Regina Juanbeltz Zurbano Farmazia-ikertzailea

“Bereziki pozik nago emaitzekin, egunerokoan lortu ditugulako”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

bereziki-pozik-nago-emaitzekin-egunerokoan-lortu-d
Regina Juanbeltz Zurbano Arg. NUP

Regina Juanbeltz Zurbanoren ibilbidea ikusita, batek izan dezake irudipena hasieratik zuela garbi Farmazian ikertzaile izango zela. Bada, irudipenak askotan okerrak diren arren, oraingoan errealitatearekin bat datorrela baieztatu du Juanbeltzek berak. Hain zuzen, batxilergoan zientzietako adarrean ikasi zuen, eta, ate irekien jardunaldietan laborategiko lana ezagutu zuenean, harra piztu zitzaion. “Orduan erabaki nuen bioosasunaren arlotik jotzea”, azaldu du.

Farmaziaren eta Kimikaren artean zalantza egin bazuen ere, Farmazian irteera gehiago izango zituela pentsatu zuen: ospitalean, industrian, farmazia-bulegoan… “Hala, Farmazia ikasi nuen, eta, aldi berean, praktikak egin nituen, eremu desberdinak ezagutzeko. Izan ere, hirugarren mailatik aurrera udan borondatezko praktikak egitea eskaintzen ziguten, eta, besteak beste, Nafarroako Ospitaleguneko Biokimikako laborategian eta farmazia-produktuen ikerketa eta garapena egiten dituen Idifarma konpainian aritu nintzen. Karrerako derrigorrezko praktikak, berriz, Bideko Ama Birjina Ospitaleko farmazia-zerbitzuan egin nituen”.

Horrez gain, Floridan ere izan zen, hiru hilabetez: “Ederra izan zen. Unibertsitateen arteko hitzarmen bati esker, hara joateko aukera eskaini ziguten, eta ez nuen aukera galdu. Lehen urtea zen, baina esperientzia guztiz positiboa izan zen. Hango lan-eredua, gainera, desberdina da hemengoarekiko. Farmazialaria asko ateratzen da farmazia-zerbitzutik; medikuarekin batera joaten da pazienteengana, eta zuzeneko harremana du haiekin. Hori oso da polita. Zorionez, hemen ere horretan hasten ari dira, baina oraindik asko falta zaigu”.

Ikerketan, arrakasta betea

Esperientzia horrek bultzatuta erabaki zuen ospitaleko farmazialari izatea, eta justu orduan sortu zitzaion tesia egiteko aukera, C hepatitisaren tratamendua ikertzen. Dioenez, ingurukoek asko erraztu zioten ikerketa-munduan sartzea, arlo askotako profesionalek parte hartzen bazuten ere, koordinazioa oso ona baitzen eta asistentziako jardueragatik ere ezagutzen baitzituen batzuk. “Oso babestuta sentitu nintzen”, onartu du.

Eta emaitza ikusgarriak lortu ditu: tratamendu antibiral berriekin, C hepatitis kronikoa duten gaixoen % 97 sendatu egin dela frogatu du. “Gaixotasunaren fase arinenetan dauden pazienteen kasuan, sexu eta adin bereko Espainiako gainerako biztanleen pareko bizimodua izatea lortu dute. Eta paziente zailetan ere, hau da, GIB birusa edo zirrosi hepatikoa dutenetan ere, eraginkorra eta segurua dela frogatu dugu”, azaldu du Juanbeltzek.

Bereziki pozik dago emaitzekin, eguneroko bizitzan lortu direlako: “Askotan gertatzen da tratamendu bat arrakastatsua izatea proba klinikoetan, baina emaitzak askoz ere apalagoak izatea eguneroko bizitzara zabaldutakoan. Tratamendu honekin, ordea, ez da hori gertatu: frogatu dugu eraginkorra eta segurua dela, eta proba klinikoetan bezain ondo funtzionatzen duela egunerokoan”.

Gainera, hasiera batean antibiral horiek oso garestiak ziren, baina azken urteotan asko merkatu dira. “Lehen erabiltzen zen tratamenduaren pareko prezioa dute; hortaz, alde guztietatik hobetu da pazienteen egoera”, baieztatu du Juanbeltzek. Atzera begira, beraz, oso gustura dago izan duen ibilbidearekin.

Orain, oposaketetarako ikasteko asmoa du, eta ikerketa-proiektu bat ere aurkeztuko du Juan Rodes kontratuetarako. “Emango balidate, 2020an hasiko nintzateke, beste ikerketa-lerro batean; pediatrian, seguruenik”, aurreratu du, itxaropentsu.

 
Regina Juanbeltz Zurbano

Iruñean jaioa, 1986an. Farmaziako lizentziatura eta Giza Nutrizioa eta Dietetika diplomatura egin zituen Nafarroako Unibertsitatean. Gero, Ospitaletako Farmazian espezializatu zen Nafarroako Ospitalegunean, eta Osasun Zientzietako Ikerketako Unibertsitate Masterra eta doktoretza egin zituen NUPen. Gaur egun, Ospitaletako Farmaziako mediku espezialista ondoko dihardu Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuan, Karlos III.a Osasun Institutuak 2017an emandako Río Hortega kontratu bati esker. Gainera, Ospitaletako Farmaziako Espainiako Elkartearen Hepatopatia Birikoen Taldearen beka bat lortu zuen 2018an.


Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.