Eguberrietako “tripakadak”

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

“Bere tradizioen esklabo den tximino eskas bat besterik” ez omen da gizakia, Desmond Morris zoologo ingeles ospetsuak esan zuen bezala. Eta esaldi hori, gogorra iruditu arren, egia biribila bihurtuko da jai-egun hauetan: jan-edanean gutariko bakoitzak 10.000 pezetatik gora gastatuko ditu, batez beste.

Nola defini dezakegu egunotan hain usua izango den “tripakada” horretako bat? Medikuek horrelakoei gehiegizko ahoratze konpultsiboa izen ponpoxoa ematen diete: denboraldi jakin batean pertsonak hainbat betekada egingo ditu, sarritan janaldi horiek anormaltzat jotzen baditu ere, eta kontrolaezinak balira bezala hartzen dira beste kasu batzuetan. Gustu txarreko broma bat dirudi betekadak aipatzea munduko beste hainbat lekutan jende asko gosez hiltzen ari denean, edota bulimia edo anorexia bezalako patologiak gero eta arruntagoak bilakatu direnean, baina itxura guztien arabera Eguberrietako tripakada horien kontra erremedioa bakarra da: gutxiago jatea.

Gizakiaren eboluzioan zehar aparatu digestiboak izugarrizko aldaketa egin du, eta horrela behar dituenak baino lau aldiz kaloria gehiago jasateko gai da. Bestetikurdailaren zabaltzeko edo dilatatzeko ahalmena ikaragarria da: horietako betekada batean, kilo bat (edo baita gehiago ere) janari pasatzen baita urdailetik barrena.

Eguberri-egunean hasi eta Erregeak pasa bitartean, asko izaten dira normaletik atera eta mugaz pasatzen diren bazkari eta afariak. Eta horiekin zer? Gaitz erdi neurriz ibiliko bagina, zeren eta bestela ondorioak hortxe etorriko baitira, ate-joka: digestio txarra, urdaileko bihotzerrea, gasak eta baita loezina edo insomnioa ere. Hipokrates-ek zioen osasuna aparatu digestiboan egosten zela. Badaezpada ere, hona hemen hainbat aholku, zure eta baita zure ingurukoen osasuna zaindu eta Eguberri-jaietako ajeak ebitatzen lagunduko dizutenak:

  • Lasai jan, patxadaz, janariak ongi murtxikatuz.
  • Afaria gutxienez ere oheratu baino pare bat ordu lehenago.
  • Edari gozo eta alkoholikoak baino hobeak dira zukuak, fruta-edariak edo ur minerala. Alkohola hartzekotan, hobe beti ere urdaila beteta dagoela hartzea.
  • Ahal bada, digeritzeko errazak diren janariak aukeratu.
  • Gehiegizko azukrerik ez ahoratu, digestioa eta beste janariekiko tolerantzia asaldatu ditzake-eta.
  • Gastritisa edo ultzerak jota dauden pertsonentzat haragi keturik, gantzik, ezta txerriki, txahal eta idi-haragirik ez jatea gomendatzen da. Hobe arkume eta oilasko-haragia jatea. Arrainekin ere gantz asko dutenak, ketuak eta mariskoak ebitatzea gomendatzen da.
  • Idorreria dutenentzat, hona hemen debekatutako jakiak: edari alkoholikoak, arroza, tea eta kafea, pastelak, txokolatea, ogi zuria eta janari min eta garratzak.
  • Ariketa fisikoa ezinbestekoa da. Hainbat ikerketak frogatu duten bezala, ariketa gogorra denean apetitua gutxitu egiten da. Ohiturarik ez duen pertsonak ez luke gehiegikeriarik egin behar; nahikoa izan daiteke otorduen ondotik paseotxo bat ematea.
  • Gidatu behar izanez gero, garrantzi handia dauka bazkari oparoen ondotik digestio-garaian agertzen den logurak. Kontuz, beraz!!

Ohar eta gomendio orokor batzuk ikusi ondoren, goazen puntuz puntu; Eguberri-jaien inguruan egin ohi diren gehiegikeria horiek nola ebita daitezkeen jakiteko hainbat puntu argi edukitzea komeni da. Gregorio Marañón Ospitaleko Basilio Moreno endokrinologoaren ustez, “janari goxoak eta kutixiak jan daitezke”, nola ez, urtean zehar normalean kontsumitzen ez direnak, baina “neurriz beti ere”. Egun horietako afarietan, endokrinologoaren ustez, berdurak hartu beharko lirateke aurrena, eta arrainak ondoren (urdinak bezala baita zuriak ere, haragiak baino askoz ere digeri errazagoak direlako).

  • Haragiari dagokienez, Morenok arkumea Gabon edo Eguberrietako bazkarietan hartzea gomendatzen du, digestioa lasaiago egiteko, “jai horietan gauez ere nahiko asti egon ohi den arren janariak digeritzeko”, jendea ez baita afaldu eta berehala oheratzen.
  • Mariskoak janari konpletoak dira (proteinatan aberatsak eta bitaminatan ere arrainen antzekoak).Horrexegatik janari osasuntsu eta arrazoizkoak dira ikuspegi dietetikotik (beste kontu bat da jaki horien prezioa), egosita nahikoa ongi jasaten direlako.
  • Diabetikoek turroi eta mazapanak kantitate txikitan hartu behar lituzkete Morenoren ustez, postrerako osagarri askoz hobeak baitira horrelakoak, neurriz hartzen badira, diabetikoentzako produktu bereziak baino.
  • Hipertentsoekin, ordea, gogor jokatu beharra dago jaiotan, gatz-debekuari muzin eginez gero arazo zerebro-baskularrak erraz sor baitaitezke. Hauentzako, beraz, mariskoa ez dago batere gomendatuta, eta hartzekotan beti ere “oso gatz gutxirekin irakinda” kontsumitu beharko lirateke. Diabetikoekin eskuzabalago izan gaitezkeen arren, beti ere bere eguneroko jan-neurritik aldatzen diren ez-ohizko kaloriekin oso kontrol zorrotza egin behar da (turroiak eta gozoak kaloriatan oso aberatsak izaten direlako).
  • Menurik onena. CSCIeko Nutrizio-Institutuko Rosa Ortega nutrologoaren ustez, jan-neurri ona edo txarra ez dago egun gutxi batzuetan gehiegikeriak egitean edo ez egitean, “zientzia ez baita kasu hauetan gida bakarra”, gustukoak diren jakiak kontsumitzea ere garrantzi handikoa izanik. Menurik onenak saiatu beharko luke, dena den, Eguberri-jaietan egiten diren gehiegikeriak berdura eta frutekin konpentsatzen.Aditu guztiak bat datoz egun bakar batek ez duela jan-neurri bat hausten esaten
    dutenean, baina mordoxka bat egunetan egin daitezkeen gehiegikeriak ez lirateke hain erraz baztertu behar, horien ondorioak serioagoak izatera irits daitezkeelako.Beraz, nolabait laburbilduz, egun horietako jan-neurriak garrantzi berezia eskaini behar lioke lekaleei, barazkiei eta frutei; gero arrainak etorriko lirateke, haragien aurretik, eta kontuz kontsumitzekoak lirateke mariskoak, gazta fuerteak, arrautzak, gurinak eta natak. Edari alkoholikoekin eta tabakoarekin, zer esanik ez, neurriz ibiltzea da gomendio nagusia, eta ahal izanez gero horien kontsumoa ebitatzea.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila