Inkestaren emaitzak

"Elhuyar. Zientzia eta Teknika" aldizkariari buruz irakurleek azaldutako iritziak.

Heldu da inkesta-orrien bidez jaso ditugun ekarpenen balorazioa eta bertan sumatzen diren ezaugarrien berri emateko ordua. Dena dela, eta datuak komentatzen hasi aurretik, eskerrik asko gure eskaerari erantzunez parte hartu duzuen guztioi. Bestalde zozketan saritua izan dena aipatzeko garaia ere badenez, ez dugu bera zoriontzeko aukera alde batera utziko. Gure kolaboratzaile den Alberto Loizate jauna suertatu da saritua. ZORIONAK Alberto!!!!

Inkestek adierazten dutenez, gure irakurlearen profila honakoa da: Gipuzkoan jaio edota bizi den 25-40 urte-bitarteko gizona, goi-mailako ikasketak egin eta lan finkoa duena.

Elhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkariari buruz agertzen den iritzi orokorra ona da. Sailez sail egin den balorazioan Euskal Herriko Fauna , Zientzi Berriak Laburki eta Osasuna dira balorazio altuena jaso dutenak eta Kontrapasa eta Xaguaren Txokoa txikiena lortu dutenak. Gainerako artikuluei buruz egin den balorazio orokorra ere ona izan da. Erabiltzen den euskarari buruzko iritzia ona eta oso ona artean egon da. Alderdi grafikoa eta maketazioa baloratzerakoan, ona izan da eman den iritzi nagusia, zer hobetu badagoela aitortzen den arren. Edukinari dagokionez, egokia izan da erantzun nagusia.

"Zein atal edo gai indartu, erantsi edo zabalago landuko zenuke?" galderan egin duzuen ekarpena aberatsa izan da eta kontutan hartuko dira. "Zein atal edo gai arindu, murriztu edo kenduko zenuke?" galderan egin dituzuen ekarpenak ere kontutan hartuko dira. Dena dela, erantzun duzuen guztioi zor dizuegun arretaz esan beharra dugu hemen egin diren ekarpenak beste batzuek aurreko galderan egin dutenarekin kontraesanean daudela. Adibidez, bada Matematikaren inguruan edo Osasuna arindu, murriztu edo kendu behar direla diotenak; baina badaude, indartu edo zabalago landu behar direla diotenak ere.

Gure ahaleginak zer-nolako hobekuntzatan bildu behar genituen galdetzerakoan, gehiengo nagusiak Euskal Herriko informazioa gehiago lantzea eta Alderdi grafikoa hobetzea aukerak areagotzen bideratu behar ditugula erantzun duzue. Beste bietan, Gaiak arinago lantzea eta Gaiak sakonago lantzea aukeretan, berdintasuna nagusitu da. Hau da, % 15 alde eta % 33 kontra agertu dira bi kasuetan.

Irakurtzeko ohitura eta joerari buruz egin diren galdereei dagokienez, irakurle leialak zaretela esan behar; gehienek alero irakurtzen baituzue aldizkaria. Bestalde, irakurle-kopuruari dagokionez, harpidedun direnaren bikoitza dela aitortu behar dugu.

Gogokoen dituzuen gaiak azpimarratzean, aldez aurretik aipatu ditugun arloak direla baieztatzen duzue. Hau da, Ekologia, Ingurugiroa edo Naturazkoa denean eta Osasunarekin zerikusia duenean . Sail finkoei dagokienez, Zientzi Berriak Laburki da gehien irakurtzen dena.

Azalpen orokorra amaitzeko, harpidetza-kuotari edo salneurriari dagokionaren berri ematea besterik ez zaigu geratzen eta horri ekingo diogu. Gehiengo nagusia bat dator dagoena egokia dela esan da. Gutxi batzuek, % 8k, garestia eta % 3k merkea dela diote.

Beraz, pozik gaude lortu den kolaborazio-mailarekin eta egin dituzuen ekarpenekin; aurrerantzean egin nahi ditugun hobekuntzak nondik nora egin behar ditugun argitzen baitigute. Hona hemen aurrerapen gisa, esku artean darabilzkigun berrikuntzak. Zuen eskaerak nagusiki hortik joan direnez, aurrerantzean gure inguruko gaiak gehiago lantzen ahaleginduko gara eta alderdi grafikoa nahiz maketazioa hobetzen ere bai. Horretarako, Elhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkariaren diseinua aldatu egingo da. Aldaketa honetan, alderdi grafikoa eta itxura berrituz aldizkariaren egitura arindu egin nahi da. Bestalde, edukinari dagokion fidagarritasun-maila lehenean mantenduko da, dauzkagun iturriak zaindu eta berriak lortuz.

"Elhuyar. Zientzia eta Teknika" aldizkariaren diseinu berrian, sail finkoak indartu eta ugaldu egingo dira, gaien oreka mantendu asmoz. Hau da, Zientzia , Ingurugiroa, Ekologia eta Natura , Osasuna eta Teknologia sailak indartu egingo dira. Bertan, Berriak labur eta Iritzizko firmak sartuko dira. Ondoko sail edo atal berriak ere izango ditu aldizkariak: Etxerako landareak eta Botanika fitxak, Argazkilaritza , Irakurlearen leihoa , Elhuyarren txokoa , Denborapasa eta Agenda .

Nola ez! Sail finkoak indartzen ahaleginak egingo dira. Baina, aurrerantzean ere, ohizko artikuluek osatuko dute Elhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkariaren edukin nagusia.

Ez genuke aukera hau zure ezinbesteko lankidetzari amua luzatu gabe amaitu nahi. Beraz, irakurle prestu hori, gogoko duzun gairen baten berri (bai agendarako, nahiz artikulu bat idazteko edo zure iritzia azaltzeko) baldin baduzu, guri helarazi eta bideratzen saiatuko gara.

Besterik gabe, eskerrik asko gurekin parte hartzeagatik, eta animo! Ea denon artean Elhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkaria hobetzen dugun.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila