Microsoft Office2000 euskaraz

Waliño, Josu

Elhuyar Fundazioa

Munduan gehien erabiltzen diren aplikazio ofimatikoak iritsi dira gure herrira. Microsoft-en Office 2000ren euskaratzea amaitu berri dugu Elhuyar-en eta hil honetan bertan egongo da euskal erabiltzaileen esku. Oraingoan, Microsoft Word, Excel eta Outlook-en bertsiorik berrienak izango dituzue euskaraz; baita PowerPoint ere, baina azken hau gaztelaniaz.

Lau urte pasa dira Elhuyar eta UZEIren artean Windows 95 eta Word 6.0 euskaratu genituenetik. Lau urte hauetan, aplikazio informatiko hauek berrituz joan dira, baina ez da euskarazko bertsio berririk izan. Honen ondorioz, euskaldun asko eta asko oraindik ere garai bateko Word 6.0rekin lanean ari dira.


Joan den urtean, Eusko Jaurlaritza eta Microsoft-en artean izandako akordioa dela medio, Windows 98 eta Internet Explorer 4.0 euskaratu zituen UZEIk, euskal merkatuan iaztik erabilgarri ditugularik. Oraingoan Microsoft beraren Office 2000ren txanda iritsi da. Urtebete luzez aritu gara Elhuyar-en Microsoft-en aplikazio-multzo hau itzultzen, jada merkatuan ikusteko ordua iritsi zaigularik. Euskal merkatuan izango dugun paketea Microsoft Office 2000 Standard izenez kaleratuko da. Bost aplikazio ditu, horietako lau euskaraz: Microsoft Word, Excel, Outlook eta Internet Explorer 5.0 euskaraz izango dira Office berri honetan. PowerPoint-en azken bertsioa ere izango da paketean, baina azken hau gaztelaniaz Microsoft-ek hala nahi izan duelako.


Zer da Office?


Gaur egun merkatuan dauden PCen % 90ean Office paketea dagoela esatera ausartuko nintzateke. Beraz, aurkezpen handirik ez du behar programa-multzo honek. Programa-multzo handi batek osatzen du Microsoft-en Office, baina euskaraz dugun bertsioan hauetako bost bakarrik sartzen dira:Word 2000 aurkezpenik behar ez duen programa da. Testu-prozesadore honek duela urte batzuk ezagutzen genituen testu-prozesadore arruntak barregarri uzten ditu gaur egun.Honekin batera Excel 2000 ere badugu, kalkulu-orri, taula, grafiko eta antzekoak lantzeko aplikazio egokia. Outlook 2000 gauza ezberdinetarako erabil daiteke: agenda moduan erabiltzen da batez ere eta posta elektronikoa kudeatzeko.Internet Explorer-ek ez du aurkezpenik behar: Microsoft-en Interneteko nabigatzaile ezagunaren azken bertsioa da 5.0 hau. PowerPoint gaztelaniaz dator, baina oso programa erabilia da gaur egun. Berekin aurkezpenak eta lan-grafikoak egin daitezke era erraz eta atseginean.


Office paketearen programa bat falta dela igartzen da euskarazko programa-multzo honetan: Access 2000. Erabiltzaile asko eta askok baliatzen duten datu-base ezagun hau orain merkaturatuko den paketean egon beharko luke, gutxienez gaztelaniaz PowerPoint bezala.


Berrikuntzak


Dagoenekoz edozein informatika-aldizkaritan irakurriko zenituzten Office berri honek dituen berrikuntzak, eta baita hau erosteko arrazoiak ere. Office 97tik berrikuntza izugarria ez bada ere, kontuan izan behar da euskal merkatuari dagokionez berrikuntza nabaria eragiten diola bertsio berri honek. Guk genuen euskarazko azken bertsioa Word 6.0 zela jakinik eta oraingo Word 2000 9.0 bertsioa dela kontuan hartzen badugu, tartean beste bi bertsio joan zaizkigula konturatuko gara. Dena dela, Office 97rekin alderatuz gero lehen galdera honakoa da: zer gehiago eskaintzen du ba Office-k bi urtetik behin berritzeko? Egia esan, ezer gutxi gehitu daiteke dagoenekoz, baina Microsoft-ek egin egiten du. Aukera berriak baino gehiago, lehengo aukeren hobekuntzak dira, eta batez ere lana errazteko sistemak eta tresnak gehitzen ditu Office berri honek. Horrez gain, noski, Web-arekin lotura handiagoa ere eskaintzen du besteak beste.


Eta besteak?


Eusko Jaurlaritzak Microsoft-ekin egindako hitzarmenaren ondorioz, gehien erabiltzen diren sistema eragile eta aplikazioak euskaratu dira: Windows eta Office. Dena dela, kontuan hartu ez den beste merkatu bat ere badago, Euskal Herrian bereziki garrantzi handia duena: Microsoft-en menpe ez dauden sistemez ari naiz: Macintosh-erako sistema eragile eta aplikazioak, edo gero eta zabalduago dagoen Linux bera, esate baterako. Hauek ere kontuan hartu beharko lirateke.


Office 2000 itzuli dugu, baina ezin gara hor geratu. Ezin da Word 6.0 harekin gertatu zena berriz gertatu: bertsio berriak euskaratzen jarraitu beharra dago, euskal erabiltzaileak informatikaren etengabeko berritze honetan galduta gera ez gaitezen. Ezin gara etengabe atzean gelditu eta oraingo erronka honi eutsi beharra dago: informatika euskaraz erabiltzera ohitu beharrean gaude eta horretarako aukerak behar ditugu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila