Babestu beharreko altxor urdina

Stephan, Raya

Ur-legedian aditua eta UNESCO-IHPren aholkularia Parisen

Otchet, Amy

UNESCOren programako zientzia-aditua Accrako bulegoan

Gure oinen azpian, milaka kilometro heda daitezkeen akuiferoak daude. Ibaiek bezala, akuiferoek herrialdeen arteko mugak gainditzen dituzte, eta bi herrialde edo gehiago har ditzakete. Eta ibaiekin gertatzen ez den bezala, oso gutxi dakigu mugez gaindi hedatzen diren akuiferoei buruz. Halaber, ez dago nazioarteko arau eta hitzarmenik akuifero horiek elkarrekin kudeatzeari buruz. Bide horretan aurrera egiteko, 2002an, munduko akuiferoen mapa egin zuen UNESCOk, Partekatutako Akuiferoak Kudeatzeko Proiektuaren barruan (Internationally Shared Aquifer Resources Management-ISARM). Hidrologoen Nazioarteko Elkartearekin (IAH), FAOrekin, tokiko lankideekin eta nazioarteko adituekin bat, UNESCOren Nazioarteko Hidrologia Programak (IHP) azken bost urteak eman ditu munduko mugez gaindiko akuiferoen inbentarioa ikuskatzen.

Babestu beharreko altxor urdina
2008/03/01 | Stephan, Raya 1 ; Amani, Abou 2 eta Otchet, Amy | 1 Ur-legedian aditua eta UNESCO-IHPren aholkularia Parisen: r.stephan@unesco.org; 2 UNESCOren programako zientzia-aditua Accrako bulegoan: a.amani@unesco.org

(Argazkia: Artxibokoa)
Afrikakoa izan zen abian jarritako lehen azterketa. Mugaz gaindiko 38 akuifero azaldu ziren azterketa hartan, eta haietako bost aurretik inoiz identifikatu gabe zeuden. Azterketa haren aurrerapen-maila UNESCOk Cotonou-n (Benin) 2007ko maiatzean egindako bilera batean ebaluatu zen. Bilera hartan, 2009rako nazio batean baino gehiagotan banatutako akuiferoen atlasa prestatzeko gomendioa egin zuten.

Bilera UNESCOren Accrako bulegoak eta Hidrologoen Nazioarteko Elkarteak (IAH) antolatu zuten, Herbehereetako Nazioarteko Lurpeko Ur Baliabideak Ebaluatzeko Zentroarekin lankidetzan. Ordura arte bildutako informazioa aztertu zuten, eta eskualdeko inbentariorako azken datu-bilketa prestatu zuten. Osatutakoan, inbentarioa eskualdeko mugaz gaindiko akuiferoen Informazio Geografikoko Sistemako (GIS) datu-basean egongo da.

Benin, Burkina Faso, Boli Kosta, Ghana, Mali, Mauritania, Niger, Nigeria, Togo eta Senegalgo hidrogeologoek egoeraren txostena egin zuten, partekatutako akuiferoei buruz bakoitzak eskura zituen datuak eta informazioa oinarri hartuta. Boli Kostaren kasua tipikoa da. Izan ere, eskualdeko herrialdeek baliabide preziatu hori babesteko dituzten arazoak adierazten ditu.

Boli Kostaren kasua

Gineako Golkoan partekatutako bi akuifero-sistema daude, bi arro sedimentario handi dituztenak: Tano arroa eta Keta arroa. Tano arroa Boli Kostako Fresco kostaldeko herritik Ghanako Axim herriraino hedatzen da; eta akuifero-sistemak Boli Kostako lurren % 2,5 estaltzen ditu. Hiru akuifero mota daude Tano arroan. Kuaternarioko akuiferoak (1,8 milioi urte baino gutxiagokoak) poluitzeko arrisku handia dute, akuifero-sistemaren gainazala lurraren mailatik gertu dagoelako. Bigarren motakoak dira Miopliozenokoak (5-8 milioi urte) edo akuifero kontinental terminalak. Hain zuzen, halako batek hornitzen ditu ur edangarriz Abidjan (Boli Kostako hiririk handiena) eta inguruko eskualdeak. Hirugarren akuifero-mota Goi Kretazeokoa da (94 milioi urte), eta mota horretakoa da Société Africaine d'explotation d'eau Minérale elkarteak ustiatzen duena. Akuiferoetan misteriotsuena da, ez baitira ezagutzen haren geometria, bolumena, maila eta luzera.

Cotonou, Beningo hiri handiena. 2002an Beningo hidrogeologoek ikusi zuten Cotonou urez hornitzen duen akuiferoa Togoko mugatik aurrera ere hedatzen dela. Bi herrialdeek adierazi dute akuifero hori elkarrekin kudeatzeko interesa dutela.
J. O'Sullivan/UNESCO

Abidjan bezalaxe, Boli Kostako hiri handi gehienak kostaldean daude, Bonoua eta Aboisso barne. Horretaz gainera, eskualdean industria-sail ugari ere badaude, ananak, goma eta palmondo-olioa fabrikatzeko, bai eta Aboisson Afema urre-meatzea ere. Horiek guztiek ur-kantitate handiak kontsumitzen dituzte. Eta poluzioa eragiten dute.

Abidjan eremuko lurpeko uren azterketetan, esaterako, ikusi dute goi-lautadan, Adjamén eta mendebaldeko eremuan nitratoen (NO 3 - ), amonioaren (NH 4 + ) eta aluminioaren (Al 3+ ) kontzentrazioa handiegia dela, Munduko Osasun Erakundearen (MOE) ur edangarrirako estandarren arabera. Poluzio kimiko hori lursailetan pestizidak eta ongarriak erabiltzen direlako sortzen da --arrantzaleak ere urmaelak poluitzen ari dira pestizidekin--, nahiz eta beste urmael batzuk urre-meatzaritza dela eta poluitu diren, Ghanako (ondoan dago) Afema urmaela eta Aby urmaela barne. Edonola ere, iturria edozein dela, gainazaleko urak produktu kimikoekin eta etxeko hondakinekin poluituta egotea mehatxua da, bai pertsonen osasunerako eta bai uraren biodibertsitaterako.

Boli Kostan 18 milioi biztanle daude gaur egun --erdia hiri-eremuetan--, eta, kopuru hori urtean % 2 haziko dela aintzat hartzen bada, 2025ean 24 milioi biztanle inguru izango ditu. Abidjanen bertan ere biztanleria asko ari da hazten (1999an 3,2 milioi pertsonakoa zela jotzen zen), eta hiriaren akuiferoa itotzen ari da, hirigintza-prozesu bizkorrari loturiko faktoreak direla medio: lehen landarez estalita zeuden lurretan eraikinak eta azpiegiturak eraikitzen direnez, zorua iragazgaitza da euriaren aurrean. Horri gehitzen badiogu lurra modu anarkikoan okupatzen dutela auzoetako etxeekin, gero eta zailagoa da ur-putzuetan sartzea, akuiferoko lurpeko urak kontrolatzeko eta akuiferoa berriro karga dadin ahalbidetzen laguntzeko. Gainera, ur-tratamendurako edo etxeko hondakinak botatzeko sistemarik ez dagoenez, hondakin-urak ibaietan eta bestelako gainazal-uretan isurtzen dira zuzenean, eta hiriaren kanpoaldeko nekazaritzak ere poluitzen du akuiferoa.

(Argazkia: UNESCO)
Abidjaneko ur-eskaera handia dela medio, hiriaren beharra lurpeko hornidura baino handiagoa izango da laster. Bonoua herriaren ingurumariak hornitzen dituen lurpeko urak erabiltzen hasteko aukera aurreikusten da, baina hori ere behar baino gehiago erabiltzen has liteke bizkor. Gainera, Bonouako iturritik hartutako ur-kantitatea bikoiztu baino gehiago egin da dagoeneko: 1990ean 767.767 m 3 hartzen ziren, eta 1.836.699 m 3 , berriz, 2000 urtean.

Beste arazo larri bat ur gaziaren intrusioa da. Izan ere, kostaldeko akuiferoan kloro asko egotea eragin dezake horrek. Hain zuzen, gehiegizko kloro-kantitateak hainbat putzu bertan behera uztera behartu du biztanleria. Zehazki, Jacquevillen, Abidjango lautadan eta Adiaké eskualdearen ekialdeaz haratago atzeman dute fenomeno hori hidrologoek.

Azken batez, arazo nagusia da estatu mailako lege-esparrua ez dela egokia. Ingurumenaz, uraz eta meatze-sektoreez arduratzen diren legeak taxutu dira, baina oraindik ez dira indarrean sartu. Boli Kostan urari buruzko hainbat lege-baliabide berretsi dira, baina itsasoko urez eta gainazaleko urez arduratzen dira nagusiki.

Ohartarazteko sistema goiztiarra

2002an, UNESCOren Nairobiko bulegoak eta Nazio Batuen Ingurumen Programak proiektu bat jarri zuten abian, Abidjango eta Afrikako beste zortzi hiri handitako akuiferoetako poluzioaren eragina balioztatzeko. Honako hiri hauek aztertu zituzten: Dakar (Senegal), Ouagadougou (Burkina Faso), Bamako (Mali), Cotonou (Benin), Keta (Ghana), Mombasa (Kenya), Addis Abeba (Ethiopia) eta Lusaka (Zambia).

Gainazaleko urak produktu kimikoekin eta etxeko hondakinekin poluituta egotea mehatxua da, bai pertsonen osasunerako eta bai uraren biodibertsitaterako.
P. Virot/UNESCO

Proiektuan, hainbat metodologia garatu dira poluzioguneak eta mehatxu nagusiak identifikatuz lurpeko uren zaurgarritasuna balioztatzeko. Halaber, ohartarazteko sistema goiztiar bat ezarri da. Sistema hori Afrikako zientzialarien sareak osatzen du, eta hondakin-isurpenen eta antzeko jardueren arriskuei buruzko kontzientzia sortzen ari da, sektore publikoan nahiz pribatuan erabakiak hartzeko gaitasuna dutenen artean. "Kontrol-sistema sendoa izatea lortu nahi zen" dio UNESCOren programako aditu Emmanuel Naah-k, "legegileei eta ur-kudeatzaileei oharrak aurrez eman, eta, hartara, poluzioaren aurrean garaiz jardun ahal izateko". Proiektua are gehiago garatzen ari da, Lurmutur Hirian (Hegoafrika) 2005eko azaroan egindako lantegiaren balioztapeneko gomendioekin bat.

Lege-hutsunea betetzea

Mugez gaindiko akuiferoak deskribatzea zaila da ikuspegi zientifikotik eta, horrez gain, faktore politikoek are gehiago zail dezakete prozesua. Gobernuek askotan ez dute onartzen beste herrialde batzuetan ere hedatzen direla ur edangarria lortzeko eta ureztatzeko erabiltzen dituzten akuiferoak. Gainera, partekatutako ibaiei buruz nazioartean gero eta arau eta hitzarmen gehiago dagoen arren, horiek ez dira erabat ezartzen akuiferoen kasuan.

Halaber, duela gutxira arte, nazioarteko legeek atentzio gutxi jartzen zieten lurpeko urei eta mugez gaindiko akuifero-sistemei. Egin kontu: ur-baliabideen erabilerari buruzko orain arteko mundu mailako hitzarmen bakarrean (1997ko maiatzean onartutakoa), gainazaleko urei lotuta daudenean soilik hartzen dira kontuan lurpeko urak, hala nola estatu arteko itun gehienetan eta mugez gaindiko urei buruzko akordioetan.

Abidjan. Hura bezalaxe, Boli Kostako hiri handi gehienak kostaldean daude, Bonoua eta Aboisso barne.
ISS006E54425/NASA
Dena den, gauzak aldatzen ari dira. 2006an, Nazio Batuen Nazioarteko Lege Batzordeak mugaz gaindiko akuiferoei buruzko artikuluen zirriborro-multzoaren lehen irakurketa onartu zuen, Nazioarteko Hidrologia Programaren oinarri zientifiko eta teknikoarekin prestatu zena. Ahalegin horren zati gisa, urte berean UNESCOk eta FAOk lurpeko urei buruzko nazioarteko akordio lotesle eta ez-lotesleen multzo bat argitaratu zuten elkarrekin.

Artikuluen zirriborroetan, batetik, urari buruzko nazioarteko legeetako printzipioak ageri dira: arrazoizko erabilera egitea, eta ez-kaltetzeko araua. Hor, barne hartzen da nazioarteko legeko printzipio orokorra ere: lankidetzan aritzeko betebeharra; modu praktikoan, mugez gaindiko akuiferoen kasuan, datuak aldian behin trukatzea. Bestalde, mugez gaindiko akuiferoen kudeaketa-printzipio zehatzak kodetzen dira, hala nola kontrolatzea, babestea eta gordetzea, eta lankidetza gauzatzea zuzenean garatze-bidean diren herrialdeekin, edo nazioarteko erakunde eskudunaren bitartez.

Ur-baliabideen erabilerari buruzko orain arteko mundu mailako hitzarmen bakarrean, gainazaleko urei lotuta daudenean soilik hartzen dira kontuan lurpeko urak.
P. Virot/MOE

Partekatutako Akuiferoak Kudeatzeko Erakundea gobernuek planak taxu ditzaten bultzatzen ari da, bai eta, batzordeak era ditzaten ere, partekatutako baliabideak ingurukoekin batera kudeatzeko eta ingurumena babesteko. Halaber, akuiferoak gehiago babesteko legezko hitzarmenak gauzatzeko planak daude.

Iturria: UNESCO. "A blue goldmine in need of protection", A World of Science, 5. bol., 3. zk, 2007ko uztaila-iraila (http://www.unesco.org/science/)

UNESCOren baimenarekin Elhuyarrek itzuli eta moldatutako artikulua.

Zergatik da hain zaila akuifero poluituak garbitzea?
Munduko akuiferoetako lurpeko urak munduko ur gezaren horniduraren % 30 dira, eta ehuneko hori deigarria da laku eta ibaien % 0,3arekin alderatzen badugu. Hala ere, lurpeko uren azterketek, oro har, urritasunak izan dituzte, lurpeko uren balioa agerikoa izan arren eta herrialde askok beren beharrak horiekin asetzen dituzten arren (esaterako, Mauritaniaren ur-beharren % 80 akuiferoekin estaltzen dira). Eskualde hezeagoetan ere jendeak gero eta gehiago erabiltzen ditu lurpeko urak, ibaiak eta gainerako gainazal-urak oso poluituta baitaude.
(Argazkia: Artxibokoa)
Akuiferoek oso baliabide seguru eta fidagarriak eskaintzen dituzte, baina hauskorrak dira. Oso zaila da, agian ezinezkoa ere bai, akuiferoak garbitzea behin poluitu direnean. "Teknikoki ezinezkoa da batzuetan hiri-akuiferoak garbitzea behin poluitu direnean, eta ekonomikoki ez da praktikoa" dio UNESCOren programako aditu Emmanuel Naah-k; UNESCOren Nairobiko (Kenya) Zientziarako Eskualdeko Bulegoan egiten du lan. "Beraz, epe luzean, hirietako lurpeko ur poluituak bertan behera utziko dira, eta ur-murriztapen larriak egongo dira, edota tratamendu-sistema konplexu eta garestiak eraiki beharko dira, osasun publikoa arriskuan jartzea saihesteko".
Akuiferoetako poluzioa komunitateetatik, fabriketatik eta etxaldeetatik iragazten diren hondakin-urek eta gai kimikoek eragiten dute. Gainera, hiri-poluzioaren iturriak gero eta gehiago dira: pestizida organikoak, nitratoak, metal astunak, uretako patogenoak. Hirien hazkundeak asko eragiten die akuiferoei, eta Afrikako hiri-biztanleria ia hirukoiztu egin da 1970az geroztik. Izan ere, gaur egun milioi bat biztanletik gorako 35 hiri berri daude. Landa-eremuetako exodo hori larritu egin dute baldintza klimatikoek, basamortutzeak eta pobreziak.
Iparraldeko Afrikaren kasua
Gobernuetako ordezkariek onartu dute legezko hitzarmen bat taxutu behar dela Libia, Egipto, Txad eta Sudan bitartean hedatzen den nubiar hareharrietako akuifero-sistemari buruz. Hain zuzen ere, sistema hori bi uharkatan bereiz daiteke: uharka zaharrena eta hedatuena (akuifero-sistema nubiarra) eta nubiar ondoko akuifero-sistema.
Basamortuko perla gisa ezagutzen den Ghadamès hiria oasi batean dago. Sahara aurreko hiri zaharrenetako bat da. Libiako Gizakiak Egindako Ibai Handiaren proiektuak 500.000 m 3 ur inguru eramaten ditu Libiako biztanleriaren zati handiena pilatzen duten kostaldeko hirietara, 4 metroko diametroko hormigoizko hodi-sarearen bitartez. 'Ibai' artifizial hori basamortuaren azpian hedatzen da, eta 3.500 km ditu guztira.
(Argazkia: UNESCO)
Bi uharkek, elkarrekin, ur fosilaren 373.000 km 3 inguru gordetzen dituzte, eta ur horrek milaka, eta agian milioika, urte ditu. Hori garai bateko ondare likidoa da, alegia, duela 10.000 urte Sahara antzua sabana zen garaiko ondarea. Eskualdea elikatzen zuten euriak desagertu egin ziren duela 3.000 urte inguru, eta ur fosil gisa ezagutzen den ur-hornidura bikaina, baina mugatua, geratu zen. 1991n, Libiako gobernua akuifero horretan lanean hasi zen, ingeniaritza zibileko munduko proiektu handiena dena egiteko: Gizakiak Egindako Ibai Handia. Baina, ur fosil hori behin erabilitakoan betiko desagertuko da, eta horrek eztabaida handia eragin du proiektuaren inguruan.
2000. urtean, nubiar hareharrietako akuifero-sistema erabiltzeko estrategiaren eskualdeko garapen-programan sartu ziren Txad, Egipto, Libia eta Sudan. Programa Eskualde Arabiarrerako eta Europarako Ingurumen Garapeneko Zentroak taxutu zuen; zentro horrek Kairon du egoitza. Aljeria, Libia eta Tunisia barne hartzen zituen bigarren akordioan, Sahararen Ipar-mendebaldeko akuifero-sistemarako kontsulta-mekanismo bat ezarri zen 2002an. Hitzarmen horiei eta beste hainbat hitzarmeni buruzko xehetasunak UNESCOk eta FAOk iaz elkarrekin argitaratutako Groundwater International Law (Lurpeko Urei buruzko Nazioarteko Legedia) txostenean aurki daitezke.
Stephan, Raya 1 ; Amani, Abou 2 eta Otchet, Amy
3
240
2008
3
033
Hidrologia; Ingurumena
Artikulua
42

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.