Biogiltz, esku guztientzako giltza

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Segurtasunaren izenean, giltzak erabili ohi ditugu babestu beharrekoa giltzapean jartzeko. Hala, giltza duenak bakarrik izango du babestutako altxorrera iristeko aukera. Gehienok egunero giltzak erabiltzen ohituak bagaude ere, pertsona guztientzat ez dira erraz erabiltzeko moduko tresnak. Biogiltz proiektuaren helburuetako bat pertsona horiei ateak irekitzea da.
Biogiltz, esku guztientzako giltza
2008/10/01 | Etxebeste Aduriz, Egoitz | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: 96dpi)

Euskadiko Telekomunikazio, Elektronika eta Informatikaren Klusterrak (GAIA) sustatu du BIOGILTZ-Giltza Biometrikoa, Deustuko Unibertsitatearekin eta Bizgorre enpresarekin batera. Giltza beti eskura izateko modua eskaintzen du proiektu horrek. Are gehiago, eskua bera da proiektu horretako giltza; edo giltzaren zati bat, behintzat. Izan ere, irrati-maiztasunaren bidezko identifikazioan eta esku-ahurreko zainen patroi biometrikoan oinarritzen da proiektu horretan garatu duten giltza biometrikoa.

Sarbidea kontrolatzeko sistema integral baten prototipoa da giltza biometrikoa. Ez dute teknologia berririk sortu, baina, hainbat teknologia integratuz, sistema berritzaile bat garatu dute. Batetik, aipatutako irrati-maiztasuneko teknikak eta teknika biometrikoak konbinatu dituzte. Baina, ahotsa sintetizatzeko eta ezagutzeko teknologiak ere erabili dituzte; eta, horrez gain, urrunetik kudeatzeko aukera dago.

Sarbidea baimenduta duten erabiltzaileek lehenik erregistratu egin beharko dute; hau da, sistemak erabiltzaile horien esku-ahurreko zainen patroia erregistraturik izan behar du. Bestalde, irrati-maiztasuneko igorgailu bana izango dute erabiltzaileek. Horrela, irrati-maiztasuneko hargailu batek giltzapeko eremura sartu nahi duen erabiltzailearen identitatearen berri emango dio sistemari. Atearen inguruan erabiltzaile bat detektatutakoan (irrati bidez), erabiltzaileak eskua sentsore biometrikoaren gainean jarri zain geratzen da sistema.

Eskua da giltza

Eskua sentsorearen gainean --zentimetro gutxi batzuetara-- jartzea nahikoa da atea irekitzeko. Ez dago sentsorea ukitu beharrik. Hortaz, oso higienikoa da sistema, egokia jende askok erabili beharreko tokietan instalatzeko.

Gainean jarritakoan, sentsoreak eskaneatu egiten du eskua. Horretarako infragorri hurbileko izpiak igortzen ditu, eta, eskuak islatutako izpiak jasoz, esku-ahurraren irudia lortzen du. Irudi horretan, argi eta garbi ikusten dira zainak. Izan ere, odoleko hemoglobina erreduzituak xurgatu egiten du infragorri hurbileko izpien zati bat, eta, sentsoreak hartutako irudian, sare beltz bat balitz bezala ikusten dira zainak.

Sentsore biometrikoak esku-ahurra eskaneatzen du.
Fujitsu

Lortutako zainen patroia eta erabiltzaile horrentzat erregistratutakoa konparatuko ditu sentsoreak. Zainen patroiek ezaugarri bereizgarri ugari dituzte, eta ez daude patroi bereko bi pertsona; ezta bikien kasuan ere. Are gehiago, bi eskuetako patroiak ere desberdinak dira. Beraz, eskuinekoarekin erregistratu denak ezingo du atea ezkerrarekin ireki. Bestalde, faltsutzeko oso zaila da; besteak beste, sentsoreak zainen irudia lor dezan beharrezkoa baita zainetan odola ibiltzea.

Hortaz, segurtasun handiko eremuetarako sarbidea kontrolatzeko erabil daiteke sistema hori; enpresek eta erakunde publikoek beren eremu mugatuak babestu edo haietako segurtasuna handitu dezakete giltza biometrikoarekin. Gainera, urrunetik kudeatzeko aukera duenez, erakundeek erraz kontrolatu ahal izango dute kideen sarbidea.

Urrunetik kudeatzeko aukera horrek badu beste abantaila bat ere: enpresa banatzaileek bezeroei zerbitzu teknikoak eskaintzeko aukera izango dute, modu zentralizatuan.

Esku guztientzat

Bestalde, giltza biometrikoa oso baliagarria da, orobat, ohiko giltzak erabiltzeko zailtasunak izan ditzaketen pertsonentzat. Hain zuzen ere, minusbaliotasunen bat duten pertsonen eta haiei laguntzen dietenen bizi-kalitatea handitzea da Biogiltzen helburuetako bat.

Besteak beste, ikusmen-urritasuna duten pertsonentzat, eta oroimen-galerak dituztenentzat, ohiko giltzak oztopo handiak dira. Eta, sistema berri honek autonomia handiagoa izaten laguntzen die pertsona horiei, eguneroko jarduera nabarmen errazten baitie.

Deustuko Unibertsitateko eVIDA-PAS taldea prototipo funtzionalarekin.
GAIA

Sistemak esku-ahurra identifikatu eta atea irekitzen duenean, ahots-sintetizagailuak adieraziko du atea irekita dagoela. Gainera, entzumen-arazoak dituztenek ere arazorik izan ez dezaten, funtzio bera duten argi adierazle batzuk ere jarri dituzte.

Sistema kudeatzen duen aplikazioa diseinatzerakoan ere kontuan izan dituzte minusbaliotasunak dituzten pertsonak. Hori dela eta, software atsegina eta ukipen-pantailak erabili dituzte; ahalik eta pertsona gehienek erraz erabiltzeko modukoa izan dadin.

Prototipoak ONCEren oniritzia jaso du, eta zaharren egoitzetan jartzeko aukera ere aztertzen ari dira. Oraindik probako fasean dago giltza biometrikoa, eta proiektuaren arduradunek uste dute 2010ean merkaturatzeko prest egongo dela.

Etxebeste Aduriz, Egoitz
3
246
2008
10
027
Unibertsitateak; Teknologia; Elektronika
Artikulua
24
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila