Arma biologikoak

Sarrera

Antzina ere arma biologikoek militarrak liluratu izan zituzten. Aro klasikoan eta erromatarren dominazioan, armadek herrietako biztanleak akatzearren jende espezializatua zeukaten iturrietako urak pozoitzeko eta baita zenbait herritan legen, izurri eta koleraz kutsatutako ontziak sartzeko ere.

XVIII eta XIX. mendeetan europar kolonoak arma-mota hauek erabiltzen hasi ziren beste kontinenteetako jatorrizko biztanleak ezereztatu nahian; sifilis, gripe, nafarreri edo tifus gaitzak nahita ala gabe sartuz altzairua edo bolbora baino eraginkorragoak bait ziren.

Arma biologikoetataik babesteko uniformedun soldadua.

I. Mundu-Gerran arma kimikoak erruz erabiltzearen ondorioa, II. Mundu-Gerran arma biologikoekin zenbait entseiu egitea izan zen. Ezaguna da britainiar armadak hutsik dagoen eskoziar irla batean (Gruinard deritzonean) antrax baziloaren espora-kantitate handia bota zuela. Arrakasta izugarria izan zen eta oraindik 1989. urtean britainiar armadako soldaduak jantzi babeslez joaten dira bertara baso-infekziosoa eta jeneralean hilgarri den gaitz hau ebitatzeko.

1940. eta 1944. urteetan japoniarrak Korea eta Mantxuriaren kontrako kanpainan 11 hiri bonbardatu zituzten tifus eta izurriz kutsatutako materialekin. Arma biologiko hauek eragindako hilen kopurua ez da inoiz jakin.

Gerra-presoen kontzentrazio-esparruetan, japoniarrek 3.000 preso txinar, mongoliar, britainiar eta korearri zenbait gaitz infekzioso injektatu zioten. Gutxienez 1.000 preso hil ziren saiakuntza haietan.

II. Mundu-Gerra ondoren, 50 eta 60.eko hamarkadan, Estatu Batuetako Gobernuak, Marylan estatuan laborategi militarra eraiki zuen. Fort Detrick deitua. Horren garapenaren momentu onenean 1.000 zientzilari lanean aritu ziren arma biologikoen ikerketan.

Hala ere 1969. urtearen bukaeran iparramerikarren proiektu hau geratu egin zen eta 1970. urtean Nixon-ek Gobernuak eraso-helburuz arma biologikoak ikertzeko asmorik ez zuela adierazi zuen. Bi urte geroago, 1972. urtean “Arma Biologikoei buruzko Nazioarteko Akordioa” sinatu zen Londres, Mosku eta Washingtonen, non eraso-helburuzko arma biologikoen garapena, fabrikazioa eta bilketa galerazten bait zen.

Orain 130 estatuk sinatu dute akordio hau. Hau dela eta aurreko hamarkadaren hasieran bazirudien munduak arma-mota hauetaz ez zuela kezkatu behar. Estatu Batuetako eta Sobiet Batasuneko gobernuek arma-mota hauen finantzaketa geratzea erabaki zuten, zeren arma atomiko eta kimikoekin konparatuz arma biologikoak ez bait dira hain erabilgarriak. Arma hauek erasotzaileen aurkako joera har zezaketen, antzina zeukaten arazo berbera aurkezten zutelarik, eta horrek armadatan txerto ugari erabiltzea suposatzen zuen.

Injinerutza Genetikoaren Garaia

Militarrek ezin zuten imajinatu ituna sinatu eta urtebete geroago arma biologikoen birbaloraketa gertatuko zenik.

1973. urtean Kaliforniako Standford Unibertsitatean, Stanley Cohen eta Herbert Boyer biologoek, zenbait bakterioren heredentzi materialean beste batzuen geneak transferitzea lortu zuten.

Bizidunen heredentzi materiala babesten duten segurtasun-mekanismoan gertatutakoak, arma biologikoen ikerkuntza berpiztea suposatu zuen. Lehen patogenoak lortzeak eta erabiltzeak kontu izugarria eskatzen bazuen, une horretatik aurrera behar militarrei egokituz berriro diseinatuak izan zitezkeen.

Birkonbinaketa genetikoaren teknika berriekin, Pentagonoko militarrei bi urte lehenago pentsatu ezin zitzaketen milaka posibilitate agertu zitzaizkien. Arma biologiko birkonbinatuen interesa handituz doala ikus daiteke 80.eko hamarkadako aurrekontuei begiratuz.

1980. urtetik 1987. urtera arma biologiko eta kimikoen ikerkuntza eta produkziorako inbertsioak %554 gehitu ditu Pentagonoak, proiektu hauetan 1.440 milioi dolar inbertituz. 1986. urtean arma biologikoen ikerkuntzan 90 milioi dolar erabili dira eta Defentsa-ministraritzak finantzatutako manipulazio genetikoen proiektu-kopurua 0tik (1980. urtean) 200era pasatu da (1987. urtean). 80.eko hamarkadaren hasieran Fort Detrick-eko instalazioak berritu egin ziren eta zientzilariak berriro hasi ziren lanean.

Segurtasun handienaz eraikitako zenbait laborategitan USAMRIID (Gaitz infekziosoen ikerketarako Estatu Batuetako armadaren medikuntz institutua)-eko ikertzaileek Lasa, Ebola edo Chikungunya birusaren ondorioak ikertzen dituzte. Baita nafarreria, sukar horia, zaldi-entzefalitisa, gripea, Harburgriren gaitza eta Rift-en sukarra ere. Autrax bakterioa, botulismoa, kadena gaitza, izurria, tifusa eta tetanosaren esporak garrantzi militar handikoak dira. Fort Detrick-en beste hogei toxinarekin batera, suge, perretxiko, eskorpioi eta alga batzuen pozoiak ikertzen dira.

Injinerutza genetikoaren bideari jarraituz, arma biologikoen ikerkuntzak eta produkzioak 1972. urtean sinatutako arma biologikoei buruzko nazioarteko itunaren arauak ez dituzte bortxatzen.

Defentsarako izanez gero, arma biologikoen kantitate mugatua produzitzea onartzen da. Eta hona hemen akordioaren zalantzagarritasuna; oso zaila bait da, batez ere maila militarrean, eraso eta defentsaren arteko diferentzia zehatz jakitea. Erasorako arma hauek erabiltzen dituen herriak txertoak beharrezkoak ditu, hau da, era honetako erasoak aldez aurretik babestea eskatzen du eta ondorioz txerto berriak sortzea. Genetikoki birkonbinatutako ernamuin patogenoak hilabete batzuetan lor daitezke eta txertoak sortzea, behar izanez gero, urteetako lana izan daiteke.

Arma biologikoen etorkizuna

Gripearen birusa. Helburu militarrak lortzeko erabil daitekeenetako bat.

Nolakoak izango lirateke arma hauek? Zeintzuk beraien ondorioak? Proiektu hauetan lan egin duen zenbait zientifikok (adibidez, San Diego-ko Unibertsitatean biologia molekularreko katedratiko den Michael Brende doktoreak) honako hau dio: “Escherichia coli, hesteetako bakterio kaltegabea, genetikoki birkonbinatuta arma beldurgarri bihur daiteke.

Hasieran, bakterio hau erresistentzi gene batzuen bidez antibiotikoekiko kutsagaitz bihurtzen da, ondoren liseri aparatuan zehar libreki mugi dadin heste-azidoekiko erresistentzia handitzen zaio. Gainera beste organismoetako geneak ezar daitezke (adibidez odolaren gatzatzaile-akzioa galerazten duen toxinaren bat). Azkenik eraso-gene batekin birkonbina daiteke eta honela bakterioa hesteetako horma zeharkatuz organismoko beste zeluletara iritxiko da. Honela birkonbinatutako bakterioak zelula-zuntzetan bota ditzake bere toxinak organismoko defentsa-sistemak ezer egin ezin duelarik.”

Brende doktoreak dioen guzti hau ez da zientzi fikzioa; injinerutza genetikoaren munduan praktika arrunta baizik.

Oraingoz Iparameriketako Estatu Batuetan militarren arloan lan egiten duten teknikariek, zenbait pozoi biologiko sekuentziatzea eta kodetzea lortu dute. Autraxa, botulismoa, kolera, difteria, tetanoa eta zenbait sugeren pozoi-toxinen egitura genetikoak ezagutzen dira. Sekuentzia genetikoak ezagutzeak, edozein unetan zientzilariek pozoi-kopuru izugarria aguro eta merke lor ditzaketela esan nahi du.

Fort Detrickeko USAMRIID proiektuan E motako kolibakterio baten DNAn suge-pozoien geneak ezartzen hasi dira. Jakina, ikerketa hauen jarrera ofiziala (txerto berriak sortu nahian) helburu medikoetan oinarritzen da. Zenbait militarrek ironiaz ikerketak III. Munduko herrien osasunean pentsatuz egiten direla esaten du: “40.000 pertsona suge-koskadaz hiltzen diren herrietan gure txertoak oso interesgarriak izan daitezke”.

Sintetikoki substantzia pozoitsuak lortu nahian, Fort Detricken lanean ari dira. Adibidez trikotezeno izena duen onddo baten pozoia (euri hori izenez ezagutzen dena, eta nerbio-sistema zentralari erasotzen dioten gas kimiko arruntak baino 300 aldiz eraginkorragoa dena) sintetizatu nahi da.

Azetilkolmesterasa entzima kodetzen duen genea sekuentziatzen Pentagonoak 113 milioi dolar gastatu dituela jakin da. Entzima hau garrantzitsua da burmuineko neurotransmisoreen eginkizuna erregulatzeko. Stockholmeko bakerako ikerkuntz institutuko zenbait txostenek dioenez, ezagumendu hauek nerbio-zentruei erasotzen dien zenbait toxina lortzeko erabil daitezke.

Gehienek diotenez toxinak dira genetikoki birkonbinatuta erabil daitezkeen arma biologikoak, zeren produkzioa injinerutza genetikoa erabiliz oso merkea eta erraza bait da.

Gainera, oso maneiagarriak eta produkzio errazekoak dira arma hauek. Iparrameriketako eta Europako zenbait zientzilarik zera dio: “Birkonbinatutako arma biologikoak lortu nahi dituen Estatuak, teknologia genetikoaz, materialez eta jatorrizko kultiboz betetako 200 probeta eta laborategi normal baten azpiegitura aski du. Gainerako gauzak, hau da, garraioa, aerosolak, lehergailuen ganbara betetzea… arma kimikoentzat erabilitako azpiegitura militar beraz egin daitezke”.

Aplikazioari buruz, militarrek arma biologikoak jende artean zabaltzeko biderik onena aerosola dela uste dute. 1984. urtetik aurrera Estatu Batuetako hiri batean (Dugway-n hain zuzen) armadak aerosolen bidez arma biologikoak zabaltzeko instalazio bat eraiki nahi du, aurrekontua 2.300 milioi dolarrekoa izanik.

Badakigu nahikoa dela kultibo txiki bat herrietako jendeak autrax, sukar hori eta izurriaz gaixotzeko. Hala ere, gaitz hauek ezagunak dira eta zerbait egitea egongo litzateke, baina birus eta bakterioak genetikoki birkonbinatuta baleude ezer egiterik ez legoke, medikuntza ofizialak maila horretan eskarmenturik ez duelako.

Arma Biologikoen beste arrisku batzuk

Militarrek eta politikoek arma hauek erasorako sekula ez direla erabiliko diote; bakea mantentzeko baizik. Hala ere, laborategi inguruetan bizi direnentzat, arma hauen ikerketak izugarrizko arriskuak sor ditzake. Baita beraien garraioak ere.

Birmingham hirian jazoak inoiz ez zukeen gertatu behar. Birmingham Unibertsitateko Biologi katedradunak, Henri Bedson-ek, laborategi bat zuen unibertsitatearen aspaldiko edifizio bateko lehen oinean, non gainera unibertsitatearen instalazio gehiago ere bazeuden.

1978. urtean laguntzaile batzuekin nafarreri birusa ikertzen ari zen. Birusa manipulatu eta aste batzuetara nafarreri larriaz hiriko neska bat gaixotu egin zen; Janet Parker. Kasualki Bedson-ek lan egiten zuen ospitalean ingresatu zuten neska, eta Janet-ek Medikuntz Fakultateko Anatomi Institutuan argazkilari gisa lan egiten zuela jakin zuenean, harri eta zur geratu zen; Institutua bere laborategiaren gainean kokatua bait zegoen.

1978.eko irailaren hamaikan Janet Parker nafarreriz hil zen eta bi egun lehenago Bedson doktoreak bere burua hil zuen belarra ebakitzeko guraize batzuekin eztarria moztuz.

Aste batzuk geroago, unibertsitateko teknikariek, Janeten kutsapena nola gertatu zen aztertu eta Janetek lan egiten zuen aldameneko gelako arnasbide txiki eta estu batetik, birusa goiko oinera igo zela ondorioztatu zuten. Bedson doktorearen laborategiak, OMEren segurtasun-arauak %100 ez zituela betetzen esan zuten.

Parker-Bedson gertakaria, mikroorganismoen ikerkuntzak sor ditzakeen arriskuen froga da, eta batez ere Europan; herri batzuetako Defentsa-Ministraritzek, injinerutza genetikoaren ikerkuntz proiektuak unibertsitatetako laborategiei agindu bait dizkiote. Nahiz eta mikroorganismoen manipulazio genetikoa egiten den laborategietan segurtasun-neurriak Asilomar-ek ezarritakoak eta laborategi arruntetakoak baino zorrotzagoak izan, azken urte hauetan laborategi gehienak (pribatuak ala publikoak, eta injinerutza genetikoan lan egiten dutenak) neurri zorrotz hauetako asko baztertzen ari dira. Orain manipulazio genetiko asko multinazionaletan eta laborategi erdikonbentzionaletan egiten da.

1981. urteko irailean Fort Detricketik 213 litro Chikungunya birusa eta mundu guztia sukar tropikalez gaixotzeko adina arma desagertu ziren. Oraindik Pentagonoak ez daki hain arriskutsu den arma horrekin zer gertatu zen.

Arma biologikoen etorkizuna

Ikusi dugunez injinerutza genetikoaren teknikak ez dira medikuntz arloan bakarrik erabiltzen; baizik eta helburu militarrez ere bai. Gai bait dira denbora-tarte txiki batean milioika pertsona ezereztatzeko. Injinerutza genetikoaren aroan gaudela esan genezake; militarrentzat oso erakargarria bait da txertoak edukiz gero herrien aurkako germenak eratzea.

Bai arma biologikoek eta bai energia nuklearrak, erabilitako inguruneak kutsatuta utz ditzakete urte askorako. Arma biologikoak oso erakargarriak dira, herriaren azpiegitura aldatu gabe, Neutroi-bonbak bezala, pertsonak bakarrik hiltzen direlako. Gainera erasotzailea izurritearen aurkako txertoaren jabe bada, kutsadura biologikoa gaindi dezake.

Guzti honegatik arma biologikoen ikerketarako laborategiak ugalduz joango direla uste da.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.