Bizkaiko ibaien ekologia hobetzeko neurriak

Kortabitarte Egiguren, Irati

Elhuyar Zientzia

Bizkaiko Foru Aldundiak sei jarduera-eremu finkatu ditu uren politikari dagokionez. Horietako bat da, hain zuzen ere, ur kontinentalen kalitate ekologikoa hobetzeko egingo den ahalegina. Ekimen horren helburua da ibaiak babestea eta berreskuratzea, betiere ibaiaren ibilguek eta ekosistemek izan ditzaketen arazoei aurre eginez.

Bizkaiko ibaien ekologia hobetzeko neurriak
2006/11/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia)

Ibaietako ekosistemak zaintzeko, hainbat egitasmo eta azterketa abiarazi dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailean. Ingurumeneko eta Hidrologiako ekintza-planak, esaterako, Bizkaiko hainbat ibaik bere onera itzultzeko duten beharrari erantzuten dio. Izan ere, oro har ingurumenean bezala, ibaietan ere nabari da gizakiaren eragina, eta Bizkaiko hainbat ibairen kondizio naturalak aldatu egin dira eragin horregatik.

Ekintza-planetan, ibaietako uren ibilbidean aurki daitezkeen ezohiko egoerak aztertu, eta ibaien kalitate ekologikoa berreskuratzeko neurriak jasotzen dira. Halaber, Bizkaiko uren egoera hidromorfologikoa eta ekologikoa hobetzen lagundu beharko du.

Horretarako, Bizkaiko ibaietako 74 ingurune aztertu dituzte. Ingurune bakoitzean aurkitutako arazoen arabera, hainbat jarduera egitea proposatzen dute Bizkaiko Foru Aldundiko adituek: egonkortze hidraulikoa eta hidrologikoa, habitaten hobekuntza, erabilera sozialerako egokitzapena, isurialdeko arroetako ekintza-planak eta azpiegituretarako berariazko jarduerak.

Iragan apirilean eta maiatzean, esaterako, Gobela eta Torre ibaiek bat egiten duten Sopelako ingurunea berreskuratu zuten. Estepona ibaian, berriz, Bakio inguruan, higadura-prozesuak zuzentzeko, egonkortzeko eta aurreikusteko lanak hasi berri dituzte, baita toki horretako landaredia eta paisaia hobetzeko lanak ere.

Horrez gain, ibaiak bere bazterretan sor dezakeen higadurari aurrea hartzen eta arazo hori konpontzen dihardute. Horren harira, ibaiaren ibilguan eta ibaiertzean dauden hondakin geldoak ezabatuko dituzte, higadura-prozesu horietan uretara eror ez daitezen.

Ezkerraldean Gobela ibaiaren egoera lanak hasi aurretik, eta eskuinean, berriz, gaur egungo egoera.
Bizkaiko Foru Aldundia

Halaber, ibaiertzetan landaretza sartuko dute. Ingurunera egokitutako espezieak eta ekosistemaren oreka hautsiko ez dutenak erabiliko dituzte horretarako. Ondorioz, zoruaren gaitasun biologikoa eta uren kalitatea hobetuko dira, besteak beste.

Uren ibilbidean aurki daitezkeen oztopoak

Urteetan zaindu da arroetako saneamendua, baina orain konturatu dira hori ez dela nahikoa. Alegia, uraren kalitate onak ez du bermatzen ur horietako habitata berreskuratzea. Izan ere, beste hainbat faktore hartu behar dira kontuan. Horietako bat da, eta garrantzitsuenetarikoa beharbada, dikeak eta presak egotea ibaiaren ibilguan. Gainera, gaur egun, horietako hainbat eta hainbat dike eta presa ez dira erabiltzen, eta espezieen migraziorako oztopoa besterik ez dira.

Presa gehiegi egoteak --handiak nahiz txikiak izan-- ibaien jarraitasuna asaldatzen du. Hori gutxi balitz, hondakin-isurketek erreken eta ibaien kalitatea asko gutxitzen dute. Izan ere, horiek guztiak hesiak besterik ez dira ibaietako ekosistementzat; garraio- eta sedimentazio-mekanismoak, espezieen migrazioa eta landaretza oztopatzen dituzten hesiak, alegia.

Horregatik, presen eta ibaien jarraitasuna eragozten duten bestelako oztopoen inbentario bat egin dute. Egungo egoeraren azterketa egin dute eta egoera hobetzeko aukerak ere aztertu dituzte, Bizkaiko ibaietako arrainak nolabait libre eta ingurune osasuntsu batean ibil daitezen. 864 presaren eta presa txikiren inbentarioa egin dute, eta, horien guztien inpaktuaren azterketa egin ondoren, lehentasunezko hainbat jarduera zehaztu dituzte, betiere, Bizkaiko ibaietako arrain-hazkuntza kontuan hartuta.

Estepona ibaian, Bakio inguruan, lanak hasi berri dituzte.
Bizkaiko Foru Aldundia

Batetik, ibilgu paraleloak eraikitzea aurreikusi dute, espezieen ohiko joan-etorriak eragozten edo zailtzen dituzten oztopoak gainditzeko. Zentral hidroelektrikoen turbinen gisako eremu arriskutsuak saihesteko, berriz, bestelako igarobideak eraikitzea pentsatu dute. Gaur egun erabiltzen ez diren oztopoak erabat, edo hein handi batean behintzat, ezabatu edo bota egingo dira, besteak beste, bertan behera gelditu diren presak. Horren harira, ibaiek zenbateko emaria izan behar duten zehaztuko dute.

Jarduera horiek guztiak, oraingoz, uraren kalitatea hobetu den edo hobetzeko bidean dagoen eremuetan, eta ibaiertzen egoera ona denetan ezarriko dira. Ibaiertz horiek guztiak egokitzea aurreikusita dago, landaretza berreskuratzeko eta paisaiak bestelako itxura bat hartzeko.

Etorkizunean, jarduera horiek guztiak eta beste hainbat egiteko asmoa dute; besteak beste, presen hustubideak eta uraren kalitatea zainduko dituzte, hondakinak eta zaborrak ezabatuz.

Kortabitarte Egiguren, Irati
3
225
2006
11
037
Ekologia; Hidrologia; Ingurumena
Artikulua
52

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.