Basogintzaren etorkizuna Euskal Herrian

Basogintzaren etorkizuna Euskal Herrian izenburuko mahaingurua burutu zen uztailean, UEUko Miarritzeko ikastaroen barruan. Harrezkero denbora dezente igaro den arren, gaia ez da alferrik galdu, Euskal Herriko basoaren egoeran hiru hilabete ez baitira ezer aldatzeko gauza. Mahaikide bakoitzak bereari eutsi zionez, ez zen adostasunik lortu, baina han esandakoek balio dezakete basogintzarekin lotura duten hainbat sektorek gaia nola ikusten duten ezagutzeko. Bost lagun bildu ziren Euskal Herrian basogintzak izan dezakeen etorkizunaz hitz egiteko. Izenburuko galdera orokorretik abiatu zen mahaingurua: nola ikusten du zuetako bakoitzak Euskal Herriko basogintzaren etorkizuna? Mendi Injinerua eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Basozaintza saileko langilea. Aldundian jabe partikularrei ematen zaizkien laguntzak, egur-mozketak, suteenak, eta Leitzarango basoaren ardura bere gain ditu. Azken 6-7 urteetan Gipuzkoako EHNEko lehendakari izan da. Baserritarra da eta haragitarako txekorrak gizentzen ditu. Basotan baditu 50en bat ha. Pentsu-kooperatiba bateko ardura du gaur egun. Arabarra, Leitzan basozain-lanetan dabil. Bizkaiako Basogintza Elkarteko lehendakaria. Aipatutako kargutik baso-jabeei laguntza teknikoa eta heziketa eskaintzen saiatzen da. Gaztetan basoa kudeatzen ibili zen. Hidrobiologian dihardu orain, eta
basogintzako kultura txikia duela aitortzen duen arren, beti interesatu zaio gaia, lehen ofizioa ez baitu sekula ahaztu.
B. Kortabarria

× Ismael Mondragon

"E.A.E.ko datuen arabera, duela 24 urte egindakoarekin konparatuta, 36.000 ha baso gehitu direla, guztira 390.000 ha ditugula", ikusten da.

Euskadiko baso-plangintza 1994an egin zen eta ondorengo 25 urteetarako helburuak finkatzen ditu. Beraz, ondoren emango ditudanak plan horren zertzelada nagusiak izango dira.

Basogintza-planak lurraldea antolatzen du, ustiatzeko guneak eta babestu beharrekoak azalduz. Planaren arabera, administrazioak mendi gehiago erostea eta babestea komeniko litzateke. Erosi ezean, jabe partikularrei laguntzak eman beharko litzaizkieke lanak egoki egiteko.

Zerga-tratamendua hobetu behar da, basoek gizarte osoa baliatzen den onura ekologikoa eta soziala eskatzen dutelako. Basoetan egindako inbertsioak epe laburrekoak, txikiak eta arrisku handikoak direnez, ez dute askotan inbertitzaileen arretarik pizten. Zerga-tratamendua hobetzen bada, zilegi da partikularrei ardura gehiago eskatzea.

Ingurugiroarekiko joera hobetu behar da basogintzan, zein kalte egiten den eta gauzak nola hobe daitezkeen aztertuz. Partikularren jabetzak txikiak direla jakinda, komeniko litzateke elkartzea, ustiaketa egokiagoak egiteko.

Bizitzako beste hainbat arlotan bezala, ikerketa bultzatzea komeni dela aipatzen du plangintzak. Espezie nagusien hobekuntza genetikoa egiten ari da eta horrekin jarraitu beharra dago, baina ez bakarrik gehiago ekoizteari begiratuta, baita gaixotasunei aurre nola egin jakiteko ere.

B. Kortabarria

Bestalde, mendiko langileen segurtasuna eta profesionaltasuna bultzatu beharra dago, sektorea ez baitago batere profesionalizatuta. Etorkin asko dabil mendian, Marokotik edo Portugaldik etorritakoak, eta egoera kaskarrean dabiltza gehienak.

Sentsibilizazio-lana ere oinarrizkoa da. Basogintza gerturatu egin behar zaie herritarrei, eskolatik hasita. Ingurugiroa ikusten da, baina faunatik eta landaretzatik irten gabe, kontuan izan behar da gizakia ingurugiroaren parte dela eta bere beharrei begiratu behar zaiela. Jendea suak duen arriskuaz oharrarazteko kanpainak egin beharko lirateke.

Azkenik, etorkizunaz hitz egin behar bada, aurretik zer egon den ere ikusi eta konparatu beharra dagoela esango nuke. Euskal Autonomia Erkidegoko datuen arabera, duela 24 urte egindakoarekin konparatuta, 36.000 ha baso gehitu direla ikusten da, guztira 390.000 ha ditugula. 1972an % 66 koniferoz estalita zegoen eta % 34 hostozabalez; orain % 56 eta % 44 da proportzioa. Bestalde intsinisaren azalera 12.000 ha murriztu da, eta horrek kezka sortu du, egurra faltako dela etab. entzun baita. 200 metrotik behera urritu da gehien pinudia, eta asko urbanizatu egin delako izan daiteke; bestalde, toki batzuetan, bota ondoren, ez da birlandatu eta hostozabalak berez sortu dira.

× Balentin Gabilondo

"Baldintza eta planifikazio orokor baten beharra argi eta garbi ikusten dut.

Nik neuk oraindik ez dauzkat 50 urte, baina etorkizuna nola ikusten dudan esan aurretik, atzera egitea ere nahiko nuke, koniferoen landaketa gutxi gorabehera orain 50 urte hasi zela esanez. Nekazariak esperientzia barik eta abentura bezala hasi ziren landatzen, batez ere pinu intsinisarekin. Gure basoa, batez ere pago-txaraka ziren baso haiek, eta gure garo-sail, eta mendi eta belardi zen Euskal Herri hura joan da, itxuraz eta kolorez behintzat, ilunduta. Ez dut esango guretzat hori txarra denik, baina aldaketa hori azken 50 urteetan gertatu da. Horren ondoan eta poliki-poliki industria zaharra eta transformaziokoa kokatu da bere inguruan. Industria basoaren inguruan garatu da, eta berak tiratzen du basogintzatik, egurra behar baitu.

Hego Euskal Herrian ikusten denez, basoak badu bere logika, eta ez da kasualitate hutsa lehengo mendi garbi haiek gaur egun baso izatea. Gipuzkoa eta Bizkaia mendi-nekazaritza eskualde dira, eskualde oso menditsuak, eta eskualde oso menditsua izateak, abelazkuntzan eta nekazaritzan lan egitea zaildu egiten du. Ondoan Hego Euskal Herriko herriak daude, herri txikiak, baina industrialak, eta horrek nekazariak industrian lan egitera bultzatu ditu, eta herrialde aldapatsua izatearekin batera gero eta gehiago landatu da. Sartu den hainbat barietatek, batez ere pinu intsinisak, produkzio ona eman du, eta horrek baso asko duen herri menditsuan kokatzen gaitu. Basoaren zeregina onartu egin behar da eta basoaren onura aitortu, gauza asko eta asko onak dituela naturarentzat eta gizartearentzat.

IXI

Baso-politika egokia aurrera begira? Baldintza eta planifikazio orokor baten beharra argi eta garbi ikusten dut. Ni baserritarra naiz, mendian bizi naiz, basoak ditut, baita belardiak ere, eta ni bezala nire auzoan, inguruan, herrian eta ondoko probintzietan berdin ikusten dut. Gaur egun edozeinek landatzen du belardietan, edozein ari da landatzen edo pinudi ziren basoak transformatzen, bakoitzak, gutxi-asko, nahi duena egiten du. Bai Udalek, bere eskumena izanda, eta Diputazioek ere esango nuke, planifikazio orokorra egin beharra dute. Ezin daitekeena edozein belardi lautan pinua sartzea da, handik bi kilometrora edozein aldapatan basoa transformatzen ikusten duzu… muturreko kasuak aipatzen ari naiz beharbada, baina errealitate hutsa da, eta alderantziz ere bai, basorako askoz egokiagoa den lurretan ikusten da jendea behiekin eta traktorearekin bizia jokatzen ari dela. Planifikazioa behar-beharrezkoa da.

Gero dibertsifikazioa. Azken urteotan bultzatu da, ez da pinu intsinisa bakarrik landatzen, altitude batetik gora izeiak ikusten dira, edo larizioak. Dibertsifikazio hori ere plangintzaren barruan behar-beharrezkoa da. Pista-ereduak, zergak etab. aipatu dira eta horiek ere kontuan hartu behar dira planifikazioan.

IXI

Garrantzitsua da zein eratako basoak nahi ditugun ezartzea ere. Uste dut, dibertsifikazioari lotuta, intsinisa baino egokiagoak direla hainbat tokitan izeiak, beste batzuetan egokiagoa dela intsinisa izeia baino, bertako autoktonoak ere bai, eta hostozabalen barrenean mota guztietako landareak behar ditugula. Askotan errezenera jotzen dugu eta honakoa esaten dugu: Administrazioa izan dadila inguruko basoak hostozabalez jantziko dituena, udalek sar ditzatela. Diru-onurari begira ez dagoenez, Administrazioa bera izan daiteke hostozabalak sartzen has daitekeena, baina nekazariei ere lagundu egin behar zaie, hostozabalak dituztenei konpentsazioak emanez. Baso orekatua egin beharko genuke, baina batez ere hostozabalak behar ditugu, berez kulturalki gure historian izan diren basoak behar ditugu. Eta hori lehen aipatzen ziren ikerketekin lotuko nuke.

Suteak ere, aipatu dira eta oso garrantzitsuak dira. Azken 7-8 urteetan zortea izan dugu, baina 1988-89 urteetan izugarriak izan ziren. Berriz ere aipatu beharra dago Euskal Herri menditsua eta industriala dela, mendiak kablez zeharkatuta daudela, klima ezberdinekoa dela… eta aurrera begirako baso-politikaren barruan suebakiak oso inportanteak dira, izugarrizko kalteak sor daitezkeelako. Eta gizartearen sentsibilizazioa guztiz garrantzitsua da, nekazarioi, basojabeei, guztioi begira. Gizarteak badaki mendian zer dagoen, nekazariek zer egiten duten, baina duten zeregin horren garrantziaz sentsibilizazio falta izugarria dago. Nekazari-elkarteek, sindikatuek, administrazioak eta erakunde publikoek elkarlanean egiteko asko dute arlo horretan.

× Pako Zufiaur

"Mendian dagoen dibertsifikazioa urria eta txikia da."

Ideia-pare bat bakarrik. Geroa nola ikusten dudan? Beltza ez bada, gutxienez zaila. Zergatik? Balentinek esan du dibertsifikatzen hasita gaudela, baina nire ustez mendian dagoen dibertsifikazioa urria eta txikia da. Hemen intsinisa edo pagoa, eta ezer gutxi gehiago planteatzen da, eta merkatuan horiek daude, eta batez ere intsinisa. Inork ez daki hemendik 5 urtera zer gertatuko zaion intsinisari. Orain 7-8 urte gertatu zena gerta daiteke, merkatua behera etorri, jabeek gutxi irabazi eta enpresa batzuk pikotara joatea.

Uste dut hori gertatu baino lehen dibertsifikatu egin behar dela. Duela 40 urte, batzuk, esperientzia barik eta arriskua bere gain hartuta, intsinisa erabat sartzen hasi ziren. Hemendik aurrera merkatua dibertsifikatzeagatik ez dugu inolako bekaturik egingo, are gehiago gure bizimodua zuhaitz horien gainean ez dagoela kontuan hartuz. Baserritarren errentaren zati bat besterik ez da basogintza. Beraz, nik basoa beste modu batean landuta errenta bera edo handiagoa edukitzea planteatzen dut. Galdera hau egin nahiko nuke: 30-35-40 urtetan bertako espezieekin errenta bera atera ahal izango bagenu, aparte utziko al genituzke intsinisa eta beste espezie batzuk?

Eta horren harian honakoa esan nahi dut: den-denok, mendi-injineruak, politikariak, mendian lan egiten dugunok… normalean geure burua mugatu egiten dugula; beti esaten dugu, begira zer pagadi, 1.000 ha, 100 urte… Ea hortik irteterik dugun eta gauza ezberdinak egitea badagoela ikusi

beste espezie batzuk erabili, bertakoak eta kanpokoak erabilita, dibertsifikatu dena eta produzituz kontserbatu

× Josu Azpitarte

"Euskal Herrian basogintzak profesionalizatu beharra du, orain arte eredu barik lan egin baita."

Bizpahiru gauza azpimarratu behar ditut. Batetik, baso guztiek hiru zeregin nagusi dituzte: ekonomikoa, ezinbestekoa; soziala, basoaren erabilera egon den unetik, eta babes-zeregina. Hiru funtzio horiek baso guztietan egon beharko lukete, bati edo besteari lehentasuna emanez, baina hirurei eutsiz. Bateragarritasun hori derrigorrezkoa da, baina kasu batzuetan alde bat edo bestea indartu beharko da.

Euskal Herri osoa hartuta egoera orekatu samarra ikusten da, Bizkaian eta Gipuzkoan koniferoek pisu handiagoa dute, baina Araba, Nafarroa eta Iparraldea kontuan hartuz gero, egoera orekatuagoa da. Gipuzkoari eta Bizkaiari begiratuta, uste dut ados egongo garela bertako landaretza duten tokiak mantendu eta hobetu behar direla esanda. Baso publiko batzuk, natura aldetik interesgarriak, bertako landaretzara egokitu beharko lirateke, eta Administrazioak berak egin beharko luke, gizarteak berak eskatzen duelako. Eta babestu beharreko baso partikularretan babesa bultzatu beharko litzateke, baina laguntzekin.

Bestetik, basogintza intentsiboa jasan dezaketen baso batzuetan uste dut beharrezkoa dela oraingo moduan jarraitzea. Lehen printzipioak iraupena izan beharko luke. Euskal Herrian basogintzak profesionalizatu beharra du, orain arte eredu barik lan egin baita. Lur horiek produkziorako direnez, produkzioa haztera jo behar da, azalera gehitu barik, lana hobetuz produkzio handiagoa atera: hobekuntza genetikoa, basoaren osasuna zaindu eta teknika aurreratuak erabili. Uste dut egurraren defentsa egin beharra dagoela, lehengaia den aldetik eta natura errespetatzen duen lehengaia delako gainera, berriztagarria delako eta gutxi poluitzen duelako. Lana behar bezala eginez gero, natura zaintzeko baliagarria izango da.

× Jacques Kazabon

"Jendea sentsibilizatu behar dugu,... etorkizuna ilun ikusten dela eta gure altxor izugarria galtzeko arriskua dugula esateako."

Iparraldeko egoera oso ezberdina da gaur egun. Badira goi-mendietako baso handi horiek, ederrak eta ondo kudeatuak; eta gero, badira mendi hutsak eta hutsak, izugarri. Mende honen hasieran, goi-mendietan orain baino baso gehiago zegoen. Nafarroa Beherean eta Zuberoan beti baso handiak izan dira, ondo kudeatuak; Lapurdin badira udaletako oihanak, garai batean ederrak, baina horiek arras murriztu dira. Eta gero partikularrak. Mende honen hasieran baziren partikularren 40.000 ha, baina izurriteek mendiak biluztu zituzten. Ez da deus egin izurrite horien ondoren, ezta beste zerbait landa zitekeen ikusteko azterketarik ere. Poliki-poliki iritsi gara gaur egunera, 15.000 ha-rekin.

Iparraldeko nekazariak ez du hegoaldekoak izan duen aukera izan, ez baita hona industriarik etorri. Ez dugu izan zorte hori, nekazaria bere lurrari beste molde batean lotu zaio, eta Euskal Herria hustu egin da, nekazarien kopurua erdira jaitsiz. Une batean polikultura egiten zen (garia, artoa, arbia, gazta, esnea, ganadua, ardiak…) eta horrela ezin biziz, hazkuntzari ekin zaio. Laguntza handia du nekazariak instituzioen aldetik, buru bakoitzeko prima du, irabazien erdia gaur egun Europatik datorkio. Primak dituztenek abere gehiago jartzen dituzte, oihanak bota, luberritu eta belardiak egin.

Nekazaria zango baten gainean bizi da, laguntzak murrizten badira kitto! Ez dago sentsibilitaterik arbolaren alde, etsaitzat dute, kulturarik ez dugulako batetik, eta bizi behar dugulako bestetik. Nekazari zaharrek sartzen zituzten arbolak, eta bazekiten beraientzat ez zebiltzala. Hori galdu da. Zer gertatuko den? Ez dakit, nik ere geroa ilun ikusten dut alde horretatik, eta nahiago dut horrela ikusi, zeren eta baso asko badugu, seguruen hemen ez baitugu gizakirik izango.

Uste dut baserri guztietan badirela lurrak, bai abereentzat eta bai basoentzat ere, erreka-zuloak, malkarrak etab. Ezin da eremu handiko basorik egin, eta horren kontra nago gainera, ez baitut errentagarritasun gisa ikusten. Natura zaintzeko alde horretatik dugu hutsunea, partikularren eta udalen lurretan bai baitago tokia arbolak sartzeko, hemen pago-pare bat, hor bat, beste leku batean hiru…. Jendea sentsibilizatu behar dugu,… etorkizuna ilun ikusten dela eta gure altxor izugarria galtzeko arriskua dugula esateko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila