Elhuyarreko “Goardia zaharra”

Elhuyar Kultur Elkartearen historia izen-abizenez beterik dago eta ezin denak gogoratu. Bestalde, guztien lana eskertzeko aukera paregabe hau ere ezin pasatzen utzi. Horregatik, Elhuyarren lankide izanik elkartearen historian itzala eta izena duten Iñaki Azkune eta Maria Luisa adiskideengan gauzatu nahi izan dugu eskertze hori. Eta nor Luis Bandres, Elkarteko lehen lehendakaria, baino egokiagoa hori egiteko? Zorionak eta eskerrik asko.

Iñaki Azkune
ARGIA

Duela hogeitazazpi bat urte Donostiako Injineritza Eskolan ibilitako adiskide batzuk, gero Elhuyar Taldea izango zenaren bidetik abiatu ginenean, aipatutako Eskolatik pasatu gabeko lagun bat edo beste inguratu ahal izan genuen; horietako bat, Peritaje Eskolan nire kurtsokide izandakoa, Iñaki Azkune zestoarra, izan zen. Garai hartan Iñaki Lasarteko Michelinen ari zen lanean, baina euskararekiko, edo hobeto esanda euskara teknikoarekiko, zeukan kezka eta grina nabariak taldekide egin eta lehenengo unetik lanari gogor heltzera bultzatu zuen.

Garai hartan, zer esanik ez, ez genuen txanponik inori ordaintzeko. Denborak aurrera egin ahala bere bokazioa gero eta nabarmenagoa izan zen, hau da, ahal zuen denbora gehien euskarari eskaintzea; horregatik, taldearen egoera ekonomikoa piska bat hobeagoa izan zenean, hasieran egun erdiz eta gero egon osoz Elhuyarrera joatea eskatu zitzaion, bai eta berak onartu ere. Gaur egun arte, eta espero dezagun oraindik ere urte askotarako, hor izan dugu eta dugu gure Iñaki Azkune jo eta ke beti irrifartsu eta prest taldearen edozein lan egiteko, bere gizatasuna eta prestakuntza aparta eskainiz.

Eta zer esan Mª Luisa Aizpururi buruz? Hasierako taldea abiatu eta paperak pilatzen hasi zirenean beste zereginetan genbiltzen haiek idazkari baten beharraz jabetu ginen. Gauzak makinaz idazteko, kontuak behar bezala eramateko, telefonoari kasu egiteko, eta abar luze bati erantzuna emateko lagun baten premia argi baino argiago zegoen. Zorionez Mª Luisakin egin genuen topo. Lehenengo unetutik Mª Luisak hartu zuen ardura ez da erraza azaltzen, hortaz jabetu ginenean taldearen oinarrizko brida batzuk lasai-lasai bere eskuetan utzi genituen lanaren “banaketa arrazional” bat eginez: berak bulegoko erantzukizuna hartuko zuen bitartean guk materialak prestatuko genituen edo ikastaroak emango.

Maria Luisa Aizpuru
ARGIA

Denbora aurrera joan da. Gure inguruan gauza asko eta sakonki aldatu da; horien artean gizartean euskarak lortu duen prestigio eta trataera dugu. Hau dela eta, Taldeak bitarte gehiago izan ahala, hasieran ametsak baino ez ziren lan batzuei heldu ahal izan die. Honetarako egun osoko langileak behar ziren; honela, taldekide berri batzuk profesional egiten ari ziren bitartean, hasierako partaide gehienak laguntzaile bezala geratzen ginen. Eta honela izan behar du: lanek maila profesionala eskatzen dutenean erantzuna, batez ere profesionalek eman behar dute.

Zorionez hauxe izan da gure Elhuyar Taldearen joera. Honela, “Goardia Zaharreko” Iñaki eta Mª Luisa lagunek hasierako izpiritua belaunaldi berriari transmititu die. Beraz, eskerrik asko egunero Elhuyarren ari diren guztiei, baina bereziki Iñaki eta Mª Luisari, hainbeste urte gure hasierako asmoari hain ongi heldu diotelako eta, bestalde, badakizue “Goardia Zaharreko” gainontzekoak, gure mailan eta gure ahalbidearen arabera, laguntza emateko beti prest gaudela. Zorionak eta jarraitu hurrengo hogeitabost urtetan!

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.