Baratzeetako erlikiak

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Zer koloretakoak dira azenarioak? Eta tomateak? Lehenak laranjak eta bigarrenak gorriak, izango da erantzun normalena. Izan ere, gaur egungo baratzeetan eta merkatuetan normalean ikusten ditugunek kolore horiek izan ohi dituzte. Baina ez da beti horrela izan; eta, oraindik ere, merkatuan ikus dezakeguna baino askoz ere handiagoa da barazkien aniztasuna. Barietate horietako batzuk orain hainbat mende ekoizten ziren.
Baratzeetako erlikiak
2008/10/01 | Etxebeste Aduriz, Egoitz | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: USDA)

Azenario guztiak ez dira laranjak. Are gehiago, hasierako azenarioak ez ziren laranjak. Egiptoarrek azenario moreak zituztela uste da. X. mendean, erromatarrek moreak eta zuriak zituzten. Eta historialariek diote XIV. mendekoak zuriak, horiak, berdexkak, gorriak, moreak eta beltzak zirela. Baina sekula ez laranjak.

XVI. mendera arte ez zen azenario laranjarik existitzen. Holandarrena da meritua. Azenario hori argi batetik abiatu, eta, hibridazioz, azenario laranjak sortu zituzten. Orangeko Gilenen garaia zen, eta laster bihurtu zen produktu nazional. Holandarrak munduko azenario-ekoizle garrantzitsuenak bilakatu ziren. Baina ez hori bakarrik; azenario holandarrak, laranjak izateaz gain, gozoagoak ziren, eta pixkanaka beste koloreetako azenarioen lekua hartu zuen. Gaur egun, jende gehienarentzat ez da besterik existitzen.

Antzeko istorioak gertatu dira beste barazki askorekin ere: barietate gutxi batzuek beste milaka baztertu dituzte. Hala ere, munduko hainbat txokotan, urtetik urtera etxeko haziak gorde izan dituzten nekazariek mantendu egin dituzte aspaldiko barietate horietako batzuk. Ingelesez heirloom izena ematen zaie. Baratzeetako erlikiak dira. Eta, ekoizle txiki batzuen artean, arbasoek ekoizten zituzten barazki horietara bueltatzeko joera handitzen ari da azken urteotan.

Emankortasunaren izenean

Litekeena da holandarrek sortutako azenario laranja haiek aurreko barietate mikatzagoek baino zapore hobea izatea. Baina kasu gehienetan ez da hori izan barietate gutxi batzuk besteei gailentzearen arrazoia. Aitzitik, bestelako arrazoi komertzialak izan dira, batez ere, hori eragin dutenak. Ekoizle handiek ezaugarri jakin batzuk bilatzen dituzte barazkietan: batik bat, emankortasuna eta uniformetasuna, eta, horrez gain, makinekin biltzeko, garraiatzeko eta kontserbatzeko egokiak izatea, eta abar.

Barietate komertzial askok bete beharreko ezaugarri bat da makinekin biltzeko egokiak izatea.
D.H. Wright

Hala, barietate gutxi batzuk dira ekoizle handiek aukeratutakoak. Merkatuan halako garrantzia hartzen dute barietate horiek, ezen gainerakoak oso baztertuta gelditzen baitira. Eta, azkenean, ekoizle txikientzat ere, eskura dauden haziak edo landareak barietate horietakoak izaten dira.

Askotan, ordea, ekoizle handientzat egokiak diren barietateak ez dira aukera onena etxean baratzetxoa egin nahi duenarentzat. Batetik, laborantza industrialeko kondizioak ez direlako berdinak izaten. Esaterako, Almerian ekoizten dituzten tomateak ez dira egokienak Euskal Herriko iparraldean hazteko. Eta, bestetik, ekoizle txikiak, agian, emankortasunari eta uniformetasunari baino garrantzi handiagoa ematen die beste ezaugarri batzuei, esaterako, zaporeari, aniztasunari eta beste batzuei.

Merkatutik kanpo

Hala, komertzialki arrakastarik izan ez duten barietate asko oso interesgarriak izan daitezke beste maila bateko nekazaritzarako. Horregatik, heirloom -ekiko interesa gero eta handiagoa da, batez ere, etxerako edo merkatu txikietarako baratzea egiten dutenen artean.

Barazki-barietate bati heirloom kategoria emateko, batetik, ezinbestekoa da 'hibridoa' (F1 hibridoa, ikus koadroa) ez izatea; eta, aitzitik, genetika nahikoa egonkortua izatea, belaunaldiz belaunaldi barietate bera lortuko dela bermatzeko. Hala, posible izango da urtetik urtera haziak gordez barietate hori mantentzen jarraitzea. Hori ez da gertatzen barietate komertzial askorekin. Eta baratzezaina derrigortua dago kasu horretan urtero hazi edo landare berriak erostera.

Merkatuan normalean ikusten ditugunak baino askoz barietate gehiago existitzen dira. Eskuinean, heirloom tomateak.
papalars; CommandZed

Bestetik, antzinatasun bat edo historia bat izan behar du barietate batek erlikia izateko. Barazki-erlikia askok 100 edo 150 urte dituzte. Baina badira hainbat mende dituzten altxorrak ere.

Batzuk ez dira barietate komertzialak bezain emankorrak, baina, agian, askoz ere zaporetsuagoak dira; edo leku jakin bateko kondizioetara hobeto egokituak daude. Bestalde, baratzezain asko konturatu dira, esaterako, euren baratzeko tomateek ez dutela zertan gorriak eta biribilak izan, baizik eta, forma, kolore, tamaina eta zapore askotakoak izan daitezkeela. Edo, besterik gabe, euren aitona-amonek ekoizten zituzten barazkiak ekoizten jarraitu nahi dute.

Hala, gero eta elkarte eta erakunde gehiago hasi dira baztertuta gelditu diren barietateak berreskuratzen, mantentzen eta trukatzen. Hazi-bankuak sortzen dituzte batetik, ahalik eta barietate gehienen haziak modu seguruan gordetzeko. Baina hazi asko izoztuta ere ez dira ongi mantentzen denbora luzez. Ilarrak, esaterako, ezin dira 30 urte baino gehiagoz mantendu. Horregatik, garrantzitsua da baita ere haziak nekazariei banatzea, haiek erein, eta hazi berriak sortzeko.

Biodibertsitatearen alde

Haziak gordez eta halako barazki-barietateak ekoitziz, nekazaritzako biodibertsitatearen alde egiten da. Izan ere, barietate komertzialen nagusitasuna aniztasun-galera handia ari da eragiten. FAOren arabera, Europan, XX. mendearen hasieran ekoizten ziren barazki- eta fruitu-barietateen % 70 galdu da dagoeneko, eta Asian arroz-barietateen % 90 desagertu da.

AEBko gobernuak, artoaren aniztasun genetikoa handitzeko proiektu bat du. Bertako barietateak kanpokoekin gurutzatu nahi dituzte; esaterako, argazkian ikusten diren Hego Amerikako barietate bitxiekin.
USDA

Eta barietateak bakarrik ez; gizakiak 10.000 espezie baino gehiago erabili izan ditu elikatzeko, eta, gaur egun, 150 baino ez ditugu erabiltzen. Gainera, horietako 12 espeziek osatze dute gure elikagaien % 80, eta lauk soilik % 50 --arrozak, gariak, artoak eta patatak--.

Slow food nazioarteko mugimenduak ere nabarmendu du hainbat elikagai desagertzeko zorian daudela; eta mundu osoko 750 produktu biltzen dituen zerrenda horretan. Horien artean dago, esaterako, 'Aritxabaltako moskorra' tomatea. Gipuzkoako baserri gutxi batzuetan, urtez urte ekoitzi eta mantendu duten tomatea da, mamitsua eta zaporetsua, hazi gutxikoa eta gorri ilun ia granatea.

Inoiz probatu duzu 'Aritxabaltako moskorrik'? Eta Kolon iritsi baino lehen txerokiek ekoizten zuten tomate purpurarik? Edo, azenario zuri, hori, gorri edo morerik? Horrelakorik ezagutzen ez bazenuen, orain badakizu hor daudela, bilatu egin behar!

Hibridoak
Barazki edo landare hibridoak bi barietate (edo espezie) ezberdin gurutzatzean sortzen dira. Zentzu zabalean hartuta, ia denak dira hibridoak. Izan ere, hibridazioa oso arrunta da landareetan, eta askotan gertatzen da naturalki. Baina, nekazaritzan, barazki hibridoen definizioa estuagoa da. Barazki bat hibridoa dela esateko, landare gurasoek ezagunak izan behar dute, eta polinizazioak kontrolpean egina. Horrela lortutako hibridoei F1 izena ere emate zaie ( Filial 1 , edo lehen belaunaldia).
Gurutzatutako bi barietateen ezaugarriak konbinatzeko egiten dira hibridoak. Baina konbinaketa hori lehenengo belaunaldian bakarrik ziurta daiteke. Izan ere, hurrengoetan ezin da jakin zer ezaugarri izango dituen. Hau da, baratzean tomate hibrido bat badaukagu, eta haren haziak gorde eta hurrengo urtean ereiten baditugu, ez dugu barietate bera lortuko; litekeena da gurasoetakoren baten antzeko zerbait lortzea, edo ez, eta litekeena da hazi horiek antzuak izatea ere.
Nahi ez diren hibridazioak saihesteko, isolatu egin behar dira landare batzuk.
(Argazkia: USDA)
Horregatik, F1 hibridoak lortu nahi diren bakoitzean, hasierako barietateetatik abiatu behar da beti. Eta, horretarako, derrigorrezkoa da hibridatu nahi diren barietateen lerroak mantentzea, eta haiekin hibridazio kontrolatuak egitea. Horregatik, hazi hibridoak garestiagoak izan ohi dira.
Bestalde, egungo barietate 'ez-hibrido' gehienak ere hibridazioz lortutakoak dira. Baina kasu horretan urteetako hautespenaren bidez egonkortuak daude. Eta, hortaz, urtetik urterako haziek barietate bera ematen dute.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
3
246
2008
10
033
Nekazaritza; Botanika; Dietetika/Elikagaiak
Artikulua
51
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila