Kao-Sumendiko sekretua eta Fisika jostagarri

Solabarrieta Arrizabalaga, Danel

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Elhuyar Fundazioak aisialdiko bi produktu kaleratu berri ditu gazteentzat. Punta-puntako abenturako bideo-jokoa da bat, eta guztion eskura dauden osagaiekin egin daitezkeen esperimentuen liburua, bestea.

Kao-Sumendiko sekretua eta Fisika jostagarri
2007/06/01 | Solabarrieta Arrizabalaga, Danel | Elhuyar Edizioak

KAO-Sumendiko sekretua bideo-jokoa

(Argazkia: -)

Bideo-jokoek gazteen artean duten arrakasta ikusirik, Elhuyar Fundazioak euskarazko bideo-jokoen aukera zabaldu nahi du itzulpen berri honekin, gazteek aisialdian euskarazko eta kalitateko produktuekin jolasteko aukera izan dezaten. Sumendiko sekretuaren jokoan, Kao protagonistak hainbat abentura biziko ditu, eta, aurrera egiteko, bere lagun pelikanoen laguntza izango du.

Jokoaren ezaugarri nagusia eta erakargarriena da jokatzeko modu ugari dituela. Era askotako misioak izango ditu jokalariak, erdietsi beharreko helburuei eta horretarako behar diren trebetasunei dagokienez. Esaterako, arrastaka doazen sustraiak saihestu beharko ditu, hegazkinekin batailatu, puzzleak osatu, errealitate birtualaren simulagailuetan irudikatutako lasterketak egin, adimen artifizialdun etsaiekin borrokatu...

Horrez gain, jokalaria askatasun osoz mugitu ahal izango da maila batetik bestera, eta hobekien ateratzen zaizkion misioak erraz-erraz errepikatu ahal izango ditu, nahi adina aldiz.

Fisika jostagarri, asmakizun zirraragarriak

Uda honetarako bigarren aukera ez da edonolako liburua. Eduardo de Campos Valadares brasildarraren Física mais que divertida liburuaren itzulpena prestatu du Elhuyar Fundazioak. Bai bakarrik eta bai taldean egiteko esperimentuen bilduma bat da. Helburua da fisikako gertakariak haurrei helaraztea, zientzia transmititzeko hizkera egoki batean. Hala, material eskuragarri eta merkeetatik abiatuta, fisikaren, eta, oro har, zientzien jakintzan sar gaitezke. Paperezko zerra, Ur-suziriak, Aldatz gora dabilen gurpila, eta Globoak erre eztanda eginarazi gabe dira esperimentuetako batzuk. Esperimentuak oso era ulergarrian azaltzen ditu liburuak, eta horiek egiteko behar diren osagaien eta hartu behar diren segurtasun- neurrien berri ere ematen du, betiere edukien zorroztasuna gutxietsi gabe.

Fisika jostagarri liburuko saiakuntzak bost zati nagusitan banatuta daude: Mekanika dibertigarria; Argiarekin jolasean: Optika; Atomoen mundua eta gure mundua: Hotza, beroa eta burbuila erraldoiak; Soinuekin jolasean: Akustika ; eta Esperimentu elektrizatzaileak: Elektrizitatea eta magnetismoa. Esperimentuak eta prototipoak elkarrekin konektatzen dituzten hainbat lotura daude, zientzien inguruko ikuspegi berritzaileekin bat eginez, fisika ohiko eremuetan banatzeko joera artifiziala gainditu eta zientzien barruko mugak ezabatzeko asmoarekin.

Solabarrieta Arrizabalaga, Danel
2
232
2007
6
048
Elhuyarren berriak
Elhuyarren berriak
69

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.