Elhuyar taldea: izena eta izana

Irazabalbeitia, Inaki

kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea

Elhuyar Fundazioa

Iñaki Azkune Mendia

Hogeita bost urte igaro dira, abiada bizian igaro ere, Elhuyar taldea sortu zela eta taldea diot, artean elkarte gisa legeztatu gabe zegoelako. Orduan Donostiako Goi Mailako Injineru Eskolan ibiliak ziren eta zebiltzan euskaltzale batzuk beren gaiak euskaraz landu nahi zituztelako astero-astero biltzen hasi ziren. Donostiako San Martzial kaleko jesuiten “Círculo San Ignacio” zen topalekua eta larunbat-arratsaldea ohizko bilera egiteko eguna.

Larunbateko bilera egiteko deirik ez zen espreski egiten; deia berez beti egina baitzegoen. Baina bilerara ez joatea arriskutsua izan zitekeen. Izan ere, joandakoek aho batez erabakitzen zuten joan ez zenari zer lan egitea tokatu zitzaion.

Hasiera hartan injinerutzan erdaraz ikasitako gaiak euskaraz lantzea zen helburua eta horretarako testuliburu batzuk prestatu ziren. Matematika, fisika, kimika, etab. ziren taldearen hastapenetan landutako gaiak. Euskara zientziaren eta teknikaren arloan normalizatu egin nahi zen eta horretarako terminologia lantzea izan zen lehen lana. Euskaraz gai horietan lehendik argitaratuta zegoena biltzea eta euskara batuak emandako lehen urratsetara moldatzea ezinbesteko a biapuntua izan zen.

Sortzaileetako batzuk: 1. Iñaki Azkune; 2. Feliz Azpirotz; 3. Luis Mari Bandres; 4. Jesus Mari Goñi; 5. Rene Harluxet; 6. Xabier Larrea; 7. Andoni Sagarna; 8. Imanol Tapia; 9. Kepa Zalbide; 10. Mikel Zalbide

Taldeak lege aldetik behar zuen babesa Euskal Herriko Adiskideen Elkarteak eman zion eta geroxeago argitaratzen hasitako “Elhuyar” aldizkaria ere Elkarte horren adar gisa plazaratu zen. Eskertzekoa da garai hartan Alvaro del Valle Lersundi jauna lehendakari zela Euskal Herriko Adiskideen Elkarteak Elhuyar taldeari emandako laguntza.

Taldeak aldizkariari “Elhuyar” izena ipini zion, Euskal Herriko Adiskideen Elkarteak Bergaran zuen Erret Mintegiko laborategian Fausto Fermin eta Joan Jose Elhuyar anaiek wolframioa deitu zioten elementu kimikoa munduan lehen aldiz isolatu zutelako.

Euskal Herriak zientzia eta teknikaren arloan egindako ekarpen nagusietakoa zelako izen egokia iruditu zitzaien taldekideei eta aldizkariak ez ezik, taldeak, eta gero elkarteak ere, izen horixe dute harrezkero.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila