Izaskun Alberdi Landaluze Ilustratzaile zientifikoa

"Batzuetan ezustekoak hartzen ditut, eta asko asebetetzen naute"

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

batzuetan-ezustekoak-hartzen-ditut-eta-asko-asebet

Izaskun Alberdi Landaluze zientzia-ilustratzailea da. Ilustrazioak ala zientziak, lehenago zerk harrapatu zuen galdetuta, ez du zalantzarik egiten: zientziak. “Biak izan ditut gogoko txikitatik, baina beti bereizita bizi izan ditut. Txikitan, eskolatik kanpo, marrazketa klaseetara joaten nintzen. Baina, bestela, zientziak erakartzen ninduten, bereziki, bizidunek. Jakin-min handikoa naiz, eta garbi nuen biologia ikasi nahi nuela”. 

Ingurumenaren eta espezieen biodibertsitatearen inguruko ikerketa lerroek erakarrita, Biodibertsitate eta Biologiaren Kontserbazioan espezializatu zen. Gogoan du, ikasten zuen bitartean, eskemak eta laburpenak modu bisualean egiten zituela, marrazkien bidez, “baina sekula pentsatu gabe gero honetan arituko nintzela”. 

Lanean hasi zenean ere, oso urruti ikusten zuen ilustrazio zientifikoaren mundua. Halako batean, jakin zuzen EHUk ilustrazio zientifikoko graduondoko bat atera behar zuela; hori izan zen bide berriari heltzeko lehen pausoa: “Portfolio bat prestatu nuen nire marrazkiekin, eta hartu egin ninduten. ordura arte erabiltzen ez nituen teknika asko ikasi nituen: akuarela, ordenagailu bidezko marrazketa… baita kontzeptuak azaltzeko moduak ere. Eta geroztik, hemen nabil, ilustrazio zientifikoan, bete-betean”. 

Hain zuzen, graduondoko ikasketak bukatu zituenean, Vega Asensio Herrerok sortutako estudioan hasi zen lanean (NorArte Visual Science), eta han jarraitzen du. Bezeroek eskatutako ilustrazio zientifikoak egiteaz gain, ikastaroak eta tailerrak ere ematen ditu, eta bi jarduerak ditu gustuko. 

Ilustrazioak egitean, aitortu du, hasiera batean, gai batzuk errazagoak egiten zizkiola beste batzuk baino; adibidez, biologiakoak. “Hala ere, bestelako gaiak lantzen ere asko gozatzen dut. Agian, ahalegin handiagoa eskatzen didate ondo ulertzeko eta ilustrazio bidez nola adierazi irudikatzeko, baina, batzuetan, ezustekoak ere hartzen ditut, eta asko asebetetzen naute”. 

Baliabide zabala eta eraginkorra 

Hezkuntzan, berriz, ilustrazio zientifikoko graduondoan eskolak eman ditu. Horrez gain, ikastaroak ere ematen ditu, bai zientzialariei, bai marrazketa-zaleei. “Zientzialariei, tresnak ematen dizkiegu, eduki zientifikoa irudien bitartez hobeto azaltzeko. Diseinu grafikoko jarraibideei esker, gauza erakargarriagoak eta bisualagoak egiten laguntzen diegu. Gazteekin, berriz, ilustrazio tradizionaleko tailerrak egiten ditugu, eta arrakasta handia izaten dute”. 

Alberdik azaldu duenez, gazteei asko gustatzen zaizkie akuarelak, pintzelak, koloretako arkatzak… Eta marrazketa modu ona da inguruko biodibertsitatea ezagutzeko. “Gure inguruan ditugun animalia eta landare asko ezezagunak zaizkigu, eta, marrazteko, arreta handia jarri behar duzu haietan, eta ondo aztertu behar dituzu. Beraz, modu ona da lekuko biodibertsitatea ezagutzera bultzatzeko”. 

Besteak beste, Bergarako Laboratorium museoan, Elhuyarrek antolatutako Bizilabe tailerretan, eta EHUren Zientzia Astean eman ditu ikastaroak. “Guk, normalean, ordenagailuan eta bakarka egiten dugu lana, eta ikastaroek aukera ematen didate jendearekin egoteko, haurrei irakasteko… Oso polita da ikustea nola haurrek, askotan, gure aurreikuspenak gainditzen dituzten, eta guk uste duguna baino hobeto ulertzen dituzten irudikatutako ideia zientifikoak”. 

Azken finean, irudiak tresna baliagarriak iruditzen zaizkio zientzia transmititzeko eta memorian gordetzeko. Hartu duen bidetik jarraitu nahiko luke etorkizunean, eta erakutsi ilustrazio zientifikoa oso baliabide zabala eta eraginkorra dela.

 
Izaskun Alberdi Landaluze

Eibarren jaioa, 1991ko udaberrian. Biologia ikasi zuen, eta Biodibertsitate eta Biologiaren Kontserbazioan espezializatu. Ondoren, Ilustrazio Zientifikoko graduondoa egin zuen, eta, geroztik, NorArte Visual Science estudioan egiten du lan, zientzia-ilustratzaile eta diseinatzaile gisa.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.