Sir Harold Kroto 1996ko Kimikako Nobel sariduna

"C60 molekularentzat aplikazio humanitarioak aurkitzea espero dugu laster"

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Kimikako Nobel saria eman zioten 1996an, kaiola-itxurako molekula bat aurkitzeagatik: fullerenoa. Richard Buckminster Fuller arkitektoaren omenez jarri zion izena Krotok 60 karbono-atomoz osatutako molekula hari. Kimikarien artean iraultza ekarri zuen fullerenoaren aurkikuntzak, eta beste molekula garrantzitsu batzuk aurkitzeko bidea ireki zuen. Harold Kroto Donostian izan zen irailaren bukaeran, nanoteknologiari buruzko ATOM BY ATOM kongresuan; eta harekin egoteko aukera izan genuen.

sir-harold-kroto-csub60sub-molekularentzat-aplikaz
ARG.: Jon Urbe/argazki press - Arg. Jon Urbe/argazki press
Sir Harold Kroto: "C 60 molekularentzat aplikazio humanitarioak aurkitzea espero dugu laster"
2009/12/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
1996an Nobel saria eman zizuten fullerenoa aurkitzeagatik. Zergatik merezi zuen aurkikuntza hark Nobel saria?

Ez nuen nik hartu erabaki hori. Fullerenoak ez du aplikazio askorik gaur egun, baina oso baliagarria dirudi eguzki-panelak egiteko. Seguru asko, silizioa ordezkatzeko balioko du. Siliziozko eguzki-panelak oso garestiak dira, eta C 60 fullerenoa oso ona da elektrizitatea sortzeko. Gutxi gorabehera, bost aldiz handitzen du ekoizpena, elektroientzat oso tranpa eraginkorra baita. Eguzkiaren energia elektrizitate bihurtzeko, fotoi batez banatu behar dira karga positibo bat eta karga negatibo bat. Hain zuzen, C 60 molekulak karga negatiboa harrapatzeko balio du.

Dena dela, aurkikuntzaren ikuspuntu nagusiak badu zerikusia autoantolatzen diren atomoekin. Behetik gorako antolamendua zen, oso eskala txikian, eta oso atomo-kopuru txikiekin. Hasieran ez genion eman duen garrantzia (eta ematekoa zen), baina C 60 aren egitura berez sortzen da. Gaur egun begi-bistakoa da, baina garai hartan ez zen.

60 zenbakia berezia da. Futbol-baloi batek 12 pentagono ditu, eta 5 bider 12 eragiketaren emaitza 60 da. Zenbaki magikoa da futbol-baloiaren itxurako konfigurazio batean. Itxura horrek 60 posizio ditu josturetako elkarguneetan. C 60 molekularen kasuan, atomo bat dago intersekzio horietako bakoitzean. Orain ulertzen dugu hori, begi-bistakoa da; baina, batzuetan, begi-bistako kontuak ikustea zaila da, baita azkarrak direnentzat ere.

Nola gogoratzen duzu aurkikuntzaren unea?

Oso konplikatua da. Une hartan beste neurketa batzuk egiten ari ginen. Esperimentua garrantzitsua zen niretzat, nire lankideentzat baino garrantzitsuagoa. Izar karbonodun bat aztertzen ari ginen; interesgarriagoa zen izarretako karbonoa karbonoaren kimika baino. Karbono guztia, gure gorputza osatzen duen karbonoa barne, izarren barruan sortzen da. Horrelako izar batzuk lehertu ziren, espazioan zehar barreiatu zituzten gure karbono-atomoak eta hemen, Lurrean, amaitu zuten. Beraz, zorte ona dugu hemen egoteagatik. Gure atomoak oraindik ere espazioan egon zitezkeen; jende asko dago oraindik espazioan.

Fullerenoak (ezkerrean) futbol-baloi baten geometria du; baloiaren josturak elkartzen diren puntuetan karbono-atomo bat jarriko bagenu, fullereno bat lortuko genuke. Arg.: Guillermo Roa.

Esperimentua egin genuen, eta uste bezala funtzionatu zuen, xehetasun batengatik izan ezik. Seinale bat azaldu zen; hirurogei karbono-atomo elkarrekin zeudela adierazten zigun. Hasieran cluster bat zela uste genuen, baina gero konturatu ginen molekula bat zela, hau da, zehatz-mehatz deskribatu daitekeen atomoen konfigurazio bat. Molekula horrek izan zezakeen egituraren bila ari ginela, Buckminster Fuller arkitektoak egindako kupulekin gogoratu ginen, eta ohartu ginen aztarna egokia zela. Ordurako ikertzaile batzuek proposatu zuten molekula hori egin zitekeela, baina ez zuten susmatzen molekula hori berez mihiztatzeko gai zenik. Hori ulertu genuenean, egun batean idatzi genuen artikulua. Hamar egun besterik ez genuen behar izan artikulua bidaltzeko.

Nolako harrera izan zuen aurkikuntzak?

Batzuek ez zuten sinetsi, kimikari batzuek batez ere. Sei artikulutan esan zuten oker ginela. Baina, gero, beste batzuek interesa azaldu zuten. Kimikari teorikoentzat oso interesgarria zen, molekula horrekin lan egin zezaketelako. Eta, hortik aurrera, molekula-mota horretako esparrua bihurtu zen interesgarri. Bost urte behar izan ziren fullerenoa egitura zuzena dela frogatu ahal izateko. Eta 1990etik aurrera dena azkartu egin zen. Gainera, fullerenoaren aurkikuntzak nanohodien aurkikuntzara eraman zuen. Oso egitura interesgarriak dira, eroale onak baitira.

Fullerenoaren barruan atomoak sartzeko ideia sortu zen.

Ideia interesgarria da, atomo horiek fisikoki daudelako barruan harrapatuta. Agian, etorkizunean atomo erradioaktiboak sar litezke barruan, fisikoki harrapatuta, kimikoki harrapatuta egon ordez; alde handia dago batetik bestera. Horrela, markatzaileak gehitu litezke fullerenoaren kanpoaldean toki jakin batera bideratu ahal izateko; atomo erradioaktiboak toki hartan erradiatu dezala, minbizi-zelula batean, adibidez.

Ideia bat da, baina oraindik ez da garatu. Datorren urtean aurkikuntzaren 25. urteurrena izango da. Ia ezin dut sinetsi, baina hala da. Eta, oraindik ere, kimikari asko ari dira molekularekin lanean. Baina oraingoz ez dugu aplikazio zuzenik. Laserraren kasuan, 25-30 urte pasatu ziren aplikazio bat izan zuten arte. Horregatik, laster C 60 molekularentzat aplikazio humanitarioak aurkitzea espero dugu.

(Argazkia: Jon Urbe/argazki press)
Lortuko al dugu inoiz atomoak elkarrekin antolatzea laguntzarik gabe objektuak egiteko?

Dagoeneko ikusi dugu posible dela, geure buruari begiratuta adibidez. Nanoteknologia behetik gora eraikitzen den sistema bat bada, atomoz atomo eta molekulaz molekula; gizakia nanoteknologia da, atomoz atomo eta molekulaz molekula sortu baikara. DNAren aginduen arabera egiten da; biziak egin du milioika urtean. Beraz, argi dago egin daitekeela. Baina guk horrelako zerbait egin ahal izateko, luze joko digu. Posible da, baina ikusi beharko dugu zer abiaduratan gainditzen ditugun sortzen diren arazoak.

Zergatik hartu dute hainbesteko garrantzia azken urte hauetan nano mailako gauzek?

Betidanik izan dute; kimika bera nanozientzia da. Nik uste dut jendea ez dela guztiz jabetzen kimikariek maila nanoskopikoa duten objektuekin lan egiten dutela. Edaten dugun alkohola bera, adibidez, molekula nanoskopiko bat da; ura ere bai. Beraz, kimika nanozientzia da. Agian, perspektiba aldatu da, orain arte goitik beherako sortze-prozesuak erabili ditugulako, zuhaitz batetik aulki bat egiten dugun bezala. Orain galdera da ea sor ditzakegun objektuak kontrolpean, egitura egokiak izan ditzaten nahi ditugun aplikazioetarako. Nolabait esateko, kontrolatu dezakegu zuhaitz baten hazkuntza aulki bat sor dezan? Nire ustez, etorkizunean egin ahal izango dugu.

Hori da nanoteknologia, azken batean.

Nik uste dut nanoteknologia XXI. mendeko kimika besterik ez dela. Materia kondentsatuaren fisikaren eremuan sartzen den kimika da; eta materialen zientziaren ingeniaritzaren eremuan eta biologia molekularrarenean. Oso esparru zabala bilakatu da.

(Argazkia: Jon Urbe/argazki press)
Arriskurik ba al du?

Zaila da esateko. Ehun urte atzera joango bagina, 1909ra, eta kimikaren etorkizunari buruzko erabakiak hartu behar dituen batzar bat topatuko bagenu, jende horrek oso gutxi jakingo luke kimikari buruz. Askoz gehiago dakigu guk orain. Baina oso azkarrak balira, agian, konturatuko lirateke arrisku batzuk badituela kimikak. Istripu larri batzuk izan dira; 1984ko abenduan Indiako Bhopal hirian izan zen isurketa, adibidez, saihesteko moduko industria-istripu handi bat izan zen. Eta errore batzuen ondorioa izan zen.

Horrelako istripuak iragarri ondoren batzarrak erabakiko balu kimikarik ez dutela egingo, gaur egungo mundu modernoa ez zen existituko. Inguruan ditugun material asko ez lirateke egongo, gure arropak ere ez, ezta ordenagailuak ere, eta beste gauza asko ere ez.

Erroreak egin ditugu, baina asmatu ditugunak gehiago dira erroreak baino. Ez dezagun dena geratu horregatik, ikertzen jarraituz gero etorkizunak medikuntzako aurrerapen harrigarriak ekar litzakeelako, esate baterako.

Roa Zubia, Guillermo
3
259
2009
12
021
Elkarrizketak; Kimika; Nanoteknologia
Elkarrizketa
32

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.