Baso-igel gorria, intsektiboro tripontzia

Baso-igel gorriak Euskal Herrian duen banaketa-mapa.

Eskualde epeletako oihan hostogalkorren ezaugarri ekologiko garrantzitsuenetako bat, bertan ekoizten den biomasa begetalaren zatirik handiena zura izatea da. Jakina denez, zuraren osagai den lignina ez dute liseritzen goi-mailako animaliek, eta oihan hauetan ugariena den lehengaia eskuraezina gertatzen zaie, zuzenean behintzat, ornodunei.

Nolanahi ere, eta bakterio, onddo eta makina bat ornogaberen bitartekaritza dela medio, zur eta orbeletan bildutako energia horixe izanen da gure pagadi, harizti, amezti eta abarretako makrofauna sostengatuko duena, eta ondorioz, formazio begetal hauetan bizi diren ornodun gehienak harrapakariak, eta bereziki intsektiboroak izaten dira. Hauen artean, eta landare-ekosistemetako ospel eta hezetasunari esker, anfibioek aukera handiak dauzkate bizitzeko, baso-igel gorria honen adibide dugularik.

Baso-igel gorriaren janzkera kriptikoa eta disruptiboa da oihaneko lurrean dabilela. Beraz, animaliaren defentsabideetariko bat dugu.

Baso-igel gorria (Rana temporaria) 10 cm inguruko luzerarainoko anuru bikaina dugu. Burua luze baino zabalagoa du, muturra biribila, eta dortsolateralki kokaturiko begi handi nabarmenek itxura xelebrea ematen diote. Tinpanoa ikusi egiten zaio, eta bere diametroa begiarenaren erdia baino zertxobait handixeagoa izaten du. Gainerako anfibioek bezala, baso-igelak ere launa hatz izaten ditu aurreko hanketan, eta bosna berriz atzekoetan, hauek mintz interdigitalez lotuta izaten dituelarik. Oro har baso-igela anfibio sendoa dugu, soin biribilez eta beso eta hanka indartsuz hornitua, eta bere mugimenduak nahikoa azkarrak izaten dira basoko orbelen artean, horrek animaliaren izaera lehortarra adierazten duelarik.

Bestalde, eta izenak dioenez, animaliaren kolorazioa arrosa, gorrizta, edota ia laranja ere izan daiteke, beti ere orbain arre-gorriztez apaindua, nahiz eta hauen ugaritasuna eta kokapena ale batetik bestera aldakorrak diren. Nolanahi ere ale guztiek, sudurtzuloetatik hasi eta begia eta tinpanoa barne hartuz, besagaineraino hedatzen den orbain arre iluna izaten dute. Soin-adarretan berriz, alde dortsalean zeharkako arrasto ilunak ageri dituzte. Nabarmena denez, janzkera hau kriptikoa eta disruptiboa da oihaneko lurrean dabilela. Beraz animaliaren defentsabideetariko bat dugu, zalantzarik gabe. Sabelaldeari dagokionez berriz, hau gehienetan zuriska, horizta edo arrosa argia izaten da, orbain gorrizta ilunagoz jantzita.

Animalia hau ornogabeez elikatzen den harrapakari gupidagabea dugu, eta bere ehizakiak, besteak beste, intsektuak, armiarmak, anelidoak, moluskuak eta krustazeoak dira.

Animalia honen kasuan dimorfismo sexuala ez da nabariegia; besteak beste aho-zorroak —arrak araldian kanturako erabiltzen dituen egiturak— barnekoak izaten bait dira. Normalean, eta anuru gehientsuenetan bezala, emeak handiagoak izaten dira arrak baino, hauek berriz itxura lirainagoa dutelarik. Bestalde, arrak beso sendoagoak izaten ditu, eta gainera, eskuetako barne aldeko hatza zabalagoa izaten du, beronen alde dortsolateralean kokaturik maskur ilun nabarmena ageri duelarik.

Gainerako anfibio lehortar gehienek bezala, baso-igel gorriak ere bizimodu ilunabartar eta gautarra du, animalia hauek deshidratazioa ekiditeko duten beharra dela kausa, eta ondorioz, egun euritsuetan baino ez dugu ikusiko egunargiz. Jadanik aipatu denez, animalia hau ornogabeez elikatzen den harrapakari gupidagabea dugu, eta bere ehizakiak, besteak beste, intsektuak, armiarmak, anelidoak, moluskuak eta krustazeoak —bereziki kukurutxak (Armadillium vulgare)— dira.

Urtarril edo otsailean zehar araldia, ugaltzeko sasoia, iristen zaio anfibio bitxi honi.

Eguzkiak indarra galdu eta ilunabarreko freskura nagusitzen denean, baso-igelak orbeletan edo goroldio azpitan duen ezkutalekua utzi, eta inguruko bazter guztiak arakatzeari ekiten dio, geldiro, presarik gabe, eta han eta hemen geldituz. Izan ere, eta baso-igelak gauero sekulako ornogabe mordoa harrapatzen duen arren, animalia honek “esperoan” atzematen bait ditu bere ehizakiak: orbela bezain geldirik egonez, bere inguruan mugitzen den edozeri so egoten da ehizakia bere mutur aurrean jarri arte.

Orduan, aurreko hanketan tente eta atzekoen bultzadaz, tximistak bezala burua aurreratu eta mihi itsaskorra jaurtitzen dio harrapakinari, berehala hau ahoratu eta atzera eginez. “Afaria” bere ahotzarrean duelarik, osorik irensten du. Lan horretarako begi handiak ixtea lagungarri gertatzen zaio. Izan ere, eta aho-sabaian ia hezurrik ez duenez, begiak ixten dituenean eztarrirantz bultzatzen bait du ahoan izan dezakeen edozer.

Baldintza normaletan baso-igel gorria animalia lehortarra da. Hala ere, urteko sasoirik beroenetan uretik gertu ibiltzen da gehienbat, eta era berean, goimendietan bizi diren populazioek ere erreka eta iboietan dute beren bizilekua.

Inguru urtarra atzean utzi eta basoko orbeletarantz abiatzen diren igeltxoek 10 mm inguruko luzera besterik ez dute izaten. Baso-igel gorria hedapen zabaleko espezie paleoarktikoa dugu, eurosiberiarra, eta bere hainbat nagusiak inguru menditarrean daude.

Negua iristen denean baso-igelak hibernatu egiten du, harri- edo goroldio-azpitan ezkutaturik, baina hala ere, urtarril edo otsailean zehar egoera honetatik irten, eta araldia (ugaltzeko sasoia) iristen zaio anfibio bitxi honi. Une horretan, arrak lehenik, eta emeak ondoren, baso-igelak beren bizilekuetako putzu eta urmaheletan biltzen dira, kontzentrazio handitan, arrautzak erruteko. Ikuskizuna sekulakoa izaten da: arrak elkarren lehian eta borroka bizian aritzen dira emea harrapatu nahirik, eta zenbaitetan lau eta bost ar ere ikus daitezke eme berari lotuta.

Azkenean, arretariko batek emea anplexu lunbarrez harrapatzea lortzen du, eta eskuetako maskur itsaskorrei esker berari lotuta geratuko da erruketa eta ernalketa burutu arte. Egoera honetan, eta arraren besarkada sendoaren laguntzaz, emeak ehundaka edo milaka arrautza erruten ditu. Arrak aldi berean espermioa jariatzen du, ernalketa uretan gertatzen delarik. Horrela kanporatutako arrautzek 2,5 mm inguruko diametroa izaten dute, eta uretaratu bezain laster hidratatu eta puzten den estalki gelatinotsu multigeruzatu batez babesturik egoten dira, arrautza eta estalkiaren diametroa 10-15 mm bitartekoa izaten delarik.

Kanporatutako arrautzek 2,5 mm inguruko diametroa izaten dute, eta uretaratu bezain laster hidratatu eta puzten den estalki gelatinotsu multigeruzatu batez babesturik egoten dira.

Arrautza guztiak mordoilo bereizgarria eratuz ur-hondoan geratzen dira, eta hilabeteren buruan jaioko diren zapaburu beltzaranek beste hiruzpalau hilabete beharko dituzte hazi, metamorfosia burutu, eta lehorrera ateratzeko. Sasoi honetan, inguru urtarra atzean utzi eta basoko orbeletarantz abiatzen diren igeltxoek 10 mm inguruko luzera besterik ez dute izaten.

Baso-igel gorria hedapen zabaleko espezie paleoarktikoa dugu, eurosiberiarra, eta bere habitat nagusiak inguru menditarrean daude. Euskal Herrian itsas mailatik hasi eta 1.600-1.700 m-ko altitude bitartean ikusi den arren, Pirinioetan 3.000 m-etako inguruetan ere aurkitu izan da. Nolanahi ere, populazio sendoenak pagadi, harizti, amezti, eta mendiko eta goimendietako larretan garatzen dira.

Animaliaren populazio-estatusari dagokionez berriz, hau nahikoa ona da mendi eta goimendietako eremuetan. Aitzitik, altitude baxuetan animaliak ugaltzeko behar dituen putzu eta urmahelak lehortzeak kalte handia egiten die. Eta bestalde, furtibismoak ere atzerakada handia eragin dio igel dotore honi. Izan ere, eta legez babestuta dagoen arren, jateko harrapatzen bait da, horretarako ugalketa-sasoiaz (animaliarentzat garrantzi handieneko eta babes txikieneko sasoiaz) baliatuz.

FITXA TEKNIKOA: BASO-IGEL GORRIA
ESPEZIEA: Rana temporaria
FAMILIA: ERRANIDOAK
ORDENA: ANURUAK
KLASEA: ANFIBIOAK
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila