Nagore Elu Arantzamendi Biokimikaria

"Zientziaren berri duen gizartea askeagoa eta manipulagaitzagoa da"

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

zientziaren-berri-duen-gizartea-askeagoa-eta-manip
Nagore Elu Arantzamendi Arg. EHU

Nagore Elu Arantzamendi batxilergoan hasi zen bideratzen gaur egun bere denboraren zati handiena hartzen dion jarduerara: ikerketa.  Dioenez, garai hartan oso gustuko zuen biologia: “Giza gorputzak nola funtzionatzen zuen jakin nahi nuen. Horrek piztu zidan jakin-mina, eta Medikuntza edo halako zerbait ikastea nuen buruan”.

Ez zen mediku egin, ordea. Unibertsitateko ikasketak aukeratzeko garaia iritsi zitzaionean, ikasketa berri bat azaldu zen: Biokimika. “Haren alde egin nuen, pentsatu bainuen nahiago nuela gaitzekin egin lana, eta ez gaixoekin”, gogoratu du Eluk. Eta bete-betean asmatu zuelakoan dago.

Biokimika ikasita, ikerketara bideratzea nahiko “naturala” dela iruditzen zaio: “Gradu-amaieran ezagutu nuen ikerketa-mundua, eta asko gustatu zitzaidan. Gero masterra egin nuen, eta orain doktoretzako bigarren urtea egiten ari naiz, Ugo Mayorren ikerketa-taldean”.

Hain zuzen, Angelman sindromearen oinarri molekularrak argitzea da taldearen helburua, eta haiekin batera dabil Elu: “Niretzat oso garrantzitsua da inguruan dudan jendea. Sartu nintzenean, taldea oso txikia zen; tesia bukatzen ari ziren bi pertsona baino ez zeuden. Baina orain handitu egin da, eta niri horrek sekulako laguntza eta babesa ematen dit. Edozein arazo edo oztoporen aurrean, ez zaude bakarrik, baduzu norengana jo”.

Zientziaren Giltzak

Ikertzeari bezainbesteko garrantzia ematen dio Eluk ikerketa gizarteratzeari. Horren erakusgarri, zientzia-gaiak hedatzeko hitzaldiak eta bestelako ekimenak antolatzen dituen elkarte baten kide da bere herrian: Zientziaren Giltzak. "Zientziaren berri duen gizartea askeagoa eta manipulagaitzagoa dela dio elkartearen leloak, eta guztiz bat nator dioenarekin”, adierazi du Eluk.

Haren ustez, zientzialarien akats nagusienetako bat da ez diotela egiten dutenaren berri ematen jendeari, “ez dakitelako, edo ez dutelako ahalegin nahikorik egiten”. Eluren esanean, ordea, funtsezkoa da dibulgazio-lana, jendeak jakin dezan zer egiten duten zientzialariek egunerokotasunean eta uler dezaten zenbaterainoko garrantzia duen: “Iruditzen zait jende askori arrotzak egiten zaizkiola zientzia eta teknologia, eta gai horiek normalizatzeko, hurbiltzeko ahalegin bat egin behar dugu guk, ikertzaileok”.

Horregatik parte hartzen du Zientziaren Giltzak elkartean. “Jendea jabetzen bada zertan ibiltzen garen zientzialariok, babes edo laguntza handiagoa emango digute”.

Horrez gain, kirolzalea ere bada: “Nire ihesbidea da, eta lanerako ere ona da: kateatuta zaudenean, ona da burua beste zerbaitetan jartzea. Askotan, kirola eginda bururatzen zaizkizu irtenbideak”.

Nagore Elu Arantzamendi

Nagore Elu Arantzamendi (Ondarroa, 1992). Biokimika eta biologia molekularra ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Ondoren, Biomedikuntza eta biologia molekularra masterra egin zuen EHUn, eta gaur egun Biomedikuntzako doktoretza programako bigarren urtea egiten ari da, Eusko Jaurlaritzaren bekar bati esker. Horrez gain, Ondarroako Zientziaren Giltzak Elkarteko kide ere bada.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group