Andoni Ibarra: “Aro berri baten atarian gaude”

Kaltzada, Pili

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Injinerutza genetikoaren arloan azken boladan bizi dugun etengabeko aurrerapenak orain arte ezkutuan gordetako beldurrak agertarazi ditu: ugaztunak klona daitezkeela ikusi eta gero, gizakiaren txanda izango ote da? Bistan denez, galdera hauei erantzutea ez dagokie zientzialariei bakarrik eta martxoan Donostian egin ziren jardunaldietan esandakoa jasoz, honen guztiaren berri ematen ahaleginduko gara. Andoni Ibarra antolatzailearekin hitz egin dugu eta ahal bezain txukun jaso ditugu saio interesgarri hauetan esandakoa. Horrez gain, eta arazoa bere osotasunean hobeto uler dezagun, CAF-Elhuyar Sariko 3. sari konpartitua irabazi zuen “Klonazioaren auzia biologiaren ikuspegitik” izenburuko lana ere ondoko orrietan dator.
NATURE

Ugaztunak klonatu, gizakia klonatu? izenburupean, jardunaldi interesgarriak egin ziren Donostian martxoan.Bete-betean datoz han hitz egindakoak lantzen ari garen gaiarekin. Galdera-ikur batez iragarri ziren saio horietan erantzunik apenas ez zutela aurkitu esan digu Andoni Ibarra EHUko irakasle eta Theoria aldizkariko editore asoziatuak; hain zuzen ere, aldizkariaren ekimenez burutu ziren eztabaida-saio mamitsu horiek “Zientzia, Teknika eta Gizartea” egitasmoaren barruan. Bertan izan ostean, “Norteko Ferrokarrilla” irratsaioan ondokoa azaldu zigun Ibarrak.

Elhuyar: Kezka handia sortu da klonazioaren inguruan azken bolada honetan. Dolly, Polly eta gizakia klonatzeko gertu dagoen zientzialarien berri izateak ezinegona sortu duela iruditzen zaigu...

Andoni Ibarra: Guk ere, goizez egin dugun mintegian eta arratsaldez izan diren hitzaldietan gai honek kezka handia sortzen duela sumatu dugu. Jende asko inguratu da bertara, guk espero baino gehiago egia esan, eta klonazioaren inguruko arazo etikoak mahai gainean jartzeko premia nabaritu dugu. Kantitatea bezain garrantzitsua izan da, nire ustez, parte hartu dutenen kalitatea, jendeak eztabaida horietan eskua hartzeko gogoa eta prestutasuna erakutsi baitu. Zuzenbide eta Filosofiako fakultateetan goizez egin dugun mintegi akademikoan, gainera, klonazioa baino zabalagoak diren arazoak ere aztertu ahal izan ditugu, hala nola, bioetika, bioteknologia, etab.

Elhuyar: Jardunaldiak iragartzeko orduan, galdera-ikurra erabili duzue eskupaperetan: Ugaztunak klonatu, gizakia klonatu? , hain zuzen ere. Bilatzen ari zineten erantzuna aurkitu al duzue?

Andoni Ibarra: Ez horixe! Egia esateko, galdera deigarri batez aurkeztu dugu gure egitasmoa, baina funtsean, erantzunik ez genuela erraz aurkituko bagenekien. Are gehiago, gure helburua ez zen erantzun zehatzak ematea, galdera gehiago sortzea baizik, gero arazo etiko eta filosofikoak aurkituz, denon artean hausnarketa egiteko. Azken finean, aztertu dugun arazo hau ez da bai edo ez batez amaituko; ez dago zuria eta beltza hain erraz bereizterik eta gris-sorta handia dago tartean.

Elhuyar: Jakina da zientziak eta teknologiak gure bizimodua aldatu egin dutela orain arte eta aldatzen segituko duela, gainera. Zientzia orok testuinguru berria sortzen duela onartuta, zein dira injinerutza genetikoak guri sortzen dizkigun kezka nagusiak?

Andoni Ibarra: Oso kezka pisutsuak eta sakonak dira, azken finean aro berri baten aurrean gaudelako. Zientziaren eta teknologiaren garapenari esker, gizakiak hainbat aldaketa garrantzitsu eta funtsezko eragin ahal izan ditu bere inguruan, naturan edo bere gorputzean bertan; aldaketa horiek, hala ere, ez zituzten ukitu prozesu biologiko sakonenak.

Klonazioak eta bioteknologiek, aitzitik, egoera berri baten atarira eraman gaituzte, gizakiak buru ditzakeen eraldaketa horiek prozesu biologiko sakon horietara ere iristen direlako. Aukera berri batzuk sortu dira eta jadanik guk geuk erabaki dezakegu etorkizuneko gizakia nolakoa izatea nahi dugun: zein izaera edukiko duen erabakitzea gure esku dago edo, bestela esanda, erabaki horien sustatzaile nortzuk izango diren argitzea. Eta kezka hori benetan berria da guretzat, oraingo egoera honetan gizakia prozesuaren benetako subjektua bihurtu delako. Gizakiak gizakia egin dezake eta horrek kezka itzelak sortzen dizkigu, bistan denez.

Hori horrela izanik, gizarteak zer pentsatzen duen jakin behar dugu. Apika, horixe da une honetan eduki behar dugun kezka nagusia. Kontuan izan behar dugu gizakion errepresentazio sozialarik gabe nekez uler daitekeela garapen zientifiko eta teknologikoa; ezingo genituzke ulertu historian zehar gertatu diren aurrerapenak testuinguru sozialari bizkarra emanez. Zientzia eta teknologia, izan ere, produktu sozialak dira eta gizartearen eta zientziaren arteko feed-back delakoa kontuan hartzen ez badugu, ezingo diogu modu esan betean erantzun aurrez aurre dugun erronkari. Klonazioaren aferan hartu beharko diren erabakietan guk guztiok hartu behar dugu parte; subjektu eragile izan behar dugu.

Elhuyar: Horretarako ez da nahikoa kezka edukitzea; informaziorik gabe ez ginateke inora iritsiko...

E. Koch

Andoni Ibarra: Jardunaldietatik atera dugun ondorio nagusia esandakoarekin bat dator bete-betean. Informazioak sekulako garrantzia du aipatzen ari garen prozesuaren bilakaeran, komunikabideen bitartez agertaraziko baitira galdera horiek guztiak. Ikusi besterik ez dago orain arte egunkariek eta bereziki telebistek izan duten garrantzia.

Medioetan zabaltzen den informazioak eraikitzeko, hau da, sortzeko balio badu, gizarteak modu demokratikoan parte hartu ahal izango du aro berri honetan; aldiz, soilik sentsazionalismoa egiteko erabiltzen bada informazioa, desitxuratu egingo da erabat gizartearen ekarpena, herritarron partizipazioa. Jardunaldien amaieran komunikabideen erantzukizuna azpimarratu dugu bi zentzutan: batetik, gertatzen ari dena ahal den modurik argienean emateko ardura dutelako eta, bestetik, baita jendearengandik sortzen ari den errepresentazio sozial hori modurik objektiboenean helarazi behar dietelako zientzialari edo arduradun politikoei. Beste behin ere, komunikabideei zubi-lana egitea egokitu zaie.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila