CAF-Elhuyar sariak: bi hitz

Jose Mari Rodriguez Ibabe
Injineru Eskolako irakaslea eta CEITeko ikertzailea Unai Ugalde
Kimikaria eta Kimika Fakultateko dekanoa Jon Larrañaga
Biologoa
Hegaztien migrazioak, ekologia, fisiologia eta etologia liburua Kepa Altonaga
Biologoa
Folin markesa: marraskiloak eta euskaldunak uharte galduan liburua
Jesus Mª Aizpurua eta Jose Javier Gracenea
Kimikariak
Diseinu-drogak liburua Estibaliz Diez
Azken mohikanoen zurrunbiloa: gutxi izatearen arriskua artikulua
Asier Sarasua
Adan de Jarza markesak laga zigun ondarea: pinu-landaketak eta Euskal Herriko hegazti-komunitateak artikulua
J.M. Campillo eta A. Urzelai
Positroi igorpenaren bidezko tomografia artikulua
Luis Maria Bandres
(Elhuyar Kultur Elkarteko kidea eta Gipuzkoako Gizarte Zerbitzu Departamentuko Foru diputatua) Miren Azkarate
(Euskaltzain oso eta EHUko Euskararako errektoreordea) Josune Ariztondo
(Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordea) Jokin Azkue
(HABEko zuzendari orokorra) Mikel Aizpuru
(UEUko zuzendaria) Xabier Huizi
(Gipuzkoako Diputazioko Kultura eta Euskara Departamentuko zuzendaria)

Zorionak denoi. Bi hitzetan, ordea, zaila izango da III. CAF-Elhuyar sariez kontatu nahi dizugun guztia laburbiltzea. Sariak banatzeko orduan gurekin bildu zineten guztioi edota etortzerik izan ez zenutenoi guzti-guztia bi hitzetan azaltzea ez da batere erraza. Txapeldun bakoitzaren lana aipatzeko, gonbidatuek esandakoa laburbiltzeko,
epaimahaiaren lana berriro eskertzeko (ez baikara sekula lagun eta lankide hauek egindako ahalegina goraipatzeaz nekatuko!)... hori guztia egiteko bi hitz baino gehiago beharko genituzke. Edo ez. Apika, nahikoa dateke berriro eskerrak ematea eta Lasarte-Oriako Txitxardin Beltxa Jatetxean gertatutakoa irudietan jasotzea.

Andres Arizkorreta CAFeko zuzendaria

Gure aldetik behin baino gehiagotan esandakoa errepikatzea baino ez dugu egingo. Gustura gaude jasotako erantzunarekin eta hurrengo urtean ere hemen egotea eta prozesu honekin jarraitzea da gure asmoa. Guretzat ere oso positiboa da, alde batetik gu teknologiarekin eta euskararekin konprometituta gaudelako eta, beraz, bide naturaltzat jotzen dugu sari honekin jarraitzea. Balorazio guztiz positiboa egiten dugu. Gu ez gaude bakarrik eta badakigu beste batzuk ere sartuta daudela. Baina optimistak gara eta uste dugu hurrengo hilabeteetan eta urteetan beste enpresa batzuek ere martxa hau hartuko dutela. Prozesua hasi besterik ez da egin eta, beraz, bide honetatik jarraitu behar dela uste dut.

EPAIMAHAIAK ESANA...

• Nola baloratuko zenuke aurtengo edizioa?

Aurtengo edizioa hirugarrena izanik, aurrekoekin alde handia egon dela iruditzen zait. Lehenengo urtean zalantza asko izan genituen, jendearen erantzuna nolakoa izango zen ez baikenekien; bigarren urtean bide hori sendotzen ari zela ikusi genuen eta, azkenik, aurten sariketak osasun ona duela esango nuke.

Lan dezente jaso dugu. Egia da, bestalde, A mailan, hau da, dibulgazio-artikuluei dagokienez, iaz baino artikulu gutxiago jaso dugula, baina oro har ia lan guztiak oso kalitate onekoak dira. Horrez gain, orain arte gutxi landutako arloetatik ere jasotzen ari garela azpimarratu behar da; esate baterako, aurten lehen aldiz osasun- edo medikuntza-arlotik lan batzuk jaso ditugu, hau da, orain arte ukiezinak ziren esparruetan ere jendea animatzen hasia da.

Gainontzeko arloetan, antzera joan dira gauzak; teknologian behar bada lan gutxiago jaso dugu, baina ingurugiroko eta biologiako lanak aurreko urteetako kopuruan mantendu dira. Beraz, balorazioa oso ona da; deialdi honek etorkizun oparoa izan dezakeela iruditzen zait.

Aurkeztu diren liburuak oso interesgarriak dira eta nire iritziz, guztiek argitaratzea merezi dute. Eztabaida handia izan genuen liburuen artean lanik onena erabakitzeko orduan, oso zaila baita kalitate handiko lanen artean hautatzea. Izan ere, irizpideak oso garbi ditugu kide guztiok, baina, normala denez, bakoitzak bere lehentasunak finkatzen ditu.

Gaiaren gaurkotasuna, lanaren eskema —ulergarria den, irudiz ondo landuta dagoen edota bibliografia sendoa erabili duen— aztertzen da, ahaztu gabe, euskararen kalitate-maila. Puntu horiek guztiak hartzen ditugu kontuan, baina gero, gutako bakoitzak bere poltsikotik jarri behar izaten du. Nolanahi ere, azkenean orekara iristen ikasi dugula esango nuke.

Aurtengo maila oso ona izan da. Estatu Batuetan, Suedian eta Alemanian ibili naiz eta mota honetako zenbait saritan ere izan naiz, hau da, horiek nahikoa gertutikezagutzeko aukera izan dut. Nire ustez, kalitate handieneko lanek, kanpokoek zein Euskal Herrikoek, maila nahikoa berdintsua dute.

Beraz, Euskal Herrian eta euskaraz idazten ari diren dibulgaziorako zientzia-artikuluek maila ona dutela esan daiteke. Beharrezkoa ikusten dut, ordea, egiten den lana komunikabideetan zabaltzea. Gaur egun zientzia euskaraz lantzen dugunok katakunbetan gaude. Sari-banaketa honetara ehun bat pertsona bilduko ginen eta euskal zientzi komunitatea ez dugu askoz gehiagok osatzen.

Gure gizarteak zientziaren beharra dauka euskal gizartea sendotzeko. Ni oso pozik nago gaur, ikusi baitut daukagun hazia ona dela. Hazi horri, ordea, ura bota behar zaio tarteka-marteka eta, noski, jatekoa ere eman behar diogu; horixe da nire kezka.

Txapela buruan eta ibili munduan

Zer garrantzi du zuretzat zientziako dibulgazio-liburuetan lehen saria lortzeak?

Hasteko, bi urtetako lanak zerbaitetarako balio izan duela pentsarazteko balio dit. Izan ere, duela bi urte hasi nintzen bibliografia biltzen eta gaiari buruzko lehen apunteak hartzen. Orduz geroztik bi urte pasa ditut gai honekin bueltaka eta gutxienez zerbaitetarako balio izan du. Badirudi jendeari gustatu egin zaiola nire lana eta, beraz, pozik nago.

Liburu mardula dela ikusi dugu. Hitz bitan, ahal bada, zein da “Hegaztien migrazioak, ekologia, fisiologia eta etologia” zure liburuaren mamia?

Hegaztien migrazioak orokorrean aztertzen saiatu naiz. Orain arte bazeuden Euskal Herrian euskaraz egindako liburuxka batzuk gai honi buruz, baina Euskal Herriko migrazioak bakarrik aztertzen zituzten; zein sasoitan zein hegazti pasatzen zen Euskal Herritik eta abar. Ni migrazioak oro har aztertzen saiatu naiz, edozein hegazti-espezieri dagozkion ezaugarriak azaldu ditut liburuan. Hala ere, euskaldunentzat ahalik eta hurbilen izaten saiatu naiz eta gertutasun hori lortzeko, Euskal Herriko edo inguruko adibideak aukeratu ditut liburua osatzeko.

Gaia hain zabala izanik, zeintzuk atal aurkituko ditu irakurleak?

Hasteko, sarreran migratzea zer den eta hegaztiek zergatik migratzen duten azaldu dut. Migrazioak ikertzeko metodoei buruz ere badakar sarrerak informazio asko. Hortik aurrera migrazioen gaian poliki-poliki gehiago sakontzen joan naiz. Migrazio-motak azaldu ditut, hegaztiek nondik migratzen duten eta zergatik migratzen duten ere aztertu dudalarik. Izan ere, batzuek oso bide zehatzak segitzen dituzte eta beste batzuek, berriz, ez dute bide jakin bat segitzen. Hegaztiek migratzen duten bitartean modu desberdinetara egiten dute hegan eta era horiek ere aipatu ditut. Batzuek planeatuz egiten dute hegan, beste batzuek hegoak astinduz, taldeka hainbatek, beste zenbaitek bakarka...

Egia esan atal horixe da mardulena, nahiz eta nire asmoa hori ez izan. Alabaina, hegaztiek migrazio-garaian nola hegan egiten duten aztertzea bereziki asko gustatu zait eta fisika eta fisiologiaren arteko nahasketa egiten saiatu naiz. Migrazioa hasi aurretik hegaztiek prestakuntza berezia egiten dute eta prestakizun horiek ere azaldu ditut. Hegaldia hasi aurretik gehiago jaten dute eta gizendu egiten dira energia metatzeko. Lumak ere aldatu egiten dituzte hegoak puntu-puntuan edukitzeko. Prestakuntzaz gain, orientazioak eta nabigazioak ere garrantzi handia dute hegaztiengan. Bi elementu horiei buruz asko ez badakigu ere, dagoen informazio urria liburuan aurki daiteke.

Zer oztopo aurkitu dituzu lana egiterakoan?

Bibliografia bilatzea zaila izan da. Inongo unibertsitatekoa ez naizenez, nire kasa bilatu behar izan dut informazio guztia. Punta-puntako bibliografia guztia, noski, ingelesez dago. Liburu asko postaz eskatu behar izan ditut. Oporretan Ingalaterrara joan nintzen behin baino gehiagotan eta liburuak bilatzeko aprobetxatzen nituen bidaiak.

Liburu osoa idatzi duzu hegaztien migrazioei buruz. Migrazioek hegaztiengan garrantzi handia al dute?

Ez dut uste migrazioek hegaztiengan beste animaliengan baino garrantzi handiagoa dutenik. Hala ere, hegazti gehiago dira migratzen dutenak migratzen ez dutenak baino eta gainerako animalien kasuan, berriz, kontrakoa gertatzen da. Hegaztiek mugikortasun handia dute, hegan egiteko gaitasuna dute eta, ziurrenik, horrexegatik errazago migratzen dute. Ondorioz, migrazioak erabateko garrantzia du migratzen duten hegaztiengan eta, aldiz, migratzen ez dutenengan batere eraginik ez du.

Hegaztiek egiten dituzten migrazioak ere era askotakoak dira. Batzuek ordu edo egun gutxiko bidaiak egiten dituzte eta beste batzuek, aldiz, ugal-sasoiko bi edo hiru hilabeteak ezik, gainerako denbora guztia migratzen pasatzen dute. Nik, egia esan, leku batetik bestera egindako mugimendu guztiei migrazio deitu diet, baina zenbait biologok ez du migraziotzat hartzen leku-aldaketa oro. "

Deialdiaren oinarrietan lehen sariak bakarra eta banaezina izan behar zuela esaten bazen ere, aurkeztutako lanen artean kalitate-irizpideak erabiliz alde handia ez zegoela ikusita, aurten lehen aldiz bigarren saria ematea erabaki zuen epaimahaiak, erakunde antolatzaileen oniritzia jaso eta gero.

Noiz hasi zinen lanean Folin markesarekin?

Aspalditxoan hasi nintzen horretan, nire ihardunbide profesionala dela eta, marraskiloak —oro har fauna esango nuke— eta bareak ikertzen denbora dezente eman dut. Gure aurretik zer egin den ere ikertu behar izaten da eta horren peskisan aurkitu nuen Folin markesa. Iruditu zitzaidan oso pertsonaia interesgarria zela, ez bakarrik marraskiloen inguruan egindako lanengatik; izan ere, garai horretan Euskal Herrian zuen loturak harritu ninduen gehien bat.

Hasiera batean, informazioa eskuratu eta Folin markesaren ibilbidean sakondu ahala, artikulu bat edota artikulu-sorta bat egiteko adina materiala banuela ikusi nuen; alabaina, lanean segitu ahala, jatorrizko asmo hori liburu bilaka zitekeela garbi ikusi nuen. Eta horixe da liburu honen istorioa.

Zein mailatan eman ziren Folin markesaren ekarpenak?

Dudarik gabe, marraskiloen inguruan egindako lan hori oso garrantzitsua izan zen. Ia batere baliabiderik gabe egiten zuen lana, han-hemenka ate joka ibili ondoren lortutakoa nahikoa izan zitzaion ordura arte egindako ikerketak osotzeko. Marraskilo espezie berriak detektatzea eta sailkatzea lortu zuen eta horietako askok bere izenaz ezagutzen ditugu gaur egun. Euskal Herriarekin zuen lotura ere azpimarratu beharko genuke; izan ere, oso pertsona dinamikoa zen eta bere inguruan halako elite moduko bat eratu egin zuela esan daiteke.

Orduko euskaldun garrantzitsu asko izan zituen lagun eta lankide eta dinamizatzaile itzela izan zen. Bestalde, garai horretan ere zientzilarien artean pil-pilean zeuden gai askotan sakondu egin zuen. Guri gehien interesatzen zaiguna —eta, bidenabar, nik liburuan aztertu nahi izan dudana— euskaldunon jatorriari buruzko ekarpena da. "

Akzesitak sari txikitzat hartzen omen dira. Alabaina, jasotakoarekin pozik zaudela nabari zaizu...

Dudarik gabe, niretzat oso garrantzitsua da sari hau eskuratu izana, lau lan aurkeztu direla ikusita, nahikoa ongi geratu baikara. CAF-Elhuyar Sari hauek asko maite ditut. Euskarazko produkzioari bultzadatxo bat emateko balio dutela iruditzen zait eta, noski, euskaraz egiten den guztia bultzatu behar da, baina bereziki zientziaren eta teknologiaren alorrean. Arlo horiek gaur egun oso garrantzitsuak dira eta euskaraz egitea funtsezkoa.

Inondik inora, modako gaia dugu liburuan aztertu duzuena. Zein da lan horren helburua?

Diseinu-drogei buruz hitz egiten denean, jendeari pilula hitza datorkio burura. Alabaina, pilula horietan gauza asko aurki daitezke, diseinu-drogen artean, mota asko dagoelako; hau da, den-dena ez da estasia. Jendea nahastu samar dabilela kontuan hartuta, gure helburu nagusia jendea informatzea izan da. Diseinu-drogei buruz informazio zehatza eta zientifikoa eskaini nahi izan dugu. Era berean, noski, liburua edonork ulertzeko modukoa izatea nahi genuen. Bestalde, ez dugu ahaztu behar bi saridunok kimikariak garela eta zentzu horretan, kimikaren eta diseinu-drogen arteko sinbiosia egin nahi izan dugu. Bateko zein besteko zenbait kontzeptu azaldu dizkiogu irakurleari.

Zernolako tratamendua eskaintzen die komunikabideek diseinu-drogen gaiari?

Komunikabideek gai askotaz hitz egiten dute. Gaia berria denean informazio asko ematen dute denbora gutxian. Sarritan, korrika landutako informazioa ematen da eta, beraz, esaten dena ez da batere zehatza izaten, nahiz eta zientzian zehaztasunak garrantzi handia izan. Gure ustez, kazetariek ez dituzte hainbat kontzeptu zientifiko argi azaltzen eta, horren ondorioz, irakurleek eta ikus-entzuleek kontzeptu horien artean nahasmen izugarria dute. "

Ezusteko handia izan al da zuretzat dibulgazio-artikuluetan sari nagusia irabaztea?

Horixe baietz! Izan ere, artikulu bat aurkeztu dudan lehen aldia izan da hau eta, jakina, ez nuen espero irabaztea.

Zein arlotan ari zara lanean?

Oraingoz, ikasketetan buru-belarri murgilduta nago, biologia ikasten ari naiz eta bostgarren mailan nago.

Zein proiektu dituzu etorkizunerako?

Doktoradutza egin nahiko nuke eta horretarako beka edo laguntzaren bat eskatzeko asmoa daukat. Jasotzen badut ondo eta jasotzen ez badut, ikasten segitu nahiko nuke.

Nola otu zitzaizun artikulurako gaia?

Biologiaren kontserbazioaren gaia asko gustatzen zait. Gainera, nire ustez jendeak gero eta interes handiagoa dauka gai honen inguruan eta gai hori ezagutarazi nahi izan dut artikuluaren bidez.

Ondoren gure irakurleek zehatz-mehatz ezagutu ahal izango dute artikuluaren funtsa, baina aurreratuko al diguzu zein den lan horren tesia?

Gutxi izatearen arriskua ez dago animaliengan soilik, gizakioi gauza bera gertatzen zaigu. Kultura minoritarioek kanpokoen eraso asko dituzte eta guk gizartean hori saihesteko lan egiten dugun bezala, naturan ere, lan egin behar da. Horregatik, gero eta ikerketa gehiago egiten dira eta, nire iritziz, gainera, egin behar dira.

Zure izena nahikoa ezaguna gertatuko zitzaion bati baino gehiagori, iaz ere, protagonistetako bat izan zinen eta. Lortu duzun bigarren sariarekin gustura zaude?

Bai, noski, oso gustura nago. Iaz hirugarren geratu nintzen eta aurten, berriz, bigarren saria lortu dut eta, beraz, iaz baino gusturago egon behar dut.

Horrelako sari batek ilusioa egingo du ezta?

Niri bai behintzat. Idaztea, niri eta ia jende gehienari kosta egiten zaigu. Ordenadorearen aurrean jarri behar da, zer idatzi eta nola idatzi pentsatu, artikuluari mila buelta eman... Egindako lan horrek zerbaitetarako balio izan duela ikusteak poz handia ematen du.

Artikuluan pinudiak eta hegazti-komunitateak eskutik lotuta ageri dira. Hain estua al da harreman hori?

Hasierako ideia pinu-landaketak Euskal Herrian izan duen eragina azaltzea zen. Izan ere, duela ehun urte ez zegoen pinurik eta gaur egun, berriz, pinuz josita dago den dena. Alabaina, pinuak gaitzat hartzea ikuspegi orokorregia zela konturatu nintzen. Agian gai hori liburu baterako egokiagoa da. Orduan, gaia zerbait zehaztearren, hegaztiak hartu nituen kontuan eta pinu-landaketak Euskal Herriko hegaztiengan izan duen eragina aztertzeari ekin nion. Zeintzuk diren gehien gutxiagotu diren hegazti espezieak, zeintzuk ugaldu diren eta aldaketa horiek zergatik gertatu diren azaldu nahi izan dut. Gai oso interesgarria iruditu zitzaidan hasieratik.

Zertan ematen du bere denbora Asier Sarasuak CAF-Elhuyar Sarietako artikuluak prestatzen ari ez denean?

Duela pare bat urte amaitu nituen biologiako ikasketak eta orain biologiaren eta ekologiaren arloetan ari naiz lanean.

Garrantzi handia du hirugarren sari honek zuentzat?

J.M.: Sari bat irabaztea oso pozgarria da eta euskararen arloan irabaztea are eta pozgarriagoa. Nire ustez, horrelako ekimenak gehiago bultzatu beharko lirateke. Aurten iaz baino jende gutxiago aurkeztu da lehiaketara eta nik jendea parte hartzera animatu nahi dut, euskarari zientziaren arloan indarra eman behar zaio eta.

Zuen lanaren izenburuari erreparatuta —Positroi Igorpenaren bidezko Tomografia— nahikoa espezifikoa dela pentsa dezakegu. Zein da lan horren mamia?

Medikuntzan erabiltzen den teknika nuklear bati buruzkoa da artikulua. Oinarrizko partikulen fisikan du lan honek bere oinarria. Badirudi gai hau oso teorikoa dela eta apur bat arraroa, baina artikuluan zehar arlo horrek dituen aplikazio praktikoak oso garrantzitsuak direla azaldu nahi izan dugu. Horrez gain, teknika horren bidez medikuntza eta fisika, bi disziplina desberdinen arteko lotura posible dela froga daiteke.

Zer abantaila ditu teknika honek?

Erresonantzia magnetikoarekin alderatuz positroi igorpenaren bidezko teknikak ez du zehaztasun handiegirik eskaintzen. Guk azaldutako teknika nuklearrak, ordea, gorputzaren kimika ezagutzen laguntzen du, gorputzaren barruan substantziak nola mugitzen diren azaltzen digulako, besteak beste. Baina kontrako aldetik ere begira diezaiokegu kontu honi. Teknika hori, izan ere, nuklearra da eta, beraz, gaixoa erradiazioen menpe dago. Erradiazio guztia arriskutsua da. Bestalde, teknika oso garestia da. Partikulak azeleratzeko tresneria sofistikatua behar da eta horrek diru asko eskatzen du. Euskal Herrian, adibidez, ez dago teknika horren aplikazioa eskain dezakeen tresnarik.

BERAIEK ESANA

Nire iritziz, sari hauek oso garrantzitsuak dira; bi arrazoi nagusi aipatuko dizkizut, nahiz eta gehiago egon daitezkeen. Alde batetik sari hauen atzean CAF bezalako enpresa eta Elhuyar Kultur Elkartea egotea oso inportantea dela iruditzen zait; izan ere, zientziaren munduan batez ere, lanak nolabaiteko errekonozimendua izan behar du. Beste aldetik, sari hauek sustatzea kultur erakundetik eta industriatik ez da txantxetan hartzeko moduko kontua. Zalantzarik gabe, aitzindaria da proposamen hau eta niri gustatuko litzaidake beste zenbait enpresetara ere hedatzea eta, zer esanik ez, beste kultur erakundeetara posible balitz.

Aurrekontuek garrantzia dutela badakigu, baina nik deia egingo nuke gizarteak parte har dezan; eta gizartean enpresek bere ondarea, bere diruaren jabe dira; nik animatuko nituzke horrelako ekintzetan parte hartzeko. Horregatik oso garrantzitsua dela uste dut. Aurtengoa hirugarren txanda da, beraz nolabait hau gorpuztuta dago. Hasieran, lehenengo urtean, Jainkoak daki zer gerta zitekeen, baina hiru urteren buruan egina edo umotuta dagoela esan daiteke eta alde horretatik ere pozteko arrazoiak badaude.

Niri horrelako ekimenak beti iruditzen zaizkit ikaragarri positiboak. Uste dut gaur, hemen, bai Inaki Irazabalbeitiaren eta bai Andres Arizkorretaren, CAFeko zuzendariaren, hitzak entzun ondoren ez dagoela inolako zalantzarik. Kalitatea badago eta merezi du CAF Elhuyar Sariarekin aurrera egitea. Balorazioa erabat positiboa egin beste aukerarik ez dago ia-ia.”

Unibertsitatean dabilen jendea eta gaztedia horrelako lanek eskatzen duten disziplinan sartzea oso baliagarria da. Gainera, lan hori euskaraz egiteak normalizazio-bidean garrantzi handia du. Sariari berari dagokionez, nire ustez, Elhuyar eta CAF elkarrekin egoteak esangura berezia du. Hizlari batek esan duen bezala, industria, zientzia, teknika eta gizartea uztartzeko bidea baita CAF-Elhuyar Saria.

Euskalduntze eta Alfabetatzeen ikuspuntutik lan asko dago egiteko. Gaur egun alfabetatze alorra alfabetatze orokorrean oinarritzen da bereziki, baina gerora begira gero eta alfabetatze sektorial gehiago sortzen ari dira; hain zuzen ere Elhuyar aitzindaria da langintza horretan eta hori bezala beste esparru batzuk sortzen ari dira. Hemen dira adibide gisa, aipatu diren Kimika, Biologia eta Ingurugiroko hainbat gai. Nik uste dut hori guztia ona dela gerora begira ikasleek, alfabetatzen ari direnean eta ikaskuntzako goi-mailetan, gaikuntza hori emateko.

Edozein kasutan ere, hori ez dute instituzioek bakarrik bideratu behar eta horretan protagonismoa hartu behar dute herritarrek. Nik uste dut gure eginkizun hori euskaltegietara eta euskara ikasi nahi duten guztiengana zabaltzea dela. Eta horrekin segitzea oso garrantzitsua da, esparru hori egunero-egunero lantzen joango delako eta denontzat mesedegarria izango delako.

Egia esan behar badizuet, inbidiaz ikusi dut sariketa. Euskara letratako zerbait dela esaten da beti, filologia edo literaturarekin lotzen da gehienetan. Zientziarekin lotutako gaietan partaidetza ona dagoela ikusteak inbidia ematen dit. Nire arloan, historian, zientzia hutsarekin zerikusi handirik ez duten gaietan horrelako zerbait egitea, gaur gaurkoz ez zen seguruaski posible izango. Beste batzuk aurretik daudela ikusteak eta nondik segitu badugula pentsatzeak —inbidia ematen didala esan dut lehen eta halaxe da— aldi berean, poztu egiten nau.

Bertsolaritzan, literaturan eta oro har, kulturan badira era honetako sariak.Zientziaren eta enpresaren alorrean, aldiz, ez horrenbeste eta sari honek beste mundu bat ezagutzera ematen digu. Sari honetan CAFen partaidetza oso garrantzitsua da eta sariketa originala da alde horretatik. Gainera, badirudi maila ona dagoela eta, hemen aipatu den bezala, bertako lanak kontrastatu egin beharko lirateke hemendik kanpo ere. Ikusi beharko litzateke lan horiek guretzat bakarrik diren baliagarri ala benetan zientzia munduan oro har diren baliagarri. Nire ustez, zientziaren alorra garrantzitsua da, originala eta era berean, gutxi landua eta gutxi ezagutua.

Niretzat ustekabea izan da, adibidez, saritutako bat, Jon Larrañaga, andoaindarra dela jakitea. Ez nekien biologoa zenik ere. Errazagoa da ezagutzea futbolaria edo bertsolaria. Zientziaren mundua ezkutuan geratzen zaigu hortan murgilduta ez gaudenoi. Alde horretatik positiboa ikusten dut sariketa hau. Gutxienez urtean behin gazteen izenak entzun ahal izango ditugu eta pixkanaka ezagutu egingo ditugu.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.