Edertasunaren iruzurra

Erle arrak feromona-usaina sumatu du. Ingurura begiratu, eta bat-batean txundituta geratu da. Hori da eme-puska!

Landareen artean ederrenak dira orkideak. Intsektuak, bederen, liluratu egiten dituzte. Lorearen petaloetako bat guztiz itxuraldatu dute, eta, bilakaera horri esker, landareak izan arren animalien erreinuan ohikoak diren formak izaten dituzte. Zenbait orkideak arreske dagoen intsektu emeen imitazioak egiten dituzte, imitazio ia perfektuak, gainera. Eta zein intsektu ez da aztoratzen sexurako horrelako gonbita jaso ondoren?

Gonbit horien atzean, ordea, iruzurra dago. Intsektu arrak, emea estaltzera hurbiltzen denean, zerbait arraroa sumatzen du. Ez dago eme hori estaltzeko modurik! Saiatu eta saiatu, baina ezin! Ernegatuta, benetako eme baten bila abiatzen da, konturatu baita orkidea alu horiek berriz ere ziria sartu diotela!

Orchis papilionacea espeziekoak
orkideen artean ederrenetakoak dira, baina ez dira batere arruntak Euskal Herrian. Bi populazio besterik ez dira ezagutzen, biak Nafarroan.

Orkideak, hala ere, ez du kezkatzeko arrazoirik. Oraingoan gezurretan harrapatu duen arren, badaki hurrengoan ere intsektu inozoa berriz eroriko dela bere sarean sexu-grinak bultzaturik.

Eboluzioaren gailurrean

Petaloaren eraldaketa harrigarri hori dela eta, orkideak landare-eboluzioaren gailurrean daudela esaten dute botanikariek. Landareek, oro har, koloreak eta usainak erabiltzen dituzte intsektuak erakarri eta polinizazioa ziurtatzeko. Baina ez dago orkideak bezain estrategia konplexuak garatu dituenik; sexuaren bidez erakartzeko izugarri imitazio onak egin behar izan dituzte.

Ophrys vasconica orkideak, gainerakoek bezala, lore hermafroditak ditu. Ugal-organo arrak zein emeak ditu, eta, intsektuek polinizatu ezean, bere burua ernaltzen du zuzenean.

Javier Benito Ayuso biologoak urte luzez ikertu ditu orkideak, eta haien loreek oraindik zeharo harritzen badute ere, gauza bat argi du: “konplexutasunak ez du esan nahi derrigor ebolutiboki arrakastatsuagoak izango direnik. Badira oso landare eta animalia primitiboak milioika urtean beren itxura aldatu ez dutenak, hain zuzen ere, sinple izanik erabat egokituta zeudelako ingurura; ez dute aldatzeko beharrik izan.”

Hala ere, inork ez du zalantzan jartzen orkideen arrakasta. Izan ere, 30.000 inguru orkidea-espezie ezagutzen da munduan. Landareen artean espezie gehientsuen dituen familia da; bigarrena, hain zuzen ere. Poloak eta desertuak dira planeta osoan orkideak hazten ez diren eremu bakarrak.

Euskal Herrian bertan laurogei espezietik gora dago. Batez ere kareharrizko lurretan hazten dira, eta lur horiek oso ohikoak dira hemen. Hortaz, orkidea asko arruntak dira edozein bide-bazterretan, edozein zelaitan. Hori bai, tamainaz txikiak dira; ez dira eremu tropikaletakoak bezain handiak. Benitoren ustez, hain zuzen txikitasun horrek xarma berezia ematen die. Horren jakitun dira adituak, eta orkidea batzuk babestu egin izan dituzte jendeak har ez ditzan.

Orkideen antzinatasunak ere eztabaida biziak piztu ditu zientzialarien artean. Urte luzez pentsatu izan da hain egitura konplexuak lortu dituztenez espero izatekoa dela landare guztien artean berrienetakoak izatea. “Orain, ordea, ez dago horren argi –dio Benitok–. Botanikari batzuek bestela uste dute. Izan ere, orkideen erregistro fosila oso txikia da, eta ale ez oso antzinakoei dagozkie, baina baliteke gerora fosil zaharragoak azaltzen joatea. Oraingoz uste da orkidearik zaharrenek 20 bat milioi urte dituztela.”

Onddoen menpe

Cypripedium calceolus.

Polinizaziorako izugarri estrategia konplexuak garatu badituzte ere, hemengo orkideek badute ahulgune nabari bat: lurrean bizi den onddo baten menpe bizi dira. Ernatu ahal izateko haren laguntza behar dute ezinbestean; onddoa aurkitu ezean, orkidearen haziek ezingo dute ernatu. Izan ere, oso hazi bereziak dira, ia batere erreserba-elikagairik gabekoak, eta onddoak hornitu behar izaten ditu landare jaioberriak glukosaz.

Oso fenomeno arraroa da, gainerako landareek ez baitute horrelako mugarik. Eskuarki hazi bakoitzak du landare berria ernatu eta hasieran garatu bitartean elikatzeko adina jaki. Orkideen haziek, ordea, enbrioia eta hura inguratzen duen azala soilik dute.

Onddoarekiko menpekotasun horrek landareen hedapena mugatzen du neurri batean, eta arazoari aurre egiteko milaka hazi sortzen dituzte urtero orkideek.

Erlerik ederrena

Ophrys speculum espezieko orkideak zehaztasun handiz imitatzen du erle emea, haren ile eta guzti. Zientzialariek ikusi dutenaren arabera, erleen iletxoen egitura molekular berbera du. Eta, hori gutxi dela, loreak erleen hormona sexualen antzeko usaina du. Trikimailu horiek guztiak erabilita, erraz engainatzen du erle arra, eta, benetakoa balitz bezala, emea estaltzen saiatzen da. Askotan, esperma lorearen gainean isurtzera ere iristen da.

Berehala konturatzen da ziria sartu diotela eta alde egiten du, baina ordurako orkideak leku estrategikoan utzi duen polena bizkarraldean itsatsi zaio. Eta loreak nahi zuena lortuko du: polinizazioa.

Erle batzuk erabat promiskuoak dira, eta lorez lore ibiltzen dira benetako eme baten atzetik. Horren salatari, egunaren bukaeran bizkarraldea polenez gainezka dutela itzultzen dira etxera.

Gezurretako jana

Orkidea guztiek ez dute sexua erabiltzen intsektuak erakartzeko; elikagaiak ere balio du. Gymnadenia conopsea -k nektarra gordetzen du ezproi izeneko organo luzangan, baina azpi-azpian soilik. Horrela ziurtatzen du tximeletek bakarrik hartuko dutela nektarra, haien mihi luze eta kiribilduaz.

Badira espezie tranpatiak, ordea: ezproia hutsik izaten duten orkideak. Barruko zelulek nektarraren antzeko usaina dutenez, intsektuak gerturatu egiten dira berdin-berdin. Nektarra eskuratzeko lorean ahalik eta gehien barneratu, eta azkenean polena gorputzari itsatsita geratzen zaie. Hori bai, nektarraren arrastorik ez!



Gauean goxo-goxo!

Serapias generoak estrategia bitxia garatu du: intsektuen gordeleku gisa jokatzen du. Loreaz hodi moduko bat sortzen du, eta, hotz egiten duenean, han sartzen dira erle txikiak gaua iragateko, hurrengo goizean, eguzkiarekin batera ateratzen diren arte. Argazkiko erleak burualdea orkideen polenaz bete-betea duela amaitu du eguna.


Miniaturako gizakiak

Orkideek labeloan jasan duten eraldaketa izugarri horrek forma bitxi asko eman du. Kasu batzuetan, zoriak gizakitxoen itxura eman die. Horren adibide dira Euskal Herrian hazten diren orkidea askoren izenak: Orchis purpurea -k, esaterako, neskatila bat gogorarazten du –soineko eta guzti– (eskuineko argazkia). “Dama-orkidea” esaten zaio. Orchis militaris -i (ezkerrean), ordea, gizon-itxura hartu diote, eta “soldadu-orkidea” izenez ezagutzen da. Orchis italica -k ere (erdian) gizontxoa dirudi, baina aurrekoari ez bezala, lehen Orchis longicruris subsp. longipenis esaten zitzaion; alegia, “hanka eta zakil luzeko orkidea”.


“Orkidea batzuk miniaturako benetako filigranak izaten dira”

Javier Benito Ayuso errioxarrak ederki ezagutzen ditu Euskal Herriko orkideak. Ordu asko eman du mendian gora eta behera haien bila. Hori bai, argazki-kamera kolkoan duela eta beti lurrera begira, orkidea txikienak eta bitxienak aurkitu nahian. Izan ere, Iberiar Penintsulako orkideei buruzko doktore-tesia egiten ari da.

Nola hasi zinen landare harrigarri horiek ikertzen?

Biologia ikasten ari nintzela, Botanika nuen gai gustukoena, eta orkideen familia ikertzea erabaki nuen. Izan ere, hain dira bitxiak! Gero konturatu nintzen, gainera, hain bereziak izanik ere, gutxi ikertu direla.

Zein da orkidea guztien artean argazkia ateratzea gehien kosta zaizuna?

Serapias perez-chiscanoi espeziea izan da, seguruenik, aurkitzen lan gehien eman didana. Denbora luzea eman dut hari argazkia atera nahian. Dena den, hainbat orkidea, aurkitu bai, aurkitu ditut, baina oraindik ez dut lortu guztiz betetzen nauen argazkia ateratzea.

Eta, oro har, orkidologoen artean zein da orkidearik estimatuena?

Nik uste dut Cypripedium calceolus espeziea dela. Hemen hazten diren orkidea guztietatik lore handiena duena da, eta zoragarriak dira bai haren itxura, bai haren kolore hori bizia. Eta gero, badira beste orkidea batzuk asko estimatzen dituztenak ikaragarri forma bitxiak dituztelako. Nik, oro har, txikienak ditut gustukoen, haien artean batzuk miniaturako benetako filigranak baitira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila