Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Center-en presidentea

"DIPCk Donostiari zientziaren mapan agerrarazten lagundu dio"

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

2000ko apirilaren 27an, Heinrich Rohrer fisikako Nobel saridunak Donostia International Physics Center zentroa, DIPC, inauguratu zuen. Beraz, hamar urte egin ditu, dagoeneko, eta atzera begiratzeko garai ona da. Eta zein hobea gogoeta hori egiteko eta DIPCri buruz hitz egiteko Pedro Miguel Etxenike baino, zentroaren sortzaileetako bat eta neurri batean horren alma mater - a baita.
pedro-miguel-etxenike-dipck-donostiari-zientziaren
ARG.: Gari Garaialde/Argazki Press - Arg. Gari Garaialde/ARGAZKI PRESS
Pedro Miguel Etxenike: "DIPCk Donostiari zientziaren mapan agerrarazten lagundu dio"
2010/05/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Zertarako jaio zen DIPC?

Hasierako helburua zen unibertsitate barruko puntako taldeei, materialen fisikakoei batez ere, nazioartera zabaltzeko aukera ematea, baina funtzionarioen sistemak jartzen dituen traba burokratikoak izan gabe. Gero, proiektuaren dinamikak eta jende gaztearen kalitateak haratago eraman du; nik ez nuen espero hainbesteko arrakasta izatea. Eta nire lankideek baino itxaropen handiagoak nituen!

Zurekin batera Juan Colmenero EHUko fisikariak sortu zuen zentroa.

Nirekin batera Colmenerok, alde batetik, eta Alberto L pez Basagunenek, bestetik. Alberto zuzenbide konstituzionaleko katedraduna da.

Nola gertatu zen?

Ideia onek berezko bizitza dute. DIPCrekin hasi ginen; gero, Fellows Gipuzkoa ideia sortu zen, kanpoan dauden hemengo ikertzaileek hona bueltatzeko plataforma bat. Azken batean, zientzia nazioartera zabaldu nahi genuen, mekanismo berri bat erabilita, munduko talde onenekin lehiatzeko aukera emango ziguna. Eta, nazioartera zabaltzeaz gain, helburua gizarteari transmititzea zen; horri garrantzi handia eman genion.

Zein da mekanismo berri hori?

Ikerketa-talde handi guztiek ez dute egitura bera izaten, baina gauza komun batzuk izaten dituzte. Malgutasun instituzionala izaten dute; alegia, autonomia izaten dute erabakietan. Unibertsitateko taldeek ez dute autonomia hori, erregulazio-sistema eta funtzionarioen sistemarengatik.

Sektore publikoaren eta pribatuaren arteko hitzarmen estrategikoa izateko sortu zen DIPC. Hori garrantzitsua da. Berezko eredu bat da. Ez du lanpostu finkorik. Lanpostu finkoak DIPCren inguruko zentroetan daude. Komunitate bat sortu da DIPCren inguruan; eta komunitate horren parte bat barrukoa da, EHUko Materialen Fisikako Saileko ikertzaileak eta unibertsitatearen barruko beste talde batzuk. Haiek anfitrioiak dira DIPCren kanpo-komunitatekoentzat, hau da, etortzen diren nazioarteko ikertzaileentzat.

Ba al dago antzeko antolamendua duen zentrorik Europan?

Europan gutxi; Triesteko zentroak du antzeko antolamendua; hala ere, haiek bertako ikertzaile asko dituzte eta guk ez. Estatu Batuetan, UC Santa Barbara Physics edo Aspen Center for Physics zentroak izan daitezke. Gurea oso ideia txikia eta merkea da, DIPCren barne-komunitatea EHUn bertan dagoelako. Ezaugarri hori funtsezkoa izan da DIPCren arrakastan. EHU DIPCren parte da, baina DIPC ez da unibertsitatearen institutu bat.

Bestalde, patronatua goi-mailakoa da; ez da norbaiten azpian dagoen jendea, eta horrek azkartasuna dakar erabakiak hartzeko garaian. Eta, gainera, DIPCren barne-komunitatearen kalitatea oso ona da. Eta barne-kalitate horrek erakartzen du kanpo-komunitatea: mila ikertzaile baino gehiago egon dira lanean hilabete baino gehiagoko egonaldietan azken hamar urteetan. Oso komunitate sendoa da, eta horrek esan nahi du edozein proiektu antolatzen dugula ere oso babestuta gaudela.

(Argazkia: Gari Garaialde/ARGAZKI PRESS)
Horrek asko zabaltzen du ikerketa-eremua?

Bai. Guk lau ikerketa-lerro nagusi ditugu: elkarrekintza elektronikoak, materia biguna, fotonika eta gainazalen fisika. Egia esan, ikerketaren aldetik, DIPC oso erakunde sinplea da; oinarrizko ikerketa egitea du helburu; hori bai, goi-mailan. Nanogune, adibidez, konplikatuagoa da; haiek ideiak produktu bihurtu behar dituzte, baina guk ez.

Hala ere, munduko erakunderik handienek ezaugarri berezi bat dute, DIPCk falta duena: independentzia ekonomikoa. DIPCren endowment a edo zuzkidura, hau da, finantzatzeko adinako interesak ematen dituen kapitala, oso txikia da.

Harvardeko unibertsitateak 4.000 ikasle baino gutxiago ditu, eta 38.000 milioi dolarreko zuzkidura zuen 2007ko krisialdia baino lehen. Diru horri % 5eko interesak ateratze hutsarekin, ia 2.000 milioi dolar lortzen ditu urtero ohiko aurrekonturako. Guk hemen lau zentro ditugu, eta uste dugu mundua irentsiko dugula. Baina gure aurrekontuekin ezin dugu Harvardekin lehiatu. Ideia bat izateko, EHUren aurrekontua 500 milioi dolarrekoa da, gutxi gorabehera. Dena den, egiten dugun horretan Harvard bezalakoak izan behar dugu. Ez dago bigarren mailako zientziarik; ez digute onartuko zientzia kaskarragoa gure aurrekontua txikiagoa delako. DIPCren aurrekontua ere oso txikia da; nahiko nuke 30 edo 50 milioi euroko zuzkidura izatera iristea. Ea euskaldun aberatsen batek bere dirua uzten digun; guk ederki erabiliko dugu (barreak).

Gizarte-ereduak ere eragin handia izango du...

Gizarte honetan ezinezkoa da; baina joera aldatzen joan daiteke. Estatu Batuetan ezberdina da. Han dirudunek ez diete diru guztia seme-alabei uzten. Bill Gates da adibidea; fundazio bat sortu du bere fortunaren ehuneko handi batekin. Gordon Moore, Intel-en sortzaileak, bere diruaren heren bat utzi zion Caltech-i. Seguru asko, hemen ez dago kondizio kultural egokirik hori gertatzeko, ezta kondizio fiskalik eta sozialik ere. Eta independentzia ekonomikorik gabe, garaian garaiko administrazioaren mendekotasun handia dugu. Baina ona da aurrekontuaren zati bat, behintzat, zuzkiduraren interesetatik etortzea.

Zer ekarpen egin dio DIPCk Donostiari?

Donostiari zientziaren mapan agerrarazten lagundu dio. Eta Donostia Ciudad de Cultura proiektuaren helburua sortzen lagundu du: Donostia zientziaren hiria egiteaz gain, hirian egindako zientzia egitea. Euskararen arloan, gainera, Elhuyar Fundazioarekin batera hainbat gauza egingo ditugu.

2000. urtean Donostiako urrezko domina eman zidaten. Eta nire hitzaldian esan nuen gustatuko litzaidakeela denon artean oinarri onak jartzea etorkizun ez oso urrun batean, Donostia zientziaren eta teknologiaren hiri moduan ezaguna izan dadin eta nazioarteko errekonozimendua izan dezan.

DIPCk aberastasuna ere ekarri dio hiriari. 1.228 ikertzaile etorri zaizkigu; horrek aberastasun handia ekarri du hotelentzat, esate baterako. Ikertzaile haietako askori guk ordaindu diegu, baina beste askok bere diruaz ordaindu dute egonaldia. Bisita horien kopurua handitzen ari gara. DIPCren kongresuetan 5.083 partaide izan ditugu, eta, horietatik, 3.500 inguru Donostiatik kanpokoak dira.

Kanpora joan izan diren hemengo ikertzaileak berrekartzeko ahalegina ere egin duzue.
(Argazkia: Gari Garaialde/ARGAZKI PRESS)

Horretarako jarri genuen martxan Fellow Gipuzkoa programa. Ikertzaileak berreskuratzeko plataformak dira; itzultzen direnei aukera ematen die, askatasun osoz, curriculum pertsonalak garatzeko. Programa horretan parte hartu duten guztiek lortu dituzte gerora lanpostuak. Adibidez, Ricardo D ez Mui o CSICeko zuzendariordea lehen "fellow Gipuzkoa" izan zen. Programa hori EHUko katalizatzailea da (zentro mistoaren elikagune bat), eta Eusko Jaurlaritzaren nazioarteko politikentzat laguntza bat izan da. Beraz, talentua erakarri duen zentroa da DIPC. Nanogune zentroa ere DIPCren ekarkin intelektuala da.

Zer adierazle erabiltzen dituzue arrakasta neurtzeko?

Hasteko, publikazioen kopurua; 2009koak 2000 urtekoak halako hiru dira. Guztira, hamar urte hauetan 1.192 artikulu argitaratu ditugu, eta gure artikuluen zita-kopurua 17.500 baino handiagoa izan da. Batez beste, 15 zita lortu ditugu artikuluko, eta hori fisikan oso zaila da. Gainera, 432 seminario eta 51 kongresu antolatu ditugu. Orain, DIPCren telebista martxan jartzen ari gara. Gure hitzaldiak ikusteko aukera dago han. Oraindik oso estatikoa da, baina garrantzi handia eman nahi diogu proiektu horri.

Dibulgazioari ere garrantzia eman nahi diozue.

Bai. Dagoeneko, lau ekintza handi egin ditugu dibulgazioan: "Zientziaren Mugak" izeneko mintegia (bigarren hezkuntzako irakasleekin batera), Einsteinen urtea, ATOM BY ATOM kongresua eta orain datorrena. "Passion for Knowledge" izena du, eta kongresu oso handia izango da. Ni neu izango naiz kongresuburu, eta nirekin batera Juan Colmenero eta Alberto L pez Basaguren izango dira. Oso programa zientifiko zabala izango du, hemengo zientzialarien hitzaldiekin, Nobel saridunenak ere bai, eta, horrez gain, beste arlotako jendea ere izango da. Adibidez, Jakiundeko kideak diren intelektual batzuk ere izango dira, Luis de Pablo musikaria eta Bernardo Atxaga idazlea adibidez. Kongresu horren helburua jendea erakartzea da.

Nola ikusten duzu zientziaren bokazio-faltaren arazoa?

Oso-oso arriskutsua, gaurko gizartea oso oinarrituta baitago zientzian eta teknologian. Harrigarria da horrelako gizarte batean jende gutxik egin nahi izatea zientzia eta teknologia. Hori aldatu egin behar dugu; bestela, akabo urrezko arrautzen oiloa. Mendebaldeko gizartearen arazo bat da. Asiak ez du arazo hori; guk bai, eta hori konpondu beharrean gaude.

Fisikarako denbora geratzen al zaizu?

Bai, bai. Eta dibulgazioa kontuan hartzen badugu, esango nuke gutxienez nire denboraren % 60 fisikarako izaten dela. Nire denboraren % 20 dibulgazioan ematen dut. Orain Jakiunderen sorreran ari naiz buru belarri, eta, hala ere, fisikarako denbora geratzen zait. Hori da kolaboratzaile asko ditudalako eta oso onak direlako. Asko dira. Beharrezkoa da; oro har, lan asko egiten dugu beste batzuekin lankidetzan eta sarean. Gainera, oso garrantzitsua da pertsonak zaintzea; jende askok esaten du, baina gutxik egiten dute benetan. Baina nik uste dut lankidetzen gakoa pertsonak zaintzea dela. Ni aditua naiz lankidetzetan, jende askorekin egin baitut lan. Lankidetza batean, bost egun pasatuta norbaitek ideia baten jabetza aldarrikatzen badu, pertsona hori ez dago lankidetzan aritzeko prest. Lankidetza on batean ideiak denonak dira.

Roa Zubia, Guillermo
3
264
2010
5
017
Elkarrizketak; Ikerketa-zentroak
Elkarrizketa
20
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila