Arazoa helburuetan dago

Urrun geratu dira zientzia euskaraz egin ote zitekeen eztabaidatzen zeneko garaiak. Gaur egun, gure lurretan bizi diren eta lan egiten duten unibertsitario antieuskaldunik itsuenak ere ez dira ausartzen antzekorik esatera, beren buruak ezjakintzat hartzea gura ez badute behintzat. Baina horrek ez du esan nahi pertsona horiek euskarazko unibertsitaterik sortzeko bidea errazteko prest daudenik.

Oso alderantziz, orain jarriko dituzten —aspaldi hasita jartzen ari diren— oztopoak burutsuago eta sutilagoak izango dira, ez ordea eraginkortasun txikiagokoak, zeren, erabilitako diskurtsoak leunagoak izanda ere, oztopo horiek gainditu ezean —euskarazko unibertsitatea eraiki nahi dugun euskaldunok— ia konturatu barik geure helburuak aldatzera eraman baikaitzateke. Eta, ene ustez, benetako arazoa helburuetan dago.

Oraindik ere euskara UPV/EHUren maila guztietan erabiltzeko prozesua amaitu barik dagoela —eskubide hori 1985ean onartutako estatutuetan aitortu zitzaigun—, orain unibertsitatean euskaldunoi planteatu nahi dizkiguten galderak, ez delakoan ere, euskalduntze osoko helburua desbideratzeko modukoak dira: Ikerkuntza euskaraz burutzea onuragarria al da? Ikerkuntzaren emaitzak euskaraz argitaratu behar al dira, ala ingelesez egitea ez al da eraginkorragoa? Ikasketak burutzeko elebitasuna kartara eskainiko al dugu? Mota horretakoak planteatzen dizkigute, bitartean euskal adarrak garatu gabe daudela eta garatzeko asmo handirik ikusten ez dela ahantzarazi nahirik. Azal gogorra behar da, gero!

Zientzi Fakultatearen bilakaeraz ari naiz. Fakultate hori ezerezetik sortu zen orain delahogeita hamar urte, eta sail desberdinetako promozioak kalean daudela —gaztelania ederrean formaturikoak, noski— 25 urte bete dira aurton. Errealitate hori nola gauzatu den analizatu gabe, ordea, batzuek sinestarazi egin nahi digute fakultateko ikasketa-prozesu osoa euskaraz burutzea oraindik ere ezinezkoa dela. Izan gaitezen serioak... eta zintzoak ere, gehiegi eskatzea ez bada.

Zientzi Fakultateko nolabaiteko euskalduntze-prozesua —hasiera batean erdi ofiziala eta erdi estraofiziala izan zena— duela hogei urte abiatu zen, euskal adarra orduan sortu baitzen, nolabait esateko. Hogei urte igaro ondoren, aurten bada promozio bat, Biologiako ikasketa guztiak euskaraz burutu dituena. Zorionak! diot pozez, alde batetik; baina bestetik, hogei urtetan soilik hori nola lortu den galdetzen diot neure buruari.

Zoritxarrez, erantzun garbia datorkit: behetik —euskal adarreko ikasleek eta irakasle euskaltzale batzuek— sortutako ekimenaren helburuak unibertsitatearen agintaritzan daudenek bereganatu ez dituztelako eta bidean etengabeko oztopoak izan direlako gertatu da hori. Izan ere, garbi hitz eginda, benetako gakoa horretan dago: Unibertsitateko/Fakultateko agintariek ez dute lehentasunezko helburu garrantzitsu modura hartu euskarazko irakaskuntza —eta bizitza—, borondate onez aritu diren pertsona batzuen salbuespena gorabehera. Eta agintarien borondatezko ukazio hori estaltzeko, argudio “objektiboak” aipatu izan dituzte orain arte; eta gaur egun ere erabiltzen dituzte sarri. Aipa ditzagun horrelako batzuk.

Zientzia da batzuen ustez Zientzi Falkultatearen helburu behinena: kalitate handiko zientzia, beren hitzetan. Horra hor bi gako-hitz, euskararen plangintzak aurrera eramateko orduan oztopo bailiran plazaratu ohi direnak. Dena den, bidenabar diogun ezen irakasgai berria gaztelaniazkoa denean, planteatu ere egiten ez direla... orduan kalitatezko zientziaren kontu hori esan gabe baitoa.

Edonola ere, guk ondo baino hobeto dakigu ezen, azken hogei urte hauetan euskaraz plazaratu diren lanak —tesiak, artikuluak…— eta euskaraz lan egin duten irakasle eta ikertzaileek beste hizkuntzetan —ingelesez gehienetan— argitaraturikoak, beren urritasunean, oso kalitate handikoak izan direla, fakultatean diharduten besteek argitaraturikoen maila berekoak bederen.

J. R. Etxeberria. UEUko kidea. (B. Kortabarria.

Eta guretzat argi dago, zientzia eta kalitatea —eta zientzia kalitatez— lantzeko, eguneroko bizitzan zientzialariek darabilten hizkuntza euskara ere izan daitekeela; beste edozein hizkuntza den moduan. Horrela jokatu nahi izatea ala ez, eguneroko erabilpen hori helburutzat hartzea ala ez, hori beste kontu bat da. Hemen ardura digun arazoa, hain zuzen. Beraz, ez ditzagun gauzak nahastu, ez baitira nahasgarriak.

Jende prestua eta ongi prestatua falta omen da. Kalitateari buruz esandakoak errepika daitezke hemen ere. Urte hauetan zenbat eta zenbat lizentziatu eta doktore ez ote diren fakultatetik irten euskara ere bazekitenak, eta gaztelania besterik ez zekitenen mailakoak. Lizentziatu berri euskaldunak are gehiago prestatzeko plangintza gauzatzea ez da beste munduko gauza, oso egingarria baizik. Planifikazioa egitea erraza da, helburuak lortzeko erabaki sendoa dagoenean. Hemen ere lehentasunezko helburuak jartzea da garrantzitsuena; baina ez dira jarri, eta ez dirudi jartzeko asmorik dagoenik.

Aurrekontuak eskasak omen dira. Berriro ere faltsutu egiten dira datuak etengabe. Izan ere, aipatzen diren aurrekontu bakarrak plan berrietara sartu beharko liratekeen gehigarriak baitira. Bitartean gaztelaniazko irakaskuntzarako erabili behar direnak —betidanik erabiltzen direnak— inork ez ditu sekula aipatzen, baina horiexek dira unibertsitatearen aurrekontu arrunten ia guztia bereganatzen dutenak. Dena den, horiek ez dira inoiz zalantzan jarriko, zeren, helburuei dagokienez, gaztelaniazko zerbitzuak nahitaezkoak baitira, funtsezkoak, euskarazkoak ez bezala.

Argudio horiez gain, bestelakoak ere entzun daitezke: unibertsitatea bikoiztea astakeria litzatekeela — Lovainan horrelakorik egin dela jakin arren—, euskal adarrek behar lituzketen ikasgelak atontzeko lekurik ez dagoela, gizartearen barnean etena sor daitekeela,...

Nolanahi dela, behin eta berriz azpimarratu dudanez, ene ustez, arazoa ez da hainbeste argudioena, jarritako helburuena baizik. Benetan euskaraz arituko den unibertsitatea —gizartea, esango nuke nik— lehentasunezko helburu modura jartzen ez den bitartean, egin daitezkeen beste ahalegin guztiak ez dira aski izango. Ez diot alferrekoak izango direnik, gauzatzen den ahalegin alferrekorik ez dagoela uste baitut, baina arropa zaharrari adabakiak jartzearen antzekoa izango da; eta hemen, euskaldunok behar duguna ez da gerribuelta estaliko digun adabakidun arropa zaharra, gorputz osoa babestuko digun arropa berria baizik.

Euskararen Unibertsoaren jardunaldiak egitean argi eta garbi planteatu zen arazoaren muina, zer garen, zer bihurtu nahi gaituzten eta zer izan nahi dugun argitzeko bidean. Hango hitzak erabiliz, kontua hauxe da, alegia, kategoria izatera behartu gaituztela, kategoria izatea onar dezagun behartu nahi gaituztela, kategoria mailan eduki nahi gaituztela, kategoria bihurtu nahi gaituztela,... eta guk ordea, unibertsoa izan nahi dugula, unibertso izatea erabaki dugula. Euskaraz bizi nahi dugunok ez gara beste hizkuntza baten unibertsoak babesturik bizitzera eraman nahi duten atal edo kategoria bat, mundu oso bat —txikia bada ere— eraikitzeko eskubidea duen unibertsoa baizik. Eta eskubideak gauzatzekoak dira, edo ez dira. Horixe da gure helburua, gizarteko sail guztietara hedatu nahi duguna, unibertsitate-arloa ahantzi gabe, noski.

Gaur egun zientzi arloko unibertsitate-ikasketak euskaraz burutzea inoiz baino posibleagoa da, euskaraz bizi, lan egin, irakatsi eta ikertzeko gai diren zientzialariak asko dira, inoiz baino gehiago, euskarazko unibertsitatera iristeko inoizko gutxien falta da. Baina helburu hori garrantzitsua ez dela entzun diogu euskara ederto dakien zientzialari eta irakasle bati baino gehiagori. Helburura iritsi aurretik helburua baztertu nahi ez ote duten pentsatzera garamatza horrek.

Horrexegatik argi eduki behar dugu euskalduntze-prozesua bururaino eramatea lehentasunezko helburu modura planteatu ezean, ez garela sekula iritsiko helburua gauzatzera. UPV/EHUko Zientzi Fakultatean Biologia saileko euskal adar bat osatu den uneon, baina aldi berean beste kimuak garatu aurretik zikiratzeko arriskuan dauden momentuon plazaratu nahi izan ditut gogoeta hauek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila