Edateko uraren arazketa

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Naturak hornitutako ura

Ura gure herrietara eta etxeetara eramateko urrats asko egin behar dira. Euri edo elur moduan eroritako ura guretzat jatorrizko ur-iturria da. Ur hori urtegietan biltzen da, baina handik aurrerakoa ez da garraiatze hutsa: ura garbitu, zaindu eta edangarri bilakatu behar da. Beraz, urtegitik herrirako tartean ura araztegiara sartzen da.

Ozonizazioa

Araztegiaren hargunean urarekin datozen solido handi guztiak kendu eta lehenengo desinfekzioari ekiten zaio. Desinfekzioa ozonoz egiten da, gas horrek bakterioak akabatzen baititu. Ura ganbera batean sartu ostean, ozonoa borborka irteten da ura zeharkatuz. Tratamendu honekin uretan disolbatuta dauden zenbait metal oxidatu egiten dira. Ondoren, malutatzaileak gehituko dira dekantazio-tangan jaso ahal izateko

Dekantazio-tanga

Uretan esekita dauden solido txikiak likidotik banantzeko urratsa hemen gauzatzen da. Ura tangaren hondotik pasarazten da eta goialdetik irtenarazten. Horrela, solidoak hondoratu egiten dira eta ur garbia goitik ateratzen da. Tanga hauek birzirkulazio-sistema izaten dute hobeto dekanta dadin.

Hondarrezko iragazkia eta desinfekzioa

Uretako solidoak likidotik guztiz banantzeko, iragazi egiten dira. Iragazkia milimetro bateko diametroa duten hondar-aleez osatuta dago. Handik ateratzen den ura garbia eta gardena da. Hala eta guztiz ere, aurrerago azal daitezkeen bakterioen aurkako tratamendua gehitu behar zaio. Ura herrietara iristen denerako, zenbait propietate izan behar ditu. Horregatik, kloroa gehitzen zaio desinfekzio-lanak egiteko, fluorra haurren hortzetako txantxarra saihesteko (legeak behartuta gehitzen da) eta sosa uraren pHa doitzeko.

Biltegi nagusia

Prozesu horiek guztiak bukatuta, ura edateko prest dago. Beraz, banaketari ekiteko bildu egiten da. Araztegia ez ezik, biltegi nagusian ere kalitatea kontrolatzeko laginak hartzen dira. Kontrol horien arabera prozesuaren lan-baldintzak egoki daitezke.

Banaketa

Araztegitik ateratako ura etxebizitzetara zein iturri publikoetara banatzen da. Bertatik laginak aldika hartzen dira eta araztegia kontrolatzeko balio dute. Prozesu osoa uren jatorrizko ezaugarri kimikoen menpe ere badago. Beste urrats-mota batzuk tarteka daitezke; adibidez, uraren gogortasuna tratatzeko. Iturria irekitakoan ateratzen den uraren edangarritasunak agintzen du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila