Leire Pinedo Rodríguez Psikologoa

"Osasun mentalik gabe ez dago osasunik"

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

osasun-mentalik-gabe-ez-dago-osasunik
Arg. Leire Pinedo Rodríguez

Leire Pinedo Rodríguez psikologia klinikoko egoiliarra da, txikitan eta gaztetan horretarako asmorik ez bazuen ere, eta halaxe dio, argi eta garbi: "Ez nuen interes handia psikologia klinikoan". Salamancan ikasi zuen psikologia, han bizi baitzen, eta master bat ere egin zuen. Gero lana lortu zuen Madrilen, eta lau urtez aritu zen han. 

"Lan hark ez ninduen erabat betetzen, eta baldintzak ere ez ziren oso onak. Egonkortasun handiagoa bilatuz eta hiri lasaiago batean bizi nahi nuelako, BAPEa prestatzea erabaki nuen (Barneko Psikologo Egoiliar). Lau urteko prestakuntza da, ezinbestekoa eremu publikoan lan egiteko, eta ospitale publiko batean egiten da. Praktika asko ditugu, eta beste profesional batzuek gainbegiratzen dute gure lana", azaldu du. 

Gustura dabil, baina onartu du bizi duten egoera pixka bat "etsigarria" dela, laguntza psikologikoa behar duen gero eta jende gehiago baitago, eta baliabideak, aldiz, urriak dira: "Inbertsio handiagoa behar da. Ahal duena pribatura joaten da, baina denek ezin dute". 

Egun batzuk oso gogorrak egiten zaizkio, eta zalantza ere egiten du bide egokia hartu ote duen. Eta aurretik egin duen bidea ere ez da zailtasunik gabekoa izan. Haren arabera, txikitan, matematiketan eta fisikan ona zen, eta uste zuen hortik jarraituko zuela. Institutuko ikasketak amaitutakoan, ordea, krisi-garai bat izan zuen, eta beste bide bat hartu zuen. Psikologia ikasten hasi zen, eta hezkuntza eta ikerketa zituen gustukoen, baina ez du aukerarik izan hortik jarraitzeko.  

Zailena, dena den, BAPEn sartzea izan da, oso plaza gutxi baitaude eta jende asko geratzen baita kanpoan, nahiz eta ondo prestatuta egon. Gainera, etxekoak eta lagunak ez omen dira ohartzen zein zaila den, eta, beti ikasle ona izan denez, ziurtzat eman dute sartuko zela. "Asmo onenekin animatzen ninduten, baina presioa oso handia zen". 

Eta, orain, jarraitzen du zailtasunei aurre egiten: "Lan honetan, emaitzak ez dira epe laburrean ikusten, eta ez dago bide bakarra. Baina, aldi berean, asetzen nau, eta indarra ematen dit ikasten jarraitzeko, eta aztertzeko zer egiten dudan ondo eta zer hobetu behar dudan". 

Babesa eta autozaintza 

Lagunen eta familiaren babesaz gain, lankideena ere sumatzen du, eta hori oso lagungarria zaio egunerokoan. "Babesa eta autozaintza, biak behar dira: atseden hartzea, lana bukatutakoan deskonektatzea, beste zaletasun batzuk elikatzea... Lana nire bizitzaren zati handi bat da, baina ez bakarra. Nire buruarekin dudan harremana ere zaindu behar dut: ez dudala dena perfektu egin behar edo dena batera ikasi behar". 

Sinesten du egiten duen lanean, bere balioekin bat egiten duelako. Gainera, oso aberasgarria iruditzen zaio: "Jendeak zugan konfiantza jartzea oso berezia da, eta oso estimulatzailea, gainera, pertsona bakoitza bakarra baita. Hortaz, gure lana oso sortzailea da. Psikologia zientzia bat da, eta guztiontzat printzipio berberak daude, baina justu hori da nire ekarpena psikologo gisa: printzipio hori ezagutzea eta pertsona horrek bere burua hobeto ezagutzen eta bideratzen laguntzea". 

Ospitalean egiten duen lanaz gain, sarean ere aritzen da. Hain zuzen, jende askok jarraitzen ditu bere txioak Twitterren. Berez, euskara lantzeko hasi zen, konfinamendu-garaian, eta, pixkanaka, lagun bilakatu diren jarraitzaileak bildu ditu. 

Twitterren zein handik kanpo, buru-osasuna zaintzeko zerbitzu publikoak indartzea eskatzen du, behar-beharrezkoa iruditzen baitzaio. "Orain lehen baino gehiago hitz egiten da buru-osasunaren garrantziaz, baina ez da islatzen agintarien erabakietan. Eta osasun mentalik gabe ez dago osasunik". 

Leire Pinedo Rodríguez
Bilbon jaio zen, 1990an. Psikologian graduatua Salamancako Unibertsitatean. Gaur egun, Osasun Prestakuntza Espezializatutako (BAPE) bigarren urtea egiten dago Osakidetzan, Psikologo Klinikoko Espezialista titulua lortzeko.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila