Badator aire konprimituzko autoa

Lasa Iglesias, Aitziber

STEAM Hezkuntza arloko arduraduna

Ingurumenak gero eta gehiago kezkatzen gaituen aro honetan era askotako ‘auto garbiak’ kaleratu nahi izan dira. Auto elektrikoak, eguzki-energia erabiltzen dutenak eta hibridoak dira azken urteotan garatu diren aukerak. Oraingoan, aireak higiarazten dituen autoak ikusi ahalko dira epe laburrean hirietan: aire konprimituzko autoak, hain zuzen ere.

MDI

Autoak itzelezko independentzia eta autonomia ematen digu, ezinbestekotzat hartzen dugu eta, hori dela eta, gero eta auto gehiago dago kaleetan. Baina horrek badu bere eragina. Izan ere, hirietan sortzen den poluzioa autoen ihes-hodietatik irteten da nagusiki.

CO 2 -a da gaur egungo berotegi-efektuaren eragile nagusietakoa. Gasolina, gasolio eta, oro har, edozein erregairen errekuntza-erreakzioan CO 2 , nitrogeno-oxidoak eta bestelako isuriak askatzen dira atmosferara. Ohiko autoen motorretan hori da, hain zuzen ere, gertatzen den erreakzioa: alegia, erregaiaren errekuntza. Eta auto-kopurua ugaritu ahala, poluitzaile-kantitatea ere handiagotu egin da.

Horren ondorioz, errekuntzako motorrari alternatibak aurkitzea premiazko bilakatu da, eta horren bila dabiltza auto-fabrikatzaile nagusiak. Horietako aukera bat da aire konprimituzko autoa.

Guy Nègre eta MDI autoa

Guy Nègre ingeniari frantziarrak urteak zeramatzan moto 'garbiaren' bila.
MDI

Guy Nègre ingeniari frantziarrak urteak zeramatzan motor ‘garbiaren’ bila. Bere lehen arrakasta gasolina eta aire konprimatua, erregai biak, erabiltzen dituen motorra garatu zuenean gertatu zen. Komunikabideetan agertu ondoren izan zuen oihartzunak inbertitzaile asko bildu zituen bere inguruan, eta orduan, aire konprimituz soilik dabilen motorraren garapenari ekin zion buru-belarri. 1991n egoitza Luxemburgon duen MDI (Motor Dévelopment International ) elkartea sortu zuen, eta ordutik hona, MDIko ingeniariek motor garbiaren garapenean egin dute lan horren ezaugarriak hobetzeko.

Autoaren ezaugarriak

Zeropolution ’ da autoaren ezizena eta, beharbada, izen horren bidez autoaren ezaugarririk garrantzitsuena deskribatzen da. Alegia, errekuntzarik gertatzen ez denez, ez da poluziorik isuriko atmosferara; eta, are gehiago, ingurumeneko 90 m 3 aire garbitu ahal izango ditu auto batek egunero; izan ere, zilindroan aire konprimitua eta kanpoko airea nahasten dira, eta, horretarako, kanpoko airea iragazi egin behar da lehenik.

Autoak kontrolerako ordenagailu-pantaila txikia darama. Horrez gain, telefonia-sistema (GSM) eta satelite bidezko kokapen-sistema (GPS) ere egokitu ahalko zaizkio. (Argazkia: MDI).

Autonomiari dagokionez, atera duten lehen prototipoak 300 km egin ditzake hurrengo horniketa arte. Gaur egun aurreratuen dagoen auto elektrikoaren autonomia, ordea, horren erdia da. Hori dela eta, MDI autoa hirirako autoa dela esaten da.

Autoaren horniketa gasolina-zerbitzuguneetan egin ahal izango da. Bertara iritsi, bizpahiru minutu itxaron depositua aire konprimituz bete artean, euro bat eta erdi inguru ordaindu eta aurrera segitu. Horretarako, azpiegitura minimoa izan beharko dute gasolina-zerbitzuguneek, eta, noski, nahiko hedatua egon beharko du autoak. Hala ere, hornikuntza beste era batera ere egin ahal izango da: 220 V-eko sare elektrikora konektatuta. Autoak konpresore txiki bat izango du, kaleko airea hartu eta konprimituko duena. Kasu horretan, hiru edo lau ordu itxaron beharko dira.

Olio-aldaketa ere oso bestelakoa izango da. Errekuntzarik ez izateak badu bere eragina horretan ere, eta 50.000 km-ko egin beharko da olio-aldaketa; gainera, sukaldeko olioa bera erabili ahal izango da eta aldiko litro bat besterik ez du beharko.

Autoaren horniketa gasolina-zerbitzuguneetan egin ahal izango da, baita 220 V-eko sare elektrikora konektatuta ere.
MDI

Lehen esan bezala, ingurumenaren ikuspuntutik, garrantzitsua da ihes-hoditik irtengo den aire garbia 0 ºC azpitik egotea. Horrek bi abantaila ditu: alde batetik, hirietako airea berotzeari utziko diotela auto hauek, eta, bestetik, autoaren hozte-sistema berehalakoa izango dela ihes-hodiko aire hori erabiltzen bada. Kontuan hartu udan airea girotzeko sistema martxan jartzen dugunean askoz gehiago kontsumitzen duela autoak; ez da hori gertatuko, ordea, aire konprimituzko autoaren kasuan.

Azkenik, poltsikoari erreparatzen badiogu, ez da gutxi aurreztuko. Euro batekin 166 km egin ahal izango dira. Gasolinaz dabiltzan ohiko autoekin, ordea, hamar aldiz gehiago gastatzen da gaur egun.

Energia berriztagarrien erabilera areagotu dezake MDI motorrak

Aire konprimituzko motorra, automoziorako ez ezik, beste erabilera askotarako ere izan daiteke baliagarria.
MDI

MDI motorra ez da ibilgailuak higiarazteko tresna soilik. Energia berriztagarriak errentagarriago bilakatzeko bidea izan daiteke, batik bat, energia eraldatzeko sistema garbi berria delako.

Izan ere, eguzki-energia, energia eolikoa eta energia hidraulikoa garbiak eta debaldekoak izanagatik, kontsumoa gutxitzen denean ez dira erabiltzen. Adibide garbiena gauez gertatzen da. Haizea berdin-berdin ibiltzen da egunez zein gauez, eta gauza bera gertatzen da ibaietako ur-jauziekin, baina gauez kontsumoa asko jaisten da eta sortzen den unean erabiltzen ez den energia metatu edo galdu egiten da.

Gaur egun arte, energia metatzeko bateriak ez dira batere aukera ona izan bi arrazoi nagusirengatik. Batetik, oso bolumen handia hartzen dutelako eta pisu handia dutelako; bestetik, bateriak egiteko erabiltzen diren materialak poluitzaileak izaten direlako (besteak beste, azido sulfurikoa izaten dute).

Alabaina, energia garbi horiek airea konprimitzeko erabil daitezke, MDI motorrak erabiliko duen airea konprima dezakete, hain zuzen ere. Eta zein da horren garrantzia? Bada, beti egon litezkeela martxan aerosorgailuak, zentral hidroelektriko handiak eta txikiak, etab... eta airea konprimitu. MDI motorrak aire hori erabiliko du, bai energia elektrikoa sortzeko, bai beste higidura-mota bat sortzeko, besteak beste, autoak higiarazteko. Kogenerazioan eta nautikan ere izango da aplikagarria MDI motorra.

Auto modernoa benetan

Taxiak ere diseinu zeharo berritzailea izango du. Aurrealdean gidariaren eserlekua soilik eta atzealdean lau lagunentzako tokia. Gidariaren aldamenean ekipajea. Bi ate izango ditu.
MDI

Motorra ez ezik, autoaren ‘azala’ ere zaindu du Guy Nègrek. Berritzailea da erabat aire konprimituzko autoa. Itxura arina eta xumea du. Karrozeria beira-zuntzezkoa da eta xasisa tubularra (lasterketetarako zenbait ibilgailutan egiten den antzera), horrela zurruntasun handia lortzen baita pisu txikienarekin; piezak soldaturik egon beharrean itsatsirik daude, teknologia aeroespazialean gertatzen den bezala, eta horrek muntaia errazten du.

Autoen ohiko abiadura-neurgailua eta bira-kontagailua izan beharrean, ordenagailu pantaila txikia darama eta une oro agertzen dira hor hainbat aldagairen balioak. Eta, noski, telefonia-sistema (GSM) eta satelite bidezko kokapen-sistema (GPS) ere egokitu ahalko zaizkio.

Autoaren sistema elektrikoa ere zeharo berritzailea omen da. Guy Nègrek autoaren kable guztiak kable bakarrean elkartzen dituen patentea erosi zuen. Hau da, kable bakarra egongo da denerako. Dirudienez, sistema elektriko guztia irrati-igorle txiki batek kontrolatuko du. Horrek denak 20 kilo kable aurreztuko ditu.

Lau modelo egingo dituzte: taxia, furgoneta, pick-up -a eta familiarra.
MDI

Autoaren prototipoa probatzeko aukera izan dutenen arabera, autoaren barruko aldea zabala eta funtzionala da. Giltzari bira bat eman eta autoa martxan jartzean, zarata txikia ateratzen du. Potentzia txiki samarra du (25 ZP; ohikoa 70-100 ZP da), baina momentua behar adinakoa. Izan ere, motorra nahiko elastikoa da; bulkada handia eragiten du bira/min gutxitik hasita eta 4.000 bira/min-ra igo daiteke. Potentzia maximoa 3.500 bira/min-tan gertatzen da.

Komertzializazioa

MDI autoa homologazio-fasean dago oraindik ere Frantziako hegoaldean, Nizatik oso gertu. Hori gertatutakoan, 2003aren lehen hiletarako iragarri dute hasiko dela komertzializazioa. Iberiar penintsulan zortzi eremu bereizi dituzte, eta horietariko bat osatzen dute Errioxak, Nafarroak eta Euskal Autonomia Erkidegoak. Eremu bakoitzean MDI fabrika bat ezarriko da eta, horrekin batera, zeharo berritzailea den fabrikazio eredua. Oraingoz, Espainiari dagokionez, Bartzelonan daude aurreratuen.

Auto berria erosteko asmotan dabilenak hilabete gutxi batzuk itxaron besterik ez du aire konprimituzko autoa erosi ahal izateko.

Autoaren fitxa teknikoa

Lau modelo badaude ere (taxia, furgoneta, pick-up -a eta familiarra), ezaugarriak, oro har, berdintsuak dira guztietan.

MOTORRA

  • Kokapena : Atzeko aldean
  • Zikloa : Airea konprimitua + Aire gehigarria
  • Zilindro-kopurua : 2
  • Diametroa : 110 mm
  • Ibiltartea : 62,96 mm
  • Olio-zirkuituaren edukiera : 2 litro
  • Zirkuitu elektrikoa : Hari bakarreko sare
    elektrikoa
  • Bateria : 12 V
  • Zilindrada : 1.197 cm 3
  • Potentzia maximoa : 25 ZP (3.500 bira/min-tan)
  • Momentu maximoa : 10,5 kg·m (1.500 eta
    2.500 bira/min-ko tartean)
  • Aire-elikatzea : Aire-injekzio elektronikoa
  • Olio-aldaketa : 2 litro 50.000 km-ko

TRANSMISIOA

Gurpil eragileak : Atzekoak
Aldagailua : 2 erlazio eta atzera-martxa

DEPOSITUAK

Deposituak : Ontzi termoplastikoa eta karbono
-zuntzeko bilgarria
Edukia / Presioa : 300 litro/300 bar

XASISA ETA KARROZERIA

Karrozeria : Beira-zuntza
Ateak : 2
Eserlekuak : Taxian 5, furgonetan 1+1, pick-up-ean 1+1 eta familiarrean 6.
Direkzioa : Kremailerakoa
Aurreko balaztak : Diskoak
Atzeko balaztak : Diskoak

NEURRIAK ETA PISUA

Ardatzen arteko distantzia : 2,915 m
Luzera : 3,84 m
Altuera : 1,75 m
Zabalera : 1,72 m
Pisua hutsik : 700 kg (taxian) eta 675 kg (beste modeloetan)
Karga garraiagarria : 500 kg

EZAUGARRIAK

Abiadura maximoa : 110 km/h
Autonomia hiri barnean : 200 km edo 10 h
Autonomia 60 km/h abiaduran : 240 km
Horniketaren iraupena:
2÷3 min gune egokituetan.
3÷4 h 220 V-eko sare elektrikoan.


Zalantzak argituz

Zein izango da autoaren
autonomia maximoa?

Autonomia abiaduraren araberakoa da.
50 km/h-ko abiaduran autonomia 300 km-tik
gorakoa da; abiadura 100 km/h-koa bada,
autonomia 100 km-koa. Hirian bertan autonomia 10 ordukoa da, batez beste. Hirian ibiltzeko auto egokia da.

Batez besteko kontsumoa?

100 km egiteko euro bat baino gutxiago gastatu beharko da.

Zenbat denbora itxaron
behar da depositua berriz
bete artean?

Hornigailuetan hiruzpalau minutu;
220 V-eko entxufean hiru ordu eta erdi.

Zenbateko masa garraia
dezake ibilgailuak?

Gidaria eta beste lau lagun; merkantziatarako bada, 450 kg.

Zaratatsua ote da autoa?

Motorrean leherketarik eta errekuntzarik
gertatzen ez denez, zarata ohiko autoena baino askoz txikiagoa da.

Ziurrak al dira deposituak?

Bai. Hiriko autobusen gas-deposituak egiteko erabilitako teknologia bera erabili da.
Eta, gainera, arriskua txikiagoa da, izan ere,
gordetzen dena gasa izan beharrean airea da,
eta airea ez da leherkorra, sukoia, ezta pozoitsua ere.

Noiz aterako dira lehenengo autoak?

2003ko urte-hasierarako aurreikusten da lehen autoen merkaturatzea.

Gutxi gorabehera, zein izango da salneurria?

9.000 eta 12.000 euro inguru balioko dute, modeloaren arabera.

Zein izango da garantia?

Autoak asmatze- edo fabrikazio-akatsik badu, MDIren bermeak egingo dio aurre.

Saldu osteko zerbitzurik
egongo ote da?

Fabrikak eraikitzen diren inguruetan batez ere, MDIrekin zerikusia izango duten tailerrak izango dira. Bertan konpondu ahal izango dira autoak.

Edozein autotan jar liteke
MDI motorra?

Ez. Bonbonen bolumena dela eta (2,1 m luze eta 25 cm-ko diametroko oinarria), ohiko autoek ez dute horretarako lekurik izaten.

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.