Iosune Anasagasti. «Metastasia zabaltzen laguntzen duen proteina aurkitu dugu».

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile talde batek Inbiomed izeneko ikerketa biomedikoko institutua sortu du. Bertan minbizian sarritan zabaltzen den metastasiaren inguruko ikerketa egiten ari dira. Melanoman metastasiaren prozesua eragiten duen proteina eta proteina hori gelditzen duen beste bat ere identifikatu dituzte. Beharbada ez da oraintxe ospitaleetan aplikatzeko moduko aurkikuntza baina aurrerapauso handia izan daiteke bide horretan.

«Metastasia zabaltzen laguntzen duen proteina aurkitu dugu»

Zu Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzailea zara. Zein da bi erakundeen arteko harremana?

Nire nagusia medikua da. Gure ikerketa gizarteratzea nahi zuen, baina unibertsitatean egiten duguna oinarrizko ikerketa da. Beste mediku baten laguntzaz finantzazioa lortu eta institutua sortu zuten. Taldearen erdia unibertsitatean dago eta beste erdia Inbiomed-en, Donostian. Helburua ospitaleen eta unibertsitatearen arteko zubia izatea da.

Zein da Inbiomed ikerketa zentroaren zeregina?

Bi arlotan ari gara lanean: industriarekin eta ospitaleekin. Dena den, beti minbiziarekin zerikusia duten gaiak dira, produktu antimetastatikoak, alegia. Industriak dituen produktuekin probak egiten ditugu. Adibidez, saguetan zelan dabiltzan produktu horiek. Hori ikerketa in vivo da Baina ikerketak in vitro ere egiten ditugu: landaketa zelularrak. Minbiziaren zelulak landu eta bertan zelako eragina daukaten ikusten dugu.

Eta ospitaleekin?

Ospitaleetan hainbat kontaktu dauzkagu, Arantzazun eta Galdakaon. Eurek odol laginak eta biopsiak ematen dizkigute. Horietan minbiziarekin lotutako gene markatzaileak erabiltzen ditugu ea hobetu ditzakegun gaixoen pronostikoak.

Zer da metastasia?

Tumore primarioak sortu ondoren tumore hori gorputzean zabaltzen da. Guk ikertzen dugu zein organotara doan, non kokatzen den, eta abar.

Nola sortzen da azaleko minbizia?

Berez ez du hainbesterako eragina, baina oso arin zabaltzen da gorputzean. Metastasi handiak sortzen ditu. Izpi ultramoreak zeluletan duen ondorioa da zelulek ohiko zikloa «ahaztu» egiten dutela eta bikoizten direla beste leku batzuetan. Hori da metastasia sortzen duena. Azken finean jendea ez du azaleko minbiziak hiltzen, metastasiak baizik.

Non kokatuko zenuke azaleko minbizia, sendatzeko zailenen artean ala ez?

Azaleko minbizia oso arin ikusten da, halako orban jakinak ateratzen direlako. Orduan ez dago arazorik sendatzeko. Arazoa sortzen da zabaladu egiten den momentuan eta nola zabaltzen den ez da argi ikusten. Odoletik alde guztietara zabaltzen da. Gure asmoa da pronostikoari begira egitea zerbait.

Zein da zuek topatu duzuen proteina?

Orain dela hamar urte hasi ginen lanean hanturekin lotuta dauden proteinakaz. Interleukinak deitzen dira. Oraingoa, zehatzago, interleukina-18a (IL-18) da. Proteina horiek urjauziaren mo- duan egiten dute lan. Adibidez, sukarra edo infekzio bat daukagunean gorputzak ekoizten ditu proteina hauek. Orain arte uste zen proteina horiek birusen aurka egiten badute, ba minbiziaren aurka ere egingo dutela. Eta hori dela eta, orain dela bost urte edo, bazegoen bat talde honetakoa («interleukina-2» deitzen dena) fase klinikoan erabiltzen hasi zena, minbiziaren aurka egingo zuela pentsatuta.

Oraingo ikerketak beste zerbait esaten al du?

Guk aurkitu dugu, zehatzago, IL-18 proteinak kalte egiten duela eta metastasiak zabaltzen laguntzen duela. Ikusi dugu badagoela beste proteina bat IL-18 proteinaren neutralizatzailea dena. IL-18 proteinari lotzen zaio. Saguetan ipintzen dugunean, zabalkuntza eten egiten dugu. Efektu zehatza da. Guk, ildo horretan, gibeleko zeluletan egin dugu lan.

Proteina hori azaleko zeluetan soilik ekoizten al da?

Ez, gorputzeko zelula guztietan sortzen da, gehienbat sistema inmunologikoko zeluletan. Gero odoletik zabaltzen da. Guk animalia batzuei sartzen diegu proteina eta odolean doa. Beste batzuetan IL-18a ekoizten duen animaliari genea kendu eta zein eragin daukan bere bizimoduan begiratzen dugu.

Zer ekarpen egin du aurkikuntza horrek?

Lehenengo, orain arte pentsatu dena kontrakoa zela erakustea, hau da, proteina horrek minbizia zabaltzen duela. Beste aldetik, ikusi behar dugu saguetan aurkitu duguna ea gizakiekin loturarik baduen. Horrela bada, neutralizatzailea ipin liteke jendearengan eta bizimodua hobetzeko baliagarri izango da. Oraindik ikusi egin behar dugu ea gizakiengan gauza bera gertatzen den eta beste minbizi motetan ere prozesua berdina den. Hemendik bost urtera agian fase klinikora salto egingo da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila