Belatza, aireportuko txorimaloa

Urruzola Arrate, Manex

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Aireportuak dira hegazkinen ibilbideko punturik korapilatsuenak. Hori dela eta, erabateko segurtasuna bermatu behar da lurreratze- eta aireratze-pistetan. Aireportuko inguruetan hegaztiak agertzea oso arriskutsua izan daiteke hegazkinen segurtasunerako; izan ere, hegazkinen erreaktoreetan hegaztiak sartu, eta istripuak gertatu izan dira. Eta horrelakoren bat aireratzean edo lurreratzean gertatzen bada, ondorioak larriak izan daitezke.
Belatza, aireportuko txorimaloa
2008/10/01 | Urruzola Arrate, Manex | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: AENA)

Arazo horri aurre egiteko, estatuko aireportu gehienek belaztegi bat dute beren instalazioen artean. Hegazti-populazioak aireportu-ingurutik kanpo mantentzea da belatzen egitekoa. Hegazti harrapariak dira belatzak, eta aski da aireportuan izatea txorien mugimenduak mugatzeko, uxatu egiten baitituzte txoriak inguru horretatik.

Belatz-zerbitzuaren lana prebentziozkoa izaten da; alegia, aurrea hartuta, aireportuan hegaztirik ageri ez denean ere lan egiten du. Hegaldiak eginez, belatzek beren lurraldea mugatzen dute eta harrapakinak bistaratzen dituzte.

Belatzen eraginkortasuna

Oinarri teknologikoa duten beste sistema batzuk --akustikoak, piroteknikoak eta argi bidezkoak-- probatu izan dituzte, baina guztiek belatzek baino emaitza okerragoak eman dituzte. Izan ere, aireportuak oso erakargarriak dira hegaztientzat: lasaitasuna, urrundik zaindu daitekeen eremu librea eta elikagaiak aurki ditzakete horietan; eta erakargarritasun horiek indartsuagoak dira irtenbide teknologikoek txorietan sor ditzaketen alarma eta eragozpenak baino. Denborarekin, hegaztiak ohitu egiten dira irtenbide teknologiko horietara, eta sistemek eraginkortasuna galtzen dute, batez ere gehiegi erabiltzen badira. Txoriei erabat ezinezkoa zaie, ordea, beren harraparietara ohitzea. Natura biziraupen-kontua da, eta belatzek beren ehiza-esparrua menperaturik mantentzen dute beti.

Belatzen hegaldiak aurrez finkatutako ordutegi baten arabera kontrolatzen dira egun osoan zehar, txorietan etengabeko alerta-egoera bat sortzeko helburuarekin. Kontrol-dorretik edo aireportuko operazio-zentrotik jaso litezkeen abisuei ere berehala erantzuten zaie. Izan ere, irudika daitekeen txorimalorik eraginkorrena da aireportuko zeruan ikus daitekeen belatzaren silueta. Dena dela, belatzainek ez dute pistetan jarduten, inguruan baizik, eta kontrol-dorreak baimendutakoan soilik sartzen dira segurtasun-eremuetan. Eta ez da apenas txoririk harrapatzen, beldurra sortzen da batez ere.

Belatzainaren garrantzia

Belatzei txano batekin estali ohi zaizkie begiak arriskuak saihesteko, ikusmena izugarri sentikorra baitute.
AENA

Aireportuetako belatzak gatibu jaiotakoak dira, eta guztiek dute identifikazio-fitxa bana. Jaiotzen direnetik, hezte-prozesu bat egiten da, belatzen bertute naturalak aireportuko lanaren helburuetarako erabili ahal izan daitezen. Lehendabizi, belatzak belatzainarekin egotera ohitu behar du: aurkari edo lehiakide baino gehiago, belatzaina babesle eta lagun gisa hartu behar du belatzak. Hori lortzeko, belatzainak janaria erregulatu, ariketa fisikoa arautu eta atsedenaldian erosotasuna eskaintzen dio belatzari.

Hein handi batean, berezko sena dela eta, belatzainarekiko harremanetik laguntasuna sortzen da, eta hori segurtasunerako eta elikadurarako bermea da belatzarentzat. Landa-eremuan, belatzainak lurrean ematen dituen pausoei jarraituz, belatzak libreki egiten du hegan. Hori da falkoneriaren usadiozko lankidetza ulertzeko modua: belatzainak ehiza altxa ohi du oinez doanean, eta belatzak, altuerak ematen dion abantaila baliatuz, airetik gauzatzen du bientzat onuragarria den ehiza. Jateko beharrak bultzatzen du hegan egitera, baina gutxitan aurkitzen du harrapakina hegan; bai, ordea, hezitzailearen eskuan. Izan ere, helburua ez da belatzak hegaztiak ehizatzea, haiek aldentzea baizik.

Elikadura eta ehiza

Belatzak ehizatzen duenean, garrantzitsua da belatzainari gerturatzen uztea. Izan ere, belatzainak ez du belatza baraurik utziko, baina janaria erregulatu behar dio. Eta belatzainak eskaintzen dion elikagaia ehizatutakoa baina hobea izaten da askotan. Hain zuzen ere, belatzainak ihes-ehizakiak edo amuak eraman ohi ditu berarekin, eta zelaian askatzen ditu, belatzak irtenaldi guztietan 'ehizatu' dezan, bere eraso- eta ehiztari-ahalmena ez galtzeko. Kaiola-txori bihurtuko litzateke bestela, janaria doan jasotzera ohituta.

Beren esparrutik atera eta lantokira iritsi bitartean, belatzei txano batekin estali ohi zaizkie begiak. Horretarako, txanoa jantzita eramatera ohitu behar da belatza hezte-prozesuan. Ohitura horrek arrisku ugari saihesten ditu; izan ere, txanorik gabe, estimulu optikoek belatzak biziki urdurituko lituzkete, eta gero ez lukete behar bezala hegan egingo, belatzen ikusmena izugarri sentikorra baita.

Egunero, hegan egin aurretik, belatzei pisua kontrolatzen diete, hegan egiteko sasoi betean daudela ziurtatzeko; motaren eta sexuaren arabera, bostehun gramoren eta kilo bat eta hirurehun gramoren artean pisatzen dute belatzek. Dena dela, belatz guztiak ez dira berdinak, eta denek ez dute gauza berdinetarako balio.

(Argazkia: AENA)

Belatz-motak

Aireportuetako hegazti-populazioak aztertzen dira lehendabizi, eta arazoak sor ditzaketen espezieen arabera aukeratzen dira belatz-mota eta ehiza-teknika eraginkorrenak. Kostako aireportuetan, adibidez, kaioak inguratzen dira eguraldi txarra egiten duenean, atseden hartzeko asmoz. Kasu horretarako egokiena ipar-belatza da, duen indarrarekin kaioak erraz uxatzen dituelako. Harris zapelatza, aldiz, oso trebea da untxi, erbi eta lurreko animalia txikien ehizan, eta baita pausaturik dauden hegazti-saldoak mugiarazten ere, jazarpen labur eta motzetan bereziki iaioa baita. Belatz hibridoak ere badira, espezie ezberdinen bertuteak uztartzen dituztenak.

Goizeko aire freskoak hegaztiak hegan egitera bultzatzen dituenean hasten da belatz-zerbitzuaren lana; eta ilunabarrean amaitzen da, hegazti-arriskua gutxitzen denean. Izan ere, eguzkia sartzearekin batera atsedenera jotzen dute hegaztiek, eta aireportuko eremuan aire-trafikorako segurtasuna bermatua egoten da orduan.

Belatzaren ekipamendua
Landa-eremuan gobernatzeko, ekipamendua ezartzen zaio belatzari. Gertutik begiratuta, haren nortasun-agiria diren eraztunak ikusten zaizkio hanketan. Belatza haztegian jaiotzen denean ezartzen zaizkio eraztun horiek. Kendu ezin daitezkeen eraztun itxiak dira, erregistro-zenbaki bat daramate, eta belatza non jaio den esaten dute: belatza identifikatzen duten matrikula dira.
Belatzak baditu txilin batzuk ere: usadiozko atala dira. Erdi Aroan, falkoneriaren sasoi gorenean, belarretan pausatzen zenean belatza aurkitzeko balio zuten txilinek.
Irrati-transmisorea ezartzen zaio belatzari, une oro non dagoen jakiteko.
(Argazkia: frg.org)
Aldi berean, aireportuetako arduradunak ohartu dira belatza airean doanean txilinek egiten duten soinua arrisku-seinalea ere badela gainerako hegaztientzat. Hala, airean txilinak entzuten dituztenean, txorietan ezinegona sortzen da.
Aireportu osoan zehar txilinak entzutea zaila denez, gaur egun belatzak aurkitzeko sistema ordezkatu egin da. Ez dira txilinak baztertu, baina irrati-transmisore baten osagarri dira. Horrela, belatza joan edo galtzen bada, irrati-transmisore horrekin non dagoen jakin daiteke. Horrenbestez, oso zaila da belatza galtzea eta aireportuetan duten laguntzaile fin hori gabe geratzea.
Urruzola Arrate, Manex
3
246
2008
10
029
Aeronautika; Ingurumena
Artikulua
32
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila