Juantxo Lopez de Uralde: "Egunero dugu Prestige txiki bat gure kostaren aurrean"

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Azkenean, iragarpen beltzenak bete egin dira, eta bertan dugu Prestige -k isuritako fuela. Hasierako galleten neurriko orban txikien ondoren, Galizian lehenagotik ezagutzen zituzten moduko orban handiak iritsi dira Euskal Herriko kostara. Gai horri buruz hitz egiteko, Juantxo Lopez de Uralderekin jarri gara harremanetan. Adeitasun osoz eta euskaraz erantzun die egindako galdera guztiei.

Juantxo, hemen dugu marea beltza. Zein eragin izango du bizidunetan eta ekosisteman?

Juantxo Lopez de Uralde 1963an jaio zen, Donostian, eta 1987an sartu zen Greenpeace-Españan. Toxikoen arduraduna izan zen eta atmosferari buruzko kanpainaren arduraduna era bai 1988an. 1993tik 1998ra, toxikoen eta energiaren gaineko kanpainen zuzendaria izan da, eta 1999ko martxotik 2001ko apirilera, toxikoei buruzko Greenpeaceren nazioarteko kanpainaren koordinatzailea. Geroztik, Greenpeace-Españaren zuzendaria da.
Greenpeace-Armestre

Zoritxarrez, Prestige -rena ez da gertatzen den lehenengo marea beltza, eta, horregatik, nahiko ondo ezagutzen ditugu marea beltzen ondorioak.

Marea beltza gertatzen denean, fuela itsas azalean gelditzen da, eta lehenengo eragina fisikoa da. Ikusten ari garen bezala, hegaztiak eta itsasoko ugaztunak dira kaltetuenak. Prestige -ren kasuan, adituek esaten dute gutxienez 130.000 hegazti hil direla, eta badakigu kopuru hori handitzen ari dela egunetik egunera.

Gero, erregaia kostaldera iristen da, eta hemen eragiten du kalterik handiena. Izan ere, kostaldeak oso aberatsak dira, biodibertsitate handia dutelako. Fuela, baina, hondartzetan eta arroketan jartzen da, eta bertako bizidunak desagerrarazten ditu. Aditu batzuek ekosistema bere onera etortzen hasteko hamar urte behar direla esaten duten arren, espezie batzuk betiko galduko dira.

Lehen kaltetuak hegaztiak direla aipatu duzu, baina zer gertatzen da beste espezieekin?

Egia da hegaztiak direla kaltea nabarmentzen duten lehenak. Denborarekin, ordea, fuela elika-katean sartzen da, eta orduan espezie guztiek antzematen dituzte eraginak. Hasteko, itsas azaleko fuel-orbanak ez dio argiari sartzen uzten; ondorioz, fitoplanktona galtzen da. Hurrengo pausoan, zooplanktona desagertzen da, eta gainerako espezieak elikagairik gabe gelditzen dira.

Horretaz gain, fuelaren osagai batzuk oso toxikoak dira, esaterako, hidrokarburo polizikliko aromatikoak. Horiek, poliki-poliki fueletik ateratzen dira, eta mutazioak eragiten dituzte bizidunetan.

Azkenean, maila batean zein bestean, ekosistemaren espezie guztiak kaltetzen dira.

Itsas azalean dagoen eta kostara iristen den fuelaz gain, badago fuel gehiago itsasoan?

Bai. Hain zuzen ere, fuela hondartzetara etorri eta gero, itsasoak fuel horren zati bat berreskuratu egiten du, eta itsas hondora eramaten du. Hor efektua asfaltoarena bezalakoa da: itsas hondoa asfaltatuta geratzen da. Ondorioz, itsas hondoetako bizia desagertu egiten da.

Prestige -ren hondamendiak fuelaren eta antzeko produktuen itsas garraioari buruz hausnartu beharko genukeela aipatu du batek baino gehiagok...

Egin kontu: itsasora isurtzen den petrolioaren % 12 bakarrik da marea

Lehentasuna itsasoan dagoen fuela biltzea da, ahal den neurrian, kostara iristea saihesteko.
Greenpeace-Armestre

beltzen ondorio; gainerako guztia ohiko jardueretan isurtzen da. Finisterre aurretik urtean 1.400 petrolio-ontzi pasatzen direla eta Bizkaiko Golkoan ere antzeko kopurua ibiltzen dela kontuan hartuta, egunero dugu Prestige txiki bat gure kostaren aurrean.

Gainera, petrolio-garraioa lehen baino merkeago egiten ari dira. Kostuak txikitzeko, petrolio-konpainiei ez die axola ingurumena arriskuan jartzea; eta horren adierazle dira komenentziazko banderak, arduraren gaineko hitzarmenak eta gauza horiek denak. Guztia garraioa merkeagoa izan dadin.

Orain badirudi neurriak zorroztu egingo dituztela. Zerbaiterako balioko du horrek?

Prestige -rena gertatu eta gero, asko hitz egin da komunikabideetan horri buruz, baina Europako Batasunak ez du ezer egin oraindik. Erika -k eta Prestige -k zeramaten fuel-mota kasko bikoitza duten itsasontzietan eraman behar dela agindu du, ez besterik. Alabaina, fuel-mota hori garraiatzen den guztiaren % 7 bakarrik da, eta beste petrolio-produktuak itsasontzi zaharretan garraiatzen segitzen da.

Fuela birfindegietan sortzen den azpiproduktu bat da. Prestige -k zeramana Baltikotik omen zetorren. Zer gertatzen da hemengo birfindegietan sortzen den fuelarekin?

Prestige -ren fuela Baltiko aldetik zetorren eta Gibraltarrera zihoan, han beste itsasontzi batzuek erregai moduan erabiltzeko. Hemengo birfindegietara petrolio gordina eramaten da; bertan tratamendu bat egiten zaio, eta hortik gasolina-mota ezberdinak eta beste produktu batzuk ateratzen dira, tartean fuela. Baina ez dakigu zehazki zer gertatzen den fuel horrekin. Guk horixe galdetu diegu EAEko, Kantabriako eta Asturiasko gobernuei, eta oraindik erantzunaren zain gaude.

Fuelaren garraioa egiturazkoa da; erregaia behar dugunez, nonbaitetik ekarri beste aukerarik ez dago. Edo bai?

Inork ez dio heltzen gai horri, baina badaude beste aukera batzuk. Prestige -ren auziak argi utzi du gure gizarteak petrolioarekiko duen mendekotasuna. Nunca mais benetakoa izan dadin, ordea, hortik atera behar dugu, eta, horretarako, uste dugu energia berriztagarrietara jo behar dugula. Hor daude energia eolikoa, eguzki-energia eta erregai fosilak edo nuklearrak behar ez dituzten sistemak.

Une honetan, hala ere, lehentasuna kostaldera iristen ari den fuelari eman behar zaio. Zer egin daiteke kalteak ahal den txikienak izan daitezen? Badago fuela garbitzeko modurik?

Hasieran galleten neurriko orbanak iritsi ziren Euskal Herriko kostara, baina gerora askoz ere orban handiagoak azaldu dira; adibidez, Bakion.
L. Cancio

Badago modurik, noski. Kaltea egina dago, baina ondorioak ahal den txikienak izaten saiatu behar dugu orain. Fuela garbitzeko metodo fisikoak eta kimikoak daude. Orain erabiltzen ari diren metodoak fisikoak dira: fuela hondartzetatik eta arroketatik ateratzean datza, eta ez dago besterik. Besteek, metodo kimikoek alegia, petrolioak baino kalte gehiago egin dezakete, beraz, gu substantzia kimikoak erabiltzearen aurka gaude guztiz.

Dena dela, lehentasuna itsasoan ahal den fuel gehiena biltzea da. Lehen aipatu bezala, kosta oso aberatsa da, eta fuela bertara iristea saihestu behar dugu. Horretarako, ahal den guztia egiten ari dira; arrantza-ontziak egunero ateratzen dira itsasora, eta ahal duten petrolio guztia biltzen dute. Badaude metodo aurreratuagoak eta egokiagoak, eta gure ustez gobernuak prest eduki beharko lituzke gure kostetan, badaezpada ere. Baina horrelakorik ez dugunez, jendea ahal den guztia egiten ari da. Gure ustez, hemendik aurrera itsasontzi prestatuagoak eduki beharko genituzke, indar handiagoz borrokatu ahal izateko.

Hegaztiak, lehen kaltetuak

Elkarrizketa egin zen astean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2003ko otsailaren 5era bitartean Gipuzkoan jasotako hegaztiei buruzko datuak eman zituen. Guztira 766 hegazti jaso ziren; 492 hilda eta 279 bizirik. Gehienak (jasotako hegaztien % 70) Uria aalge espeziekoak ziren, pottorroak edo martin arruntak, alegia. Hain zuzen, 321 pottorro jaso ziren hilda eta 274 bizirik. Otsailaren 6rako, bizirik jasotako 13 espezietako 274 hegaztietatik, 34k baino ez zirauten bizirik, denak Uria aalge espeziekoak.

Eta datuak are okerragoak dira Euskal Herriko beste lurraldeetan: Lapurdin Gipuzkoan baino hegazti gehiago jaso zituzten, eta Bizkaian 2.000tik gora.

Otsailaren 7rako, SEO/BirdLife eta Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien arabera, 18.000 hegazti baino gehiago jaso ziren hilda Portugalgo, Frantziako eta Espainiako estatuetan. Bestetik, jasotzen diren hegaztiak guztira hiltzen direnen % 10-20 inguru besterik ez direla kalkulatzen dute adituek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila