Martera, bai. Nola? Martera, bai. Nola?

Irazabalbeitia, Inaki

kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea

Elhuyar Fundazioa

Zergatik joan behar dugu Martera? Galdera hori maiz egiten zaigu zientziaren dibulgazioan dihardugunoi. Scott Hubbard-ek arrazoi sendoak ematen ditu honen alboan doan elkarrizketan. Martera joan behar dugu; neronek ez dut zalantzarik. Nola, ordea?

NASA

Marte espazio-esplorazioaren izarra eta guraria izateaz gain, astronautikaren balbea ere bada. Makina bat misio galdu da Planeta Gorriaren peskizan; porrot-dentsitate handiena berak du. Oso atzera jo gabe, hortxe ditugu MPO eta MPL malapartatuak edo, dozena bat urte atzera eginez, sobietarren Fobos I eta II, tarteko galerak ahaztu gabe. Hamarkada baten bueltan, gehiago izan dira porrotak arrakastak baino Marteko esplorazioan. Ez dugu etsi behar, hala ere. MPO eta MPLren galerek argi eta garbi erakutsi digute 'azkarrago, merkeago eta txikiago' leloaren aplikazioak ezin diela misioen ziurtasunari eta arrakasta-atalaseri eragin. Merke-zuhurrean ibiltzeak kalitatearen galera ekartzen du eta horrek arrakasta urruntzea. Lezio hori behintzat ikasi dugu.

Bestetik, Marteren esplorazioak ez gaitu itsutu behar. Ez dira saski horretan arraultza gehienak jarri behar eta horixe gertatzen ari zaiola NASAri iruditzen zait. Funts nahikoen ezean, NASAk misioak lehenetsi behar izaten ditu eta Martek gehiegizko lehentasuna du, nire irudiko.

Gure sistemaren atzen planeta esploratzeko misioa, Pluto-Kuiper Express izenekoa, bertan behera utzi du NASAk eta, orain behintzat, uko egin dio 2004ko jaurtiketa-leihoari, belaunaldi batez gutxienez Pluton bertatik bertara esploratzeko atzeneko zentzuzko aukerari muzin eginez. Marterako misioek berean diraute ordea.

Marterako jaurtiketa-leihoak bi urtez behin zabaltzen direla kontuan hartuta, ez al litzateke zentzuzkoagoa, zientziaren ikuspegitik bederen, Marteko misioren bat atzeratu eta baliabide horiek Pluton esploratzeko usatzea? NASAk Marteren alde egin du apostu, nahiz eta Plutoni esperantzarako atea ireki lehiaketa bat zabaldu duelako bere hornitzaileen artean Pluto-Kuiper Express merke-merke bideratzeko. Sanjosetan izango dugu atzen deliberoa, baina merke-zuhurrak argibiderik ekarriko al digu?

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila