Oihane Cantero Dominguez Adimen artifizialeko ikertzailea

"Ikerketan beti egongo da aurrera segitzeko modua"

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

ikerketan-beti-egongo-da-aurrera-segitzeko-modua
Arg. Elhuyar

Oihane Cantero Dominguezek modako arloan egiten du lan: adimen artifiziala. Zehazki, Orai ikerketa-zentroan dabil ikertzen; hau da, hizkuntza naturalaren prozesamenduaren goi-mailako ikerketan eta soluzio teknologikoetan espezializatutako Elhuyarren langunean.

Horra heltzeko egin duen ibilbidea aintzat hartuta, badirudi ia halabeharrez iritsi dela adimen artifizialeko ikertzaile izatera. “Hendaiarra naiz, eta hasierako ikasketa guztiak Seaskan egin ditut. Azken urtean, azken urtean, galdetzen digute zer egin nahi dugun gure bizitzarekin. Nik ez neukan ideiarik ere, beste askok bezala, baina argi neukan euskaraz ikasi nahi nuela. Horretarako, hegoaldera etorri behar nuen, eta ez nuenez etxetik urrun joan nahi, Donostian zer zegoen begiratu nuen. Informatikako gradua zegoen, eta interesa sortu zidan. Pixka bat probatzeko asmoz joan nintzen, eta han programatzen ikasi nuen, eta gustatu zitzaidan".

Zehaztu duenez, aurrez ez zekien programazioaz ezer, aita informatikaria den arren. "Programatzeak badauka pentsatzeko modu ezberdin bat, beste logika bat da, beste era batera bisualizatzen dira gauzak, eta hori guztia interesgarria eta erakargarria iruditu zitzaidan".

Laugarren mailan adimen artifizialari buruz zerbait ikasi zuen, eta, masterra egiteko garaian, bi zeuden aukeran: bat hizkuntzaren prozesamenduaren gainekoa, eta, bestea, adimen artifizialekoa. Azken hori gaztelaniaz zenez, berriz ere euskararekiko grinak bultzatuta, lehenengoaren alde egin zuen, nahiz eta ingelesez zen: "Egia da laugarren mailan eman genituela hizkuntzaren prozesamenduari buruzko gauzak, eta interesa piztu zidatela", onartu du Canterok. Arlo horretako ikerketa adimen artifizialari lotuta dagonez, horrela iritsi da Orain egiten duen lanera.

Hain zuzen, Oraik bi arlo nagusitan ikertzen du: testuan eta hizketan. Canteroren esanean, hasieratik bietan ibili da, eta master-amaierako lana testuaren arloan egin du, hizkuntza-ereduak euskal kulturara moldatzen saiatzen, hutsune nabarmena baitute. "Gainera, emaitza onak lortzeko, ingelesez egin behar izan ditugu esperimentu guztiak, oraindik ez baitago euskarazko eredurik".  Hizketaren arloan ere badabil, laguntzaile pertsonalizatuekin, eta ahotsaren sintesian hastekotan da.

Aukerak, arriskuak, arrakalak eta itxaropena

Ez dago zalantzarik adimen artifizialeko tresnak ahaltsuak direla, baina arriskuak ere badituzte. "Horregatik jakin behar da tresnaren alde onak hartzen, eta arriskua apaltzeko neurriak jartzen. Kontuz ibili behar da ez normalizatzea gehiegi; espiritu kritikoz begiratu behar da, alegia, badakigu tresna honek arazo hau duela, ez dugu horrela utziko, eta saiatuko gara arazo hori konpontzen". Justu horretan aritu da Cantero, adimen artifizialaren alborapen kulturalak zuzendu nahian.

Beste alborapen batzuk ere aipatu ditu, hala nola generoari eta arrazari lotutakoak. Eta adimen artifizialaren ikasketetan ere agerikoa da genero-arrakala. Canteroren esanean, unibertsitatera aurreiritzirik gabe joan zen, baina informatikako graduan gizonak gehiengoa ziren. Gero, masterrean, hizkuntzalaritzatik zetozen emakumeei esker, orekatu egin zen. Orain, ordea, lantaldean, emakumeak berriro daude gutxiengoan.

Arrakala hori txikitzeko zer egin daitekeen galdetuta, azkar erantzuten du: "Badago modu bat: emakume gehiago kontratatzea". Garbi dauka emakume gehiago behar direla, ikasketetatik hasita. "Emakume ikasleak badaude, baina gutxiago dira, beraz, agian hortik hasi behar da konpontzen". Emakume informatikari gehiago egoteak ere lagundu dezake ikasketetara emakumeak animatzen.

Aurrerantzean, adimen artifizialarekin lanean jarraitzeko itxaropena du. Lana egiteko modua ere alda daitekeela aurreikusten du; adibidez, hizkuntza-ereduak gai dira kodeak sortzeko, eta, beraz, agian, kodeak sortzetik zuzentzera igaroko dira. Baina ilusioz eta irekita begiratzen dio datorrenari: "Ikerketan beti egongo da aurrera segitzeko modua".

Oihane Cantero Dominguez
Oihane Cantero Dominguez Hendaian jaio zen, 1999an. EHU-n informatikako gradua egin ondoren, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua Unibertsitate Masterra egin du unibertsitate berean. Gaur egun, Orai languneko ikertzailea da.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila