Arbasoen irakatsiak

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Belaunaldiz belaunaldi, basabizitzatik gero eta urrunago dago gizaki modernoa. Eta, inguru naturalarekin harremana galtzen duen heinean, arbasoen jakintzaren zati handi bat atzean gelditzen ari da. Bada, berandu baino lehen, zaharren esanei aditzea komeni da, haien irakatsiak aintzat hartzea. Etnobotanikariek horretan dihardute.

Arbasoen irakatsiak
2007/03/01 | Rementeria Argote, Nagore | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: © San Telmo Museoa)
Mendiko botak jantzita, grabagailua eskuan hartuta doa etnobotanikaria. Baserriko atea ireki diote, eta sukaldeko sutondoan aurkitu du amona. Okerra dago, bizitako ia mende baten zama darama gainean, begiak lausotzen hasiak ditu. Hasieran fidakaitz agertu da bisitan etorri zaion kalekumearen aurrean, baina haren jakin-minak piztu egin du, antza, eta gazte-denborako kontuak burura etortzen zaizkion heinean bizkortu egin da; eta mihia dantzan hasi da, gaztetan bezain arin.

Amonak inguruko landareak ezagutzen ditu, izenez ezagutu ere, eta garai batean zertarako erabiltzen zituzten ere badaki, batzuk oraindik ere erabiltzen ditu. Eta, hain zuzen ere, horretxen berri jakin nahi du etnobotanikariak; jakintza horren testigantza jaso eta gorde nahi du. Izan ere, amona arbasoen jakintzaren jabe da, haren guraso eta aitona-amonetatik jaso zuen; eta, tamalez, haren seme-alabek jakintza horren zati bat baino ez dute jaso, eta ilobek are eta zati txikiagoa.

Basabizitzatik urruntzen

Oro har, mundu osoan gertatzen ari da fenomeno hori: belaunaldiz belaunaldi galtzen ari da arbasoen jakintza. Jakintza haren zati bat zaharrek dute, emakumeek batez ere. Eta, ahal den heinean, jakintza hori gal ez dadin saiatzen da etnobotanika.

Opio-belarra (Papaver somniferum) oso aberatsa da substantzia analgesikotan.
(Argazkia: © Paul Busselen)

Horri esker, tradizionalki jan izan diren edo jaten diren laurogei bat mila landare-espezie ezagutzen dira, eta sendagai gisa erabili izan diren beste ehun bat mila espezie.

Aspaldidanik egin izan dira etnobotanika-lanak. Ezagutzen den zaharrena De Materia Medica da, Dioskorides greziarrak 77. urtean idatzia. Lan hura katalogo antzeko bat da: Mediterraneoko seiehun landare-espezie biltzen ditu, bakoitzaren erabilerarekin eta prestatzeko errezetarekin.

Baina etnobotanika terminoa bera ez da hain zaharra, 1895ean erabili zuen lehenengo aldiz Harshberger botanikariak, antropologia eta botanika uztartzen zituen diziplina bereizteko. Harshbergerren arabera, etnobotanika "aborigenek erabiltzen dituzten landareen ikerketa da, eta landare horiek kulturan duten garrantziaz eta horien erabilerari zibilizazioak atera diezaiokeen etekinaz arduratzen da".

Denborarekin, diziplinak eboluzionatu egin du, eta definizioa egokitzen joan zaio. Hala, gaur egun, gizakiak landareekin duen harremana ikertzen du etnobotanikak. Harreman hori oso zabala da, landareek hamaika erabilera baitituzte: elikagai, sendagai edo erregai gisa, eraikuntzan, arropak egiteko, errituetan... Eta, gainera, hainbat ikuspegi ditu: kulturala, gastronomikoa, farmakologikoa, historikoa, toxikologikoa eta abar.

Sendabelarretatik botikara

Garai batean, elikatzeko eta sendatzeko zuten baliabide bakarra inguruko landaretza zen. Tokian tokiko basalandareak ederki ezagutzen zituzten. Baina azken 50 urteetan asko aldatu da egoera: gizon-emakumeak basabizitzatik urrundu egin dira, hiritartu egin da gizartea.

Herri-ondarean milaka sendabelar dauden arren, farmazia-industriak sintesi kimikora jotzen du gehienbat sendagai berrien bila.
Merz Pharma GmbH Co. KgaA

Guztia ez da galdu, ordea. Onartu behar da gaur egungo botika asko antzinatik erabili izan direla. Morfina, esate baterako. Morfina opio-belarraren (Papaver somniferum) substantzia aktiboa da, eta opioa antzinatetik erabiltzen da analgesiko gisa. Aipamen zaharrenak K.a. III. mendekoak dira; hortaz, askoz lehenagotik erabiliko zuten. 1803an erauzi zuten lehenengo aldiz morfina opiotik, eta ordutik mundu osoko ospitaleetako sendagaien zerrendan izan da. Gaur egun ere erabiltzen da, min larrienak arintzeko.

Antzeko bidea egin dute beste farmako batzuek ere, hala nola efedrinak eta taxolak. Efedrina Ephedra vulgaris landarearen substantzia aktiboa da eta arnas ahalmena handitzen du. Taxola haginetik ateratzen da, eta minbiziaren aurkako tratamenduan erabiltzen da. Farmako horiek eta beste hainbat ondare historiko-kulturaletik jaio diren botika modernoak dira, nolabait esateko.

Gaur egun ere, botika berriak bilatzeko bide polita da herrien ondare kulturalean arakatzea. Hori bai, lan handia eskatzen du. Europako Batasunean, esate baterako, proiektu bat izan zen V. Esparru-programaren baitan, hainbat herriren ondare etnobotanikoa ikertzeko. Proiektuaren burua Michael Heinrich izan zen, Londresko Farmazia Eskolako ikertzaile buruetako bat. Heinrich Donostian izan zen urtarrilaren bukaeran, Aranzadiren etnobotanika-jardunaldietan. Eta proiektu haren berri eman zuen, eta, bide batez, etnobotanikarien lana azaldu zuen.

Gorostia (Ilex aquifolium) . Erabilera magikoa.
(Argazkia: © Paul Busselen)

Esate baterako, nola jakiten dute landare baten erabilera berria den, ala aspaldikoa? Bada, halakoetan, antropologiak eta hizkuntzalaritzak badute zeresana. Adibidez, proiektu hartan, greziar-jatorriko Italiako herri baten etnobotanika aztertu zuten, beste batzuen artean. Besteak beste, tradizionalki erabiltzen zituzten sendabelarrak eta landare jangarriak identifikatu zituzten; eta erabileraren tradizioa noizkoa zen jakiteko (gutxi gorabehera bada ere), herri hark landareei ematen zizkien izenak Greziako hainbat herritan ematen zizkietenekin alderatu zituzten. Batzuk bat zetozen. Ondorioa: landare haiek oso aspalditik erabiltzen ziren, gutxienez, herri hura Greziaren parte zenetik.

Ikerketa historikoaz gain, proiektu hartan ikerketa farmakologikoa eta toxikologikoa ere egin zituzten. Esate baterako, iberiar penintsulako leku askotan jan izan den askari-lore bat (Merendera montana) izan zuten aztergai. Landare horren erraboilak jaten dira. Bada, jaten den dosia toxizitatearen mugan dagoela ikusi zuten.

Farmakologiaren ikuspegitik, ezkaia (Thymus vulgaris) ere ikertu zuten. Ezkaiaren substantzia aktiboa timol izenekoa da, eta aspalditik ezagutzen da. Ikerketan konturatu ziren timol gutxien duen ezkai-barietatea dela eraginkorrena sendagai gisa; beraz, ezkaiak timolaz gain substantzia aktibo gehiago ditu.

Orain Euskal Herrian

Aranzadiko Daniel Perez, tradizioz jan izan diren basoko landareak eta fruituak erakusten: basaranak, txikoria-belarra, ezkur-kafea...
N. Rementeria

Bada, antzeko ikerketak egitekotan dira orain Euskal Herrian. Heinrichen lantaldeko etnobotanikari bat, Rocio Alarcon, Arabaren hegoaldeko tradizioak ikertzera etorriko da. Izki inguruan ibiliko da, hango jendeari elkarrizketak egiten, landareen laginak hartzen, analisi farmakologiko eta toxikologikoak egiten eta abar.

Lehen ere egin izan dira datu-bilketak Euskal Herrian: Aranzadiko Daniel Perezek ehunka elkarrizketa egin ditu, eta horretan jarraitzen du. Hain zuzen ere, Perezek egin zituen etnobotanika-jardunaldiaren antolaketa-lanak, eta hitzaldi batean Euskal Herriaren ondarearen berri eman zuen. Jasotako datuak erabilita, eta esperientziak eman dion intuizioarekin, Perezek sei bat kultura tradizionaletan banatzen du Euskal Herriko ondare etnobotanikoa.

Kultura edo tradizio horiek geografikoki banatuta daude: berbena eta pasmo-belarraren kultura Gipuzkoan oro har, pagoarena Bizkaiaren erdi-mendebaldean, Izkikoa (Araba hegoaldean), haitzetako tearena Nafarroaren erdialdean, Pirinioetakoa eta erriberakoa (Nafarroa hegoaldean).

Haritzaren (Quercus robur) ezkurrak. Jangarriak.
(Argazkia: © Paul Busselen)

Kultura horien arteko bereizketa ez da zorrotza, noski. Antzeko ekologia dutenak dira antzekoenak, eskura dituzten baliabide naturalak berak direlako. Gainera, harremana dutenez, elkarri eragiten diote, eta, neurri batean edo bestean, inguruko beste kultura batzuen eragina ere badute, mediterraneoarena eta Kantabria aldekoarena, esate baterako.

Bat aipatzekotan, Izkikoa nabarmendu zuen Daniel Perezek. Izan ere, itxura batean haitzetako tearen kulturaren antzekoa den arren, bere-berezko ezaugarriak ditu. Izki ingurukoek etekin handia ateratzen omen zioten basoari ( Quercus generoko espezie askotako zuhaitzak daude han), basaran eta ezkur egosiak jaten omen zituzten, sendagai gisa txantxapotaren edo Venusen zilborraren (Umbilicus rupestris) ukendua erabiltzen omen zuten eta txondorrak egiteko era berezia omen zuten.

Hausnarketarako tartea

Txikoria-belarra (Taraxacum sp.) . Jangarria.
(Argazkia: © Paul Busselen)
Hitzaldietan aldarrikapenak ere lekua izan zuen. Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Manuel Pardo de Santayanak azaldu zuenez, ondare kulturala aspaldidanik jaso eta ikertu da, antropologia izan da protagonista, eta botanikaren ikuspegia ahaztu samar egon da. Bada, etnobotanikarien asmoa da bi ikuspegiak uztartzea, eta ondare biokultural horri merezi duen balioa ematea.

Pardo de Santayanaren esanean, baliteke ikerketa horri etekin ekonomikoa ateratzea; botika berriak egingo dira edo elikagai tradizionalen bat merkaturatuko da. Baina, horretaz gain, seguru, gizarteak bestelako etekina aterako dio: belaunaldien arteko harremana estutu egingo da, eta tokian tokiko kultura eta tradizioak aintzat hartuko dira.

Hala, "bat egingo dute naturaren zaintzak, ustiapen jasangarriak eta ondare kulturalak."

Etnobotanika eta farmazia, behar baino urrunago
Aranzadiren egoitzan urtarrilaren 22an izan zen etnobotanika-jardunaldian, munduko herri askoren etnobotanika ikertu duen lagun batek eman zien hasiera hitzaldiei, Michael Heinrich-ek. Alemaniarra da jaiotzaz, Londresko Unibertsitateko Farmazia Eskolako Farmakognosia eta Fitoterapia zentroaren burua, eta mundu osoan ibilia herri indigenekin lanean.
Hitzaldien artean, hamaiketako oso berezi bat prestatu zuten antolatzaileek: euskal kulturan tradizionalki jaten ziren jakiz osatutako zizka-mizkak. Han, ezkur-kafea dastatuz, etnobotanikaren eta farmaziaren arteko harremanaz hitz egin zigun Michael Heinrichek.
Londresko Unibertsitateko Michael Heinrich eta Rocio Alarcon.
(Argazkia: N. Rementeria)
"Egia esan, etnobotanikaren eta farmazia-industriaren arteko harremana ez da oso estua. Farmazia-industriak botika berriak egiteko lagin asko erabiltzen ditu, hilean milioi bat inguru, nik dakidala. Etnobotanikariok, lana oso gogor eginda ere, bi urteko lanaren ondoren 50 bat lagin ditugu. Beraz, industriak ez du interes handirik. Interes handiagoa du industria nutrazeutikoak."
"Nik uste dut, farmakognosta eta substantzia naturalen kimikaria naizen aldetik, farmazia-industriaren lana egiteko modua ez dela egokia. Izan ere, milioika substantzia kimiko daude, eta horietako batzuk bakarrik daude naturan; horiexek dira benetako balioa dutenak.
Hori bai, onartu behar dugu gure lana askoz astiroago joaten dela."
Rementeria Argote, Nagore
3
229
2007
3
039
Botanika; Biologia; Historia; Giza zientziak
Artikulua
43

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.