasoan, haizeak belan egiten duen indarra eta urak kroskoan egiten duen marruskadura konbinatuz gobernatzen dira bela-ontziak. Bada, espazioan, antzera, Eguzkiaren argiak egiten du haizearen lana, eta ontziaren abiadura orbitalak urarena. Beraz, eguzki-belak argiarekiko duen angelua aldatuz gobernatuko da. Angelua aldatzean belari perpendikularra zaion indarra eragiten dio ontziari, eta horren abiadura eta norabidea aldatzen ditu. Abiadura handiagotzen bada, kanporantz abiatuko da ontzia; txikiagotzen bada, ordea, barru alderantz.

Koheteak dituzten ontzietan ez bezala, norabide-aldaketa ez da bat-bateko prozesua, etengabea baizik. Ibilbidea, ondorioz, itxura eliptikoduna izan ordez, kiribila da. Egiatan etengabe aldatzen ari diren elipseen segida da.


Espazio-estropadak

NASA

Beste ideia askorekin bezala, Arthur C. Clarke-k eman zien arrandia eguzki-belaontziei. Ez zen izan fikzioaren mundura eguzki-belak eraman zituen lehena, Cordwainer Smith-ek lehenago aipatu baitzituen The lady Who Sailored The Soul nobela laburrean1, baina Lurraren orbitatik Ilargirainoko eguzki-yateen estropadak eta nabigazioari buruz eman zituen xehetasun harrigarriek irakurleen imajinazioa harrapatu zuten ( Sunjammer , 19642). Zientzia-fikziozko beste idazle handi batek, Poul Andersonek hain justu, asteroideen gerrikotik produktu kimikoak Lurrera ekartzeko eguzki-ontziak usatu zituen istorio batean ( Sunjammer izenburuduna hori ere3).

Alabaina, argiaren indarra espazioan nabigatzeko erabil zitekeela Jules Vernek iradoki zuen Lurretik Ilargira eleberri ezaguneko pertsonaia baten bidez, (1865).

Seiroski heldu zioten lehenak Konstantin Tsiolkovski espazioaren esplorazioan beste alor askotan aitzindari izandako fisikari errusiarra, eta haren languntzaile Fridrih Arturovitx Tsander letoniarra izan ziren. Haien ideiek, erregai likidoko koheteen kasuan ez bezala, ez zuten oihartzunik izan.

Paradoxikoa bada ere, zientzia-fikziozko aldizkari batean eman zen II. Mundu Gerra osteko eguzki-belei buruzko lehen hurbilketa serioa. Astoundig Science Fiction aldizkarian, ez-fikziozko artikulu batean, Clipper Ships of Space, Russell Saunders izeneko ingeniari batek, goitizen bat erabilita, belak orbitan nola osatu eta nabigatzeko nola usa zitezkeen azaldu zuen xehetasun handiz. 1951n izan zen hori.


  1. La dama que viajó en ‘El Alma’ , Nueva Dimensión, 22. zk., 1971.
  2. El viento del sol. Relatos de la era espacial, Alianza ed., 1987.
  3. Jatorrizkoa Analog Science Fact/ Science Fiction aldizkarian argitaratu zen 1964ko apirilean. Ez dut ez gaztelaniazko ezta frantsesezko bertsiorik ere aurkitu.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.