Egur-metaketak ibaietan

Elosegi, Arturo

Landare-biologia eta Ekologia Saila

Zientzia eta Teknologia Fakultatea. EHU

Beste zenbait eskualdetan (batez ere Estatu Batuetako mendebaldean) ikusi ahal izan denez, ibaira erortzen diren zuhaitz hilek askotan egur-presak eratzen dituzte, eta hauek sekulako garrantzia dute ibai-komunitateetan. Alde batetik, ubidea egonkortu egiten dute, sedimentu xehea metatu, eta habitat berriak eskaintzen dizkiete bizidunei. Horrez gain, ibaira iristen den orbela atxikitzen dute, eta hau errekako ornogabeen bazka nagusia denez, egur-presa ugariko erreketan ornogabe gehiago izaten da, eta arrainen ekoizpena handiagoa da.

Erreskasto bat enborrak kendu aurretik (goian) eta ondoren (behean). Ubidea asko higatu da, sedimentu xehea desagertu, eta animalientzako babesguneak galdu egin dira. (A. Elosegi).

Azkenik, egur-presen inguruan sortzen diren putzu eta ur geldoak dira bizidunek uholdeei aurre egiteko duten babesleku nagusia eta, ondorioz, egur-presak ezabatzean uholdeek kalte handiagoa eragiten dute ibai-komunitateetan.

Egurra hain garrantzitsu izan arren, giza ekintza askoren ondorioz (batez ere basoen mozketa eta enborren ustiaketa) gero eta enbor gutxiago geratzen da gure ibaietan, eta hauen dibertsitatea eta funtzioa kaltetu egin dira. Atal honi buruzko ikerketa gehienak Ipar Amerikan eta Zeelanda Berrian egin dira, baina ezezaguna da zenbat txirotu diren Europako ibaiak egurraren ezabaketaren ondorioz. Hain zuzen, hau da Hego Europan honi buruz egin den lehen ikerlana.

Proiektu honek bi helburu nagusi ditu: batetik, ikustea zenbat enbor dagoen Euskal Herriko ibaietan, eta zein den ubidearen topografiak eta basoaren kudeaketak honen gainean duen eragina. Eta bestetik, ibaien dibertsitate morfologikoan, habitat-ugaritasunean, ornogabe-komunitateetan, eta hauek uholdeei aurre egiteko duten gaitasunean egurrak zer garrantzi duen behatzea. Ikerketa Aguera ibaian ari gara egiten, berau baita Bizkaiko ibaien artean hobekien kontserbatuta dagoena.

Ikusi ahal izan dugunez, pinudi zein eukaliptadien pean eta haltzadi gazteen pean dauden ibaialdeek harizti helduen pean daudenek baino egur gutxiago izan ohi dute eta enborren eragina txikiagoa da.

Egurraren eragina aztertzeko, bi errekastotan zegoen egur guztia kendu dugu, eta ikusten ari gara zein eragin izan duen horrek ubidearen substratuan, ibaiak orbela atxikitzeko duen gaitasunean, mikrohabitat-ugaritasunean, eta ornogabeek uholdeei aurre egiteko duten gaitasunean.

A. Elosegi

Egurrik gabeko ibaialdeek kontrolaldeek baino askoz sedimentu gehiago galdu dute, habitat-dibertsitatea murriztu egin zaie, eta ornogabe-komunitateak ere aldatu egin dira. Oraindik ikusteke dago uholdeen eragina handiagoa ote den egurrik gabeko ibaietan.

Proiektu honen emaitzekin hobeki jakin ahal izango da zein den basoaren ustiaketak ibai-komunitateetan duen eragina, eta inpaktu hori murrizteko bideak bilatu ahalko dira. Euskal Herriko ibaien kalitatea hobetzekotan, ezin gara konformatu uraren kalitatea hobetzearekin. Horrez gain, ikusi behar da zein egoeratan dagoen bizidunen habitat fisikoa, eta nolakoa den ibaiaren funtzionamendu hidrologikoa. Gisa honetako ikerketek asko lagun dezakete gure ibaien egoera eta funtzionamendu naturala nolakoa zen ezagutzeko garaian eta, ondorioz, kaltetuta dauden ibaiak leheneratzeko garaian.

  • Proiektuaren izenburua: Egur-metaketek
    ibaietan duten dinamika eta funtzioa: arroko
    landarediarekiko erlazioa.
  • Helburua: Euskal Herriko ibaietan zenbat enbor dagoen ikustea eta ubidearen topografiak eta basoaren kudeaketak honen gainean duen
    eragina aztertzea.
  • Finantziazioa: DCICYT, EHU.
  • Zuzendaria: Jesús Pozo.
  • Ikerketa-taldea:
    Zuzendaria: Jesús Pozo, Ekologian katedraduna.
    Irakasleak: Ana Basaguren eta Arturo Elosegi.
    Bekadun doktorea: Bosco Imbert.
    Bekadun doktoregaiak: Jon Molinero,
    Jose Manuel Gonzalez eta Joserra Diez.
  • Departamentua: Landare-Biologia eta
    Ekologia Saila.
  • Zentrua: Leioako Zientzi Fakultatea.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.