Joanes Lameirinhas Ortuoste (Elizondo, 1997) EHUko Psikologia Fakultateko doktoregaia da, eta zahartzaroa aukeratu du ikergaitzat; zehazki, hauskortasun psikologikoa adinekoetan. Adinekoez arduratzen diren profesional gehienak emakumeak direla eta, arreta ematen du mutil batek tesia haiei buruz egitea. Lameirinhas, hala ere, ez zen berezitasun horretaz jabetu, aukera hori oso modu naturalean egin baitzuen, barruak bultzatuta. “Nolanahi ere, egia da oso mutil gutxi gaudela Psikologian, eta are gutxiago adineko pertsonekin lan egiten, orokorrean. Hau da, ez bakarrik ikertzaileak; bestela ere, adinekoen zaintzan dabiltzan langileen artean ia ez dago gizonik".
Onartzen du eremu feminizatuetan lan egiten duten gizonek pribilejioak dituztela. "Esaterako, psikiatriko batean erizain laguntzaile izan nintzen, eta han ere oso mutil gutxi ginen. Eta askotan entzun dut jendea esaten 'ze ondo, mutilak hemen'. Aitzitik, emakumeek ez dute aitortza hori jasotzen".
Gogoan du, batxilergoa egin zuenean, psikologia ikastea erabaki zuela, orientatzaile izateko asmoz. Izan ere, irudipena du, oro har, orientatzaile-lanari ez zaiola ematen duen garrantzia. "Psikologian sartu eta handik gutxira, nire amama hil zen, eta txera handia nion. Hortaz, haren heriotzak hausnarketa asko eragin zizkidan, heriotzaren inguruan, zahartzearen inguruan, baita nire eta nire gurasoen zahartzearen inguruan ere... Horrek guztiak barrenak mugitu zizkidan".
Hirugarren mailan psikogerontologia izeneko ikasgai bat zegoen, eta orduan garbi ikusi zuen hori zela landu nahi zuen gaia. Urte hartan bertan, lankidetzan hasi zen fakultateko ikerketa-talde batekin, Qualiker, eta hor aukera izan zuen barrutik ikusteko unibertsitatea eta ikerketa-mundua. "Gradua amaitu bezain azkar, haiekin hasi nintzen lanean, eta aldi berean master batean sartu nintzen: Zahartze Osasuntsua eta Bizi Kalitatea Masterra (EHU)”.
Orain, tesian, adineko pertsonen hauskortasun-egoeran eragin dezaketen faktoreak eta haien ondorioak ikertzen ari da. “Normalean, zahartzearen alderdi fisikoan jartzen da fokua, eta ez zaio begiratzen alderdi sozialari eta psikologikoari. Eta denak elkarrekin doaz; oso zaila da bereiztea. Esaterako, bakardadeak ondorio psikikoak eta fisikoak ditu". Hauskortasunaren izaera dimentsioaniztuna sarri ezkutuan geratzen den antzera, desgaitasunaren kasuan ere antzeko gertatzen da. “Desgaitasuna aipatzen dugunean, desgaitasun-egoera fisikoak etortzen zaizkigu burura; baina askoz ere zabalagoa da. Adibidez, adineko gizonezko batzuk, alargun geratzen direnean, ez dira gai eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko, inoiz ez dutelako ikasi beren burua zaintzeko oinarrizko lan batzuk egiten. Hori ere desgaitasuna da”.
Bestalde, “hauskorrak denok gara”, gogorarazi du. Lameirinhasen esanetan, zahartze-prozesuak bizi-zikloaren zati handi bat hartzen du, eta, hortaz, txiki-txikitatik ezinbestez jorratu beharreko gaia izan beharko luke. “Zoritxarrez, lanketa hori, egitekotan, ikuspegi negatibo edo patologikotik egin ohi da, zahartzaroa gaixotasunaren edo desgaitasunaren parekotzat hartuz. Ondorioz, zahartzearekiko eta adineko pertsonekiko aurreiritziz eta estereotipoz betetako gizartea gara”. Horren harira, zahartze-prozesua ikuspegi positibo batetik lantzeko beharra aldarrikatu du; izan ere, “zahartzaroa gainerako garapen-aroak bezain ederra eta asegarria izan daiteke”.
Adinekoen hauskortasun-egoera eragin dezaketen faktoreak ikertzeaz gain, ebaluazio-tresnak euskaratzen ere badihardu Lameirinhas. “Ebaluazio-tresnak oso erabilgarriak dira diagnostikorako eta jarraipenerako. Haiek baliozkotzea urte luzeko prozesua izaten da, eta ia ez dago euskaraz sortutakorik. Hortaz, itzuli eta egokitu egin behar dira. Ez da itzulpen soila izaten; elementu kulturak eta sinbolikoak ere egokitu egin behar dira. Prozesu zaila eta luzea da, baina funtsezkoa ebaluazio zehatz eta fidagarriak egiteko, bai eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak bete daitezen”.
Alabaina, Lameirinhas kexu da ez zaiolako duen garrantzia aitortzen. Dioenez, ez dago balioetsita, ez duelako inpakturik nazioarteko aldizkari zientifikoetan. Hala ere, argi du egin beharrekoa dela. “Euskararen normalizaziorako, ezinbestekoa da ebaluazio-tresnak euskaraz ere izatea”, baieztatu du. Horretan dabil, beraz, tinko.
Elhuyarrek garatutako teknologia