Elikagaien segurtasuna auzitan

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Azken garaiotan, elikagaiak kezka-iturri bihurtu dira: bateko behi eroak eta besteko dioxinak zein transgenikoak direla, badirudi janarien segurtasuna ez dagoela bermatuta. Izatez, elikagaiak gaixotasunen transmisio-bide garrantzitsua dira. Dena dela, gizartearen kezkak eta benetako arriskuak ez datoz bat, elikagaiek garraiatzen dituzten mikroorganismoak baitira gaixotasunen eragile nagusiak. Nolanahi ere, arrisku guztiak aztertu behar dira prebentziorako neurri egokiak hartu ahal izateko.

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) eta Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) esanean, azken hamarkadan asko ugaritu dira elikagaiek transmititutako gaixotasunak Europan. Azken datuen arabera, herrialde garatuetan populazioaren % 30ek elikagaien bidez transmititutako gaixotasunen bat izaten du urtean, eta adituek goranzko joera iragartzen dute.

Kontsumitzaileen artean, elikagaiei buruzko kezka eta zalantzak zabaltzen ari dira. Askoren ustez, nekazaritzan erabiltzen diren gai kimikoen hondarrak —pestizidak kasu— eta abeltzaintzako sendagaiak dira osasunarentzat arrisku handiena dakarten substantziak. Bestetik, osasun-kalteak eragin ditzaketelakoan, hainbat teknologia errezeloz begiratzen dira. Horien artean daude janariek gehiago irauteko erabiltzen den irradiazioa edo ezaugarri interesgarriak dituzten landare transgenikoak lortzeko erabiltzen den ingeniaritza genetikoa.

Alabaina, elikagaiek transmititutako gaixotasunen % 0,5 besterik ez da kontsumitzaileak larritzen dituzten substantzia horien ondorena, eta aipatutako teknika horien aurkako froga garbirik ez dago. Aldiz, argi dago elikagaiak manipulatzean sartzen diren bakterioak, protozooak, bizkarroiak, birusak edo onddoak izan ohi direla elikagaien bidez sortutako gaitzen errudun nagusiak.

Behi eroen krisiak agerian utzi zuen abeltzaintzaren haragiaren inguruko kontrolen ahulezia.

Elikagaien segurtasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak aztertu eta kontsumitzaileen konfiantza sendotzeko, otsailean Europa-mailako biltzarra antolatu zuten Budapesten FAOk eta OMEk. Biltzarrak Europako Batasunaren babesa izan zuen eta kontinenteko herrialde guztietako 40 aditu, janari-ekoizle eta kontsumitzaile elkarteen ordezkari bildu ziren.

Kontsumitzaileek konfiantza berreskuratzeko, ordea, behar-beharrezkoa da informazio zuzena izatea. Egia da informazio ugari eta askotarikoa iristen zaiola kontsumitzaileari, baina batzuetan iturriak garbiak ez direnez (publizitatea, elkarte interesatuak..) edota behin baino gehiagotan kontraesanak azaltzen direnez, nahasmena sortzen da.

Halaber, azkeneko krisien aurrean agintariek izandako jarrerak ez du batere lagundu. Adibide larriena behi eroen gaitzarekin gertatutakoa da: Britainia Handian gaitzaren berri aspalditik bazuten ere, ez zuten behar bezain azkar ohartarazi, eta neurriak hartu ziren arte denbora gehiegi pasatu zen. Hala ere, behi eroen krisiari esker, elikagaien ekoizpenari buruzko eztabaida piztu da gizartean, eta gero eta gehiago dira prezio baxuan ekoizteak kalitatea gutxitzea dakarrela ulertzen dutenak. Horrekin batera, hurrengo larrialdiei aurre egin ahal izateko neurriak hartu dituzte agintariek. Eta, azkenik, inoiz baino haragi seguruagoa eta kontrolatuagoa merkaturatzen da ordutik, haragia ekoizteko arauak asko zorroztu baitira.

Elikagien segurtasuna bermatzeko irtenbide onena janariari "baserritik platerera" jarraitzea da.

Dena dela, isunetan eta neurri legal zorrotzetan oinarritutako egitasmoek ez dute emaitza onik izaten. Horregatik, zenbait herrialdetan izandako esperientziaren arabera, irtenbide onena janariari ‘baserritik platerera’ jarraitzea da. Gainera, kalitatea ziurtatzeko bidean eman beharreko pausoak agintarien, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko elkarlanean erabaki beharko lirateke. Ildo horretatik, janari-ekoizle asko oso emaitza onak ari dira lortzen Arriskuen Analisi eta Puntu Kritikoen Kontroleko Sistemari esker

ARICPC-HACCP

Sistema horren bidez, produkzio-katean arriskutsuak izan daitezkeen puntuak detektatzen dira, bakoitzean prebentzio-neurri egokiak hartzeko. Beraz, arreta ez da soilik katearen bukaerako produktuan jartzen, baizik eta ematen den pauso bakoitzean: lehengaiak lortzean, horiekin janaria elaboratzean, prozesatzean, banatzean eta prestatzean. Hau da, lehen aipatu bezala ‘baserritik platerera’ jarraitzen zaio eta bidean egon daitezkeen arrisku mikrobiologikoei aurre hartzen zaie.

Kontrol-sistemak alde batera utzita, elikagaietan erabiltzen diren teknika berrien ondorioak zein diren jakiteko ikerketak bultzatu behar dira. Kontsumitzaileak informazio hori eskuratzeko eskubidea du, egindako aukera benetan askea izan dadin. Edonola ere, ez duela kalterik sortzen frogatu behar du edozein elikagaik merkaturatu aurretik.

Elikagaiek ezkutatzen dituzten arriskuak

Arauak arau eta kontrolak kontrol, oraindik Salmonella da gaixotasun gehien sortzen dituen eragilea Europako ekialdeko eta mendebaldeko herrialdeetan. Ezaguna den arren, agerraldiak ez dira arraroak ez etxeetan ez jatetxe edo bestelako jangeletan (ikastetxe, ospitale, kafetegi eta abar). Beste herrialde batzuetan, Danimarkan, Eskandinaviako herrialdeetan eta Suitzan, besteak beste, Campylobacter bakterioa da elikagaien bidez transmititutako gaixotasunen erruduna.

Itxura erakargarria eduki arren, itsaskiak Vibrio bakterioaren ezkutalekua izan daitezke.

Erdialdeko eta ekialdeko Europan, berriz, osasun publikoan arazo gehien sortzen dituztenak gai kimikoz poluitutako janariak dira. Azkeneko hamarkadetan, industriek lurra, airea eta ura poluitu dituzte; beraz, poluitzaileak elikadura-katean sartu dira. Esaterako, Aral Itsasoaren inguruan, 30 urtean kotoiaren labore bakarra izan da nekazaritzako jarduera nagusia. Orain ikusi denez, urte horietan botatako pestizidek, intsektizidek eta herbizidek arazo larriak eragin dituzte bertako populazioaren osasunean.

FAOk eta OMEk, Europan lehenengo aldiz, arriskuen ebaluazioa egin dute, eta berehalako arreta behar duten zenbait elikagai-patogenoren konbinazioak azaldu dira: Listeria jateko prest dauden janarietan, Campylobacter oilaskoetan, Vibrio itsaskietan eta Salmonella oilasko eta arrautzetan. Arriskuen ebaluazioaren bidez, lehentasunak zein diren jakin eta, horren arabera, araudiak aldatzea eta moldatzea lortu nahi da. Hartara, arriskuak saihesteko neurri egokiak hartzea ahalbidetzen da.

Elikagaien segurtasuna bermatzeak onura ekonomikoak dakartza: janarien bidez transmititutako gaixotasunak gutxitzen dira, beraz, osasun publikoaren gastuak behera egiten du. Horretaz gain, errazago gainditzen dira nazioarteko komertziorako mugak, produkzio-galerak jaisten dira eta lehiakortasuna handitzen da. Argi dago, beraz, arriskuei aurre hartzeak zenbateko garrantzia duen.

Zein da garatzeko bidean dauden herrialdeen egoera?

Erdialdeko eta ekialdeko Europan, urtetan industriek isuritako poluitzaileak elikagai-katean sartu dira.

Gutxi garatutako herrialdeetan egoera askoz larriagoa da. Europara mugatutako Budapesteko bileraren aurretik, FAOk eta OMEk mundu-mailako beste batzar bat antolatu zuten Marrakexen urte-hasieran. Bertan azaldu zutenez, 2 milioi pertsona baino gehiago hiltzen dira urtero beherakoengatik, gehienbat haurrak, eta horietatik % 70 inguru elikagaiak kutsatzearen ondorioz.

Izan ere, kutsatutako elikagaiak, urarekin batera, kolera-izurritearen eragile garrantzitsuenetakoa dira, eta desnutrizioaren errudun nabarmenak. Gainera, kalkuluen arabera, elikagaien bidez transmititutako gaixotasunen kopurua jakinarazten dena baino 300-350 aldiz handiagoa da.

Desnutrizioari elikagaien bidez transmititutako gaixotasuna gehitzen bazaio, emaitza heriotza izan daiteke.

Elikagaien segurtasun-ezak, ordea, ez dio osasunari bakarrik eragiten. Elikagaien esportazioa diru-iturri garrantzitsua da garatzeko bidean dauden herrialde askorentzat. Hortaz, elikagaiekin lotutako osasun-arazoek esportaziorako bideak ixten dizkiete eta, ondorioz, nekazaritzan eta elikagai-industrian lanpostuak galtzen dira.

Esaterako, Afrikako zenbait herrialdek 150 milioi dolar galtzen dituzte urtean, ekoizten duten kakahueteak AEBek aflatoxinentzako dituen mugak gainditzen dituelako. Beste sektoreetan ere nabaritzen dira kalteak, langileak gaixotzen direla-eta produktibitatea jaisten baita. Turismoari dagokionez, gaixotzeko arriskuaren aurrean bisitariek atzera egiten dute. Horrek guztiak garapen ekonomikoa eragozten du.

Konponbidea emateko, OMEk hainbat egitasmo bultzatu nahi ditu mundu osoko herrialdeetan. Asmo nagusiak elikagaien segurtasunerako sistemak ezartzea, elikagaiak maneiatzen dituztenak heztea, eta elikagaien teknologia garatzea dira. Horretarako, herrialde behartsuenei diru-laguntzak emango dizkie FAOk.

Elikagaien bidez transmititutako gaixotasunen sintomak

Elikagaiekin batera barneratzen den mikroorganismo, toxina edo poluitzaile bakoitzak berariazko eragina badu ere, elikagaiei lotutako gaitz gehienen sintoma nabariena beherakoa da, eta desnutrizioarekin batera gertatzen bada, heriotza eragin dezake.

Gaixotasun horien beste ondorio batzuen artean, giltzurrunetako eta gibeleko gutxiegitasuna eta garuneko edo nerbio-sistemako asaldurak daude. Epe luzera, aldiz, artritisa eta paralisia azal daitezke.

Arrisku gehien dutenak haurrak, haurdun dauden emakumeak eta adinduak dira, baita gaixoak eta sistema immune ahula dutenak ere.


Codex Alimentarius

1963an, FAOren eta OMEren ardurapean, Codex Alimentarius nazioarteko araudia sortu zen elikagaien segurtasuna bermatzeko asmoz. Besteak beste, pestiziden eta sendagaien hondarren gehienezko mugak, gehigarriak, janari-inportazioak, ikuskatzeak eta janarien laginketa metodoak arautzen ditu. Gainera, nazioarteko elikagaiei buruzko araudi askoren oinarria da.

Codex alimentarius -i zor zaizkio hain ezagunak diren ‘ahal bada adierazitako data baino lehen kontsumitu’ etiketa eta kaloria eta koipe gutxiko elikagaien definizioak. Gizartearekin batera aldatzen denez, nekazaritza organikoaren eta bioteknologiaren erronkei aurre egiten saiatzen ari da. Esate baterako, martxoan Yokohama-n (Japonia) 226 aditu bildu ziren elikagaiei ezarritako bioteknologiak (tartean, elikagai transgenikoak) ekar ditzakeen arriskuei buruz jarduteko.

Han araudiaren proposamena adostu zen, eta datorren urteko uztailean Erromako bileran baiestea espero da.


Elikagaien segurtasunarekin lotutako kezka berriak

Elikagaien inguruko kezkak ez dira kontsumitzaileen artean bakarrik sortzen, zientzialariek ere badituzte buruhauste eta erronka batzuk. Horien artean, antibiotikoekiko erresistentzia-arazo berriak daude. Gero eta patogeno erresistente gehiago azaltzen ari da, adibidez, zenbait Salmonella-mota; beraz, tratamendu berriak bilatu behar dira.

Bestetik, beldur dira antibiotikoekiko erresistentzia eraldaketa genetikoaren bidez transferitzeko arriskua ez ote dagoen, eta, horrekin batera, baita alergenoak ere. Orain arte arazorik eragin ez duten elikagaiak alergia-sortzaile izan daitezkeela susmatzen dute.

Beste muturrean, berriz, elikagai organikoak daude. Itxuraz kontrakoa dirudien arren, gaixotasunak eragiteko aukera handia dute: kontserbatzaile kimikorik ez dutenez, mikroorganismoak errazago ugaltzen dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila