Biozientzien erronka berriak

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Osasunak eta, oro har, biozientziek bideratuko dute teknologia datozen urteetan. Hori uste dute, behintzat, Europako gobernu gehienek, eta hori kontuan hartuta erabaki dituzte ikerketa-estrategia orokorrak. Euskal Herrian ezer gutxi egin da oraindik; ikusi besterik ez dago: osasun-produktuei dagokienez, ia erabateko menpekotasuna dago kanpoarekiko. Hori dela eta, etorkizunean osasunaren eta biozientzien garapena ziurtatzeko sustatu behar diren sektore berriak zein diren erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Proiektuetako parte-hartzaileak: Biologiaren hurrengo erronka: proteomika! Bioinformatika, ezinbesteko tresna
(Argazkia: Gaiker).

Biozientzien inguruko proiektuak sustatu eta koordinatzeko bi zentro eraikiko dira. Bata Zamudioko parke teknologikoan egongo da, Bizkaian, eta BIOGUNE izeneko proiektua koordinatzeaz arduratuko da, alegia, osasungintzaren eta biofarmakologiaren inguruko proiektuaz. Bigarren zentroa Donostian egongo da, Miramongo parke teknologikoan, eta biomaterialei buruzko ikerketak sustatuko ditu MAAB proiektuaren bidez.

Eusko Jaurlaritzako Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak koordinatzen ditu proiektu horiek guztiak. Maria Agirre Biobask agentziaren arduradunaren esanean, “ kooperazio-zentro horien helburua argia da: ditugun errekurtsoak koordinatzea eta aprobetxatzea. Horretarako, agente guztiak nukleo geografikoetan bateratuko ditugu. Gutxi gara, baina potentziala aprobetxatu beharra dago”. Gainera, 2010erako biozientzien alorrean 3.000 lanpostu berri sortzea dute helburu. Ez, ordea, edozein gaitan.

Hezurrak sortzeko, material porotsuak erabiltzen dira euskarri gisa. (Argazkia: N. Rementeria).

Mariaren iritziz, “Patenteak eta enpresa berriak sortuko dituztenak sustatuko dira, edo komertzialki ustiatuko direnak”. Hortaz, sustatu nahi diren alorrak hiru programatan sailkatu dituzte: batetik, genomika, proteomika eta biofarmakologia; bestetik, biomaterialak; eta, azkenik, elikagaien segurtasunarekin zerikusia duten proiektuak.

Guztiak dira garrantzitsuak. Batzuk mundu-mailako ikerketan estrategikoak direlako aukeratu dira. Beste batzuk, ordea, Euskal Herrian behar edo indar berezia dagoelako.

Biomaterialak

Inasmet Fundazioan garrantzi handia du biomaterialen ikerketak. (Argazkia: N. Rementeria.

Medikuntzan gero eta ohikoagoa da material sintetikoak gorputz barnean ezartzea, protesiak edo taupada-markagailuak kasu. Material horiek ez dute gorputzean erantzun alergikorik ez bestelakorik eragin behar, hau da, biobateragarriak izan behar dute. Biomaterialak dira horiek.

Kontuan hartuta biomaterialen teknologiak, ehun-ingeniaritzak eta nanobioteknologiak zeresan handia emango dutela aurrerantzean, hainbat proiektu landuko dituzte. Hasteko, ehunak birsortzen ari dira lanean. Hezurra, kartilagoa, azala, kornea eta bestelako organo eta ehunak birsortzeko gai diren biomaterialak ikertzen ari dira. Goyo Ortiz de Urbina Inasmet-eko ikertzaile eta Biobask-eko biomaterialen inguruko proiektuen arduradun nagusiaren esanean, bioaktibitatea duten materialak ere aztertzen dituzte, “kaltetutako elementu bat ordezkatzeaz gain, funtzionalki aktiboak diren materialak, biobateragarriak, bioaktiboak eta biomimetikoak diren materialak, protesiak egiteko, adibidez”.

Biomaterialak erabilita, belauneko protesiak garatzen ari dira Inasmeten. (Argazkia: N. Rementeria).

Gorputz barnean sartutako biomaterialaren funtzionamenduaren berri emango duten biosentsoreak ere ari dira garatzen, material horrek ehunekin duen bateragarritasuna egokia den aztertzen duten aparatu edo gailu txikiak. Medikuek biomaterialaren funtzionamendua monitorizatu ahal izango dute sentsore horien bidez.

Bestalde, kirurgia-operazioetan oso erabilgarriak izango diren mikrokamerak garatzea ere badute helburu. Instrumentu txikiak garatu nahi dituzte, ebakuntzan ahalik eta kalterik txikiena egiteko.

Maria Agirre da Biobask agentziaren arduraduna. (Argazkia: A. Agirre).

Baina bestelako erabilerak ere badituzte biomaterialek. Esaterako, botiken dosifikazioa hobetzeko erabiltzen dira. Izan ere, botikak oso kopuru txikietan eta gorputzeko organo jakin batera jariatu behar izaten dira. Horregatik, botika estaltzeko biomaterial egokia diseinatu behar da, dagokion tokian disolbatzen dena.

Genomika eta proteomika

Azken urteotan giza genoma argitu izanak mugatuko du, neurri handi batean behintzat, mende honetako medikuntzaren norabidea. Genoma ezagutzeak gaixotasun genetikoak aurrez diagnostikatzeko aukera emango du, eta, bide batez, hainbat gaixotasun garatzeko pertsona bakoitzak duen arrisku genetikoa ezagutzekoa ere bai. Genomikaren helburuetako bat osasuna zaintzeko analisi genetikoak ohiko bihurtzea da, eta Eusko Jaurlaritzak gai estrategiko gisa sartu nahi izan du hori.

Dena den, genomikak beste ikerketa-alor oso garrantzitsu bati ireki dizkio ateak: proteomikari. Aurrerantzean biologian zeresan gehien emango duen alorra izango da, seguruenik. Geneak ez baizik proteinak aztertzen ditu proteomikak, proteinak direlako azkenean gaixotasunen eragileak.

Uste izatekoa da unibertsitate, enpresa eta ospitaleen arteko elkarlanak emaitza onak emango dituela etorkizunean.

Proteomikaren barruan hainbat proiektu finantzatuko dira. Euskal Herriko Unibertsitatean kokatuta dagoen Biofisika Unitatean egingo dira horietako batzuk. Batetik, proteinak nola tolesten diren ikertuko dute, horren araberakoa baita proteinen aktibitatea. Gaizki tolestutako proteinek gaixotasunak sortzen dituzte maiz eta, beraz, proteinen tolestura desegokiarekin zerikusia duten proiektuak garatuko dira, gaixotasun neurodegeneratiboekin eta kardiobaskularrekin zerikusia dutenak, hain zuzen ere.

Baina, oraingoz, ez daude guztiz garatuta proteomikan erabili beharreko teknikak eta, hori kontuan izanik, tolestura aztertu eta proteinak karakterizatzeko erabilgarriak izango diren software- eta hardware-erremintak ere garatuko dira, EHUko Kimika Fisikoa Sailak koordinatuta. Batetik, proteinen tolestura iragartzeko programa egokiak diseinatu nahian dabiltza, eta, bestetik, proteomikan erabitzen diren MALDI-TOF espektrometro berriak eta zehatzagoak garatu nahi dituzte. Oso alor defizitarioak dira horiek Euskal Herrian eta munduan, orokorrean.

Neurozientziak eta onkologia

Ospitaleetako ikerketa sustatzeko ahalegin handiak egiten ari dira proiektu hauetan.

Minbiziaren inguruko ikerkuntzak ere sustatuko dira Biobask proiektuaren barnean. Gaixotasun askoren multzoa da minbizia, baina populazioan duen eragina handia denez, ikertu beharrekoa. Orain arte Euskal Herrian minbiziaren inguruko ikerketa gutxi egin da. Biobask-ek, ordea, zenbait proiektu sustatuko ditu aurrerantzean osasun-sistemarentzat interes handikoa delako.

Bestalde, ahalegin berezia egingo da neurozientzien alorrean. Maria Agirrek berak aitortu duenez, “gero eta ohikoagoak dira nerbio-sistemarekin erlazionatuta dauden hainbat gaixotasun. Gainera, zahartzen ari den gizartean bizi garenez, kezka handia sortuko duen gaixotasun-mota izango da hau”. Horregatik, gaixotasun neurodegeneratiboak ikertzeko dirua jarriko du Eusko Jaurlaritzak. Gaixotasun horien oinarri biologikoa zein den eta nola senda daitezkeen aztertuko da. Izan ere, Euskal Herriko Unibertsitatean urte asko daramatzate horrelakoak ikertzen, eta Osakidetzako ospitaleekin zein enpresa bioteknologikoekin ari dira elkarlanean.

Azken hori da, hain zuzen ere, Biobask 2010 proiektuaren beste helburuetako bat: ospitaleetan ikerketa zientifikoak sustatzea. Mariaren iritziz, “ospitaleetan ikerketak egoera zaila bizi du, eta gaixoen zaintzari zein gestioari ematen zaion garrantzi bera izatea dugu helburu. Batez ere, beharrezkoa da gainerako ikertzaileekin elkarlanean aritzea. Izan ere, unibertsitateetan oinarrizko ikerkuntza egiten dutenek medikuen laguntza behar dute; medikuek dituzte laginak eta gaixoen espediente klinikoak. Garatu dituzten botika berrien eragina zein den ezingo dute jakin bestela. Eta berdin medikuek: ezingo dute entsegu klinikorik egin aurretik ikertzaileek egin behar dituzten oinarrizko ikerketa eta saiakerak egin gabe”.

Bestelako gaixotasunak

Biozientzien garapenak geldiezina dirudi.

Bakterioek sortzen dituzten gaixotasunak edo infekzioak tratatzeko antibiotikoak erabili izan dira orain arte, baina dagoeneko emaitza berri gutxi ematen du metodo horrek. Hortaz, tratamendu berriei bidea egingo dieten ikerketak egiten ari dira Euskal Herriko Unibertsitatean, hor badirelako urte askoko esperientzia duten ikerketa-taldeak. Biofisikako Unitatean, esaterako, birusen eta bakterioen toxikotasun- eta infekzio-mekanismoak ikertzen ari dira. Bakterioek sortzen dituzten toxinen aktibitatea ulertu nahi dute, zelulen mintzak nola irekitzen dituzten aztertu eta etorkizunean horien aurkako botikak eta txertoak garatu ahal izateko.

Gaixotasun autoimmuneei dagozkien ikerketak ere nabarmen sustatuko ditu Biobask-ek, eta onddoek sortutako gaixotasunak diagnostikatzeko kit bereziak ere ari dira prestatzen. Neurri handi batean, beraz, biozientzietan zeresan handia emango duten proiektuak dira denak.

BIOGUNE proiektuko parte-hartzaileak:

  • AZTI
  • CIDETEC
  • INBIOMED
  • CEIT
  • GAIKER
  • LEIA
  • CIC BIOGUNE
  • IKERLAN
  • NEIKER

EHU (Konputazio Zientziak eta Adimen Artifizialaren Saila; Animalien Biologia eta Genetika Saila; Biokimika eta Biologia Molekularra Saila; Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoa Saila; Fisiologia Saila; Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saila; Lengoaia eta Sistema Informatikoak Saila; Neurozientziak Saila; Kimika Aplikatua Saila; Nutrizio Saila; Kimika Fisikoa Saila; Kimika Organikoa Saila; Biofisika Unitatea).

MAAB proiektuko parte-hartzaileak:

  • AZTI
  • INASMET

CIC biomat eta osasun-produktuak EHU (POLYMAT)

  • CIDETEC

Giza genoma sekuentziatu ondoren, indar handia hartzen ari da lan-esparru berri bat: proteomika. Proteoma ikertzen du proteomikak, alegia, genoma batetik abiatuta eratzen diren proteina guztien multzoa.

Giza genomaren sekuentziazioa amaituta, aurkitutako informazioa argitu beharra dago orain, eta, hortaz, proteinak dira orain ikertzaileen helburu berria. Proteinen egitura eta funtzioa argitu beharra dago, proteinak baitira zelularen benetako langileak; geneetan idatzita dauden aginduak betetzen dituzte, nolabait. Eta proteina horiek akastunak badira, edo kantitate desegokian badaude, orduan sortzen dira gaixotasunak. Adibideak ugariak dira: Alzheimer-en gaixotasuna, behi eroen gaitza... Prozesu patologikoetan zuzen-zuzenean inplikatuta daude proteinak. Hortaz, oso garrantzitsua da proteinak nolakoak diren jakitea, eta gaixotasunak zein kasutan sortzen diren aztertzea. Alegia, ikertzea gaixotasun bakoitzean zein proteina-patroi mantentzen den.

Orain arte ere egin izan dira proteinen inguruko ikerketak, baina proteinak banan-banan aztertuta; proteomikan eskala askoz handiagoan ikertzen da, genomikan geneak ehunka sekuentziatzen diren bezalaxe. Proteina bakoitzak gainerako proteomarekin dituen elkarrekintza metaboliko guztiak aztertu nahi dira, esaterako.

Gaur egun, ikerketa-lerro askotan, proteomikan eta genomikan, esaterako, izugarrizko datu-piloa jasotzen da. Datu horiek guztiak egoki jaso eta interpretatzen laguntzeko beharrezkoa da ordenagailu-programa konplexuak erabiltzea. Lan hori hain zehatza izanik, biologia, informatika eta teknologia uztartzen dituen tresna bat jaio da: bioinformatika.

Adibidez, lehen, gene bat sekuentziatzeko, hilabeteak behar izaten ziren; gaur egun, ordea, egunean ehunka gene sekuentziatzen dira. Datu horiek guztiak interpretatzeko ezinbestekoa da bioinformatika.

Hori dela eta, bioinformatikak aurrerakada handia izan du azken hamarkadan eta, aldi berean, garatzen jarraitu beharra dauka beste arloek ere aurrera egin dezaten: auzitegiko medikuntza, antropologia, izurriteen kontrola, genetikoki eraldatutako organismoen sorkuntza... geroz eta gehiago dira bioinformatikaren abantailez baliatzen diren aplikazioak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila