Birus patogeno berrien detekzio genetikoa

Basaras, Miren

Mikrobiologiako Irakasle Titularra

Noizean behin odol-transfusioren bat jasateko arriskua denok dugu. Beti espero duguna odol hori “garbia” izatea, hots, mikroorganismorik gabekoa izatea da. Azken urte hauetan gero eta mikroorganismo berri gehiago identifikatzen ari dira eta hauetariko batzuk odolari esker nahiko erraz garraiatzen direla ikusi izan da. Hauetan badaude hepatitisak sortarazten dituzten batzuk, hala nola C hepatitisaren birusa (CHB), G hepatitisaren birusa (GHB) eta oraintsu aurkitu berri den TTV edo “Transfusion-Transmitted virus” izenekoa, birus hauek gizakiarentzat kaltegarriak edo patogenoak direlarik.

Bestetik, birus hauek odol-transfusioz gain beste era batzuetan ere sar daitezke gizakiaren barnera eta gizakiz gizaki transmititu, bide parenteralarekin zerikusia duten bideei jarraituz: xiringa konpartituak, dialisiak egitean erabiltzen diren aparatu komunak, kirurgiako tresneria, eta abar. Hauetariko bide batzuk, beraz, ospitale barnean egon daitezkeenak dira eta horrela kutsatzen den jendeak infekzio nosokomialak harrapatzen dituztela esaten da, ospitale barnean hartu baitute infekzioa eta gainera bide berdinetik. Bestetik, posible da sexu bidez transmititzea eta amak bere umeari transmititzea ere (transmisio bertikal deiturikoa). Transmisioko mekanismoa zein den ezagutzea, hortaz, oso garrantzitsua da, bide hori lehenbailehen mozteko edo deuseztatzeko.

Detekzio-metodoei buruz, CHBren kasuan, bere identifikazioa proba serologikoak eginez gauza daiteke, hau da, antigorputzak agertzen diren edo ez determinaturik; baina informazio honek ez digu birus horren egoera zein den, modu aktiboan erreplikatzen dagoenentz, guztiz adierazten. Aipaturiko beste bi birusen kasuan, aldiz, gaur egun ez dago proba serologikorik edota dagoen bakarra (GHBren kasuan) ez da erabat fidagarria. Beraz, derrigorrezkoa da birus hauek identifikatzeko metodo arinak eta eraginkorrak bilatzea. Gaur egun biderik azkarrena genoma bera detektatzen duten metodoak dira. Horretarako, polimerasaren erreakzio kateatua (PCR) teknikaren bidez anplifikatu egiten da genomaren zati bat eta, ondoren, zati horren nukleotidoen sekuentzia ikus daiteke sekuentziadore automatikoa erabiliz.

Sekuentziadoreak baimentzen digu genoma bera irakurtzea eta birus bakoitzean agertzen diren genotipoak aztertzea. Era berean, sekuentziazioak genoman dauden aldaketak edo mutazioak detektatzen uzten digu. Horrela, aipaturiko birusak pazientearen barnean daudenean mutatzen edo aldatzen diren ikus daiteke edota paziente batetik bestera dagoen aldakortasuna neurtu. Aldaketa hauek gaixoen barneko birusen arteko distantzia genetikoa deiturikoa ematen dute. Ordenagailu-programak erabilita distantzia genetiko hauek eratzen dituzten zuhaitz genetikoak eraiki daitezke eta, horrela, gaixoz gaixo beha daiteke birusen arteko berdintasuna zein den. Gaixo bi zuhaitz genetikoan zenbat eta hurbilago egon, hainbat eta berdintsuagoak izango dira beren barnean dauden birusak eta honek ondoriozta dezakeena hau da: transmisioko edo kutsatzeko bidea berdina izan ote den, adibidez infekzio nosokomiala aparatu baten bidez izan den edo anestesia emateko gaixotan xiringa bera erabili den, eta abar.

Gure lan-taldearen asmoa, beraz, CHB, GHB eta TTV birusen identifikazio-metodo arinak garatzea da eta zenbait populazio-talde aztertzea (odol-emaileak, benabarnetiko drogazaleak, hemodializatuak, hepatitisa dutenak). Gure lurraldeko talde hauetan aipaturiko hiru birusen prebalentzi-tasak zehaztu eta beren genotipoak determinatu ondoren, birusen aldakortasun genetikoa detektatuko dugu gaixoz gaixo. Gure lurraldean eta nazioarteko beste zenbait lekutako emaitzak konparatuz gero, genotipo desberdina dagoela determina daiteke geografikoki eta, askoz garrantzitsuagoa, klinikoki, genotipo eta klinikaren arteko loturaren bat bilatu ahal izateko. Horiekin guztiekin lortu nahi dena hau da: birusen kutsapen edo transmisio bideak zeintzuk diren ikustea eta infekzio nosokomiala ote dagoen baieztatzea. Informazio hau ospitaletako sendagile eta agintarientzat baliagarria izango da behar diren prebentzio-neurriak hartu ahal izateko eta kutsatzeko bide horiek ezabatzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila