Bidasoa ibaia

Txingudiri buruzko artikulu-sailari amaiera emateko, beharrezkoa da padura eta estuario osoko eragilerik handiena aztertzea (Bidasoa ibaia alegia); bera baita padurako idoiak (idoiak dio-gunean, limoak esan nahi dugu, hau da, ibaietako lurzoru hezeak) osatzen dituzten materialen eta ur gezaren jatorria. Gainera, ezin da ahaztu Bidasoa Hego Euskal-Herriko azken ibai izokinduna dela, bere ertzetako herrien industrializazio urria dela eta.

Bidasoa ibaiak ondo mantendu ditu bere ertzetako basoak, honek lotura estua du eta ibai honetako bizi-dibertsitate handiarekin.
M. Estonba

Dena den, Gipuzkoan zehar doan ibai-guneak du paduran eraginik handiena. Ez arrazoi politikoengatik, noski (zati hau Nafarroa, Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko muga delako); zenbait oinarri fisiko, kimiko eta biologikorengatik baizik:

  • Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko muga den Endarlatsa inguruan, presa bat eraiki zuten aspaldi, eta horrek moztu egin zuen goiko material gehienen garraioa. Beraz, gaur egun padurara heltzen diren material gehienen jatorria, presa horren azpian amaitzen den Endara erreka da.
  • Endara errekak Bianditz eta Aiako Harriaren mendilerro granitikoa zeharkatzen duela kontutan hartzen bada, Txingudin aurki dezakegun zenbait mineral Euskal Herriko gainerako estuarioetan zergatik ez diren agertu ulertuko dugu.
  • Honek eragin zuzena du, bai lan-daredian, eta bai padurako fau-nan (ornogabeen originaltasunean gehienbat).
Behobiako ibai-lurmena, kanalizazio eta eraikuntzarik gabe gelditzen den azken zatia, argazkian agertzen den Puntxas aldea da. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru-Aldundiak eta Irun eta Hondarribiako udalek sinaturiko hitzarmenean ibai-lurmen hau agertzen bazen ere, bertan eraiki nahi duten ZAISAko bigarren faseko proiektuak ez du inolako parametroekologikorik kontutan hartu.
M. Estonba

Bidasoa ibaiaren beheko guneari dagokionez, komeni da Bidasoa ibaiaren zehaztasunetara pasa baino lehen, ingurune horretako zen-bait ezaugarri orokor azaltzea.

Ekologian “Potamon” izenez eza-guna den ibai-gune honetan, alda-pa leundu ezezik, ibaiak meandro handiak sortzen ditu, aldapa-leuntze horrek eragiten duen abiadura-moteldura ekidin nahian. Faktore hauek eta guneotan ibaiak daraman ur-kantitate handiak, ur mantsoko ubide zabal eta sakonak egotea eragiten dute.

Ibaiak ekarritako materialen granulometriari dagokionez, gehienbat legarrez osatuta dago, baina alderdi mantsoenetan, idoi-metaketa has-ten da, estuariotik zenbat eta hurbilago, metaketa hainbat eta handiagoa delarik.

ZAISAko lehenengo faseak Behobiako ibai-lurmenean eragindako kanalizazioa.
M. Estonba

Faktore fisiko-kimikoetan ere, aldaketa nabariak gertatzen dira:

  • Ur-mugimendu laminarra dela eta, uherdura eta ur-korronteari esker lor daitekeen oxigeno-diluzioa hutsaren hurrengoa da, oxigenoa eskuratzeko beste baliabide batzuk garrantzitsu bihurtzen direlarik.
  • Horietan aipagarrienak, alde batetik, ibaiak meandroetan bere ubidea aldatuta lortzen duen oxigeno-diluzio handia, eta bestetik, ertzetako tenperatura gehiegi ez igotzeak dakarren oxigeno-galera murriztea lirateke. Agian oxigeno-iturri nagusi den gune hone-tan urari kolore berdea ematen dioten alga mikroskopikoak eta uretako landareak ez dira ahaztu behar.
Haltzek (Alnus glutinosa) funtzio garrantzitsua dute, ibai-ertzen finkapenean, eta lurzoruen produktibitatean. (Argazkia: M. Estonba).

Landaredi aberatsa agertu ohi da. Haltza (Alnus glutinosa) eta sahatsa ugari dago, giza eragina handiegia ez denean.

Gune hauetan harana zabaldu eta uraren abiadura mantsoagotu egiten denez, elikagaietan aberats diren materialak metatu egiten dira, ibai-lurmenak agertuz. Inguru hauetan, uretatik gertuen dagoen lekuan haltzadia agertzen da, sarritan ibaia zabaltzen den lekuetan zume zuria (Salix Alba) lagun duelarik. Haltzen zenbait ezaugarri ekologikogatik interes berezia du baso hauek ikertzeak. Garrantzitsua da zenbait onddo eta bakteriorekin sortzen duen sinbiosia. Sinbiosi honi esker, haltza nitrogeno atmosferikoa eskuratzeko gai da. Honek bi ondorio nagusi ditu:

  • Alde batetik, landare gehienek nitrogenoa eskuratzeko lurrarekiko duten menpekotasuna desagertu egiten da, nitrogenoa atmosferatik eskuratzen baitu. Hau dela eta, haltzak hainbat ibai-ertz harritsutan kolonizatzaile-lana bete duen bitartean, bailara zabaltzen denean agertzen diren lurmenetan, lurzoru aberatsak sortu ditu.
  • Bestetik, onddo eta haltzen sinbiosia dela medio, haltzadiek ibaiaren ertzak uholdeetatik babestu egiten dituzte, sinbiosi honen ondorioz sortzen diren biopolimero eranskorrei (lurrari gogor atxikitzen zaizkio eta) eta sustraien ur-xurgaketari esker.
Alundako ibai-lurmena. Kontserbatzeko egindako ikerketa guztietan, balio handiko eremu gisa agertu da, nekazaritzan erabili behar dela azpimarratuz. Hala ere, Irungo udalak bertan ZAISAko 4. eta 5. faseak burutu nahi ditu.
M. Estonba

Gainera, lehen aipatu den gisan, haltzadiek ibaiari ematen dioten itzalari esker udan uraren oxigeno-galerak murrizteaz gain, uraren tenperatura ez da gehiegi igotzen. Horrela, tenperatura-aldaketa bortitzak jasateko moldatuta ez dauden animalia eta landareen bizitza babestu egiten da.

Harana zabaltzen deneko lekue-tan, haltzadien atzean lizarrez (Fraxinus Excelsior), urritzez (Corylus avellana) eta batzuetan zumarrez (Ulmus sp.) osaturiko basoa agertzen zen, baina gaur egun, inguru hauetako lurzoruak aberatsak direla eta, nekazaritza eta abeltzantzarako erabiltzen dira. Baso eder eta garrantzitsu hauetatik, ibai ondoko haltz-lerro txiki bat besterik ez da mantendu.

Urrebotoia (Ranunculus fluitans) uretako makrofitoen adierazle deigarria dugu, Bidasoa ibaiaren meandro-ur geldietan. (Argazkia: M. Estonba).

Hala ere, landarediaren garrantzia ez da zuhaitzetan ahitzen; zuhaiska eta belardiek ere, ekosis-tema hauetan zerikusi handia baitute. Zuhaisken artean, harrigarria da haran siliziko honetan ezpel arruntaren (Buxus sempervirens) ugaritasuna; zuhaiska-mota hau kararrizko lurzoruetan eta klima epelagoetan agertu ohi baita. Honekin batera ugari dira sahats iluna (Salix atrocinerea), zume gorria (Salix purpurea), laharrak (Rubus sp.) eta intsusa beltza (Sambucus nigra).

Ekosistema honetan landare igokarien aberastasunak ere aipa-men berezia merezi du. Aihen zuria (Clematis vitalba), basoetako atxaparra (Lonicera peryclinemum) eta huntz arrunta (Hedera helix) dira ugarienak.

Zuhaitz- eta zuhaiska-aberasta-sun horri, briofito (goroldio), pteridofito (iratze) eta angiospermoez (landare hazidun eta loredunez) osaturiko belar-geruza oparoa gehitu beharko litzaioke, baina deskribapen zehatza egitea luzeegia litza-tekeenez, bere horretantxe utziko dugu, gehiago sakondu gabe.

Fauna

Bidasoa ibaiaren ertzetan sarri agertzen dira hiri-obretako zaborrak.
M. Estonba

Halako landaredi oparoa azaltzen duen ekosistema honek, faunari txoko ekologiko ugari eskaintzen dio. Inguruotako aberastasuna begibistakoa denez, eta ibai eta ertzen arteko erlazioa landarediaren kasuan argi gelditu bada, leku hauetan aurki ditza-kegun animali talde gehienetan nabariagoa da erlazio hori. Beraz, frogaturik geratzen da, ibaiak berreskuratu eta gorde nahi badira ertzak berreskuratzea eta zaintzea ezinbestekoa dela.

Halako aberastasunaren arra-zoia, ekosistema honetako faunak bertako landareetatik energia eskuratzeko duen gaitasuna da. Lehorreko ekosistemetan, landa-reek animalientzat erabilgarri ez den lignina-kantitate handia dute, eta substantzia hau liseritzeko gai diren intsektuak ere gutxi dira, hauen larben urarekiko menpeta-suna dela eta. Ertzetako ekosis-temetan berriz, alde batetik intsek-tuen ugaritasuna nabaria da (eko-sistema hauetan ura ez baita fak-tore mugatzailea), eta bestetik, ure-tan dauden algetatik animaliek etekin handiagoa lortzen dute, ligninarik ez dutelako.

Ornogabeak

Zentral hidroelektriko txikiz josita dago Bidasoa ibaia. Hauek kalte handiak sortzen dituzte uretako ekosisteman.
M. Estonba

Beraz, ekosistema hauetako ornagabeen funtzio garrantzitsua kontutan hartuz, fauna deskribatzen beraiekin hastea da logikoena. Ornogabeen barruan, artropodoak dira ugarienak, baina hauek bi taldetan banatzea komeni da; batzuk, uretan, larba-fasean soilik bizi diren bitartean, besteak bizitza osoa irauten baitute bertan.

Lehenengoak dira, heldutakoan, ertzeko ekosistematik etekin handia aterako dutenak, eta hauetan honakoak dira aipagarrienak: larba-egoeran hodiak eraikitzen dituzten trikopteroen ordena, euli eta eltxoen taldea osatzen duen dipteroen ordena eta burduntzien taldea osatzen duen odonatuen ordena.

Bigarrenek, ordea, bizitza osoan uretan irauten dutenez, uretako ornodun eta hegaztien dietetan zerikusi handia dute. Hauetan ugarienak koleopteroen ordena (kakalardoak) eta hemipteroen orde-nako (tximitxoak) zenbait ezpezie urtar lirateke.

Ornogabeen azterketa txiki hau amaitzeko, ekosistema hauetan anelidoak eta moluskuen ordezkari batzuk aipatu behar ditugu; inguru hauetako elikadura-kateetan (bai algen hazkundea kontrolatzen, bai beste animalien dietak osatzen) ezinbestekoak baitira. Anelidoen artean, Hirudineo klaseko (izainak) espezie-pare bat ezezik, oligoketoen klaseko tubifizido eta kironomi-doen ordenako ordezkariak ere badaude. Moluskuei dagokienez, planorbis, physa eta limnaea dira ugarienak.

Ornodunak

Txingudin dago Gipuzkoa osoko apo lasterkarizko (Bufo calamita) populazio bakarra. (Argazkia: J. R. Aihartza).

Ornodunen atala aztertzeko, Bidasoa ibaiaren aberasta-sunik ezagunena (iktiofauna alegia) bukaerarako uztea komeni da, talde honek aipamen berezia merezi du eta.

Dena den, arrainetan ezezik, Bidasoa ibaia eta ertzak aberatsak dira gainerako ornodun-taldeetan ere. Behin honetaraz gero, aipatzekoa da Bidasoa ibaian Gipuzkoan igaraba- (Lutra lutra) kasu bakarra egotea.

Nolanahi ere, igaraba ez da Bidasoan aurki dezakegun ugaztun bakarra; bertan ekialdeko eta mendebaldeko ur-arratoia (Arvicola terrestris eta Arvicola sapidus) ezezik, ipurtatsa (Putorius putorius) ere ikusi izan baita.

Uhandre palmatua (Titurus helretirus) anfibio ugaria da Bidasoa ibaian. (Argazkia: J. R. Aihartza).

Herpetofaunari dagokionez, aipamen berezia merezi du Txingudin bizi den apo lasterkariak (Bufo calamita), Gipuzkoa osoan espezie honetako populazio bakarra hauxe delako. Honekin batera dauden beste anfibio- eta narrasti-espezieak hauexek dira: baso-igel gorria (Rana temporaria), igel berdea (Rana perezi), uhandre palmatua (Triturus helveticus), arrabio arrun-ta (Salamandra salamandra), suge biperakara (Natrix maura) eta suge gorbataduna (Natrix natrix).

Hegaztiak aztertzen hasi baino lehen, Txingudi migrazio-ardatz garrantzitsuan kokatuta dagoela gogoratu behar dugu. Horren ondo-rioz, eskualde honetako hegazti-aberastasuna nabaria da. Migrazioetan hegazti gehienak padura eta estuarioan gelditzen badira ere, elikadura-ohitura desberdinak dituzten zenbait hegazti-espeziek ibaian gora igotzen du, bertan bere beharrak asetzeko inguruak aurki-tuz. Horregatik Bidasoa ibaiaren bukaeran, ibaietakoak diren mar-tin arrantzalea (Alcedo Atthis), ur-xoxoa (Cinclus cinclus) eta bustanikara hori eta zuria (Motacilla cinerea eta Motacilla alba) ezezik, sarritan agertzen dira kuliska txikia (Tringa hypoleucos), txiritxo txiki eta handia (Charadrius dubius eta Charadrius hiaticula) eta lertxun hauskara (Ardea cinerea).

Intsektuak ibai-ertzetako ekosistemaren produktibitate-maila altuen eragilerik nabarmenenak dira, horien artean burduntziak (Colopteryx splondens da argazkikoa) ikusgarrienetakoak direlarik. (Argazkia: M. Estonba).

Hala ere, lehen aipatu dugunez, Bidasoa ibaiaren aberastasun han-dienetarikoa bere iktiofauna oparoa da; Bidasoa eta bere adar den Endara erreka baitira izokinak ure-tan gora daramatzaten Hego Euskal Herriko ibai bakarrak. Honen arrazoia Bidasoa bailarako herrien industrializazio txikia da; horri esker uraren kalitatea nahikoa ona baita. Dena den, aipatzekoa da azken urtetan Irun, Hondarribia, Bera eta Lesakako isuri industrial eta organikoen ugaltzea; eta zentral hidroelektrikoek eragindako emari-murrizketak eta ur-tenperaturaren igoerak Bidasoa ibaiako arrain-populazioan efektu kaltegarriak sortu dituztela. Puntu honetan aipagarria da azken urte hauetan Bidasoa ibaiko izokina gal ez dadin Nafarroako gobernuak Oronoz-Mugaireko arrain-haztegian aurrera daraman proiektua. Hori dela eta, beldurrik gabe esan behar da, aurten izan den izokin-ugaritasuna eta zentru honetan egindako lanaren artean erlazio zuzena dagoela; bir-moldaketa eta lan serioa egiten ari baitira.

Zapatariak (Gerria sp), bizitza osoa urari lotuta irauten dutenen ordezkaririk ugarienak dira. (Argazkia: M. Estonba).

Dena den, Bidasoa ibaiko iktio-fauna aztertzeko kontutan hartu behar dugu izokina (Salmo salar) ez dela talde honetako ordezkari bakarra, ibai honetan ibai-amuarraina (Salmo trutta fario), itsas amuarraina (Salmo trutta trutta), maskor arantzagabea (Noemacheilus barbatulus) eta ibai-aingira (Anguilla anguilla) ere ugari direlako.

Azken honek, izokinaren antzera, erakargarritasun handia du biologoentzat, bere bizi-ziklo migratzailea dela medio. Dena den, bien artean desberdintasun handia dago, izokina anadromoa den bitartean (ibaian ugaltzen da), ibai-aingira katadromoa da (itsasoan ugaltzen da).

Martin arrantzalea. Eskualde honetako hegazti-aberastasuna nabaria da.
S.E.I.E.

Ez nuke artikulu hau Bidasoa ibaiaren egungo azterketa txiki bat egin gabe amaitutzat eman nahi, Euskal Herriko gainerako ibaiekin konparatuta egoera ezin hobean dagoela inork pentsa ba dezake ere, egia guztiz bestelakoa da.

Lehen aipatutako zentral hidroelektriko eta isuri industrial eta organikoek sortutako kalteei (bai Gipuzkoan eta bai Nafarroan), ibaia kanalizatua utz dezaketen proiektu ugari gehitu behar zaie. Irunen ZAISA garraio-terminalaren lehenengo faseak ibaian eragin duen aldaketak eta egitasmo diren berriek (alegia, Gipuzkoan ZAISAko 2., 4. eta 5. faseekin, Puntxas, Alunda eta Lastaola lurmenak okupatu nahi dituzten bitartean, Nafarroan Berako Alkaiaga lurmenean industrialde bat eraiki nahi dute), benetan ondo-rio beldurgarriak ekar diezazkioke Bidasoa ibaiko bizitzari.

Zalantzarik gabe izokina (Salmo salar) da Bidasoa ibaiko espezierik ezagunena; ibai hau baita Euskal Autonomi Elkartean izokinek igotzen duten azkena. (Argazkia: M. Estonba).

Ibaiak berreskuratzeaz honenbeste hitz egiten den une honetan, tristea litzateke, gaizki planifikatu-tako bilakaera basatiaren ondorioz, orain arte ondo mantendutako ibai bakarra hondatzea. Sarritan ezjakintasuna izan da sarraski hauen erruduna. Saia gaitezen, beraz, gure ondare ekologikoa hobeto ezagutzen, gure historiaren atalik garrantzitsuenetarikoa dugu eta.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila