www.basqueresearch.com plazaratu dugu!!

Andonegi Beristain, Garazi

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gure garaia etengabeko aldaketek definitzen dute, zientzia eta teknologiaren garapenak bultzatutako aldaketek, hain zuzen ere. Aldaketa horiek egunero gertatzen dira, eta horien berri izateko tresna aproposak behar ditugu. Horretarako sortu dugu Basque Research.
Web guneak Euskal Herrian egiten den Ikerketa eta Garapenaren erreferentzia-puntu bilakatu nahi du. Bertan, enpresetan, teknologia- -zentroetan eta unibertsitatean egiten den ikerketa bildu eta jakitera eman nahi da.

Eusko Jaurlaritzaren 2001-2004 Zientzia eta Teknologia planaren ildotik sortu den web gunea da Basque Research. Plan estrategiko horren barnean zientzia eta teknologiaren dibulgazioa bultzatzea da helburuetako bat, eta hori da Basque Research-en xedea ere.

Horretarako, Euskal Herrian ikerketan diharduten agente guztien informazioa bildu eta bertatik nazioartera zabaltzeko atea eskaini nahi du. Hartara, etxean zer egiten den jakiteaz gain, kanpoan ere gure berri izan dezaten.

Helburua bi ikuspuntutatik planteatzeak badu bere arrazoia. Batetik, Euskal Herriari, eta zehatzago, profesionalei, zerbitzu publiko bat eskaintzea da gure helburua; horrela, bertan egiten den ikerketa gizarteratu eta bultzatuko da: eragile ezberdinen arteko ezagutza erraztuz, elkarlanerako bideak zabalduz, etab.

Eta nazioarteari begira berriz, Euskal Herrian egiten den Ikerketa eta Garapena ezagutzera ematea eta merkatu berriak irekitzea da gure asmoa. Hori dela eta, Basque Research-ek hiru hizkuntzatan egingo du bere jarduna: euskara, gaztelania eta ingelesa. Aipatu behar da laugarren bat sartzeko asmo finkoa dugula, frantsesa hain zuzen ere, geroz eta zerbitzu zabalagoa eta hobea ematea baita gure helburua.

Basque Research-en zer aurki daiteke?

Hiru erabiltzaile-mota daude: bisitariak, kazetariak eta berri-emaileak.

Basque Research-en eduki nagusien artean hiru aipatu beharko genituzke: Berriak, Agenda eta Direktorioa.

  • Berriak atalean, Ikerketa eta Garapenaren inguruan sortu diren azken berriak irakurri ahalko dira. Berri horiek profesionalei eta kazetariei zuzenduak daudenez, ikerketaren ikuspegi teknikoa ere azalduko dute.
  • Agenda atalean, berriz, ikerketa-munduaren inguruko ekitaldiak, mintegiak, hitzaldiak, kurtsoak, aurkezpenak, etab. bilduko ditugu.
  • Direktorioa aipamen berezia merezi duen atala da eta agian garrantzitsuena. Direktorio honetan, ikerketan diharduten enpresa, ikerketa-zentro eta unibertsitateko taldeen berri aurkitu ahalko da. Atalaren ezaugarri nagusia bilaketa-sisteman dago, hiru bilaketa-mota eskaintzen baititu: izenaren araberakoa, kokapen eta jardueraren araberakoa eta, azkenik, ikerketa-lerroen araberakoa.

Izenaren araberako bilaketan, unibertsitateen kasurako, unibertsitateetako sailak aurki daitezke, baita ikertzaile nagusiaren izena ere. Azkenik, ikerketa-lerroen araberako bilaketan, ikerketa-lerro jakin batean zein ari den lanean jakin dezakegu, bai zentro teknologikoetan, bai enpresetan eta bai unibertsitatean. Horrela, enpresa/unibertsitate, enpresa/ikerketa-zentro elkarlanak bultzatu nahi dira, eta profesionalen beharrei erantzuteko ikertzaile-taldeen arteko harremanak eskura jarri.

Direktorioan enpresa, ikerketa-zentro eta unibertsitateetako fitxak bereizteko ikono ezberdinak daude.

Hiru atal horietaz gain, badira beste hainbat ere; hala nola, alerta-zerbitzua, beste web gune interesgarri batzuen zerrenda, erakundeak, berri-emaileen zerrenda, laguntza atalak, etab.

Erabiltzaile-motak

Edukien aipamena bukatu ondoren, erabiltzaile-motak azaltzea dugu hurrengo pausoa. Horietan ere hiru motatako erabiltzaileak erregistra daitezke: bisitariak, kazetariak eta berri-emaileak.

  • Berri-emaileak Basque Research-en informazio-hornitzaileak dira. Beraiek dira berriak, agendako edukiak eta gainontzeko informazioa web gunean sartuko dutenak. Eduki horien barnean, gainera, bahiturak jartzeko aukera dute, hau da, epe baten aurretik plazaratu ezin daitezkeen edukiak sar ditzakete.
  • Kazetariak komunikabideetako profesionalak edo informazio-egarria duten guztiak izan daitezke. Horiek Basque Research-en informazioaren bezero dira. Ezin dute informaziorik bidali, baina bertako eduki guztiak, bahitutakoak barne, ikus ditzakete.
  • Azkenik, bisitariak daude. Horiek berriak, agenda, direktorioa, etab. ikusi ahalko dituzte, baina ez bahitutako edukiak. Beraz, web gunearen kuxkuxeroak dira.
Oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua hartuko dira kontuan. Argazkian, EHUko Psikologia Fakultatea.

Bukatzeko, esan nahi dugu Basque Research-ek ez duela informazioaren biltegi soil izan nahi; hori dela eta Europa mailako aldizkari espezializatu, web gune, etab.-etan informazioa zabaltzeko lan egiteko asmoa du. Europan begira sortzen ari diren berri agentzia, ikerketa-sare, etab.-ekin harremanetan gaude, eta horiekin sor daitezkeen lankidetzak bultzatuko ditugu.

Orain, Basque Research-en barna sartzeko gonbita luzatzea besterik ez zaigu gelditzen, guztiontzat egindakoa guztion artean osatu eta sortzea baita gure helburua.

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.